Navigation – Plan du site

AccueilNuméros242. Tomoa / Tome 2Articles / ArtikuluakLeheneste estrategiak perpausaren...

2. Tomoa / Tome 2
Articles / Artikuluak

Leheneste estrategiak perpausaren ezker ertza finkatzeko orduan euskaraz

Ricardo Etxepare
p. 125-139

Entrées d’index

Thèmes :

linguistique
Haut de page

Texte intégral

Jon Casenaveri, azken urteotan euskal ikasketen inguruan elkarrekin eramandako lan ugarien ezagupen eta eskerronez.

1. Sarrera gisa: Aditz jokatuak eta perpausaren ezker ertza

1Euskarazko adizki jokatuek erakusten duten ezaugarri multzoaren baitan, ohargarria da adizki sintetikoek eta laguntzaileek erakusten duten hein bateko asimetria. Jakina denez, euskarazko adizki jokatuek ez dezakete perpaus bat hasi:

(1)

*Dator

2(1)-ek erakutsian uzten duen debekuak erremedio ezaguna du euskaraz : adizki sintetikoen kasuan, ba- aurrizkiaren, ez ezezko partikularen edo galdegaiaren eransketak ondorio salbagarriak ditu (2).

(2)

a. Ba-dator

b. Ez dator

d. Nor dator ?

3Eztabaida gaia izan da eta da euskaraz zein den laguntzailearen oinarrizko posizioa aditz sintagmarekiko. Aurreko hainbat lanetan (Etxepare & Uribe-Etxebarria 2009, Etxepare 2016, Etxepare & Haddican 2017), laguntzailearen oinarrizko kokapena euskaraz Aspektu Sintagmaren aitzinean dela proposatu dut, lehenago Haddican-ek (2001, 2004, 2007, 2008) eta oraintsuago Haddicanek eta Elordietak (2018) argudiatu bezala. Kontua da, laguntzaileen lehen batze-posizioa ezkerrean gauzatzen bada fonologikoki, adizki sintetikoen

4eta laguntzaileen artean diferentzia jakingarri bat bistaratzen dela adizkia lehen posiziotik begiratzeko haizu diren estrategiak aztertzen baditugu. Adizki sintetikoen kasuan haizu diren aukera guziak ez dira berdin haizu adizki jokatua laguntzailea denean. (2d)-ren parekorik ez da, mendebalde eta erdialdeko hizkeretan, laguntzaileentzat:

(3)

*Nor da etorri ?

5(3) bezalako hurrenkerak guziz arruntak dira, ezaguna denez, ekialdeko hizkeretan (ikus Lafitte 1944, Duguine & Irurtzun 2008, 2010). Mendebalde eta erdialdean ere posible ziren ez hain aspaldirarte. Etxeparek (2016) XVIII. mendeko ondoko etsenplua ekartzen du, beste batzuen artean, Barrutiaren Acto para la Nochebuena-tik hartua :

(4)

Zerureanik dakart enbajadea/ zeu zarala izango jaunaren amea (Barrutia, Acto: 4142, Lakarra & Knorr 1982)

6Ekialdeko euskalkien pareko portaera erakusten dute bestalde mendebalde eta erdialdeko euskalkiek izan eta edun adizkiak laguntzaile ez baina predikatu nagusi gisa erabiltzen direnean (5). Afera ez da beraz adizkia izan/edun sailekoa den edo ez.

(5)

a. Nor da hori?

b. Zer du Jonek?

7Izan eta edun perpausaren predikatu nagusia diren kasuez aparte, badira ere predikatua aditz mailakoa ez denean aditz jokatuak laguntzaileekin konparatuta onartzen dituen ezohiko hurrenkerak. Asumituaz esate baterako, nahikoa izan esapidean nahikoa Determinatzaile Sintagma dela predikatu nagusia (6a), ekialdeko hurrenkera posible bilakatzen da euskalki guzietan (6b):

(6)

a. Osasuna eta maitasun pixkat nahikoak ditut zoriontsu izateko.

b. Zer duzu nahikoa zuk zoriontsu izateko?

8(6) bezalako kasuak esanguratsuak dira Baker-ek (2003, 2008) proposatzen duen bezala, izenkiek (eta haietatik eratorritako kategoria funtzional aberatsagoek) ezin badezakete beregainki predikazioa bideratu. Baker-en ustetan, izenki predikatuak kopula baten beharrean dira predikazioa ahalbidetu behar badute. Euskaraz kopula hori edun adizki baten bitartez emana da (6a,b)n. Baker-en sisteman, kopula predikazioa posible egiten duen aditz mailako kategoria bat denez, asumitu behar dugu (6a,b)ko aditz formek badutela beren tasun multzoan laguntzaile hutsek ez daukaten aditz tasun bat.

9Gauzak honela ikusi behar badira, ekialdeko hurrenkera posible egiten duen baitezpadako elementua aditz kategoriako tasun bat izatea da. Forma jokatuak aditz tasun bat biltzen badu, galdegaiak lehen posizioan agertzetik begira dezake:

(7)

Galdegaia Jok+aditza/*-aditza

Zergatik da hau horrela?

2. “Perpaus ertza” nola ulertu behar dugun

10Perpausaren ezker ertza adizki jokatua ez den zerbaiten bitartez hesitzeko beharra ez dator laguntzailearen otezko eskasia batetik, fonologikoa edo beste (pace Ortiz de Urbina 1993, 1994). Berez, euskarak adizki jokatuen lehen posizioari buruz erakutsi iduri duen debekua ez da adizki jokatuen gainean zuzenean ezartzen den bat. Partikula ebidentzialek (bisilabikoak eta azentudunak direnak, hainbat hizkeratan bederen), ez dezakete perpausaren ezker ertza hesitzen lagundu (8):

(8)

a. *Omen dator

b. *Ote doa?

11Delako hesitzea beraz perpaus egituran haratago gertatzen den zerbait da. Laguntzailea ezker ertzetik begiratzeko euskarak baliatzen dituen bitartekoak partikula ebidentzialen aitzinean agertzen dira. Hurrenkerak egitura sintaktikoa islatzen badu, partikula hauek gorago batzen dira perpaus egituran partikula ebidentzialak eta adizki jokatua baino:

(9)

a. Ba-omen dator

b. Ez omen dator

12Hipotesi hori ondoko datuak berresten du: omen eta ote partikulek, euskaraz, zutik diraute adizki jokatua buru duen Sintagmaren elipsia behartzen dugunean:

(10)

a. Nork dauka dirua?

b. Mikelek omen/Mikelek ote?

13(10) bezalako galde-erantzunen garrantzia, edo zehazkiago esanda, (10b)-rena, ezbaian jarri dute besteak beste Elordietak (1997: 188), Lizardik (bidean) eta Monfortek (2021). Haien ustez, (10b) bezalako perpaus bat omen-en erabilera parentetikoaren adibidetzat har daiteke. Zenbait hizkeratan, omen perpauslagun gisa eman daiteke perpausaren ezkerreko zein eskuineko ertzean, eten prosodiko batez lagundurik:

(11)

(Omen), jende ainitz zabilen inguruan, (omen)

14Ohar gaitezen hala ere, aterabide horrek omen-entzat balio duela bakarrik. Ote-k ez du erabilera parentetikorik euskaraz:

(12)

a. *Ote, etorri da?

b. *Nork erosi du etxe hori, ote?

15Ote isiltzen ez duen elipsiak ezin du honenbestez ote parentetiko baten emaitza izan:

(13)

Norbaitek etxe berria erosi du

b. Nork ote?

16Horren kontra mintzatzen dela iduri luke ondokoak: ote eta omen adizki jokatutik aparte eta perpausaren bukaeran agertzen den kasuak ugariak dira ekialdeko hizkeretan. (14a,b) Eñaut Etxamendi eta Mixel Thikoiperen lanetatik hartutako etsenpluak dira, Basyque datu-basetik erauziak:

(14)

a. Ta oixtien erten nitianak “Lana ta hiria gure ganat eta ez gu heien ganat » etxu batree Enbatak pentsatia, bana Joanes XXIII garrenak hori bezalako hitzak erran eta manatu txi omen

b. Gehiago denbora biziko niza ote?

17Baina hauek ez dira ustezko ote edo omen parentetiko baten erakusgarri. Gauzak gertuagotik begiratuta, omen eta ote-k distribuzio laxoagoa dute perpaus egituran ekialdeko hizkeretan mendebalde eta erdikoetan baino (Etxepare 2010, Etxepare & Uria 2016). Orokorpen zuzena da ekialdeko hizkeretan, omen eta ote laguntzailearen atzetik ager daitezkeela, ez baitezpada perpaus bukaeran (Basyque datu-basetik hartutako etsenpluak):

(15)

a. Langonen zen omen bizi Hipokrataren alaba bakarra

b. Zer zaio ote gertatu?

18Basyque datubaseko zenbait etsenpluk erakusten dutenez, perpausaren bukaeran agertzen diren omen eta ote hauek ez dira eten prosodiko baten laguntzarekin gauzatzen: perpaus bukaerako omen-en murrizte fonologikoko fenomenoak ongi lekukotuak dira. Zernahi gisaz, aukera hau ezinezkoa da gainerako hizkeretan. Horrenbestez, eta gutxienez erdialdeko hizkeretan, 10B ez da omen edo ote parentetiko baten erakusgarri. Partikula horien leku sintaktikoa beraz adizki jokatuaren gainetik dagoela onartu beharrean gaude. Omenentzat, datuak bat datoz kartografia lanek esan-entzunezko ebidentzialentzat proposatzen duten posizioarekin (Cinque 1999: 71). Omen adizki nagusiaren gainetik badago egituran, ba-, ez eta galdegaia are gorago aurkituko dira.

19Gauzak horrela, euskararen “aditza lehen” debekua ulertzeko modu egokiagoa da perpausaren osotasunari begiratzea, laguntzaileari begiratzea baino. Momentuz, Elordieta eta Haddicanen (2017, 2018) lanei segituz, honelako zerbait asumituko dut:

(16)

Euskarazko perpaus jokatuek badute, ebidentzialtasun proiekzio funtzionalaz gorago eta halabeharrez, buru funtzional bat, X deituko duguna, fonologikoki gauzatua egon behar duena.

3. Predikatuaren aurreratzea

20Laguntzailearen kokagunearen auzia ondoko hitz orden aldizkatze ezagunarekin lotua da (Laka 1990):

(17)

a. Etorri da

b. Ez da etorri

21Lakaren (1990) jatorrizko analisian, (17a) oinarrizko ordena da, eta (17b) berriz, eratorria, laguntzailea Polaritate burura erakarriaz sortua:

(18)

a. [PolS ez Ø [InfS [AS etorri] da]]] -> mugitu laguntzailea Polaritate burura

b. [PolS ez da+Ø [InfS [AS etorri] (da)]]

22(18)-ko deribazioak arazo ezagunak ditu, hemen berrituko ez ditudanak (ikus Etxepare & Uribe-Etxebarria 2009, Elordieta & Haddican 2018, sintesi batentzat). Haddicanek proposatu zuen alternatiban, ezezko ordena da laguntzailearen jatorrizko lekua erakusten duena:

(19)

[InfS da [AspS [AS etorri]]]]

23(19) ez da euskaraz ongi eraturiko perpaus bat. (16)-en emandako baldintzak galdetzen duen bezala, euskarazko perpaus jokatu minimoak badu Inflexio Sintagmatik goragoko buru funtzional bat fonologikoki gauzatu beharra. Haddicanen (2004)-ko azterbidean, X Lakaren Polaritate burua bera da. Buru honek ezeztapena erakartzen du beheragoko Polaritate Sintagma batetik, eta ezeztapenik ez dagoenean berriz, ageriko bururik ez duen Polaritate Sintagma osoa inguratzen du:

24Predikatuaren aurreratzeak bestela esplikatzen zail izango liratekeen konfigurazio batzuk azaltzen ditu. Har esate baterako Martinez-ek (2015) bere tesian korpusetik ateratako ondoko etsenplua:

(23)

NIK ihes dagidan ari du euria

25Hainbat gauza azpimarragarri dago (23) bezalako perpaus batean. Batetik, Altuberen legea indarrean ez dagoela ematen du (ihes izena, ihes+egin aditz konplexuaren parte dena, galdegaiaren eta aditz jokatuaren artean agertzen da); bestetik egin, ihes+egin predikatu konplexuaren aditza, zuzenean Inflexio buruari lotua agertzen da, aditz sintetiko gisa. Honek ihes izena inkorporaturiko izen gisa analizatzeko aukera baztertzera eramaten gaitu (ikus Fernandez 1997 inkorporazioaren inguruan predikatu konplexuetan). Ohar gaitezen ihes izenak komunztadura galdatzen duela kausatibizazio prozesuan (24a), komunzki izen+egin predikatuetan, baina ez beren ordain ezergatiboetan, gertatzen den bezala (24b-d). Ihes beraz izenezko argumentu sintaktiko bat da hemen, ez egin-ekin bat egiten duen osagai morfologikoa:

(24)

a. Ihes eginarazi dio/*du

b. Dantza eginarazi dio/*du

c. Dantzarazi du/dio

26Ondorio horretatik abiatuta, analisi posible bat honako hau izan liteke:

27Analisi honek predikatuaren aurreratzea behar du galdegaiaren eta adizki jokatuaren artean dagoen posizio batera. Predikatu hori aditzak hustutako Aditz Sintagma da. Predikatu hondar horren posizioa ez da partikula ebidentzialena, haien gainekoa baizik, (26)ko hurrenkerak salatzen duen bezala:

(26)

Irri omen dagi

4. X orojale baten kontra

28(27a-b)-ren arteko diferentziak euskalki arteko diferentzia gisa aurkeztu izan dira: lehen aukera ekialdeko hizkeretan da posible; bigarrena orokorra da.

(27)

a. Nor da etorri?

b. Nor etorri da?

29Baina aditz sintetikoen portaerari ohartzen bagatzaizkio, afera ez da bakarrik euskalki artekoa. (27a)-ren portaera bera dute aditz sintetikoek, euskalki guzietan. Hartu Lakak (1990) (27a-b)-rentzat proposatzen duen azterbidea: Polaritate buruak, (27a) posible den lekuetan, izaera sinkretikoa du; polaritate tasun bat kodetzeaz gain, galdegai tasun bat ere biltzeko gauza da, eta horrenbestez galdegaiak erakarri ahal ditu. X “orojale” bat da. Euskalkien arteko diferentzia honela eman ahal izango genuke horren arabera:

(28)

a. Ekialdeko hizkerak

Pol [+pol, +galdegai]

b. Erdialde/mendebaldekoak

Pol [+pol]

30Baina aditz sintetikoen portaera orokorra esplikatu beharraren konduan sartzen badugu, (28) bezalako zerbaitek ez du argitzen zergatik Polaritate buruaren osaera adizki jokatuak aditz erro bat edukitzearen mendean dagoen. Gogoratu “aditza lehen” debekua galdegai baten bitartez altxaraz daitekeela euskalki guzietan, ekialdekoetan zein mendebalde-erdialdekoetan, adizkia sintetikoa denean (tartean izan/edun kopula edo aditz nagusi gisa ari direnean):

(29)

a. Zer duzu nahikoa zuk zoriontsu izateko?

b. Zer duzu nahiago, arraina ala haragia?

c. Nor da hori?

d. Zer du Jonek?

31Ausazko lotura horren nondik norakoak misteriotsu xamarrak gertatzen dira Laka (1990) iturburu duen azterbide aski hedatuan. Aurreko lan batean (Etxepare 2016) erakutsi dut ekialdeko laguntzaileak ez direla beti galdegai baten bitartez erreskatatzen ahal. Bertan arrazoi batzuk ematen dira pentsatzeko hizkera horietan aditz lexikoa laguntzen duen adizki jokatuak izaera anbiguoa duela: erro lexikodun elementu bat izan daiteke, edo Komunztadura eta Denbora buruen lexikalizatzaile hutsa (hots, funtzio-buru bat, Arregi eta Nevins-en bezala, 2013). Azken kasu honetan, Galdegai-Adizki jokatu hurrenkerak ezinezkoak gertatzen dira. Pundu hori ondoko atalean berritzen dut laburki, garrantzitsua baita. Egitura progresiboak baliatzen ditut horretarako.

5. Progresiboa eta birregituraketa

32Nafar-lapurterak birregituraketa adibide garbi bat eskeintzen du progresibozko egituren esparruan.

33Ari forma oinarri duten egitura progresiboak bi perpausetakoak dira. Batetik bi izen sintagma absolutibo agertzen dituzte, eta ari-k inesibozko perpaus nominalizatu bat hartzen du osagarritzat:

(30)

Xabier [ _ liburuak erosten] ari da

34Ari progresibozko aditzak aspektu burutuari eta burutugabeari dagozkien markak har ditzake:

(31)

a. Xabier [ _ liburuak erosten] ari-tzen da

b. Xabier [ _ liburuak erosten] ari-tu da

35Ari aditzak forma jokatugabeak ere baditu (32a, b), eta aditz oin gisa ager daiteke subjunktiboan (33):

(32)

a. Ez dakit horretan aritu ala ez

b. Horretan aritzea alferrikakoa da

(33)

Ez dugu nahi horretan ari zaitezen

36Ari-dun egiturak bi perpausetako kontrol egitura gisa analizatuak izan dira (Hualde & Ortiz de Urbina 1987, Laka 2006). Analisi hori ontzat joko dut hemen.

37Bizkitartean, ekialdeko hizkerek konfigurazio alternatibo bat garatu dute XIX. mendetik aurrera progresibozko egituretan. Konfigurazio alternatibo horretan: (i) laguntzaileak menpeko aditz lexikoaren araberako forma du; (ii) perpausak azpiko aditzari dagokion kasu lerrokatzea erakusten du; (iii) laguntzaileak menpeko perpauseko objektuarekin komunztadura egiten du numero eta pertsonan; eta (iv) kontestu horretan, ari aditzak ez dezake aspektu atzizkirik har. Konparatu (34a, b) (Lafitte 1944).

(34)

a. Xabier ura karriatzen ari da

b. Xabierrek ura karriatzen ari du

38(34a) perpausak ez bezala, (34b)-k laguntzaile iragankorra erakusten du, karriatu aditzari dagokion gisa, eta haren subjektuak ergatibo kasua du, eta ez absolutiboa, (34a)-n bezala. Konfigurazio hau ezinezkoa da aspektu atzizkiekin batera:

(35)

a. *Xabierrek ura karriatzen aritzen du

b. *Xabierrek ura karriatzen aritu du

39(35) perpausaren gramatikaltasun eza nola ulertu behar dugu? (35)-ek aspektu atzizki bakarra har dezake. Murriztapen hori interpretatzeko modu natural bat da egitea perpausak aditz bakarra duela, eta beraz, ari progresiboak ez duela aditz izaerarik kasu honetan. Kontrol kasuetan bi perpausetako egitura dugun bitartean, (34b) perpaus bakarreko egitura da. Honelako egitura alternantziak birregituraketa fenomeno orokorraren erakusgarri dira (Rizzi 1982, Cinque 2006).

40Perpausaren aspektu eremua hedatu egiten badugu kartografia ikerketen bidetik, progresibozko bi egiturak ondoko konfigurazioen bitartez irudika ditzakegu. (34a)-n, ari aditz gisa lotzen zaio egiturari, gainetik partizipiozko eta gerundiozko tasun morfosintaktikoak dituelarik (Cinque 2004: 133):

(36)

FOhikoa…FGerundioa…FKonpletiboa…[VP ari [Postposizio S …VP…]]

41(34b)-n, ari zuzenean gerundio buruan sortua da, eta buru funtzional baten gisa portatzen da.

(37)

FOhikoaAri Gerundioa…FKonpletiboa… [Postposizio S …VP…]]

42Ari buru funtzional bat bada (34b)-n, Aspektu Sintagmatik kanpo dagoena, eta adizki jokatua oraindik gorago badago perpaus egituran, ondorioztatu beharrean gara laguntzailea buru funtzional batean sortua dela ere bai. Arregi eta Nevins-en proposamenari helduaz, egin dezagun laguntzailea kasu horretan denbora eta komunztaduraren euskarri huts bat dela. Honek predikzio bat egiten du: begiratzen baldin badugu zein eratako elementuek gerizatzen duten adizki jokatua lehen posiziotik kasu horietan, laguntzaileari dagozkionak izan behar dute, ez aditz sintetikoei dagozkienak. Predikzio hori betetzen da, (38-39) kontrasteek erakusten dutenez: (39b)-k ez du NZ-hitza onartzen adizki jokatuaren aitzinean, mendebaldeko laguntzaileek onartzen ez duten bezala.

(38)

a. Nor ari da ura karreatzen?

b. Nor da ura karreatzen ari?

(39)

a. Nork ari du ura karreatzen?

b. *Nork du ura karreatzen ari?

43Arrazoibide honen arabera, ekialdeko laguntzaileak erro lexiko baten jabe izan daitezke edo denbora eta komunztadurarentzako euskarri hutsa. Honela adieraz genezake euskalkien arteko diferentzia:

44Ekialdeko hizkerek (40a)-ren hautua egiten dutenean, ezker muturreko hitz ordena erdialde-mendebaldeko hizkeretako bera da. Laguntzaileak erro lexiko bat izateko baldintza morfosintaktikoak betetzen direnean berriz, ezker muturreko hurrenkera posibleak aditz sintetikoetako berak dira. Diferentziak beraz ezin du egon Polaritate buruaren osaeran.

45Ari-rekin eraiki dugun argudioa bestelako egiturekin ere errepika daiteke. Funtsean, adizki jokatuak laguntzaile portaera erakusteko aski da erroaren eta denboraren/ jokatutasunaren arteko ondokotasuna etetea. Hartu esate baterako identitatea adierazteko baliatzen dugun izan aditza:

(41)

Kattalin pertsonai irringarria da antzerkietan

46(41) perpausaren predikatu nagusia irringarria adjektiboa da. Horrelakoetan, aipatu dugun bezala, predikazioa bideratzeko kopula baten beharra dugu, aditz kategoria duen forma jokatu bat kasu honetan (da). Espero bezala, (41)-ek galdegai-adizki jokatu hurrenkerak onartzen ditu:

(42)

a. Kattalin da pertsonai irringarria antzerkietan

b. Pertsonai irringarria da Kattalin antzerkietan

47Gure analisiak predikzio bat egiten du: izan aditzari aspektuzko laguntzaile bat eransten badiogu, era horretako hurrenkerek ez lukete posible izan behar. Aspektuzko laguntzaileak trabatuko baitu aditzaren eta denboraren arteko lotura morfologikoa (43), adizki sintetikoen presentzia segurtatzen duen konfigurazioa.

48Predikzioa betetzen da: (44b-d) ezinezkoak dira ekialdeko zein mendebalde eta erdialdeko hizkeretan (Maia Duguine eskertzen dut datu hauengatik):

(44)

a. Kattalin pertsonai irringarria izaiten da antzerkietan

b. *Kattalin pertsonai irringarria da izaiten antzerkietan

d. ??Kattalin da pertsonai irringarria izaiten antzerkietan

6. Jokatutasun hedatua

49Zein da aditz tasunaren eta perpausaren ezker ertzean posible diren hitz ordenen azpiko lotura? Esplikazioaren atariko gisa, beste ikuspuntu batetik heldu nahi nioke Elordietak eta Haddicanek proposatzen duten X-ren proiektzioaren hipotesiari.

50Itzal handikoak bilakatu diren lanetan, Kleinek (1994, 1998, 2000, 2006) argudiatzen du jokatutasunak bi dimentsio basiko biltzen dituela bere baitan, hizkuntza askotan morfologikoki batera gauzatzen direnak, baina semantikoki bereizi beharrekoak direnak. Batetik denbora adierazpidea dugu, bestetik asertzioa. Bi dimentsio horiek beregainki adieraz daitezke kontestu egokia bilatuz gero, baita morfologikoki nahasiak diren hizkuntzetan ere. Ingelesezko bere adibideak ekartzen ditut hona. Eman dezagun (45) bezalako perpaus bat:

(45)

The book was on the table

“Liburua mahai gainean zegoen”

51Adizki jokatuaren gaineko intonazio kontrastiboak bi irakurketa desberdin ematen ditu. Batak denborazko edukia azpimarratzen du. Bigarrenak, proposizioaren baiespena.

(46)

a. The book is on the table — No, the book WAS on the table“Liburua mahai gainean dago — Ez, liburua mahai gainean ZEGOEN”

b. The book was not on the table — No, the book WAS on the table

“Liburua ez zegoen mahai gainean — Ez, liburua MAHAI GAINEAN zegoen”

52Denbora eta asertzio edukiak loturik agertzen dira, Kleinek erakusten duen bezala. Hartu (47):

(47)

A: Why didn’t Mika come to the park this morning?

“Zergatik ez da Mika parkera etorri goiz honetan?“

B: She was sick

“Eri zegoen”

53Denboraren ohiko ikuspegia da gertakari (eventu) bat enuntziazio denborarekin harremanean jartzen duela. Mika eri zegoen bezalako zerbaitek Mikaren eritasuna iraganean kokatzen du, enuntziazio denboraren aitzinetik. Baina denboraren egitekoaren irudi hori ez da osoa, Kleinek erakusten duen bezala. Eri zegoen aurreko galderaren erantzun gisa ematen bada, ez da hortik segitzen Mika ez dagoenik eri enuntziazio denboran. Gerta liteke eri jarraitzea, baina perpaus hori mintzo den denbora bitartea galderak altxaturiko denbora tartearen mugetan ulertu behar da (parkeko elkarraldiari dagokiona). Denbora tarte horri, Asertzio Denbora deitzen dio Kleinek. Asertzio denbora baieztapenak jomugan duen denbora bitartea da. Perpausak adierazten duen proposizioaren egiazkotasuna asertzio denborak mugatzen duen bitartearen arabera ebatziko da. Baieztapenari eta denborari dagozkion bi dimentsioak loturik agertzen dira beraz, baina ez dira nahasten. Hizkuntzek egiteko horiek morfologikoki bereiz ditzakete edo ez. Ingelesak batera ematen ditu biak. Euskarari begiratzen badiogu, interesgarria da ikustea ingelesezko bigarren kontrastea, asertzioaren gainekoa, ezin dela besterik gabe adizki jokatuaren bitartez adierazi (46b). Goragoko egiturari hel egin behar zaio: dela galdegaiari, (46b)-n bezala, dela ba- baiezko aurrizkiari (48), azken hau beharbada ez hain modu naturalean.

(48)

Ez, liburua BAZEGOEN mahai gainean

54Kleinen lanak (1)-en ezina beste modu batean ulertzeko bidea ekartzen du:

(1)

*Dator

55(1)-en gramatikaltasun ezak aditzera emango luke euskaraz aipaturiko bi dimentsioak, denborarena eta asertzioarena, ez direla batera gauzatzen morfologikoki, eta bereiz agertu behar direla perpaus egituran. Hau da, baieztapen batek egitura sintaktiko aberatsagoa behar du euskaraz ingelesez baino. (1)-en arazoa ez da beraz aditzaren kokapena (delako “lehen posizioa“), baizik eta (1)-en sintaxi hezurdura ez dela aski baieztapen bat bideratzeko. Asertzioari dagokion dimentsioak bereiz gauzatua egon behar du euskaraz. Gutxienean, betegarri lana egiten duen ba- aurrizkiaz markatu behar da.

(49)

Badator

7. Leheneste jokoak diskurtsu eremuan

56Euskara Kleinen lanen ikuspegitik begiratzeak, eta horrek nolako ondorioetara eramaten gaituen, ez gaitu biziki harrituko jakinik azken bi hamarraldietan diskurtsu eremuak ezagutu duen sintaktikotze progresiboa, 70etako hipotesi performatiboan oin hartzen duena (ikus besteak beste Etxepare 1997, Speas & Tenny 2003, Miyagawa 2012, 2021, Wiltschko 2014, Hinzen & Sheehan 2011). Gaur egungo ezker muturreko kartografia sintaktikoak proiekzio multzo aberatsa osatzen du. Euskarari dagokionean ondokoak osoki partekatuak direla esango nuke euskalarien artean, asertzio buruaren salbuespenarekin:

(50)

[GaldegaiS Gal0 [AsertzioS As0 [EbidentzialS Ebid0 [JokatutasunS... ]]]]

57Deitu dezagun Asertzio Sintagmatik goragoko eremu sintaktikoa Diskurtsu Eremua. (50)-en argitan, Haddican eta Elordietaren orokorpena honela berformula daiteke:

(51)

Euskararen diskurtsu eremuak fonologikoki gauzatua izan behar du

58Ohartzen bagara, ba- ezin da agertu euskarazko perifrasietan, ez bada, bazter-aukera gisa, baieztapenaren indargarri bezala (hizkera batzuetan, ikus Laka 1990):

(52)

*Badu erosi

59Egin dezagun ba- azken errekortsu gisa batzen dela perpausean: aditz predikatua ezin denean aurreratu, eta besterik ez dugunean diskurtsu eremua fonologikoki gauzatzeko, ba- ematen dugu. Ba-ren azken errekortsu izaerak naturalki esplikatzen du zergatik galerazten duen beste deusek diskurtsu eremua bete dezan hura present delarik (Oihartzabal 1983):

(53)

Nor (*ba)dator?

60Itzul gaitezen orain laguntzaileen eta adizki sintetikoen arteko diferentzietara: zergatik dira Galdegai-Adizki jokatu hurrenkerak posible aditz sintetikoekin baina ez laguntzaileekin? Lehen arrazoia adizki jokatuen jatorrizko lekua ezkerrean egotean dago. Eman dezagun aditz sintetiko bat (dator) deribazioaren ondoko puntuan (54), asertzio buruak aditz formako osagai bat galdetzen duelarik bere espezifikatzailera erakartzeko. Posizio horrek sintagma mailako zerbait behar du.

(54)

a. [InfS I [AS -tor-]] -> batu erroa flexioarekin

b. [InfS dator [AS pro (-tor-)]] -> Batu As

d. [AsertzioS As0 [InfS dator [AS pro (-tor-)]]]

61Inflexio Sintagma aurreratzen badugu Asertzio buruaren espezifikatzailera, hertsadura ezagun batean erortzen gara, FOFC izenekoa (Final-Over-Final Constraint, Biberauer eta beste 2014).

(55)

FOFC

62Beta sintagma buru-lehen bat bada eta Gamma Beta zuzenean menderatzen duen sintagma bat, Gamma buru-lehen izan behar da. Beta sintagma buru-azkena bada, eta Gamma hura zuzenean menderatzen duen sintagma bat. Gamma buru-lehen edo buru-azken izan daiteke.

63FOFC hertsadurak honelako asimetriak deskribatzen ditu (Etxepare & Haddican 2017):

(56)

a. [Beta Nahi zuen [Gamma bere ingelesa hobetu]]

b. [Beta Nahi zuen [Gamma hobetu bere ingelesa]]

d. [Beta [Gamma Bere ingelesa hobetu] nahi zuen]

e. *[Beta [Gamma Hobetu bere ingelesa] nahi zuen]

64Inflexio Sintagmaren aurreratzeak (56e)-ren antzeko konfigurazio bat ekarriko luke, FOFC bortxatzen duena:

(57)

[AsertzioS [InfS dator [AS pro (-tor-)]] As0

65Aurreratzearen aukerak beraz ez du balio diskurtsu eremua fonologikoki gauzatzeko, bestelako baldintzak bortxatzen dituelako. Baina axola duena diskurtsu eremua fonologikoki gauzatzea bada, beste alternatiba bat bada: goragoko buru bat proiektatzea, eta perpausaren ertz fonologikoa bertan kokatzea. Hori da galdegaiak ahalbidetzen duena, Galdegai-Adizki jokatu hurrenkerak sortuaz:

(58)

[GaldS nor [AsertzioS As0 [InfS dator [AS pro (-tor-)]]]]

66Zergatik ez da aukera hau beti posible? Laguntzaileak jokoan direnean, beti da posible Aditz Sintagma aurreratzea, eta hau da hobetsitako aukera, deribazioaren iragaitean lehenago datorren aukera delako:

(59)

[AsertzioS [AS …etorri] As0 [InfS da ([AS pro etorri])]]

67Galdegaiaren eta aditz sintagmaren aurreratzea ez badira posible, ba- aurrizkia eransten da. Honelako orokorpen bat atera daiteke aditz sintetikoen eta laguntzaileen konparaziotik:

(60)

Ase ezazu diskurtsu eremuaren galdakizun fonologikoa ahal bezain laster

68“Ahal bezain laster“, kasu honetan, deribazionalki ulertu behar da: Asertzio burua batu bezain laster, aukera baldin bada. Fonologiari egiten zaion erreferentzian barrentzea lan honen mugetatik kanpo dago, baina baldintza fonologikoak agerikoak dira ohartzen bagara diskurtsu eremua eraikitzen laguntzen duten kategoria guziek ez dutela balio “perpausaren ertz fonologikoa“ deitu dugun hori finkatzeko. Topikalizazioak, esate baterako, ez du laguntzen:

(61)

*Liburuak, dakarzki

69Gauza ezaguna da topikoek beren sintagma intonazional propioa ezartzen dutela (ikus e.g. Nespor & Vogel 1986). Perpausaren ertza ez da beraz perpausaren hedapen maximoarekin parekatu behar (topikoak galdegaien gainetik agertzen dira euskaraz, eta horrenbestez pentsa liteke perpausa egitura aldetik hedatu egiten dutela galdegaiaz haratago). Ertz hori, hala nola Diskurtsu Eremuaren galdakizun fonologikoa intonazio sintagma baten barnean ulertu behar da.

Haut de page

Bibliographie

Arregi, Karlos and Andrew Nevins. 2013. Morphotactics. Basque Auxiliaries and the Structure of Spell Out. Springer.

Baker, Mark. 2003. Lexical Categories. Cambridge University Press.

Biberauer, Theresa, Anders Holmberg & I. Roberts. 2014. A syntactic universal and its consequences. Linguistic Inquiry 45: 169-225.

Cinque, Guglielmo. 2006. Restructuring and Functional Heads. The Cartography of Syntactic Structures, Volume 4. Oxford: Oxford University Press.

Duguine, Maia & Aritz Irurtzun. 2008. Ohar batzuk nafar-lapurterazko galdera eta galdegai indartuez. In X. Artiagoitia & J.A. Lakarra (arg.) Gramatika jaietan. Patxi Goenagaren Omenez. Bilbao:University of the Basque Country. 195-208.

Elordieta, Arantzazu & Haddican, William. 2018. Truncation feeds intervention. Two clause type effects in Basque. Natural Language and Linguistic Theory 36: 403-443.

Elordieta, Gorka. 1997. Feature Licensing, Morphological Words, and Phonological Domains in Basque. In A. Mendikoetxea and M. Uribe-Etxebarria (arg.) Theoretical Issues at the Syntax-Semantics Interface. Supplements of the Anuario del Seminario de Filología Vasca , “Julio de Urquijo”, International Journal of Basque Linguistics and Philology, 40. Bilbo eta Donostia: Euskal Herriko Unibertsitatea eta Gipuzkoako Foru Aldundia. 171-202.

Etxepare, Ricardo & Myriam Uribe-Etxebarria. 2009. Hitz hurrenkera eta birregituraketa euskaraz. In Festschrift for Beñat Oyharçabal, ed. by R. Etxepare, R. Gómez & J. A. Lakarra, Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo” 43: 335-356.

Etxepare, Ricardo & Larraitz Uria. 2016. The hearsay evidential across Basque dialects. In Beatriz Fernandez & Jon Ortiz de Urbina (arg.) Microcomparative Studies on Basque. Amsterdam: John Benjamins.

Etxepare, Ricardo & William Haddican. 2017. Repairing FOFC violations: Evidence from Basque verbal clusters. In L. Bayley and M. Sheehan (arg.) Order and Structure in Syntax I: Word Order and Syntactic Structure. Berlin: Language Sciences Press. 135157.

Etxepare, Ricardo. 2016. Laguntzailea aditz sintetiko gisa ekialdeko hizkeretan. Lapurdum 19: 257-269.

Haddican, William. 2004. Sentence polarity and word order in Basque. Linguistic Review 21, 87-124.

Klein, Wolfgang. 2006. On Finiteness. In V. Geenhoven (arg.) Semantics in Acquisition. Dordrecht: Springer. 245-272.

Laka, Itziar. 1990. Negation in Syntax: On the nature of functional categories and projections. Doctoral dissertation, MIT.

Martinez, Arantzazu. 2015. Aditza+egin aditz lokuzioak. PhD dissertation, University of Deusto.

Miyagawa, Shigeru. 2021. Syntax in the treetops. Linguistic Inquiry Monographs. CA, Massachusetts: MIT Press.

Monforte, Sergio. 2020. Galderetako –a, al eta ote partikulak euskaraz. Sintaxia, mikroaldakortasuna eta interpretazioa. Doctoral Dissertation, UPV-EHU.

Oihartzabal, Beñat. 1983. Ba- baiezkoa aurrizkia. Euskera 29: 351-371.

Haut de page

Pour citer cet article

Référence papier

Ricardo Etxepare, « Leheneste estrategiak perpausaren ezker ertza finkatzeko orduan euskaraz »Lapurdum, 24 | 2023, 125-139.

Référence électronique

Ricardo Etxepare, « Leheneste estrategiak perpausaren ezker ertza finkatzeko orduan euskaraz »Lapurdum [En ligne], 24 | 2023, mis en ligne le 01 juillet 2024, consulté le 12 décembre 2024. URL : http://0-journals-openedition-org.catalogue.libraries.london.ac.uk/lapurdum/4450 ; DOI : https://0-doi-org.catalogue.libraries.london.ac.uk/10.4000/127tw

Haut de page

Droits d’auteur

CC-BY-NC-ND-4.0

Le texte seul est utilisable sous licence CC BY-NC-ND 4.0. Les autres éléments (illustrations, fichiers annexes importés) sont « Tous droits réservés », sauf mention contraire.

Haut de page
Rechercher dans OpenEdition Search

Vous allez être redirigé vers OpenEdition Search