1Ipar Euskal Herrian euskararen bilakaera soziolinguistikoak duen norabidea ikusita, murgilketa bidezko euskararen irakaskuntza eta murgilketako irakasleen prestakuntza erabateko lehentasuna duten esparruak dira (Casenave & Idiazabal 2019). Euskararen ezagutzaren beherakadari aurre egiten lagundu du euskarazko eskolatzeak (Coyos 2021) eta aurrerantzean ere hala egin beharko du, familiako zein komunitateko hizkuntza transmisioaren atzerakadak ez duelako etenik eta koofizialtasun ezaren ondorioak larriak direlako (Urteaga, 2021). Adibidez, Ipar Euskal Herriko ikasleen bi herenak ez du gaur egun oraindik inolako harremanik euskararekin bere ikasketa ibilbidean zehar (Lascano 2023). Hala ere, azken urteetako datuetan ikus dezakegu euskarak hezkuntzan orain arteko presentziarik handiena duela eta azken hamarkadan etengabe haziz joan dela euskarazko irakaskuntzaren eskaintza, bai eta eredu elebidunak hautatzen dituzten familien kopurua ere (EEP & Académie de Bordeaux, 2022). Zentzu horretan, Lascanok (2023) biltzen du Ipar Euskal Herriko familien %76,7k haien seme alabek euskara ikas dezaten nahi dutela. Jon Casenavek eta Itziar Idiazabalek sustatutako ELEBIDUN egitasmoaren baitan (Casenave et al. 2012), Lascanoren (2016) beraren ikerketak enpirikoki baieztatu zuen murgilketa ereduan lehen mailako ikasleek euskara-frantsesa gaitasun elebidun egokia erdietsi dezaketela.
2Murgilketa ereduen emaitzak oso interesgarriak izan arren, ereduon “ikuspegi elebakarra” kritikatu izan da, ikasleen gaitasun elebidun edo eleaniztuna sustatzeko helburua lortzeko bidean, eskolan hizkuntzak modu isolatuan irakatsi izan direlako (García 2009). Aldiz, hizkuntzak modu bateratuan eta koordinatuan irakastearen abantailak mahai gainean jartzen dira (Troncy 2014), horrek ikasleen errepertorio eleaniztunean izan ditzakeen onurak azpimarratuz. Kapitulu honetan, hain zuzen ere, Seaskako Ikastolek, eta zehazki, Bidarteko Uhabia Ikastolak, hizkuntzen trataera bateraturantz (HTB) jotzeko egitasmoa azalduko dugu labur-labur. Uste dugu, murgilketa ereduaren baitan, hizkuntzen trataera bateratua aukera interesgarria izan daitekeela euskarak lehentasunezko rola izango duen gaitasun elebidun/ eleaniztasuna garatzeko ikasleengan.
3Sarrera honen ondoko atalean hizkuntzen trataera bateratuaren inguruko azalpen batzuk emango ditugu. Hirugarren atala Seaskako, eta zehazki, Uhabia Ikastolako egitasmoa azaltzeko baliatuko dugu. Egitasmoaren jatorria eta helburuak azaldu ondoren, Uhabia Ikastolan HTBrantz jotzeko prozesuan emandako urratsak zehaztuko ditugu. Egitasmoaren emaitza batzuk ere erakutsiko ditugu, baina oso labur, kapituluaren luzera mugak tarteko.
4Hizkuntzen trataera bateratua hizkuntzen irakaskuntza eta ikaskuntzaren ikuspegi elebakar eta isolatuari kontrajartzen zaio (Aldekoa 2020). Ikuspegi elebakarrean oinarritzen den hizkuntzen irakaskuntzan, irakasten diren hizkuntzak beste hizkuntzen irakaskuntzarekin batere loturarik egin gabe irakasten dira (Cenoz & Gorter 2017). Uste da ikasleek hizkuntza bat modu “isolatuan” bereganatzen dutela, hau da, dakizkien beste hizkuntzekin inolako loturarik egin gabe eta beste hizkuntzetan ikasitako trebetasunak baliatu gabe. Ikuspegi honen aurrean, hizkuntzen trataera bateratuak hizkuntza baten irakaskuntzak beste hizkuntzen irakaskuntzan ahalik eta onura gehien izan ditzan lortu nahi da. Eskolan hizkuntza bat lantzerakoan, beste hizkuntzetan ikasleek dagoeneko lortutako trebetasunak aktibatzean eta baliatzean datza hizkuntzen trataera bateratua.
5Hizkuntzen trataera bateratuak ikasleen gaitasun eleaniztuna garatzea du helburu, bai idatzizko eta ahozko ekoizpen eta ulermen gaitasunei dagokienez, eta baita ere metahizkuntza gaitasunei dagokienez ere. Jarrera eta motibazio mailan ere, ikasleen artean eleaniztasunarekiko jarrera eta motibazio positiboak sustatzea bilatzen du HTBk. Gaitasun eleaniztuna helburutzat hartzeak ez du esan nahi, hala ere, ikasleek ikasi beharreko hizkuntza bakoitzean gaitasun berbera lortu behar dutenik (Idiazabal & Larringan 2004). Aitzitik, hizkuntza bakoitzean gizarte beharrizan jakin batzuei aurre egiteko adinako gaitasunak lortzea izango da helburua. Jarreren eta motibazio mailan ere, hizkuntzen trataera bateratuak ez dauka zertan jarrera eta motibazio mota berberak sustatu ikasleen artean. Adibidez, Ipar Euskal Herriko kasuan, euskaraz eta frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez baino hizkuntza gaitasun aurreratuagoak lortzea izango da xede, edo jarrera eta motibazio mailan, frantsesarekin, gaztelaniarekin eta ingelesarekin lotuta sustatuko diren jarrerek ez dute zertan euskararekiko berberak izan, esate baterako.
6HTBk hizkuntzen irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren hainbat dimentsio biltzen ditu: programazioarena da dimentsioetako bat. Adibidetzat, testu ekoizpenaren lanketaren programazioa hartuko dugu: ikasturtean zehar hizkuntza ezberdinetan landu behar diren testuak zein diren eta ikasturteko zein unetan landuko diren erabakitzerakoan, HTBren araberako programazioak hizkuntza guztiak batera hartuko ditu kontuan. Horrela, alferrikako errepikapenak saihestuko dira, hau da, X hizkuntzan landutako testu-generoa ez da Y hizkuntzan berriro landuko garai berean, X hizkuntzako lanketa egin ez balitz bezala. Aitzitik, Y hizkuntzako lanketa egiterakoan, X hizkuntzan landu diren trebetasunak baliatuko dira. Cumminsek (2008) garatutako Interdependentzia Linguistikoaren hatsarreak oinarri psikolinguistiko eta soziolinguistikoa ematen dio hizkuntzen trataera bateratuaren arabera eraikitako programazioari. Hatsarrearen arabera, X hizkuntzan landutako trebetasunak Y hizkuntzara transferitu ahal izango ditu ikasleak, baldin eta X hizkuntzako lanketa eraginkorra izan bada, eta baldin eta ikasleak nahikoa motibazio badu Y hizkuntza ikasteko. Euskal hezkuntzaren kasuan, oso garrantzitsua izan da euskararen bidez landutako trebetasunak gaztelaniara (Hego Euskal Herrian) edo frantsesera (Ipar Euskal Herrian) transferitzen direla erakustea, horrek modu oso positiboan lagundu duelako gizarteak oro har, eta zehazki, gurasoek, euskarazko murgilketa ereduaren aldeko hautua egiten. Mota honetako programazio batek beste hainbat dimentsiotan ere planteamendu bateratuak egin beharra eskatzen du: ebaluazio irizpideak, terminologia edota hizkuntzetako irakasleen gelako estrategiak bateratu beharra dago.
7Ikastetxe edota irakasle talde batek hizkuntzen irakaskuntzan eta ikaskuntzan ikuspegi bateraturantz jotzeko prozesuan, lagungarriak izan daitezke hainbat faktore: irakasle taldean eleaniztasunarekiko jarrerak eta usteak positiboak izatea ezinbestekoa da. Euskal hezkuntzari dagokionez, ezinbestekoa da irakasleek euskara barnebiltzen duen eleaniztasunarekiko jarrera positiboak izatea, baldin eta euskara ere kontuan hartua izango bada hizkuntzen trataera bateratuan. Azkenaldian egin diren hainbat ikerketak, hain zuzen ere, erakusten dute eleaniztasuna balioesten duten irakaslegaien artean euskararekiko jarrerak positiboak direla, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan behintzat (Bier & Lasagabaster 2022). Jarrera positiboez harago, curriculum edota programazio bateratuak eta testuliburu/baliabide didaktikoak sortzeko edota egokitzeko irizpide bateratuak garatzea ezinbestekoa da (Ortega & Anakabe 2015). Aipatu ditugun faktore lagungarri hauek denek irakasleen prestakuntza egokia eskatzen dute, eta prestakuntza egokiak, ezinbestean, irakasleen arteko lankidetza eta koordinazio pedagogiko-didaktikorako gune eta denbora antolaketa egokiak (Apraiz et al. 2012); Ibarluzea et al. 2021).
8Interakzionismo sozio-diskurtsiboak hizkuntzalaritzaren eta hizkuntzen didaktikaren esparruetan eskaintzen dituen oinarriak oso baliagarriak izan daitezke euskal eskoletan hizkuntzen trataera bateraturantz jotzeko orduan. Hizkuntzalaritzan, testuen eta testugeneroen kontzeptualizazioari esker, hizkuntza jardueraren dimentsio diskurtsibo-testualak eta gramatikalak zehatz aztertzeko eta uztartzeko modua eskaintzen du (Bronckart 2022).
9Hizkuntzen didaktikari begira, testu-generoen ekoizpena eta ulermena lantzeko dispositibo didaktikoen diseinu eta esperimentazioan ikerketa zabal eta sendoa eskaintzen ditu ISDk (Dolz & Schneuwly 2016; García Azkoaga & Idiazabal 2015). Euskararena bezalako egoera eleaniztunen kasuan, testu-generoen ekoizpena eta ulermena lantzeko sekuentzia didaktikoen diseinua, esperimentazioa, eta horretarako irakasleen prestakuntza, elementu oso garrantzitsuak dira hizkuntza gutxituaren indarberritzea bultzatzeko (Manterola 2020).
10Seaskan bidea egiten ari dira ahozko euskararen irakaskuntza eta erabilera sendotzeko egitasmoak (Aire 2021). Josune Zabalaren laguntzarekin, ahozko hizkuntza modu sistematikoan irakasgarri bihurtzeko irizpide didaktikoak lantzea edota ahozko hizkuntzaren ebaluaziorako irizpideak finkatzea izan dira lanketa horren helburuetako batzuk. Ibilbide horretan, euskararen irakaskuntzaren eta frantsesaren artekoaren loturak eta zubiak eraikitzeko beharra agertu zen. Zehazkiago, ikasgelan euskaraz zein frantsesez landutako ahozko trebetasunak beste hizkuntzara transferitzea lortzeko moduei buruzko lanketa egiteko interesa identifikatu zen.
11Testuinguru horretan ernaldu zen esku artean daukagun proiektua. Helburu orokor hau bete nahi luke: Seaskako ikastoletako lehen mailan euskararen eta frantsesaren tratamendu bateraturantz urratsak ematea. Helburu orokor horretara iristeko, hainbat helburu zehatz ezarri genituen: batetik, lehen mailako irakasleen artean euskara eta frantsesaren irakaskuntza modu bateratuan zenbateraino egiten den aztertzea, modu orokor batean bada ere. Bestetik, ikastola jakin batean euskararen eta frantsesaren trataera bateraturantz urratsak ematen saiatzea, testuak ekoizteko trebetasunen lanketari dagokionez. Horretarako, honako pausoak aurreikusi ziren: a) euskararen eta frantsesaren irakaskuntzarako programazio bateratua egokitzea; b) ikasleek euskaraz eta frantsesez ekoiztu beharreko testu-generoen eredu didaktiko bateratuak egokitzea; c) euskaraz eta frantsesez ahozko/idatzizko ekoizpena lantzeko sekuentzia didaktikoak egokitzea eta esperimentatzea.
12Seaskako lehen mailako edo lehen hezkuntzako irakasleei Ibon Manterolak online eskainitako hitzaldi eta ondorengo mintegi moduko bilkura batekin abiatu zen egitasmoa, 2021eko udaberrian, Covid 19aren pandemia garaian. Murgiltze ereduan hizkuntzen trataera bateraturantz jotzeko oinarri teoriko batzuk landu ziren.
13Bigarren fase nagusia aurrez-aurreko saio bat izan zen, 2021eko udazkenean. Bertan Seaskako lehen mailako ikastola guztietako irakasleek hartu zuten parte. Helburu nagusia izan zen irakasleek gogoeta partekatzea, euren ikastoletan euskararen eta frantsesaren tratamendu bateratua ea zein neurritan egiten den. Horretarako, bi dinamika egin ziren: lehena, testugeneroen tipologiatik abiatuta (azalpenezko testu-generoak, argudiozkoak, eta abar), euskarazko eta frantsesezko testuen ekoizpena lantzeko programazio bateratuaren ingurukoa izan zen; eta bigarrena, euskarazko eta frantsesezko ipuin banaren irakurketa lantzeko esku hartze didaktiko bateratuari buruzkoa. Ikastolaz ikastola bildu ziren irakasleak eta dinamika bakoitzean taldeka hausnartu behar izan zuten eta idatziz jaso hausnarketaren ideia nagusiak. Halaber, audio grabaketatxo batzuk egin zituzten irakasleek, hausnarketan zehar sortutako auzi eta eztabaiden inguruan. Idatzizko dokumentazioa eta audio grabaketak prestatzaileek jaso zituzten. Emaitzen atalean azalduko ditugu dinamika hauetatik aterarako emaitza nabarmenenak.
14Hirugarren fase nagusian, egitasmoa Bidarteko Uhabia Ikastolara bideratu da, eta zehazki, 4. eta 5. mailara. Esperientzia pilotu bat balitz bezala, bertan gauzatu dira euskararen eta frantsesaren trataera bateraturantz urratsak emateko saiakerak. Batetik, euskararen eta frantsesaren irakaskuntzarako programazio bateratua egokitu da. Bestetik, ikasleek euskaraz eta frantsesez ekoiztu beharreko testu-generoen eredu didaktiko bateratuak egokitu dira. Azkenik, euskaraz eta frantsesez ahozko/idatzizko ekoizpena lantzeko sekuentzia didaktikoak egokitu eta esperimentatu dira. Uhabia Ikastolako egitasmoaren diseinua Ibon Manterolak, Maddi Sarasuak eta Régine Elosegik eraiki dute eta hirurak elkarlanean aritu dira Ikastolako 4. eta 5. mailako euskara(z)ko irakasle Kattalin Duhalderekin eta frantsese(z)ko irakasle Martta Auzirekin. Hurrengo atalean azalduko ditugu emaitza nagusiak.
15Atal honetan egitasmoaren emaitza nagusiak azalduko ditugu labur xamar. Hala ere, ohar bat egin nahi genuke: kapitulu honen luzeraren mugak direla eta, ez daukagu tarterik egitasmoan zehar datu enpirikoak biltzeko erabilitako metodologiak zehatz-mehatz azaltzeko, eta ezta ere emaitzak xehetasunez eta modu sistematikoan emateko.
16Egitasmoaren bigarren fasean egin zen diagnosi orokorrean ikastoletan hizkuntzen trataera bateraturantz jotzeko indarguneak eta hobetu beharreko auziak azaleratu ziren. Nahikoa argi geratu zen irakasle askorentzat ez dela berria euskararen eta frantsesaren idatzizko/ahozko ekoizpena testu-generoen didaktikaren bidetik lantzea. Ikastola askotako irakasle taldeek nahikoa aise lortu zuten euskarazko eta frantsesezko hainbat testu-genero ardatz diskurtsibo bateratuetan kokatzea. Adibidez, instrukzio testuen artean sailkatu zituzten euskarazko errezeta, jolas baten arauak eta dirua aurrezteko 10 gomendio; eta frantsesezko “manuel d’utilisation” eta « recette de cuisine ». Irakasleek egindako audio grabaketek erakusten dutenez, sailkapena egiteko irizpide antzekoak dauzkate euskaraz eta frantsesez eta testu-generoen helburu edo orientazio komunikatibo nagusiari erreparatu zioten. Hala ere, agertu ziren irakasleen artean hainbat zailtasun, eta halaber, irizpide bateratuak ere urri ziren kasu batzuetan: ikastola batzuetan, irakasle batzuek testu-generoak sailkatzeko irizpidetzat testuen gaia hartu zuten eta beste irakasle batzuek, berriz, helburu komunikatiboa. Bestelako irizpide batzuk ere identifikatu ziren: testu-generoen izaera teknikoa ala ez teknikoa, hiztegi aberatsa izatea ala ez, izaera ludikoa izatea ala ez, eta abar.
17Diagnosian identifikatu zen bigarren emaitza nagusia programazio bateratuei dagokie: irakasleen idatzizko eta audio bidezko lekukotzen arabera, ikastola oso gutxitan lantzen da euskarazko eta frantsesezko testu-generoen ekoizpena programazio bateratuaren bidez. Kasu gehienetan, irakasleek irizpide ezberdinak erakutsi zituzten programazio bateratua eraikitzeko bidean: batzuek testu-generoen gaiaren araberako programazioa hobesten dute, beste batzuek testu-generoen helburu komunikatiboaren araberakoa, eta abar.
18Hirugarrenik eta azkenik, euskarazko eta frantsesezko ipuin bana gelan lantzeko esku hartze bateratuei buruzko dinamikako emaitzek erakutsi zuten ikastola batzuetan oso modu antzekoan lantzen dutela irakurmena bi hizkuntzetan, ñabardurak ñabardura. Baina beste ikastola batzuen kasuan, kontrakoa ikusi zen, alegia, euskaraz eta frantsesez irakurmena lantzeko jarduera-motak eta jardueren hurrenkerak ez zirela modu bateratuan eraikiak.
19Diagnosiaren ondorio orokor modura, esan liteke Seaskako ikastoletan badagoela oinarri sendo bat testu-generoen tipologia oinarri hartu eta pausuak emateko hizkuntzen trataera bateraturantz. Hala ere, nahikoa argi geratu zen ikastolen artean ezberdintasunak badirela, eta batzuk irizpide bateratuetan bidea egiten ari diren neurri berean, beste ikastola batzuetan oinarri-oinarrizko urratsetatik abiatu behar dela.
20Aurrez 3.2. atalean aipatu dugun moduan, egitasmoaren hirugarren eta orain arteko azken fasea Bidarteko Uhabia Ikastolan gauzatu da. 4. eta 5. mailetan euskararen eta frantsesaren trataera bateraturantz jotzea izan da helburua, bertako bi irakaslerekin elkarlanean. Lehen urratsean programazio mailako egokitzapenak egin dira, baina gorago aipatu bezala, zehazki, Ikastolako bi irakasleekin epez epe euskararen eta frantsesaren ekoizpena lantzeko hautatzen dituzten testu-generoak berrikusi ziren, banan-banan. Abiapuntu gisa, bi oinarri hartu ziren: batetik, bi irakasleen eskarmentua, indarrean zuten programazioa eta beraien eguneroko irakaskuntza praktikak; eta bestetik, testu-generoen tipologia (Dolz & Schneuwly 2016). Honako irizpide orokorrak erabili genituen programazio bateratua egokitzeko:
211. Ardatz edo orientazio diskurtsibo ezberdineko testu-generoak programatu ziren ikasturtean zehar. Alegia, saihesten saiatu ginen gehien bat narraziozko testu-generoak lantzea, edo gehien bat azalpenezkoak, eta abar.
2. Ahozko testu-generoen lanketak lekua izan dezan saiatu ginen, batez ere, kontuan izanda euskal eskoletan zeinen behar handia dagoen euskarazko ahozko gaitasunak lantzeko (Diaz de Gereñu et al. 2020).
3. Aldi bakoitzean, idatzizko ekoizpenaren lanketa eta irakurmenaren lanketa testugenero beraren edo, behintzat, antzekoaren bidez proposatu genuen. Izan ere, Ikastolako bi irakasleen esperientziaren arabera, euskararen eta frantsesaren irakaskuntzarako denbora ez da soberan, eta ondorioz, ahalik eta gehien profitatu behar zen testu-genero berberaren edo antzekoaren lanketa, idazmenaren eta irakurmenaren lanketa uztartuz.
4. Printzipioz, epe berean euskaraz eta frantsesez ardatz edo orientazio diskurtsibo ezberdineko testu-generoen ekoizpena lantzea zen proposamena. Hala ere, irizpide hau moldatu egin genuen euskarazko ahozko ekoizpenaren lanketarentzat. Kasu honetan, proposatu genuen epe edo garai berean frantsesez idatziz lantzen zen testu-generoaren antzekoa lantzea euskaraz, arrazoi honengatik: frantsesez idatziz landutako trebetasunak euskarara transferitzeko erraztasunak sortuta, uste genuen ahozko hizkuntza ekoizpenak bereak dituen berezitasunak lantzeko denbora gehiago izango luketela irakasleek (adibidez, ahozko testu-generoen atalak edo faseak, gorputzaren posizioa edota keinuen eta begiradaren kudeaketa).
5. Ikasturteko laugarren epean edo garaian Uhabia Ikastolak urtero ikusgarria antolatzen duela kontuan hartuta, ikusgarriaren prestaketarekin uztar zitezkeen testu-generoen lanketa aurreikusi genuen epe horretarako.
22Garrantzitsua da azpimarratzea irizpide hauek Uhabia Ikastolako errealitatean txertatzen direla. Oso litekeena da beste ikastetxe bateko programazioa egokitzerakoan, bestelako irizpide batzuk ere kontuan hartzea, edo guk erabilitako irizpideak ez izatea erabat baliagarriak. Dena dela ere, Uhabia Ikastolako 4. eta 5. mailetako programazioa testu-generoen ikuspegitik berrikustea ariketa biziki interesgarria izan zen. Argi ikusi zen irakasleentzat ez zela berria testu-generoen sailkapenei buruz hitz egitea: testu ekoizpenaren egoera komunikatiboa (ekoizlea, hartzailea, helburua, eta abar), testuen planifikazioa edo egitura hizpide izatea ez zen oztopoa izan irakasleekin egindako mintegietan. Aldiz, zailtasun edo ohitura falta gehiago azaleratu zen irakasleen koordinazio mailan, alegia, ikusi zen ez zeudela hain ohituta euskarazko eta frantsesezko testu-tipologiari eta testu-generoen programazioari buruz modu koordinatuan jardutera. Hona hemen Uhabia Ikastolako 4. eta 5. mailarako proposatutako programazio bateratua, testu-generoen lanketari dagokionez:
1. taula: Uhabia Ikastolako 4. eta 5. mailan euskarazko eta frantsesezko testu-generoen programazio bateratua.
|
1. garaia
|
2. garaia
|
3. garaia
|
4. garaia
|
5. garaia
|
|
|
IRAKURKETA
|
|
|
Eus
|
Filosofiaren eztabaidaren arauak.
INSTRUKZIOA
|
Bidarten topa daitezkeen animaliei buruzko entziklopedia artikulua.
AZALPENA
|
Autobiografiak.
ERRELATOA
+ Eleberri historikoa Otto.
NARRAKETA
|
Antzerkiak irakurtzea.
NARRAKETA
Elkarrizketa moduan
|
Irakorrika Abentura sarea.
NARRAKETA
Narramus.
NARRAKETA
|
Fr
|
Lettre de
demande. ARGUDIOA
|
Publicité d’associations « Viens avec moi
faire du surf! »
ARGUDIOA
|
Blog de voyage.
ERRELATOA
(Azalpena barne)
|
Rallye BD.
NARRAKETA
|
Roman.
NARRAKETA
|
|
|
IDAZKETA
|
|
|
Eus
|
Ikasgelako arauak.
INSTRUKZIOA
|
Alimaleen entziklopedia.
AZALPENA
|
Autobiografia. Familiaren hizkuntzaren historia.
ERRELATOA
|
Antzerkia
NARRAKETA
Elkarrizketa moduan
|
Ipuin bat idatzi.
NARRAKETA
|
Fr
|
Lettre de demande au maire à propos du batiment pour l’Ikastola.
ARGUDIOA
|
Publicité d’associations « Viens avec moi faire du surf! »
ARGUDIOA
|
Blog de voyage
KONTAKETA
(Azalpena barne)
|
Traduction de la pièce de théâtre (parents non bascophones) Théâtre
Poésies .
OLERKIA
|
Critiques De nouvelles
ARGUDIOA
|
|
|
AHOZKO EKOIZPENA
|
|
|
Eus
|
Eztabaida filosofia gaiez (Débat régulé)
ARGUDIOA
|
Alimaleen adoptatzeko/
saltzeko irrati iragarkia.
ARGUDIOA
|
Herriaren toki baten aurkezpena.
AZALPENA
|
Idatzizko testua antzeztu.
NARRAKETA
Elkarrizketa
moduan
|
Narramus
NARRAKETA
Irakurritako liburua bat irakurtzeko griña eman
ARGUDIOA
|
Fr
|
Règles de jeux pour apprendre.
INSTRUKZIOA
|
Présentation d’un objet ou d’un lieu de la préhistoire.
AZALPENA
|
Visite virtuelle d’un village/ musée.
AZALPENA
|
Poésie.
OLERKIA
|
Narramus.
NARRAKETA
|
23Programazio bateratuaren bidez ikasturte batean zehar hizkuntzetako bakoitzean landu daitezkeen testu-generoen programazioa egokitu ondoren, hurrengo pausoa izan zen testu-generoen eredu didaktikoak zehazten saiatzea. Testu-generoen eredu didaktikoak sortzea baliagarria izan daiteke ikertzaileek, prestatzaileek zein irakasleek zehatz jakin dezaten testugenero baten zein osagai edo dimentsio irakats daitezkeen (Dolz & Schneuwly 2016). Uhabia Ikastolako egitasmoan, hainbat testu-generoren eredu didaktikoak eraiki genituen, ikastolako bi irakasleekin batera egindako mintegietan. Hona hemen adibide bat: euskararen lanketarako bigarren aldirako programatuta dagoen “Alimaleen entziklopedia” testu-generoarena:
2. taula: “Animalien entziklopedia” testu-generoaren eredu didaktikoa
Egoera komunikatiboa
|
Ikasleei eskatuko zaie animalia bat hautatzeko eta artikulu entziklopediko bat idazteko, ikaskideei zuzendua, horrela, denen artean animalien entziklopediatxo bat sortzeko.
|
Eduki tematikoa
|
Non bizi, ugaztuna/ez…, nolako lekuak maite ditu, zer jaten du, ugalketa modua. Elikadura. Berezitasunen bat.
|
Testuaren atalak eta osagai nagusiak
|
Izenburua; sarreran definizioa; ondotik, ezaugarri nagusiak; bukaeran, bitxikeria bat. Testuaz gain, irudi bat.
|
Testu-antolatzaileak
|
Batetik… bestetik; lehenik… bigarrenik; gainera…horrez gain… halaber; adibidez; neguan… udaberrian
|
Askotariko ezaugarri diskurtsibo-gramatikal/lexikalak
|
-
Orainaldiko aditz denbora; aspektu burutua zein burutugabea.
-
Erlatibozko perpausak definizioaren atalerako: oihanean bizi den animalia da.
-
Animaliari erreferentzia egiterakoan, etengabeko errepikapena saihestea: elipsia, askotariko berrartzeak (txakurra…ugaztun honek… txakurra… animalia hau).
-
Animaliak deskribatzeko adjektiboak eta konparazio egiturak.
-
Hiztegi espezifikoa: haragijalea, belarjalea, obiparoa…
-
Adberbio batzuk: poliki-poliki, kolpez, bortizki,…
|
Testuaren diseinua eta formatua
|
Izenburuaren, testu nagusiaren eta irudiaren kokapena eta tamaina.
|
24Oso garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea, batetik, ikertzaileek, prestatzaileek zein irakasleek sortzen dituzten testu-generoen eredu didaktikoek izaera oso dinamikoa daukatela. Hau da, testu-genero “berberaren” eredu didaktiko bat baino gehiago eraiki daiteke, ikasleen hizkuntza gaitasunen arabera, ikasmailaren arabera, edota ereduak eraikitzeko hartzen diren erreferentziazko testu-generoen arabera. Horrez gain, ikastetxe berean bertan, testu-generoen eredu didaktikoak ikasturte batetik bestera moldatu eta egokitu egin daitezke (Munarriz et al. 2022). Ondorioz, Uhabia Ikastolan sortutako testu-generoen eredu didaktikoak ez lirateke erreferentzia aldagaitz eta moldakaitz gisa ulertu behar, inolaz ere. Bestetik, interesgarria iruditzen zaigu Uhabiako egitasmoan euskarako eta frantseseko irakasleek elkarrekin jardun izana hizkuntza bakoitzerako testu-generoen eredu didaktikoak sortzen. Hizkuntza ezberdinetako irakasleek testu-generoen oinarrizko analisi eta hausnarketa interlinguistikoak egitea irakasleen prestakuntza-gai garrantzitsua iruditzen zaigu, eta programazio mailako lanketak bezalaxe, irakasleen arteko koordinazioa indartzen lagundu dezake.
25Testu-generoen eredu didaktikoak finkatu ondoren, sekuentzia didaktikoak egokitu ziren, irakasleekin batera egindako mintegietan. “Egokitu” diogu, izan ere, irakasleek dagoeneko gelan lantzen zituzten jarduerak eta edukiak ahalik eta gehien baliatu ziren. Alegia, ordura arte irakasleek egiten zutena, eta egiteko moduak, baliagarriak izan zitezkeenez, abiapuntua izan ziren sekuentzia didaktikoak egokitzerakoan. Ikasleek ekoiztutako testuak ebaluatzeko irizpideak ere egokitu egin ziren, irakasleek lehendik erabiltzen zituzten irizpideak baliatuta. Lan honetan ez daukagu tokirik ebaluazio irizpide zehatzak zerrendatzeko, baina aipatu nahi genuke euskarazko eta frantsesezko ebaluazio irizpideak batera egokitu zirela, oinarri berberak jarraituta eta hizkuntza bakoitzaren ezaugarri morfosintaktiko eta ortografiko bereizgarriak kontuan hartuta.
26Jarraian, Uhabia Ikastolako egitasmoan sortutako hiru sekuentzia didaktikoaren egitura orokorra erakutsiko dugu:
3. taula: “Alimaleen entziklopedia” sekuentzia didaktikoaren egitura orokorra.
Ikasleei testu-generoa ekoizteko egoera edota proiektu komunikatiboa proposatzea
|
Ikasleei eskatuko zaie animalia bat hautatzeko eta artikulu entziklopediko bat idazteko, ikaskideei zuzendua, horrela, denen artean animalien entziklopediatxo bat sortzeko. Aukera emango zaie animaliaren irudi edo marrazki bat gehitzeko testuari.
|
Aurre-testua idaztea
|
Batere lanketarik egin gabe, ikasleek orri txuri batean testua idatziko dute.
|
Jardueretan landutakoa
|
-
Artikulu entziklopedikoaren hainbat ezaugarri: helburua eta atal nagusiak.
-
Sarrerako atalean, animalien definizioa.- Testu antolatzaileak
(Oharra: garai berean, zientziako ikasgaian bizidunen hainbat ezaugarri nagusi landu ziren: bizidunen sailkapena, ugalketa, bizimodua eta abar.)
|
Ondo-testua idaztea
|
Hasierako proiektu komunikatiboa berrartu eta ikasleek testu definitiboak idatziko dituzte.
|
4. taula: « Présentation d’un objet ou d’un lieu de la préhistoire » sekuentzia didaktikoaren egitura orokorra.
Ikasleei testu-generoa ekoizteko egoera edota proiektu komunikatiboa proposatzea
|
Ikasturtean zehar garai bakoitzean historiako aldi bat lantzen baitute, ikaskideei historiako objektuak edo tokiak aurkeztea, diapositibetan irudiak erakutsiz.
|
Aurre-testua ekoiztea
|
Taldeka, objektuak edo lekuak aukeratuko dituzte ikasleek. Irakasleak irudiak eta oinarrizko informazioa eman ondoren, ikasleek ahozko azalpena prestatuko dute, bestelako lanketarik egin gabe.
|
Jardueretan landutakoa
|
-
Garai berean euskaraz landutako animaliei buruzko artikulu entziklopediaren ezaugarriak berrartzea eta frantsesez ahozko azalpena egiteko baliagarriak diren trebetasunak identifikatzea.
-
Irudien laguntzarekin egindako jendaurreko azalpenaren dimentsio ez-linguistikoak lantzea, ereduak ikusiz eta aztertuz.
-
Ahozko azalpena egituratzeko askotariko testu-antolatzaileak.
-
Ahozko azalpenak egiteko trebatzen dira ikasleak.
|
Ondo-testua ekoiztea
|
Hasierako proiektu komunikatiboa berrartu eta ikasleek ahozko azalpen definitiboak ekoiztuko dituzte.
|
5. taula: “Deserta bat prestatzeko ahozko jarraibideak” sekuentzia didaktikoaren egitura orokorra.
Ikasleei testu-generoa ekoizteko egoera edota proiektu komunikatiboa proposatzea
|
Taldeka, matahamiak prestatuko dituzte eta argazkiak atera prestaketan zehar. Ondoren, ikasle txikiagoei errezeta prestatzeko jarraibideak emango dizkiete ahoz, argazkiak erakutsiz.
|
Aurre-testua ekoiztea
|
Matahamiak prestatzeko errezeta bateko irudien laguntzarekin, jarraibideak emango dituzte jendaurrean.
|
Jardueretan landutakoa
|
-
Garai berean frantsesez landutako « Présentation d’un objet ou d’un lieu de la préhistoire » ahozko azalpenen ezaugarriak berrartzea eta euskaraz ahozko jarraibideak emateko baliagarriak diren trebetasunak identifikatzea.
-
Ahozko jarraibideen atal nagusiak bereizteko testu-antolatzaileen lanketa.
-
Ahozko jarraibideetako adjektibo, aditz eta adizlagunak lantzea.
-
Jendaurreko espazioan mugitzen, begirada irudira eta publikora zuzentzen eta keinuak erabiltzen trebatzea.
|
Ondo-testua ekoiztea
|
Etxeetan binaka deserta bat egin eta ikasle txikiagoei hori nola egin azalduko diete ahoz, irudien laguntzarekin.
|
272022/2023 ikasturteko udaberrira arte, hiru sekuentzia didaktiko esperimentatu ziren Uhabia Ikastolan: “Alimaleen entziklopedia”, « Présentation d’un objet ou d’un lieu de la préhistoire » eta “Deserta bat prestatzeko ahozko jarraibideak”. Azken hau ez zegoen aurreikusita ikasturterako egokitutako programazioan, baina adostu genuen interesgarria izan zitekeela frantsesez ahozko azalpenak landu ondoren (« Présentation d’un objet ou d’un lieu de la préhistoire »), euskarazko ahozko instrukzio testu bat lantzea. Jarraian, sekuentzia didaktiko bakoitzean ikasleek lortutako aurrerapenari buruzko emaitzak emango dira, modu oso orokorrean. Lan honetan ez daukagu lekurik emaitzak xehetasunez azaltzeko. Halaber, labur-labur aipatuko ditugu ikasleen aurrerapenaren emaitzek euskara eta frantsesaren arteko transferentzien inguruan iradokitzen dutena.
28Ikasleen aurre testuetako ekoizpenak gehiago dira poster bat, ezaugarrien zerrenda huts bat edo komiki itxurako testu bat, entziklopedia baterako sarrera itxura duen testu bat baino. Esaterako, kasu gehienetan, animalien oinarrizko definizioaren hasierako atalik ez zuten ekoiztu. Animalien inguruan emandako informazioaren mailan ere hutsune ugari identifikatu ziren. Ondo-testuetan, berriz, hobekuntzak ikusi ziren testu-generoaren irudikapenari eta oinarrizko edukien eta atalen presentziari zegokienez. Halaber, animalien definizioak hobeto idatzi zituzten ikasleek eta emandako informazioa zehatzagoa eta pertinenteagoa izan zen. Testu-antolatzaileen ekoizpenean hobekuntzatxoak identifikatu ziren. Azkenik, testuan zehar animaliei erreferentzia egiterakoan, esaldi bakoitzaren hasieran animaliaren izena subjektu gisa jarri beharrean, ikasle gehienek ongi asmatu zuten subjektuak isildu eta beharrezkoak ez diren errepikapenak saihesten.
29Aurre-testuetan ikasleak ongi samar aritu ziren objektuei edota lekuei buruzko azalpenak ematerakoan, nahiz eta emandako informazioa ez zuten modu esplizituan antolatzen. Zailtasun nabarmenak ikusi ziren azalpenaren ahozko dimentsio hauetan: publikoa agurtzea eta jendaurrean hitza hartzearen helburua zehaztea; gorputza, begirada eta keinuak egoki kudeatzea irudiari eta publikoari dagokionez. Ondo-testuetan hobekuntzak nabarmenak izan ziren aipatutako elementu guztietan. Aipagarria iruditzen zaigu frantsesezko sekuentzia didaktiko honetako jardueretan euskaraz garai berean “Alimaleen entziklopedia”-n landutako trebetasunak aktibatu zituela irakasleak, azalpen testuen ezaugarriei lotuta.
30Dagoeneko aurre-testuetan ikasle talde batzuek ahozko jardunaren sarrera egokia egin zuten. Hipotesia egin liteke agian frantsesezko « Présentation d’un objet ou d’un lieu de la préhistoire » sekuentzia didaktikoan zehar lortutako trebetasunak euskarara transferituko zituztela. Errezetaren urratsak egoki eman zituzten, baina etengabe eta gero testu-antolatzailea ekoiztuta. Nahikoa ongi moldatu ziren publikoari eta irudiari begiratzen. Jardueren ostean, ondo-testuek erakusten dute talde guztiek lortu zutela sarrera egokiak egitea. Testuantolatzaileen ekoizpenean hobekuntzak nabaritu ziren, baina ez ikasle talde guztien artean.
31Euskara, gaztelania/frantsesa eta atzerriko hizkuntzen irakaskuntzaren eskakizuna gero eta handiagoa da euskal eskoletan, nahiz eta baldintza sozio-politikoen arabera, eskakizun hori erritmo eta ezaugarri ezberdinekin gorpuzten den Hego eta Ipar Euskal Herrian. Ikasleek etxetik eskolara dakartzaten eta euskara-gaztelania-frantsesa ez diren hizkuntzak ere kontuan hartu eta balioan jarri behar dira. Testuinguru honetan, ezinbestekoa da hezkuntza eta eleaniztasuna binomioan euskarari lotutako helburuak erdigunean kokatzea. Euskara erdigunean kokatze horrek, edo “euskara ardatz” izateak, esan nahi du, gure ustez, euskara ahalik eta egoera komunikatibo gehienetan erabiltzeko hizkuntza gaitasuna eta jarrera proaktiboa izango dituzten ikasle eleaniztunak heztea.
32Ikasleen gaitasun elebidun/eleaniztasuna garatzeko bide interesgarria izan daiteke hizkuntzen trataera bateratua. Kapitulu honetan aurkeztu dugun Bidarteko Uhabia Ikastolako esperientzia xumea da, hastapenetan dago, baina emankorra dirudi. Ikusi dugu posible dela ikertzaileen, prestatzaileen eta irakasleen artean lankidetza eta koordinazioa sendotzea irizpide didaktiko jakin batzuen inguruan. Hizkuntzak erabiltzeko gaitasun diskurtsibo-gramatikalen lanketa testu-generoetan oinarritu behar da, baina ikuspegi bateratuarekin. Hizkuntzen trataera bateratuak garai edo epe eta hizkuntza bakoitzean zer irakatsi behar den zehatz identifikatzea eskatzen du. Horretarako, sekuentzia didaktikoak bitarteko egokiak direla ikusi dugu, aukera ematen dutelako euskarazko eta frantsesezko testu-generoen lanketan helburu diskurtsibo eta gramatikal oso zehatzak identifikatu eta irakasteko.
33Uhabia Ikastolako esperientzia proba pilotu modura hartu behar da, Seaskako Ikastoletan hizkuntzen trataera bateraturantz jotzeko saiakera modura. Euskara-frantsesa programazioa paperean egindako asmoen irudikapena da, harian-harian moldatu beharko dena; hautatutako testu-generoen eredu didaktikoak berrikusi egin beharko dira, eta sekuentzia didaktikoetako jarduerak osatu, ugaritu eta egokitu. Eta jakina, sekuentzia didaktiko batetik besterako hizkuntza trebetasunen transferentziak zenbateraino gertatzen diren berrikusi egin beharko da etengabe.