12005eko azaroan Nafarroa Beherera joan nintzen hango euskara ikastera. Heletako pausaldian Jon Casenaveren etxean egon nintzen, haren aitaginarrebari grabazio bat egiteko. Harrezkero, Ipar Euskal Herrian izan dut lantegia, eta han bildutako zenbait emaitza erakutsi nahi ditut Jon Casenaveri egiten diogun omenaldian. Esan dezadan Ipar Euskal Herrian bi hizkuntza eremu nagusi ikusten ditudala: Zuberoakoa da bata; Nafarroa Behere eta Lapurdikoa bestea. Bigarren honetan Lapurdiko sartaldeak badu nortasuna: itsasbazterrean hasi eta AhetzeSenpere-Ainhoa tarteko eskualdea sartzen dut eremu horretan. Sara ere, beraz, barruan da eta Baigorri, berriz, sortaldekoan: Lapurdiko ekialdean ‒Aturrialdean eta Hazparnealdean‒ hasi eta Zuberoako muga bitartekoan. Bi eremu nagusi horien artean Uztaritzaldeko hizkerak daude, batzuetan eskualde batarekin eta besteetan bestearekin lotura egiten dutela. Ondorengo lerroetan sartaldeko eta sortaldeko hizkera horien arteko zenbait desberdintasun erakutsiko ditut, Sara eta Baigorri oinarri hartuta. Herri bi horietako hizkeren argibideak eta adibideak zehatzago ikusteko: Zuazo 2018 eta 2021.
21) nor-nori-nork saileko adizkien ordez, nor-nork sailekoak erabiltzen dira:
Zakur batek asiki in nau ‘zakur batek ausiki egin nau [dit]’ [Asiki, hozka]
Astegun guziz ogia ekartzen gaituzte etxea ‘astegun guziz ogia ekartzen gaituzte [digute] etxera’
Ze uste’uzu, oi doainik emain zauztela? ‘zer uste duzu, hori dohainik emanen zaituztela [dizutela]?’
32) Adizki trinkoak baztertu eta, haien ordez, ‘aditz oina + -ki + adizkia’ erabiltzen da:
Bestan ibilki gailaik, beti alegera ‘bestan ibilki garelarik, beti alegera’ [Ibilki garelarik, gabiltzalarik]
Badu oren bat nee aizpain bea eoki naizela ‘badu oren bat nire ahizparen beha egoki naizela’ [Oren, ordua. Beha, begira. Egoki naizela, nagoela]
Noa [g]aki za ola beztituik? ‘nora joaki zara horrela beztiturik?’ [Joaki zara, zoaz. Beztitu, jantzi]
Tratora panan dut; mekanizieragana eremaki dut ‘traktorea panan dut; mekanikariarengana eramaki dut’ [Panan, matxuratua. Eremaki dut, daramat]
4Egia osoa esateko, ez dira trinko guztiak galdu: jakin-enek (dakit, dakizu, daki…) eta *-io- ‘esan’-enek (diot, diozu, dio…) bizirik diraute. Bestalde, -ki atzizkiaren bidez osatutako adizkiak Baigorrin ere badira, baina han ez dira trinkoak desagertu. Gutxi-asko, egon, ibili, joan, eduki, ekarri, eraman, *-io- eta jakin-en adizkiak erabiltzen dira. Baita erasan-enak ere: derasat, derasazu, derasa… Horrelakoak arrotzak dira Saran.
51) nor-nori saileko adizkiak subjektua (nor) ‘hura’ edo ‘haiek’ denean baizik ez dira erabiltzen: zait, zaio, zaizkigu, zaizkizue gisakoetan. Aldiz, Ipar Euskal Herriko barnealdean, gehiago edo gutxiago, adizki guztiak baliatzen dira. Baigorrikoak dira hauek:
Ene mázteai amulsuki mintzatzen nitzako ‘ene emazteari amultsuki mintzatzen natzaio’ [Amultsuki, maitasunez]
Esku hutsik heldu nitzaizu bisitaz [Nitzaizu, natzaizu]
Gaxtakeriak erran dazkidaazu; berzalde errespetu gai mintzo zitzauzkit ‘gaiztakeriak erran dizkidazu; bertzalde errespetu gabe mintzo zatzaizkit’
Neska’at jin zitzakon auzoko mutikoai; barrandan eon ninzakon ‘neska bat jin zitzaion auzoko mutikoari: barrandan egon nintzaion’ [Barrandan, zelatan]
62) Gaur egun ez dago *edin eta *ezan laguntzaileekin osatutako alegiazko baldintzarik; bai sortaldean, Baigorriko hauek adibide:
Ein baleza nik galdatzen dakotana, har nezakek nihaukin lanean árzeko ‘egin baleza nik galdatzen diodana, har nezakek nihaurekin lanean aritzeko’ [Galdatu, eskatu. Nihaurekin, neurekin]
Heldu den larrazkenean usoak jin balite burrustan! [Larrazken, udazkena. Jin balite, etor balitez. Burrustan, ugari]
73) Ez da dagoeneko -ke moduzko morfema duen adizkirik erabiltzen, hipotesia edo zalantza adierazten duten perpausetan. Sortaldean ohikoak dira, Baigorriko adibide hauetan bezala:
Lanetik gelditia da; arranda’at hunkitzen duke ‘lanetik gelditua da; arranda bat hunkitzen duke’ [Lanetik gelditu, lanari utzi. Arranda, erretiro saria. Hunkitu, jaso, kobratu]
Hotzetik beiratzeko eman dukete berinakia [Begiratu, babestu. Eman, jarri. Berinaki, beirakia]
84) Aditz izenak osatzeko -ten eta -tzen dira aukera bakarrak; galduta dago -iten. Beraz, Saran atxematen ‘atzematen’, egoten, ematen, erematen ‘eramaten’, erraten, gaten ‘joaten’, izaten… erabiltzen dira; Baigorrin atxemaiten, egoiten, emaiten, eremaiten, erraiten, joaiten, izaiten.
9Gogora dezagun, bestalde, Zuberoan, Nafarroa Behere gehienean eta Lapurdiko ekialdean ‒Aturrialdean, gehienbat‒ zuka eta xuka alokutiboak garatu direla. Horrek, jakina, alderdi hartako aditz sistema nabarmen zabaldu eta aberastu du. Baigorrira bertara ez da berrikuntza hori heldu, baina bai Garazi ondoan diren Baigorri ibarreko hiru herritara: Anhauze, Azkarate eta Lasara.
10Oraingo honetan ere Lapurdiko sartaldeak Euskal Herriko erdigunearekin ‒Gipuzkoa eta Nafarroarekin‒ egiten du bat; Baigorrik, berriz, sortaldearekin. Hona hemen horren froga:
111) Arestian esan dut Lapurdiko sartaldean ez direla nor-nori-nork saileko adizkiak erabiltzen; nor-nork sailekoak direla ordezkoak. Ez da egia osoa. Datiboa (nori) ‘hari’ edo ‘haiei’ denean, nor-nori-nork sailekoak baliatzen dira, baina Euskal Herriko erdiguneko *-i- da erroa: diot, dio, diozu, diotet ‘diet’, diotegu ‘diegu’. Baigorrin ekialdeko *eradun da erroa: dakot, dako, dakozu, deet, deegu.
12Nabarmentzekoa da, gainera, Lapurdiko sartaldeko adizki horietan -zka- dela pluralgilea, Gipuzkoako ipar-ekialdeko alderdi bateko berbera: diozkat ‘dizkiot’; diozkatet ‘dizkiet’ (Yrizar 1991, 1992).
132) Aditzen pluralgileei dagokienez, gertakari bi nabarmendu nahi ditut:
a) Lapurdiko sartaldean -zka- (eta -z-) dira jakin-en adizkien pluralgileak: dakizkat & dazkit ‘dakizkit’; dakizkatzu & dazkitzu ‘dakizkizu’; dakizka & dazki ‘dakizki’…
b) Baigorrin, Bankan, Alduden eta Urepelen -za da joan-en adizkien pluralgilea: gaza ‘goaz’; zaza ‘zoaz’; daza ‘doaz’. Eskualde honetan eta Zuberoan erabiltzen da pluralgile hori.
143) Baigorrin -i- da izan-en pluraleko adizkien erroa, ekialde osoan bezala: gira ‘gara’; zira ‘zara’; zirezte ‘zarete’. Saran -a- erabiltzen da: ga, za, zaizte. Esan dezadan hau ez dela Lapurdiko sartalde osoko aukera: kostatarrean (Hendaia, Biriatu, Urruña, Ziburu, DonibaneLohizune, Azkaine) -e- erroa agertzen da ge eta ze adizkietan. Horixe da, hain zuzen, euskara kostatarraren bereizgarri nagusietako bat.
154) Baigorrin ekialdeko ukan laguntzailea erabiltzen da:
Gaur plaiaat joain nindian, ahal ukan banu ‘gaur plaiarat joanen ninduan, ahal ukan banu’
Saldu aitzin, ótoa arraiñatu behar ukan dut ‘saldu aitzin, autoa arrainatu behar ukan dut’ [Arrainatu, konpondu]
Nahiko niin musika kasi ukan banu ‘nahiko nuen musika ikasi ukan banu’ Lapurdiko sartaldean izan baizik ez da baliatzen.
16Ekialdean, gainera, ukan horrek eduki-ren balioa ere badu; Baigorrin, esate baterako:
Arteka’at ukain dutalaik, joai[n] niz Urepeleat ‘arteka bat ukanen dudalarik, joanen naiz Urepelerat’ [Arteka, tartea]
175) Euskal Herriko ekialde osoan ‒Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian‒ arrotzak dira etorri-ren adizkiak: nator, dator… adizkien ordez, heldu naiz, heldu da… erabili ohi dira. Baina Lapurdiko sartaldean zato ‘zatoz’, zatozte eta hator baliatzen dira aginteran; Baigorrin, berriz, ekialdeko *jaugin aditzaren txauri, txaurte eta haugi.
186) Hitanoko nor-nori-nork sailean eta trinkoen orainaldian z- da nor-i dagokion morfema Lapurdiko sartaldean, Euskal Herriko erdigunean bezala: (eman) dio > ziok/zion; daki > zakik/zakin. Baigorrin d- da: dakek/daken, diakik/diakin.
197) Baigorrin *edin aditz laguntzailearen ordez, izan agertzen da aginte perpausetako bigarren pertsonan, aditz laguntzailea ezezkakoa denean:
Sékula ehizala fida horri! ‘sekula ez haizela fida horri!’
Ehizala indarka entsea; hobe’uk emeki éitea lan hori ‘ez haizela indarka entsea; hobe duk emeki egitea lan hori’ [Entseatu, saiatu. Emeki, poliki]
20Adibide horietako ‘ez hizala’ beste alderdi batzuetan ‘ez hadila’ izan ohi da. Garbi dago ez dela oso gertakari esanguratsua, baina orain arte ez da aintzakotzat hartu euskal dialektologian. Dakidala, Berro, Orbegozo eta Fernándezena (2020: 127-128) da lehen aipua. Sarri entzun dut Baigorri ibarrean.
211) Saran f- ageri da hitz hauetan: fago ‘pago’ (eta faardi ‘pagadi’); ferde (eta berde); fika ‘pika, mika [hegaztia]’; fiko ‘piku’; forru (eta porru); frintza ‘printza [oskolik gabeko arrautza / azaleko urbatua]’. Lapurdiko sartaldean ez ezik, Uztaritzaldean ere badira aldaera horiek ‒batzuk, behintzat‒, baina ez ekialderago. Ikusten denez, ez da gertakari esanguratsua, sei hitzetan baizik ez dudalako bildu. Gainera, ematen du atzeraka doala, berde eta porru ere entzuten direlako.
222) Lapurdiko sartaldean galdutzat jo dezakegu hasperena. Sei hilabete eman nituen Saran hango euskara ikasten eta behin ere ez nuen hasperenik entzun. Egia esateko, Baigorrin ere galbidean da: adinekoen solasean entzuten da, bokal artean eta, batez ere, hitz hasieran, baina ez erabatekotasunez: hitz bera hasperenarekin nahiz hasperen gabe ager daiteke. Gazteen solasean galduta dago. Nabarmentzekoa da, gainera, Alduden eta Urepelen adinekoek ere ez dutela hasperenik egiten.
233) Baigorri ibarrean l, n, r + s, z kontsonante multzoak aditzen dira: alzo ‘altzo’; arrulze ‘arrautza’; elze ‘eltze’; arzainsa ‘artzaintsa [andre artzaina]’; berdinsu ‘berdintsu’; inzaur ‘intxaur’; jaunzi ‘jantzi’; berze ‘bertze [beste]’; horz ‘hortz’; orzirale ‘ortzirale’; karsu ‘kartsu [kementsu]’…
24Aditz izenetan agertzen dira maiz:
a) -lz-: afalzen ‘afaltzen’; helzen ‘heltzen’; hilzen ‘hiltzen’; itzulzen ‘itzultzen’…
b) -nz- aditz bitan bildu dut: launzen ‘laguntzen’; urrunzen ‘urruntzen’.
c) -rz-: agerzen ‘agertzen’; bazterzen ‘baztertzen’; iorzen ‘igortzen [bidaltzen]’…
25Hau, jakina, ez da Baigorri ibarreko berrikuntza bat; han gorde den gertakari zahar bat baizik. Ez dut Euskal Herrian beste inon hainbesteko indarrez entzun.
264) Aferesia da Baigorri ibarreko beste gertakari bat; hitz hasierako e- eta i- bokalak galtzen dira:
27a) e- galdu da hitz hauetan: karri ‘ekarri’; mazte ‘emazte’ (eta mazteki ‘emazteki’); zarri ‘ezarri’; zautu ‘ezagutu’.
b) i- beste hauetan: kasi ‘ikasi’; kusi ‘ikusi’; kuzi ‘ikuzi [garbitu]’; purdi ‘ipurdi’; turri ‘iturri’; tsusi ‘itsusi’.
28Hau, bistan da, ez da Baigorri ibarreko bereizgarria. Nafarroako eremu zabalean gertatzen da; besteak beste, Baigorriren ondoan diren Baztan, Esteribar, Erroibar eta Aezkoa ibarretan. Ortzaize ibarrean ‒Bidarrain ez bestean‒ eta Garaziko hegoaldeko herrietan ere agertzen da.
291) /u + a/ elkartzerakoan, u > i gertatzen da ekialdean: lekia ‘lekua’, eskian ‘eskuan’, tronpatia ‘tronpatua [erratua]’ Baigorrin. Aturrialdean eta Uztaritzaldeko hizkera batzuetan (Duhau 1993-2003; Epelde 2004a, 2004b) -uia- (lekuia) esaten da eta u bere horretan (lekua) Lapurdiko sartaldean.
30Adizkietan ohikoa da /u + e/ elkartzea eta horrelakoetan ere u > i egin da ekialdean: ziin ‘zuen’, giniin ‘genuen’, gintiin ‘genituen’, nindiin ‘ninduen’ Baigorrin. Saran, ordea, zuen, ginuen, gintuen, ninduen esaten dira. Pluraleko bigarren pertsonetan ere -zue > -zie egiten da ekialdean, -zii Baigorrin: duzii ‘duzue’; zauzii ‘zaizue’; dakozii ‘[zuek hari] diozue’; dakizii ‘dakizue’. Saran duzue, zaitzue, diozue, dakizue esaten dira.
312) Ekialdean -ai- > -i- gertatu da izan-en, *edin-en eta nor-nork saileko adizkietan. Baigorrikoak dira hauek:
32a) niz ‘naiz’; hiz ‘haiz’.
b) giten ‘gaitezen’; diten ‘daitezen’; zite ‘zaite’; ziizte ‘zaitezte’…
c) zitut ‘zaitut’; gitu ‘gaitu’…
33Lapurdiko sartaldean -ai- agertzen da: Saran naiz, haiz, gaitezen, daiztela, zaite, zaizte, zaitut, gaitu.
343) Lapurdiko ekialdean eta Nafarroa Beherean nor-nork saileko adizkietan -au- > -u- gertatu da: Baigorrin nu ‘nau’; nuzu ‘nauzu’; nuzii ‘nauzue’; nute ‘naute’. Lapurdiko sartaldean -au- gorde da: nau, nauzu, nauzue, naute Saran.
354) Lapurdiko ekialdean eta Nafarroa Beherean -ai- > -au- gertatu da nor-nori saileko adizkietan: Baigorrin zaut (eta zaat) ‘zait’; zauzu ‘zaizu’; zauku (eta zau) ‘zaigu’; zauzii ‘zaizue’.
36Lapurdiko sartaldean -ai- agertzen da: zait, zaitzu, zaio, zaiku, zaitzue, zaiote ‘zaie’ Saran. Esan dezadan sortaldean Urepele eta Aldude direla salbuespena: -ai- errodun adizkiak erabiltzen dira.
371) Datibo pluralean -eri erabiltzen da Saran eta Lapurdi gehienean: laguneri ‘lagunei’. Baigorrin eta ekialdean -er da ordezkoa: laguner.
382) Destinatiboan -entzat erabiltzen da: amaintzat ‘amarentzat’. Baigorrin ere ezaguna da -entzat, baina -endako da ohikoa: amaindako.
393) Soziatiboan -kin baizik ez da erabiltzen Lapurdiko sartaldean; -kin (lagunekin) eta -kilan (lagunekilan) Baigorrin.
404) Muga adlatiboan -aino erabiltzen da Saran: leporaino; -ano Baigorrin: leporaano.
415) Baigorrin ohikoa da hitzak mugagabean, artikulurik gabe, erabiltzea:
Mendi goretan neuia lotsaarri da ‘mendi goretan negua lotsagarri da [Gora, garaia. Lotsagarri, beldurgarri]
Gure auzoa arzain da ‘gure auzoa artzain da’
Bada leku azindendako [Azienda, aberea]
426) Nere saileko izenordainak erabiltzen dira Lapurdiko sartaldean: neri, nerekin, neretzat… Saran; eni, enekin, enetako… sailekoak Baigorrin.
437) Lapurdiko sartaldean neronek saileko izenordainak erabiltzen dira; nihaurk sailekoak Baigorrin.
441) -gia: bilgia, edangia, etzangia.
452) -go: arozgo, artzaingo, hargingo.
463) -ño: haurño, irriño, itzuliño.
474) -sa: bolanjersa ‘andre okina’; kozinersa ‘andre sukaldaria’; medikusa ‘andre medikua’.
485) -tara (> -tra): afotra ‘ahotara’; kamiontra ‘kamioitara’; saskitra ‘saskitara’.
49Atzizki orokorren aldaera bi ere badira ekialdean:
501) -antxa: konfiantxa, laborantxa ‘nekazaritza’. Honekin batera -antza ere bada (adiskidantza); Saran -antza baizik ez da erabiltzen.
512) -tzale: galzale ‘galtzaile’; harzale ‘hartzaile’. Saran -tzaile baliatzen da.
521) Perpaus konpletiboetan, batez ere mendeko perpausa luzea denean, haren hasieran baizik eta jartzen da:
Mendira joan da auzo batek erranik, baizik eta haren ardiak leku lanjeosean direla [Lanjeros, arriskutsua]
532) Perpaus erlatiboetan ohikoak dira partizipio hutsez osatutakoak:
Zuk ein bixkotxa afotik ezin utzia da ‘zuk egin [egindako] bixkotxa ahotik ezin utzia da’ (Bizkotxoa benetan ona dela esan nahi du)
543) Perpaus erlatiboetan zoin/nun izenordainak eta bait- menderagailuaren bidez osatutako egitura erabiltzen da:
Bada etxe’at zointan hemeetzi haur baitira ‘bada etxe bat zeinetan hemeretzi haur baitira’
Zautze’ut leku’at nun onddo anitz baita ‘ezagutzen dut leku bat non onddo anitz baita’
554) Baldintza perpausetan -en ber egitura baliatzen da:
Erten duzun ber, sinesten zitut ‘erraten duzun ber, sinesten zaitut’
565) -a galdera atzizkia:
Aitu’uka ze gertatu den Baigorrin? ‘aditu duka zer gertatu den Baigorrin?’ [Duka, al duk?]
576) Lapurdiko ekialdean eta Nafarroa Beherean -(e)lakoan erabiltzen da kausazko perpausetan; Baigorriko hauxe lekuko:
Eztauzut berriik eman, bakantzetan nintzalakoan ‘ez dizut berririk eman, bakantzetan nintzelakoan’ [Bakantzak, oporrak]
58Lapurdiko sartaldea Euskal Herriko erdigunean egindako berrikuntzekin bat dator arlo honetan ere. Hauxe adibidea:
591) Bai / ez erako zehargalderetan -en baliatzen da Saran; -enez (eta -en) Baigorrin:
Eztakit entzutea baduzunez
60Baigorrikoa): aguztu / agorril [zortzigarren hilabetea]; alme & hirugiñarra / arteki ‘hirugihar’; Andremari / Andredena Maria; añar & brana / ilarka ‘txilar’ [zuhaixka]; armiarmo / lupu ‘armiarma’; arrapo / hagun ‘apar’; artxipote / harzori ‘arabazozo’ [txoria]; aspertu / eneatu; ate / borta [batetik bestera igarotzekoa]; axoin / aztal beharri ‘orkatila’; baratxe & pulliki / emeki ‘astiro’; bixki / koatte & bidazkako ‘biki’; bordari / etxetiar ‘maizter’; eriaro / ekain [seigarren hilabetea]; errota / eihara [alea ehotzeko lekua]; eskumutur / ukarai [eskuaren eta besoaren artekoa]; etorri / jin; etxilar / ilar biribil ‘ilar’; gargaio & gaurgoiti / engoitik ‘dagoeneko, honezkero’; gorbel / zartaza ‘gorrin’ [landareen gaitza]; gorgoina / balantza ‘zabu’; gosari / askari [goizeko jatordua]; harpa / arranpa [gihar uzkurtzea]; hazil / azaro [hamaikagarren hilabetea]; heia / barruki & behitegi ‘ukuilu’; hupatu / igan & irain ‘igo’; ile / bilo [burukoa eta gorputzekoa]; kaikuburu / apozalu ‘zapaburu’; kapelu / ponet ‘txapel’; kezka / arrangura; krakada / atsaskari [arratsaldeko jatordua]; larunbat / ibiakoitz [asteko seigarren eguna]; lekora / landa ‘ondoren’; lur lehertze / mendoi ‘luizi’; mahats mulko / mahats golko ‘mahats mordo’; maiz / ardura ‘sarritan, askotan’; makar / nigar ‘malko lehortua’; mando / anjelur ‘azkordin’; marika / mamu ‘txori-izugarri’; musu / pot [ezpainen ukitua]; okil / kozkotari (eta okilo) [txoria]; padera / zartagin [sukaldeko ontzia]; pixuntzi / bixika ‘maskuri’; sainga / erausi ‘zaunka’ [txakurraren oihua]; sega / tailu [belarra ebakitzekoa]; txintximari / itxain ‘izain’ [odol xurgatzailea]; udazken / larrazken [urtaroa]; ungi & ongi / untsa; unatu / akitu ‘nekatu’; Urteberri / Urtats [urtarrilaren 1]; xaaltxume / etendura ‘hernia’; xarranpin / gorriaire ‘elgorri’; xirlixka / otte ‘kilker’.
61Saran bildu ditudan hitz batzuk arrotzak dira Baigorrin: akelamendi & akilimarro ‘arkanbele’; fiku ‘hemorroide’; gurintxo ‘gongoila’; igeltsu (eta igeltsero) (Baigorrin plastre, plastrero); kanore ‘funts’; piro ‘ahatekume’; pitta ‘pixka’; pizar ‘hondar / pixka’. Eta alderantziz, Baigorriko beste batzuk ezezagunak dira Saran: ahamen (Saran pokadu); aihergo & aiherkunde ‘gorroto’; altxagarri ‘legamia’; apairu ‘jatordu’; ardietsi ‘lortu’; aurrindu ‘konpondu’; aurtiki ‘jaurti, bota’; azantz ‘zarata’; baratu ‘gelditu’; bilgor ‘gantz’; biziki ‘oso, arras’; damurik ‘zoritxarrez’; entrebaleko ‘nolanahiko’; ikuzi ‘garbitu’; ja ‘deus’; kutin ‘txerrikume’; oro ‘dena’; orre ‘ipuru’ [zuhaixka]; otoi ‘arren’; so egin ‘begiratu’; untsalaz ‘ondo bidean’; uzkaili ‘irauli’.
62Oraingo honetan ere esanguratsuenak iruditzen zaizkidanak aurkeztuko ditut. Lapurdiko sartaldeko bereizgarri diren bi aipatuko ditut lehenbizi: gan ‘joan’ eta gare & goare ‘joare [zintzarri]’. Esan dezadan Baztanen ere badirela, eta Urepelen eta Kintoan ‒Baztanen mugan‒ ban ‘joan’ erabiltzen da. Alduden ere ba omen zen aspaldi; Georges Lacombek bildu zuen haren lekukotasuna xx. mendearen hasieran (Lacombe 1971-72: 27). Beste aldaera bi hauek Baigorriko bereizgarri dira: afo ‘aho’; ofe ‘ohe’; bigarren hau eremu zabalagoan erabiltzen da.
63Ondoren, Saran eta Baigorrin desberdinak diren bikote batzuk aipatuko ditut (arestian bezala, ezkerrean Sarakoa eta eskuinean Baigorrikoa): adorra / errota ‘gurpil’; aintzur / aitzur [lanabesa]; aritzen / arzen ‘jarduten’; arrotoin / garrotoin ‘arratoi’; ausin / asun [belar landarea]; azkanarro / azkon ‘azkonar’; batto / baño ‘bat bakarra’; berritz / berriz ‘beste behin’; bettor / beltxor ‘bekatxo, begitxindor’; biluzi / buluzi; buztino / buztin [lur mota]; dardara / daldara ‘ikara’; doaike / doaikai ‘ziurrenera’; eltzaur / inzaur ‘intxaur’; erraten / erten ‘esaten’; gatilu / gatulu ‘katilu’; giel / giil ‘gibel [atze]’; ihar / eihar; inka / kenka ‘kinka [egoera]’; kafi / kafira ‘habia’; kamuts / laputs [zorrotza ez dena]; kunkurrina / kukurusta ‘gandor’; lahar / lapar [landarea]; laranja / iranja [fruitua]; mahain / mahai [altzaria]; marrobi / mahuri ‘marrubi’; martxuka / maazuza & maaxuxa ‘masusta’; matrailezur / matelezur; nitzen / nintzan ‘[ni bizi] nintzen’; piper / biper [baratze landarea]; poker / oker ‘korrokada’; ttiki / ttipi; ukabil / ukomilo & ukumilo ‘esku itxia’; uri / euri [erortzen den ura]; uztarri / buztarri [behiak eta idiak lotzekoa].
64Sartaldeko eremuaren eta sortaldekoaren artean desberdintasun asko eta esanguratsuak daudela ikusi dugu; hori begi bistakoa da. Norbaitek uste izan lezake nahikoa arrazoi dagoela “euskalki” bi direla esateko. Nik, hala ere, nahiago dut “azpieuskalki” hitza erabili eta bi arrazoigatik da hori.
65Alde batetik, eremu horietan ez dago bertan sortutako bereizgarri nahikoa. Sartaldean bi baizik ez ditugu ikusi:
a) nor-nori-nork saileko adizkien ordez, nor-nork sailekoak erabiltzea: erran zaitut; ez erran dautzut.
b) Jakin-en adizkien pluralgilea -zka- izatea: dakizkat ‘dakizkit’.
66Sortaldeko eremuan hiru bereizgarri ikusi ditugu:
a) nor-nork saileko adizkietan -au- > -u- egitea: nuzu ‘nauzu’.
b) nor-nori saileko adizkietan -ai- > -au- egitea: zauzu ‘zaizu’.
c) Kausazko perpausetan -(e)lakoan izatea: bakantzetan nintzalakoan ‘bakantzetan nintzelako’. Hau sortaldeko eremuko bereizgarria dela diot, baina jakitun nago -(e)lakoan (> eta -(e)lakon) Bizkaiko mendebaleko hizkera batzuetan ere erabiltzen dela (Zuazo 2017: 89).
67Azken batean, sartaldeko ezaugarri desberdinak ondoan dituen Gipuzkoa eta Nafarroako berberak dira; sortaldekoak, berriz, Zuberoan ere badira: ekialde osokoak dira.
68Beste alde batetik, badira Lapurdi eta Nafarroa Behere osoan agertzen diren bereizgarriak eta, hain zuzen, horrexek ematen dio, nire iritzian, “euskalki” izaera. Hauexek dira “nafarlapurtarra” deitzen dudan euskalkiaren bereizgarriak:
691) Hitz hasieran x- agertzen da: xori. Gainerako euskalkietan ‒Zuberoa tartean‒ tx- izaten da: txori.
702) Ez dago asimilazio bustidurarik: baina, oilo esaten da. Honetan, egia esan, bazterrak dira salbuespena. Kostatarrean nahikoa indar dauka bustidurak; ekialdeko ertzean ‒Garazi, Oztibarre, Amikuze‒ ahula da, baina bada, Zuberoan bezala.
713) -(i)one > -oin egiten da: meloin. Kostatarrean bustidura dagoenez, -oiñ ahoskatzen da (meloiñ); Amikuzen bustiduraz gainera, o > u egiteko joera indartsua denez, -uiñ/-uñ (meluiñ). Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan -oi egin da (meloi), Nafarroan -on (melon) eta euskara zuberotarrean -ú (melú).
724) -aia amaiera dago: piaia ‘bidaia’. Euskara zuberotarrean -aje egin da (bidaje) eta Hego Euskal Herrian ere bai, baina ahoskera belarearekin: -a[x]e (biaje).
735) Nehor saileko izenordainak erabiltzen dira. Euskara zuberotarrean ihur gisakoak baliatzen dira; inor gisakoak Hego Euskal Herrian.