Gure artikuluan sartu aitzin, hitz bat Jon Casenaveren eskertzeko, hark baitigu jakinarazi XX.mende hastapenean Ipar Euskal Herrian, haurren primak antolatuak izan zirela. Hain zuzen, lan honendako behar baitzen gisa batez gure aztergaia denboran mugatu, hautatu ditugu mediku euskatzaleak Eskualtzaleen biltzarra elkartean eraman zituen buruzagitza urteak (1923-1927). Gure esker beroenak beraz zuri Jon, gai loriagarri hau ezagutarazirik.
1Artikulu honetan, aztertu nahi genuke zein izan diren haurren primen funtzioak bi gerlen artean, bereziki euskarak eskolan lekurik ez zuen garai batean. Helburua da ere ikustea haurren primak zein testuinguru kulturaletan plantan ezarriak izan ziren, zer eragin ukan zuten, oroz gainetik zein ezagutza agerian ezarri zuten. Haurren prima horiei esker, garaian sari horiek ukan zuten rol soziala galdekatzen ahal genuke, gisa batez gure eskolako kulturaren aitzindari.
2Bi gerlen artean, haur euskaldun gehienak hiru poloren artean zatikatuak ziren: Etxea, Eskola eta Eliza. Etxean, euskara zen nagusi. Eskola laikoan, Frantziaren maitatzen ikasten zen, frantses hizkuntzaren maitatzen ikasten zen eta laizitatea eta berdintasuna bezalako balore errepublikarrak barneratzen ziren.
- 1 1888ko abenduaren 30ean Le Réveil basque astekarian argitaratu zen « Ossès » artikuluak agerian eza (...)
3Horretara heltzeko, euskara bazterrerat utzi behar zen, Errepublika bateratu eta zati ezinari traba bat bezala ikusia baitzen. Apezaren figurak Eliza ordezkatzen zuen, eta behin baino gehiagotan, eskola laikoari buruz hisigoa agertzen zen, eskola pribatuko neskak hobesten ziren, eskola publikokoak gutiesten zirelarik1.
- 2 1888ko urtarrilaren 29an Le Réveil basque astekarian agertu den “Gure eskoletako liburuak” artikulu (...)
4Apezak katixima egiten zuen eta haurrek euskara idatzian gaitasunak garatzen zituzten, erlijioaren kultura haurrei euskaraz transmititzen baitzitzaien. Garai hartan, eskolen arteko gerla azkarki bizi zuten Ipar Euskal herriko herriek2.
5Zenbait galde aitzina ditzakegu, hain zuzen hizkuntzen arteko harremanei buruz, aztertzeko zein izan diren loturak euskaldungoaren artean. Gizarte katolikoko euskaldunagoak zer harreman zuen hizkuntzekin. Etxeko hizkuntzarekin, eremu publikoko hizkuntzarekin, hizkuntza intimoarekin, eskolako hizkuntzarekin, Elizako hizkuntzarekin? Ipar Euskal Herriko haur batek zer harreman zuen inguruan nagusi diren kulturekin?
6Gure azterketaren testuingurua finkatu ondoan, kasu azterketa bat proposatuko dugu 1920 urteetako Ipar Euskal Herriko haur euskaldunen euskara idatziari buruz, haurren idazkietarik eta epaimahaiaren oharretarik abiatuz. Ondotik, gure xedea da gogoeta baten eskaintzea haur euskaldunek bi gerlen artean duten hizkuntza idatzia eta kulturari buruz eta zehaztea kultura horrek zer harreman zuen inguruan nagusi ziren kulturekin.
7XX. mende hastapenean, kultur elkarte bezala ezagutua zen Eskualtzaleen biltzarra elkarteak bere burua definitzen zuen euskararen eta euskal kulturaren salbatzeko ari zen elkarte bat bezala. Tradizioak inportanteak zitzaizkion eta atxiki nahi zituen, baita ere garaian agertzen zen antolaketa soziala, euskararen sustatzea funtsezkoa zitzaiolarik (Goyhenetche, 1984). Ondorioz, sariak sortu zituen, Ipar Euskal Herriko 6 eta 13 urteko haur euskaldunei zuzenduak, Etienne Decrept buru zelarik eta Landerretxe apeza idazkari. Epaimahaiak egin ohar zenbait Gure herria aldizkarian agertu ziren eta haurren euskara idatziari buruz normak eman ziren, lexikoaren hautatzean, joskeran, aditz formetan, etab.
8Munduko bi gerlen artean, Frantzian erregionalismoa garatzen den urteetan, euskal kulturak aitzinamenduak bizi izan zituen bereziki Ipar Euskal Herrian. Euskarazko liburuen ekoizpena emendatu zen, kalitate hobeko liburuak agertu ziren eta kopuruaren aldetik ere goititze bat ezagun zen (Casenave 2006). Eskola katolikoetan, entseguak egin ziren, euskarari familiaren eremutik harat leku baten emateko, nahiz leku osoa atxikitzen zuen erlijio munduan katiximaren bitartez (Itçaina 2015).
9Jean Etxepare kultur elkartearen buru zelarik 1923 eta 1927 urteen artean, elkarteak zuen hizkuntzari buruzko ikuspegia doi bat aldatu zen. Ondare ikuspegia baino haratago joanez, hizkuntzaren biziraupenaren gaia ere agertu zen. Familietan, ahoz transmititua zen hizkuntza, eta erlijio kulturaren transmititzeko baliatzen zena idatzian, hizkuntza bera ziren, baina ez molde berak. Helburua zen hizkuntza horren baloratzea. Emeki-emeki, euskara kultura idatziaren hizkuntza bilakatu zen, Elizak hau hautatu baitzuen erlijio kulturaren hedatzeko tresna gisa.
- 3 Léon Bérard ministro gaskoinak galde hori Ministeritzaraino helarazi zuen.
10Manera berean, euskarak normalizazio bat bizi ukan zuen eremu horren baitan. Okzitanian bezala, Ipar Euskal Herrian, Lore jokoen sortzea eta kantonamenduetako lehiaketen antolatze, euskara eskolaren baitan sarrarazteko manera berezi bat izan ziren. Hain zuzen, politikari batzuek gai horiei garrantzia eman zieten3 (Lespoux 2007). Euskal prentsan, noiznahi artikuluak agertzen ziren ministroen erranez, primen gaien eta egunen jakinarazteko, mintzaldien berri emateko; horiek oro irakaskuntzari buruzko gaien inguruan.
11Euskara, Ipar Euskal Herriko haurren lehen hizkuntza izanik ere, frantses eskolaren baitan, asimilazio politika bat balitz bezala kontsideratua zen. Transitional bilingualism horren ikuspegitik, zenbait aldiz frantsesaren hobeki ikasteko molde baten gisan ikusia zen (Chanet 1996). Bi gerlen arteko haurren hizkuntzan, eginmolde bat baino gehiago ezagun zen, testuinguru diglosiko batean: haurrek beren familietan entzun ahozko formak idatzirat ekartzen zituzten, eta ere katiximan ikasi idatzizko formak; epaimahaiak egiten oharrek haurren primen inguruko preskripzioak sortzen dituzte, eredu linguistiko eta forma sakralizatu zenbait hobetsiz.
- 4 Basilektoa da prestigiozko aldaeratik urrunena den hizkuntza, azken hau akrolekto deitzen dugularik (...)
12Betidanik, eskola haurraren ingurumen sozialaren erdi-erdian kokatu da. Eskolan, haur batek etxetik dituen hizkuntza gaitasunek hizkuntza normatu batekin talka egiten dute, eskolako hizkuntzak ezaugarritako dituelarik idatziaren kultura eta formalismo akademikoa. Ondorioz, basilekto, mesolekto eta akrolektoak4 elkarren arteko lehia batean sartzen dira. Bi gerlen artean, Ipar Euskal Herriko haur euskaldun gehienendako, kantonamendu mailako haurren primetan goresten den akrolektoa beren basilektotik, hots familiako hizkuntzatik guti da urruntzen. Formalismo akademikoa hizkuntzaren idatzizko ezaugarriei lotzen zaie gehienik.
13Hizkuntza gutituen erabileran, faktore frankok eragina badute: hizkuntzaren estatutu juridikoak eta lege kuadroak, testuinguru politiko eta adminisitratiboak, hizkuntzak gizartean duen irudia, hizkuntzaren lekua truke ekonomikoetan, kultura ekoizpenetan, hedabideetan, hezkuntza sisteman, hizkuntza testuinguru formalean baina ez lagunartekoan, hurbileko hizkuntza, hiztunaren gaitasuna, intseguritate linguistikoa, etab. (Coyos 2005).
14Ikerketa lan honen eramateko, artxiboetako dokumentuetan bermatu gara: PyrénéesAtlantiques departamenduko artxiboetan bereziki, eta Louis Dassance fondoan, baita ere euskarazko prentsaren artxiboetan, gehienik Le Réveil basque, Eskualduna, eta Gure herria, etc. Iturri hauek proposatzen duten ikuspegia soziala eta kulturala da.
15Epaimahaiak egin oharretan bermatuko gara ikusteko nolakoak ziren haur euskaldunen kopiak euskaraz, garaian frantses eskola eredu elebakarrean eskolatuak ziren urte horietan. Jean Etxepare Eskualtzaleen biltzarra kultur elkartearen buru zelarik, 1923 eta 1927 urteetan artean, urte guziz haurrek euskaraz idazten zuten. Urtetik urtera, parte hartzen duten ikasleen kopurua emendatzen zen eta beren euskara maila hobetzen (Altonaga 2006). Ikerketa honi esker, zehaztuko dugu zer ezaugarri zituen 1920 urteetako haur euskaldunen hizkuntza idatziak.
16Urte guziz antolatuak ziren haurren primen denboran, gutuna eta euskarazko itzulpena ziren haurrek egin behar zituzten bi ariketak. Itzulpena ariketa kanoniko bat bilakatzen da XX.mendean, ariketa haur gehienek ezagutzen baitute. Euskararentzat baliatu den ariketa mota hori latin eta frantses tradizio luze baten ondorioa da, eta euskal eremurat ekartzen da (Chervel 1998). Ariketa mota horiek ez dira beti asmatzaileen gustukoak, baina familiek duten presioari eta galde sozialari arrapostu ematen diote, eta ez dute beti hizkuntzaren bilakaera kontuan hartzen.
171923ko idazketaren gaiak haurrei galdegiten die anaiari gutun bat idatz diezaioten. Anaia, frenterat igorria izan da Frantziaren defendatzeko (Etxepare 1985). Ariketa tradizional hori ezaguna da, zertifikatan ikasleek praktikatzen baitute (Cabanel 2002) ; urte hartako gaia haurrek bizi duten errealitatetik hurbil da. Hain zuzen, haur anitzek Gerla handia ezagutu dute zuzenki, beren familietan izan baita frenterat igorriak izan den gizon franko (Bidegain 2014).
181923an, Jean Etxepareren arabera, haurren 114 kopietan “euskara garbia” da, familian ikasia (Etchepare 1985). Haurrek dituzten nekeziak puntuazioa eta ortografiari lotuak dira. Ahozko euskararen ezaugarri diren sintaxia egiturak menderatzen dituzte, aldiz, idatziaren ezaugarri diren puntuazio eta ortografian hutsak badira.
19Ezagutzen eta eduki tematikoen aldetik, haurren gutun gehienetan eduki eskasa agertzen da: Gerla handiaren inguruko gertakari historikoak ez dituzte menderatzen, haurrek ez dituzte adibidez soldaduak dituen betebehar zibiko eta moralak aipatzen, etsaia ere ez hainbeste. Bi haurrek baizik ez dituzte ezagutza historiko horiek gogoratu eta gutunean idatzi dutena izarikoa da. Bospasei kopiatan Frantziaren mendekatze izpiritua azpimarratzen da eta Alemanen suntsitzeko gogoa.
20Erran bezala, hizkuntzari dagozkien huts gehienak grafiaren eta puntuazioaren sailekoak dira. Hain zuzen, ahoz baliatua zen hizkuntza zen euskara, katiximan salbu non euskara irakurketa eta idazteko objektu bilakatzen da. Sariak eskuratzen dituzten haurrek Laborarien gidaria liburuaren lehen tomoa errezibitzen dute, Pierre Etxeberrik 1922an argitaratu laborarientzat den gida bat.
211924an, 10 urte arteko haurrek ondoko erranaldiak euskarara itzuli behar dituzte: « 1. Le printemps est revenu : les pêchers et les pommiers sont en fleurs. 2. Cinq ou six hirondelles avaient fait leur nid sous le rebord de la toiture : maintenant, ils l’ont quitté, les petits aussi se sont envolés. 3. Le temps est beau. 4. L’agneau broute (mange l’herbe) à la montagne, aux côtés de sa mère. 5. Le Pays Basque est l’un des plus jolis coins de la France. 6. Notre maison n’est pas la plus belle du village, mais c’est celle que j’aime le plus ».
- 5 Lehen eranskina.
- 6 Haur euskaldunen zertifikatako kopien azterketa batek konpara litzake haurrek euskaraz, beren famil (...)
22Aldudeko Henri Bidegainen kopiak5 euskararen grafia normalizazioaren inguruko gaiak agerian ezartzen ditu. Puntuazio hutsez aparte, (maiuskularik ez, punturik, kakotxik ez, etab.), kopiak erakusten du nolakoa zen haurren euskara idatzia 1920 urteetan, Ipar Euskal Herrian, eskolan lekurik ez zuen hizkuntza horren egoera. Konparazione, dardarkari bakunak eta anizkunak ez ditu bereizten6.
23Jean Etxeparek argazki sinkroniko bat proposatzen du, Ipar Euskal Herriko kantonamenduen sailkapen bat, haur euskaldunen euskara maila idatziari buruz. Baigorriko kantonamenduan, haurren hizkuntza garbia da, beztitua, hizkuntza gaitasunak ezagun dira, euskaran nola frantsesean. Ziburuko kantonamenduan, Azkaingo haurrek Urruñako eta Ziburuko haurrak aitzintzen dituzte. Ezpeletako kantonamenduan, haur baten itzulpen miresgarria Gure herria aldizkarian argitaratua izanen da. Sariztatuak diren haurren izenak, Eskualduna astekariko Eskuara saileko artikuluetan ezagun dira, Jean Etxeparek agerrarazirik. « L’entre-deux-guerres connait l’apogée des récompenses, peut-être en raison d’une nouvelle sollicitude envers les enfants d’une nation frappée par les carnages de 1914-18.» (Cabanel 2002).
24Mauleko kantonamenduan, 1920 urteetan haurren euskara idatzia berpizten ari da; euskaltzale franko Zuberoan plantatu da eta euskara baloratzen dute. Atharratzeko kantonamenduan, kopien urritasuna agertzen da eta kalitatea ere falta da. Hazparneko kantonamenduan, haurrek baliatzen duten euskara idatzia laxoa da, bereziki Hazparne herriko haurrena, baina zuzena da eta oro har aski goxoa. Iholdiko kantonamenduko haurrek euskara maila ona erakusten dute baina aitzineko urtean maila hobeagoa zuten oraino. Donapaleuko kantonamenduan, haurren euskara idatzia motza da, argia, eta ahozko hizkuntzatik hartu ezaugarri franko badu ; ezagun da haurrak ez direla euskaraz idaztera trebatuak izan. Donibane Garaziko kantonamenduan, haurren euskara idatzia eskasa da, Uztaritzeko kantonamenduan hizkuntza argia eta zuzena agerian uzten dutelarik.
25Haltsuko Joseph Borotra, Iholdiko Arnaud Pochelou eta Baigorriko Pierre Tambourinek dute lehen saria irabazten, erran nahi baita 250 libera hiruen artean partekatzeko. Bi neska gaztek bigarren saria erematen dute, 50 libera elkarren artean partekatzeko: Lartzabaleko kantonamenduan, Arhantsusiko Ana Eiheragarai eta Baigorrikoan Aldudeko Elixabet Inda. Hirugarren lekuan agertzen zaizkigu Larresoroko Ana Aintziart eta Senperreko Jean Erremundegui, bien artean 25 libera partekatzen baitute.
- 7 Jean Hiriart-Urrutyk “Uhaldea” deitu artikulu bat argitaratzen du Eskualduna astekarian.
26Ohar lexikalei dagokienez, 400 kopietarik, bakar batek temps izen arrunta behar bezala itzuli du ; haur gehienek ez dute “aro” baliatu, edo baitute ezagutzen edo ez baitute egokia bezala kontsideratu. Gisa berean, epaimahai buruaren ustez, “inondazione” mailegua soberaxko baliatzen dute haurrek “ uholde” izen arrunta hiruzpalau haurrek baizik ez dutelarik baliatzen. Zenbaitzuek “uhalde” proposatzen dute, aldaera fonetiko hori ezaguna delarik7. Oro har, euskarazko lexikoa ez da zailtasun bat haurrentzat, gehienik baserritik heldu baitira.
- 8 Etchepare Jean, “Euskaltzaleen biltzarra. Aurtengo sariketak”, Gure herria, 1924ko buruila, 375. or
27Aditz formei dagokienez, ohartzen gara erranaldietan konplexutasun bat sartu dutela gaiaren egileek (baldintza, subjuntibo iragana) ; gisa berean, perpaus konplexuak badira itzultzeko (perpaus erlatiboak, ezezko forma konplexuak, etab.). *Ezan aditz laguntzailea ez dute behar bezala jokatzen haurrek, hiru argumentu direlarik subjuntiboan eta oraialdian. Bestalde, kostaldeko euskalkiaren solezismoa agertzen da eta kopietan huts bezala ikusia da epaimahaiaren ganik8.
- 9 Etchepare Jean, “Haurren primez”, Eskualduna, 1925eko ekainaren 26a.
281925ean, 10 urte arteko haurrek ondoko erranaldiak dituzte euskararat itzuli behar: 1. Je vois un papillon sur une fleur rouge. 2. Grand-père m’aime beaucoup. 3. Le froid est sec ; il a gelé cette nuit. 4. Ote tes sandales. Chauffons-nous et allons au lit. 5. J’ai su que mon oncle va en Amérique. 6. Où sont les vaches ?9
- 10 Departamenduko artxiboak: Georges Lacomberen gutuna Jean Etxepareri arrapostu emateko papillon eta (...)
29Jean Etxeparek 1925eko ekainaren 26an idazten duen artikulan, zuzenketa proposamen bat egiten du. Erranaldi bakoitzarentzat oharrak badira. Azpimarratzen du ikasleen kopiek hamar bat aldaera agerian ezartzen dituztela « papillon » izen arruntaren itzultzeko. Hark pinpirin hitza hobesten du eta papillun mailegua baztertzen eta zigortzen du10. « Grand-père » hitzaren itzultzeko, aitaso hobesten du eta ez aitatxi ; aitatxi hitzak gazaita erran nahi duenez, haren ustez horrela baliatu behar da. Gipuzkoan erabiltzen den aitona aldaera ere aipatzen du.
30Bertzalde, « lit » izen arruntaren itzultzeko ohe eta ofe bi aldaerak onartzen ditu, nahiz ofe hobesten duten, erranez jende xaharrek hitz hau baliatzen zutela. Denborazko adberbioei dagokienez, gaur hitza sobera baliatzen dela dio. « Cette nuit » denborazko lokuzio honen itzultzeko, barda eta bart iragan den gauari lotzen ditu eta gaur heldu den gauarentzat atxikitzen du. Izen berezien deklinabideari buruz oharrak egiten ditu.
3110 eta 13 urte artean zuten haurrek ondoko erranaldiak zuzendu behar zituzten: « 1. Si vous allez à Baigorry, vous verrez un pont de pierre, haut et étroit construit par les Romains. 2. La fumée nous aveugle à la cuisine, toutes les fois qu’il y a vent du Sud. 3. Le serpent, le hérisson, le lézard vert et le crapaud m’ont toujours effrayé. 4. Je voudrais que tu me fisses ce travail au plus tôt. 5. Les bergers ont allumé le feu au flanc de la montagne, toute la lande est déjà en flammes. 6. Rien de meilleur, pour déjeuner qu’un œuf et du jambon, avec un verre de vin ».
32Hemen ere, Jean Etxeparerentzat, haurrek euskaraz idazten dutelarik joan aditza baliatu behar dute gan lapurtar formaren orde; aldiz, izan eta *edun aditz lagutzaileentzat, gaitu eta zare formak ditu lehenesten, zira eta gitu ahozko forma bezala kontsideratuz. Bertzalde, haur gutik du egin aditzaren subjuntibo iragana itzuliko, *ezan aditz laguntzailea baliatuz eta denbora komuztadura eginez.
33Kopiek familietan mintzatua den ahozko hizkuntza baten ezaugarriak badituzte, euskalki edo hizkera bakoitzeko ezaugarri fonologikoak transkribatuak dira ; hots sortzen ari den eskola aitzineko haurren euskara idatzia. Au plus tôt denborazko lokuzioaren itzultzeko, Jean Etxeparek hiru aldaera onartzen ditu, lehen bai lehen, ahalik lasterrena eta lasterrenetik. Orotara, epaimahaiak 405 kopia zuzendu ditu Ipar Euskal herriko 23 herrietan bilduak.
341926an, 10 urte arteko haurrek ondoko erranaldiak itzuli behar dituzte: « 1. Bonjour, Madame. Pareillement, Monsieur. 2. Les champignons sont quelquefois cachés sous la fougère. 3. Le milan nous a emporté trois poussins. 4. Notre fontaine est tout près de la forêt. 5. Mon petit-frère a des yeux noirs et un long nez. 6. J’aime beaucoup l’œuf à la coque ».
- 11 Notons que la figure du milan qui s’empare du poussin dans la basse-cour de la phrase n°3 se retrou (...)
35Zuzenketa proposamenean, hitzen ordenari dagokionez, libertatea uzten da, aditzaren aitzinatzea onartua da. Adberbio eta adjektibo errepikapena baloratua da, aditz sintagma onartzen da erranaldi hasieran eta bukaeran, etab.11
3610 eta 13 urte arteko haurrek ondoko erranaldiak euskarara itzuli behar zituzten: « 1. Axular fut un grand écrivain basque. Il était curé de Sare, il y a trois siècles. 2. Le hêtre, le pin, le bouleau, le chêne, le châtaignier et le frêne sont les arbres qui viennent le mieux dans nos montagnes. 3. Aimez-vous le lait caillé et le breuil ? 4. Les enfants n’ont pas à jeûner en carême. 5. Qui est coupable ? Ce n’est pas moi. 6. Buvez lentement, et peu à la fois. Mâchez bien les aliments, avant de les avaler ».
37Jean Etxepareren erranei fidatzen baldin bagara, haurren itzulpen hoberenak zuzentzaileen proposamenak baino hobeak izan dira. Ahetzeko eta Arbonako kopietan konparazione, “mezarrana” izen arrunt berezia aurkitzen dugu « breuil » hitzaren itzultzeko. Bostgarren erranaldian, galderazko erranaldian, bi kopiek “Nor da hobenian ?” eta “Nork du hobena ?” proposatzen dute ; bi forma hauek pertsonaren hobena azpimarratzen dute, lerratze semantiko bat eginez eta “Nor da hobendun ?” kalko sintaxikoa baztertuz. Ikasleei proposatzen zaizkien gaiak aztertzearekin, agerian ematen da eskolako gramatika osa lezaketen puntu gramatikal batzuk.
38Haurren kopietan aurkitzen den euskara idatzia ez da arras familietan baliatzen den ahozko euskara ; ez da ere humanitate klasikoetako hizkuntza literarioa. Normalizazio bidean den euskara idatzia da, eskolako hizkuntza frantsesa den garai batean. Erran daiteke hizkera normatu baten ezaugarriak dituela, hizkuntza naturala, ez-ofiziala, herrikoia eta frantses eskolaren menpe.
39Jean Etxeparek pentsatzen du euskarazko lehiaketa horiek eragina ukan dezaketela haurrek euskarari buruz dituzten errepresentazioetan, gaitasunetan eta ezagutzetan. Lehiaketa horiek ekar dezaketen lehia izpirituak eta sari izpirituak emulazio bat sor dezakete eta haurrak euskaraz irakurtzera sustatu.
40Eskualtzaleen biltzarra elkartea agertzen da eskolako euskara idatzia bilakatuko den preskribatzaile gisa. Hautatzen dira haurrei banatuak izanen zaizkien gaiak eta zuzenketak proposatzen dituzte itzultzekoak diren erranaldiendako. Epaimahaiak erran molde hoberenak altxatzen ditu, oharrak eta komentarioak egiten dira lexikoaz, gramatikaz, sintaxiaz, grafiaz, etab. Luzaz, euskara idatzia katiximako euskarari lotua izan bazaio, haurren erlijio kulturaren hizkuntza gisa, emeki-emeki, estatutuz aldatzen du hizkuntzak, geroago eskolako hizkuntza bilakatzeko. Frantsesak egiten duen bezala zertifikatarekin, hizkuntza horri esker sariak ukan ditzakete haurrek ; kantonamenduko lehenak lurralde mailako ospea erdiesten dute eta haurren bitartez beren irakasleek ere bai (Cabanel 2002).
41Aztertzen baldin baditugu bi gerlen arteko gaiek erakustera ematen dituzten tematikak, ikusten da jakitatearekin den harremana: ezagutu behar luketen euskal kultura edo talde sozial guziek duten kode sozial baten ezagutza. Erranaldietan, baserritar gizartea agertzen da, beren errealitatetik hurbil, familia, natura, etxea, mendia, aroa, egun guzietako bizia, laborari mundua, etxaldeko kabalak, etxeko eta mendiko abereak, usaia gastronomikoak, memorioa kolektiboa, etab. Axular XVII.mendeko euskal literaturako autore nagusiaren aipamena lotu behar zaio Saran iragan den « Axular eguna » -ri. Baigorriko erromatar zubia, haurrek ezagutu behar duten ondarearen leku berezia bilakatzen da, Ameriketako osabaren figura bezala; hauek ikasleen irudimen kolektiboari dei egiten diote.
- 12 1930ean, seminario ttipietako eta gisa bereko ikastetxeetako sariek ondoko gazteak saristatzen ditu (...)
421930 urteetan, haur euskaldunendako12 antolatuak diren primak seminario handi eta ttipietako gazteei zuzenduak zaizkie, 14 eta 18 urte artean dute. Ipuin baten idazketa eta lan didaktikoak dira bi ariketak.
43Orain gure gogoeta kulturaren inguruan finkatuko dugu. Nagusi den kultura aipatzen dugularik, konprenitu behar da erreferentzia kultura bikoitza bezala. Alde batetik, Eskolak eskolako errepublikar kultura haurrei transmititzen die zentralizio prozesu bat bezala. Kultura horren helburua da gutitua den kulturaren ordezkatzea, haurren emantzipazioa posible izan dadin.
44Akulturazioa da bi kultura ezberdinek elkar kausitzen dutelarik, hauen inguruan izan daitezkeen fenomeno eta prozesu guziak dira. Kultura ezberdina duten taldeak elkarren artean harremanetan sartzen baldin badira, eredu kulturalen artean aldaketak agertzen dira eta horiek ezagutzen forma hartzen dute (Courbot 1999).
- 13 Xabier Itçainaren liburuaren izenburua da.
45Gutitua den euskal kulturaren barne sartzen da erlijio kultura, “euskaldun-fededun” kontzeptuak dioen bezala13, euskal nortasuna eta katolizismoa elkarri lotuak dira XIX. mende bukaeran. Kultura bat “erreferentzia kultura” izan daitekeen ideia horrek eztabiada franko piztu ditu aspaldidanik, balore unibertsalean alde doa eta galdeak ekartzen ditu. Kultura batek bere nagusitasuna adierazten baldin badu, ondorio larriak ager daitezke. Bertzalde, kulturen artean kontaktu bat badelarik, balore batzu hobesten dira, eta kultura baten ala bestearen baitan izatea aldarrikatzen da.
46Erreferentzia kultura aipatzen delarik, eskolako publiko euskaldun bati buruz, frantses eskola kulturako obra kanoniko batzuen itzulpenetik pasatzen da, adibidez, Jean De Lafontainen alegietatik. Bi gerlen arteko haur euskaldunek harreman bikoitza dute nagusi diren kulturekin: frantses kultura eta erlijio kultura. Mona Ozoufek azpimarratzen du kultura jakintsuaren ez ezagutzeak, ez duela bortxaz erran nahi kidetasun sentimen falta bat badela, « de l’ignorance de la culture savante, il ne faut pas trop vite conclure à l’absence du sentiment d’appartenance ». Haren arabera, ikasleen alfabetizazio eta eskolatze tasa apala da eta herriari buruz ukan dezaketen nortasuna bi gauza ezberdin dira, alfabetizazio eta eskolatze tasa apalak ez dira beti nortasuna ahul baten seinale.
47Haurtasuna hiru poloren artean urratua da: Etxea, Eskola eta Eliza. Haur euskaldunek ere haustura hori bizi dute. Etxean euskara mintzo da eta lurraldeari lotua zaion nortasun bat bada; errepublikar eskola non Frantziaren eta frantses hizkuntzaren maitatzen ikasten den, errepublikar baloreak irakatsiak dira (laizitatea eta berdintasuna), euskal nortasuna baztertuz; eta azkenik Eliza, eskola laikoaren kontra, katiximaren bitartez erlijiozko hezkuntza euskaraz segurtatzen duena. Neke da haurrendako erreferentzia finkoen ukatea, eskolako baloreak etxean errezibitu baloreen kontra badoazelarik, eta Elizako baloreek etxekoak dudan ezartzen dituztelarik (Ozouf 2009). Euskal apezak euskara idatziari atxikiak dira, praktika eta ezagutza badute eta katiximaren bitartez, parte hartu dute haurren euskara idatziaren garapenean eta euskara kontuan hartzen duten eskolen irekitzean (Itçaina, 2007).
48Bi gerlen artean, eskola eta familia euskaldunen arteko harremanei interesatzen baldin bagara, ohargarri da familiek eskolaren eta eskolak ematen dituen diplomen gainean kontatzen dutela haurren bizi baldintzen hobetzeko. Bigarren mailako Uztaritzeko seminario ttipian seminario handiko apezgaiak formatzen dira, baita ere laikoak egonen diren ikasleak. Ikastetxe horrek inportatzia sozial handia ukan du 1950 urteak arte. Gehienetan, intelektualki eskolatzeko manera bakarra zen parropietako erretorek hautatu baserriko haur argi horiendako. Burgesia katolikoak mutikoak igorri ditu hezkuntza klasiko bat ukan zezaten, kalitatezkoa, moralki gogorra den ingurumen batera, eta non bereziki barnategiak funtsezko lekua baduen zorroztasun horren tresna gisa.
49Lan xume honek bi gerlen artean haurren eskola aitzineko kulturaren parte bat erakusterat eman nahi ukan du, hots gaitasun idatziak ahoz eta familietan transmituak izan diren hizkuntza batentzat. Kasu azterketa honetatik abiatuz, bi gerlen arteko ikasleen kopiak oinarritako hartuz, gogoeta bat eraman daiteke akulturazio horri buruz, nagusi ziren kulturekin zer harreman zuten konprenitzeko.
50Luzapen bat izan daiteke ikertzea mende bat berantago haurren euskara idatzia nolakoa den. Itzulpen gaiak proposa daitezke ikasleei errealitate linguistiko baten agerian emateko, 8 eta 13 urte artean duten Ipar Euskal Herriko haurren eskolako euskara idatziaren ezaugarriak. Horreterako, egokitu behar litezke itzultzekoak diren erranaldiak, kontuan hartuz euskal gizartearen bilakaera azken mendean, 1920 eta 2000 urteen arteko aldaketak.
51Joseph Camino zenak 2000 kopia bildu zituen, Eskualtzaleen elkarteko idazkari postua hartu zuelarik (Charitton, 2003). Ikerketa diakroniko bat egin daiteke aztertzeko haur euskaldunen euskara idatziaren bilakaera XX. Mendean.
52Beren ekoizpen idatzietan bermatuz, irakasleen preskaketa fitxak aztertuz, kopien zuzenketak altxatuz, ikasmateriala eta kontsignen formulazioak kontuan hartuz, eskolako hizkuntzari buruzko galde franko bada gogoetatzeko egungo egunean: grafia batuaren kontuan hartzea 1968tik goiti, eskolan baliatzen den joskera, etab.
53Eskolako euskara idatziari buruzko lan historiko honek luzapenak aurki litzake gramatika, testu literarioen hautatzean, testuen lantzeko moldean, etab.