Navigation – Plan du site

AccueilNuméros242. Tomoa / Tome 2Articles / ArtikuluakEuskararen aniztasun dialektalare...

2. Tomoa / Tome 2
Articles / Artikuluak

Euskararen aniztasun dialektalaren kontuan hartzea Euskaltzaindiaren Hiztegian

Jean-Baptiste Coyos
p. 91-105

Résumé

Artikulu honetan, Euskaltzaindiaren Hiztegia, adierak eta adibideak hiztegiak, gaur egun Euskaltzaindiak garatzen duen euskara batuaren hiztegiak, zer neurritan euskararen aniztasun dialektala kontuan hartzen duen aztertu nahi da. Hiztegian sailkapen dialektal hau erabiltzen da: amikuzera (Am.), behe-nafarrera (BNaf.), bizkaiera (Bizk.), gipuzkera (Gip.), goi-nafarrera (Naf.), hegoaldea (Heg.), iparraldea (Ipar.), lapurtera (Lap.) eta zuberera (Zub.). Laburdura dialektal horien, hizkera-erregistro laburduren edota jakintza-alorren laburduren konbinazioak baliatuz 6.510 hitz edo adiera ateratu dira, gutxi gorabehera hiztegiaren hitz eta adieren % 10. Hastapen-hastapenetik, 1920an, Euskaltzaindiak hiru egitasmo nagusi horiek lehenetsi zituen eginbeharretan: euskalkiak kontuan hartzea, hiztegi baten sortzea eta euskararen forma estandar baten egitea. Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiaren bidez, XVI. mendetik hasiz, Iparraldeko tradiziozko literatura osoa kontuan hartu da Euskaltzaindiaren Hiztegian. Aldiz, Ipar Euskal Herrian gaur egun argitaratzen diren literatura, prentsa idatzia edo irakaskuntzarako argitalpenak ez dira kontuan hartu. Hau da Euskaltzaindiak laster zuzenduko duena. Euskara batua, euskara estandarra bilakatu dena, artifiziala dela uste duena okertzen da. Hau da hemen argiki frogatzen dena, lexikoaren alorrean bederen.

Haut de page

Texte intégral

1. Sarrera: Euskaltzaindiaren hiztegirako lehen urratsak 1920-1968

1Ezjakinen artean euskara batua artifiziala zela entzuten zen eta, beharbada, oraino ere entzuten da; euskara batua lur gabeko sortu landarea zela pentsatzen zen eta orain ere hori batzuek uste lezakete. Aitziniritzi edo klixe hortarik haratago joateko eta argudio zientifikoak ukaiteko, gaur egungo euskara batuaren lexikoa, sintaxia, semantika, fonologia eta prosodia, idatzizko eta ahozko erabilerak, hizkera-erregistroak, aniztasun geografikoa gutienik aztertzeko lirateke. Hots, usteak eta iritziak baino, ikerketa sakonen beharra bada euskara batua zer den, zertan den, nola aldatzen den jakiteko.

2Artikulu honetan, Euskaltzaindiaren Hiztegia, adierak eta adibideak hiztegiak (euskarri digitalean ikus: www.euskaltzaindia.eus/hizkuntza-baliabideak), gaur egun Euskaltzaindiak garatzen duen euskara batuaren hiztegiak, zer neurritan euskararen aniztasun dialektala kontuan hartzen duen aztertu nahi genuke. Hots, euskalkiek, euskararen dialektoek, zer leku duten hiztegi horretan.

  • 1 Ez dakit kalkulu hori nola egin den. Oraingo corpus handi eta tresna linguistikoekin erraza litzate (...)

3Ohartuko garen bezala, euskara batuaren hiztegi horren lexikoa ez da batere artifiziala, eta sarreretan eta azpisarreretan euskalkien lexikoa kontuan hartua da. Nola? Hau da erakutsi nahi duguna. Bistan da, Euskaltzaindiaren Hiztegiak edukitzen duen lexikoari buruzko lehen oharra da lexiko horren zati handia amankomuna dela euskararen lurralde denetan, iparraldean eta hegoaldean, ekialdean edo mendebaldean. Horrek erran nahi du ama, aita, etxe, (h)ur edo itsaso, jan, joan edo ikasi, hemen, hor, han edo hau, hori, hura guztienak direla. Euskararen lurralde denetan, -k, -(r)i, -n edo -z kasuak berdinak dira, euskaldunen hizkera denetan, etab. Batzuek erraten dute euskal hizkeren hitzen % 80 edo % 90 amankomunak direla. Ez dakit ikerketa zientifikorik izan denik ehuneko hori neurtzeko1.

1.1. Euskaltzaindiaren lehen urratsak 1920an

4Euskaltzaindiaren Euskera aldizkariaren lehenbiziko zenbakian hau da, 1920an, aitzinsolasean, Pierre Lhande euskaltzain oso eta aldizkariaren argitaratzaileak idatzi zuena:

“Idazle bakoitzak bere gogoko izkuntza badarama. Urteak igaro-ta, Euskaltzaindia’k izkuntza beaŕezkoa apuŕka-apuŕka gaŕbituz, bere ajola pean aŕtuko du, epe luzeko lana da-ta. Alere oraindanik Euskaldun geienak eŕezki uleŕtu dezakeen euskera darabilgu, Bizkai, Gipuzkoa ta Lapuŕdi’ko izkuntzak elkaŕi ein batean josiaz. Darabilgun idazkera da Euskaltzaindia’k oraiñ arte beaŕezkotzat erabaki duan arlo bakaŕa” (Lhande 1919-1920, 1, 6. or.).

5Euskaltzaindiak, sortu bezain laster, bost lan-batzorde sortu zituen lehen bilkuran, 1920ko otsailaren 16an. Hirugarrena hola deitu zuen: “III. Iztegisaila.— Comisión del vocabulario.— Commission du dictionnaire”. Burua, R. M. Azkue zen eta bi kideak, P. Broussain eta R. Olabide (Euskaltzaindia’ren Batzorde ta Ardurak, Euskera 1919-1920, 1, 18. or.).

6Urte berean, 1920an, A. Campión eta P. Broussain euskaltzain osoek txosten hau argitaratu zuten Informe de los señores académicos A. Campión y P. Broussain á la Academia de la Lengua Vasca sobre unificación del euskera. Bilbao. Imprenta del Ave María.

7Hots, hastapen-hastapenetik, Euskaltzaindiak hiru egitasmo horiek bazituen eginbeharretan, besteak beste: euskalkiak kontuan hartzea, hiztegi baten egitea eta euskararen forma estandar baten sortzea. Eta, gaur egun, egitasmo horiek gauzatu baldin badira ere, etengabeko egokitzapenak ekartzen dizkie Euskaltzaindiak.

1.2. Baionako lantaldearen ekarpenetarik 1964an Euskaltzaindiaren Arantzazuko Biltzarrera 1968an: Batasunerako Hiztegia

8Baionan, 1963 eta 1964an, Txillardegiren zuzendaritzapean lan egin zuen lan-taldearen ekarpenak kontuan harturik (ikus txostena, Euskal Idazkaritza 1966), Euskaltzaindiak urrats garrantzitsuak egin zituen 1968an. Hona Mitxelenak “Ortografia” txostenean azaldu zuena Euskaltzaindiaren urriko batzarrean Arantzazun:

“Beharrezkoa dugu, bederen, hiztegitxo bat, ia ortografiarekikoa huts-hutsik, nahita-ezko badu ere hitzen esan-nahia laburzki adieraztea, zertaz ari den jakin dezagun. Orain idazten diren euskalkiak kontuan edukitzekoak dira, noski, batasun osorik ez duguino eta, euskera idatzia duenez gero oinharri, zenbait idazle hautaturen hiztegiaren gain eraiki behar litzake.
Oroit gaitezen beti euskalkiak gero eta gehiago bereizten ari zaigun mugaz, batez ere hiztegi-aldetik. Nahiz Lapurdikoa, adibidez, Giputzaren kide hurbilagoa izan hizkuntzalari batentzat Bizkaitarra baino, maiz aski baterago gatoz hitzetan Giputz-Bizkaitarrak GiputzLapurtarrak baino, erdal-giro batean bizi geralako Ego-aldekoak eta bestean Ipar-aldekoak” (1968, Euskera 13, 214. or.).

9Mitxelenak azpimarratzen zuen nola euskalkiak kontuan hartzea beharrezkoa zen batasuna egiteko eta nola gaztelaniak, mugako alde batean, eta frantsesak, bestean, eragina zuten euskararen bilakaeran. Gaur egungo euskara batuaren egoera aintzinikusten zuen, euskara estandarra bai, baina Bilbon edo Baionan ezberdin, estatuetako hizkuntza nazionalengatik.

10Eta beraz, bai, euskalkiak kontuan hartu izan ziren hiztegi, hobe erranik, lexiko berri horretan. Lehen aldikoz, Batasunerako Hiztegia deitu txosten berezi batean Euskaltzaindiak lehen lexiko batua argitaratu zuen, Arantzazuko batzar hartan onartua, (Euskera 1968, 13: 251-265).

11Adierarik eta definiziorik gabeko zerrenda horretan, 2103 hitz kontatu ditut. Hona egiten ziren oharrak hautuak esplikatzeko:

“Hau duzu lehena, hitzik usatuenak eta hedatuenak, hizkuntza idatziari dagokionez, biltzen dituena. Ba dakigu behar baino gehiago baztertuko genituela; ba dakigu ere sartu behar ziren zenbait ez ditugula, noski, sartu. Huts horiek, ordea, ez dugu uste larriegiak izan ditezkeanik. Hurren datozen zerrendatan izango bait-da leku okerrak zuzentzeko eta hutsarteak betetzeko. Hemen hitzen formaz ari gera, soil-soilik, ez hitzen erabileraz” (ibid., 251).
“Zerranda (sic) hau eta honen ondoren etorriko direnak, diogun azkenik, ez dira inolazko maisukeriak eraginak; gure jakinduria urriak ez digu oinik ematen besteren irakasle bihurtzeko. Horrelako zerbait egiteko zegoen, eta luzamendurik gabe egiteko gaiñera, gure hizkuntzak iraungo baldin badu, eta lanean hasi gera haurra lehen urratsak egiten hasten den bezala, hala-hola eta ahal bezala» (ibid., 252).

12Miriam Urkia euskaltzainak, gaur egungo Euskaltzaindiaren Hiztegia lantaldearen eta egitasmoaren arduradunak, hola definitzen du 1968ko zerrenda: “(…) txikia, soil-soila, baina garai hartarako lorpen handia zena, eta ondoko lanen oinarri izan zena, baita Euskaltzaindiaren Hiztegiaren oinarri ere” (Urkia 2023: 200).

13Ondotik hamar urtez, hiztegi txiki batzuk agertu ziren batasunerako balioak izan zirenak.

142. Euskaltzaindiaren Hiztegirako bidea: 1984-2016

15Euskaltzaindiaren Arautegian, 1. artikuluan, c) puntuan “Hiztegia biltzea” aipatua da eta, lehenago 1.1. puntuan erran bezala, 1920an hiztegirako batzorde bat sortu zuen, Iztegisaila deitua. Erran nahi du Euskaltzaindiak bere eginkizunetan hiztegi baten egitea bazuela betidanik. Gaur egungo Euskaltzaindiaren Hiztegia Euskaltzaindiaren hiztegi arauemailea da eta, Batasunerako Hiztegiaz gain, bi aurrekari nagusi ditu: Orotariko Euskal Hiztegia eta Hiztegi Batua. Ondoko lerroetan biak aurkeztuko dira, laburki.

161984an Euskaltzaindiak batzorde berri bat sortu zuen, “Hiztegigintza Batzordea”. 1984an ere abian eman zen Orotariko Euskal Hiztegia egitasmoa eta hiztegi horren lehen liburukia 1987an agertu zen.

2.1. Orotariko Euskal Hiztegia (OEH, paperezko bertsioa 1987-2005)

17Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) prestatzeko lanak 1970eko hamarkadan hasi zituen Koldo Mitxelena euskaltzainak, Ibon Sarasolaren laguntzarekin. Euskaltzaindiak Mitxelenari agindu zion Azkueren hiztegiaren berrargitalpen bat egitea (Resurrección María de Azkue, Diccionario vasco-español-francés, 1906). Baina, hainbeste material bildu zuen, non ikusi baitzuen ez zuela Azkueren hiztegiaren bigarren edizioa eginen, baizik eta beste hiztegi zabalago bat, Orotariko Euskal Hiztegia izanen dena.

18OEHren sarrera bakoitzaren definizio bat ematen da (gaztelaniaz edo frantsesez, edo bi hizkuntzetan), informazio lexikografikoaren bilduma bat eta tradizio literarioaren erabileraadibideak. OEH ez da, beraz, hiztegi arauemailea, deskribatzailea baizik. 1545etik (Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae) 1970era arte argitaratu 300 literatura-lan baino gehiago dira hiztegiaren oinarria eta hor, bistan, euskalki literarioak dira nagusi. Tradiziozko literatura kasik osoa sartu da OEHn.

  • 2 “Hiztegiaren egitura formala Text Encoding Initiative (TEI) gidalerroen arabera definitu da eta edu (...)

19Koldo Mitxelenak OEHn helburua zehaztu zuen: “Orotariko Euskal Hiztegiak euskararen aro eta euskalki guztietako lexikoa jaso eta antolatzea du xede. 1987an argitaratu zen paperean lehen liburukia eta 2005ean hamaseigarrena eta azkena” (www.euskaltzaindia.eus/hizkuntza-baliabideak, bertsio elektronikoa,). 2005etik geroz, Euskaltzaindiak elikatzen du bertsio digitala. Hiztegiaren argitalpen elektronikoaren azken bertsioak 146.720 sarrera eta 57.768 azpisarrera biltzen ditu (ibid.), eta 575.175 adibide (2022-11-02an kontsultatua).2

20OEHko sarreren testuan euskalkia, azpieuskalkia edo toki-aldaera aipatua da, laburduren bidez (Abreviaturas B) de dialectos, subdialectos y variedades). Berrogeita hemeretzi laburdura ezberdin baliatzen dira Orotariko Euskal Hiztegian euskararen aniztasun dialektala deskribatzeko. Ez ditugu hemen zehazki azalduko.

21Aezkerak (Ae aezcoano) laburdura bat du, baztanerak (B baztanés) laburdura bat du, behe-nafarrerak (BN bajo-navarro) 10 laburdura ditu, bizkaierak (V vizcaíno) 10, erronkarierak (R roncalés) 5, gipuzkerak (G guipuzcoano) 6, goi-nafarrerak (AN alto-navarro) 17, lapurterak (L labortano) 5, Zaraitzuko euskarak (Sal salacenco) 1 eta zubererak (S suletino) 3 (OEH 2005, XVI. liburukia: XLVI. or.).

22Zubereraren kasuan horiek dira laburdurak: S suletino, S-no suletino nord-oriental (Jean Larrasqueteren izendapena da) eta S-bas, suletino de Basaburua.

2.2. Hiztegi Batua (1995-2015)

23Hiztegi Batua 1991n hasi zen garatzen eta 2015ean burutu zen. “Hiztegi” horren helburua ez zen egiazko hiztegi bat egitea, baina euskal hitzen formak arautzea, forma horien adierak eta adibideak geroko utziz. Azken horiek sartuko dira ondotik Euskaltzaindiak argitaratuko duen Euskaltzaindiaren Hiztegia, adierak eta adibideak hiztegian.

24Hots erran genezake Hiztegi Batua lexiko soil bat zela, hitz zerrenda bat. Halere zerrenda luze bat, 36.016 sarrera eta 6.052 azpisarrerarekin (2010). Euskalkiei buruz eta euskalkietako hitzei buruz hau da Argibideak atalean erraten dena (Hiztegi Batua, 2010: 11):

“2.2. Hainbat hitzen formaren ondoan Bizk., Ipar. eta Naf., Gip. ikurrak ematen di- tugu. Euskalki markaren bat azaltzen duten hitz horiei buruz esan behar da ez dela inondik ere Euskaltzaindiaren asmoa, marka horiek eranstean, horrelako hitzak bazter- tzea; aitzitik, euskalki hitzok Hiztegi Batuan sartzeak adierazten du Euskaltzaindiak bultzatu egin nahi dituela idazleak hitz horiek erabiltzera -jakinaren gainean eta nori bere senak agintzen dion eran, jakina- horrela euskaldun guztien ondare komuna bihurtuz joan daitezen”.
“2.3. Heg. ikurraren esanahia bestelakoa da, eta bitarikoa. Batzuetan, Heg. ikurraren bidez adierazi nahi dugu, delako hitza berria dela eta gaztelaniaz ez dakitenentzat ezin ulertuzkoa -aleazio, esaterako-; horrelako hitz askok bikotea osatzen dute Ipar: mar- ka daramaten hitzekin -Heg. ikurra duen alfonbra-k Ipar. duen tapiz-ekin adibidez-. Kasu hauetan Euskaltzaindia ez da gauza izan euskaldun guztiok batu gaitzakeen for- ma bakar bat eskaintzeko, eta, oraingoz, horrelako bikoteekin etsi behar izan du. Bes- te kasu batzuetan, Heg. ikurrak -aspertu-ren lehen adieran, esaterako- adierazten du delako erabilera Hegoaldekoa soilik dela, eta horrelakoetan, noski, ez zaio horiek era- biltzeari inolako oztoporik jarri nahi. Ez dugu uste inongo irakurlek arazorik izango duenik batzuk eta besteak bereizten”.

25Hain zuzen, Hiztegi Batuan sarrera batzuek, ez denek, laburdura badute, horien artean bederatzi jatorri dialektala adierazteko. Horiek dira:

amikuzera (Am.), behe-nafarrera (BNaf.), bizkaiera (Bizk.), gipuzkera (Gip.), hegoaldea (Heg.), iparraldea (Ipar.), lapurtera (Lap.) eta nafarrera (Naf.) eta zuberera (Zub.).

26Hots, xehetasunetan sartu gabe, ohartzen gara Hiztegi Batua hiztegiak euskararen aniztasun dialektala kontuan hartzen duela. Bederatzi euskalki mota ezberdin bereiziz.

27Azter dezagun orain Euskaltzaindiaren gaur egungo hiztegia, Euskaltzaindiaren Hiztegia, adierak eta adibideak deitu dena.

3. Euskaltzaindiaren Hiztegia, adierak eta adibideak (2016-….): aniztasun dialektala3

  • 3 2012an izan zen Euskaltzaindiaren Hiztegia, adierak eta adibideak hiztegiaren lehen argitaraldia, E (...)

28Euskaltzaindiaren Hiztegia, adierak eta adibideak hiztegiak euskara batuaren erreferentziazko hiztegia izan nahi du. Hiztegi Batua hiztegiaren segida 2015ean hartu zuen, egiazko hiztegia bilakatuz sarrerak, azpisarrerak, adierak eta adibideekin. 2.2. azpiatalean erran bezala, Hiztegi Batuan ez zen adierarik eta adibide guti baziren.

3.1. Euskaltzaindiaren Hiztegiaren iturriak eta datu nagusiak

29Euskaltzaindiaren Hiztegia Akademiaren hiztegi arauemailea da, corpusetan oinarritua, hau da, erabilera errealak biltzen dituena, garai, euskalki eta testu mota guztiak islatzen saiatzen dena” (Urkia 2023: 201). Hau da, beharbada, hiztegi horren ezaugarri nagusia, erabilerak biltzen dituzten corpusetan oinarritua izatea.

30Gaur egun, Euskaltzaindiaren Hiztegiak 48.305 forma ditu orain (38.222 sarrera eta 10.083 azpisarrera), eta 67.722 adiera (2023-02-10ean kontsultatua).

31Tradizioko literaturan (ikus 2.1.n Orotariko Euskal Hiztegia iturria) eta Euskaltzaindiak gaur egun sortu eta elikatzen dituen corpusetan oinarria du Euskaltzaindiaren Hiztegiak. Baina ere Euskaltzaindiaren XX. mendeko euskararen corpus estatistikoan, Lexikoaren Behatokian eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasean (ikus www.euskaltzaindia.eus/hizkuntza-baliabideak). Azken hiru iturri horiek ez ditut artikulu honetan aurkezten.

3.2. Euskaltzaindiaren Hiztegian emaitzak sailkapen dialektalaren bidez

32Euskaltzaindiaren Hiztegian egin den sailkapen dialektala ondoko taulan aurkezten da, hitzak edo hitz-adierak nola banatuak diren eta sail dialektal bakoitzean kopuruak zenbat diren (2023-03-15ean kontsultatua).

33Euskalkietan hartu diren hitz eta adieren corpusari buruzko lehen oharra da, euskalki batean erabili izanik ere, hitz denak euskara batukoak bilakatu direla, euskara estandarraren hitzak direla, Euskaltzaindiaren Hiztegian sartuak baitira.

34Bigarren oharra da Euskaltzaindiaren Hiztegian zaila dela kontatzea euskalkietan zenbat hitz hartu diren.

  • 4 Ikus eranskinean Euskaltzaindiaren Hiztegiko laburdura dialektalen eta erregistroenen zerrenda.

35- Hitz batek adiera bat baino gehiago ukan dezake euskalki batean: aila (Bizk.)4 “buztana” eta aila (Bizk.) “hainbat fruituren txortena” akodiña (Zub.) “egitekoa” eta akodiña (Zub.) “buruhaustea” erakustun (batez ere Naf.) “erakuslea” eta erakustun (batez ere Naf.) “irakaslea”
- Batzuetan euskalki laburdura bat baino gehiago ager daiteke hitz batekin, hitz horrek adiera ezberdina duelarik euskalkiaren arabera: akordatu (Ipar. Zah.) “eman” akordatu (Heg. Beh.) “gogoratu, konturatu” akordatu (Bizk.) “esnatu”.
- Bestalde, hitz bat euskalki batean baino gehiago erabil daiteke, adiera berarekin: adiskidego (Lap. eta Naf.) “adiskidetasuna, adiskidantz” aproba (Bizk. eta Gip. Herr.) “proba” haize burrunba, haize-burrunba (Lap., BNaf. eta Naf.) “haize bolada”.

Euskalki mota

Laburdura

Hitz (adiera) kopurua: emaitzak oro

Amikuzera

(Am.)

3

Behe-nafarrera

(BNaf.)

52

Bizkaiera

(Bizk.)

1.096

Gipuzkera

(Gip.)

191

Goi-nafarrera

(Naf.)

509

Hegoaldea

(Heg.)

1.107

Iparraldea

(Ipar.)

3118

Lapurtera

(Lap.)

65

Zuberera

(Zub.)

369

Orotara: 9 euskalki motak

Laburdura bikoitzak edo hirukoitzak kontuan harturik.

6.510

Adiera bikoitzeko edo gehiagoko hitzak euskalki batean edo gehiagokoan, kontuan harturik.

1. taula: euskalki ezberdinak, laburdurak eta hitz- edo adiera-kopuruak

36Hiztegi Batuari konparatuz, berriz bederatzi sail dialektalak badira. Baina nafarrera desagertu da eta horren ordez goi-nafarrera aipatzen da. Aldiz laburdura ez da aldatu, (Naf.) egonez (509 emaitza). Bestalde, erran bezala, kopuruak zenbatu nahian, ohartu behar da hitz batzuek laburdura bat baino gehiago dutela, adiera bat baino gehiago baititu edo adiera ezberdin bat euskalkiaren arabera. Hori kontuan hartuz, hiztegiaren 48.305 formetarik (38.222 sarrera eta 10.083 azpisarrera) 6.510 euskalkietakoak direla, portzentajea % 13,4 da. Adierak kontuan hartzen baldin baditugu (67.722), hori errealitateari hurbilago zaio, euskalkietako hitzen portzentajea % 9,6 da Euskaltzaindiaren Hiztegian.

37Bederatzi euskalkiak azter ditzagun banan-banan; zein diren emaitzak, hitz- eta adierakopuruak, hizkera-erregistroekin eta jakintza-alorrekin konbinazioak.

38Amikuzera (Am.): 3 hitz

39Amikuzera azpidialektala behe-nafarrera dialektoan sartzen da. Euskaltzaindiaren Hiztegian azpi-euskalki hori behe-nafarreratik bereizi dute.
Sailean, hiru hitz bakarrik daude: amiñi bat “pixka bat”, gizonkari “gizonzale”, eta sustut “batez ere”. Lehen biek Zub. eta Am. laburdurak dituzte. Azkenak Zub. eta Am. Beh. (behemailakoa) laburdurak ditu.
Hitz kopuru hori kontuan hartuz bakarrik, ez luke balio, ene ustez, amikuzera behenafarreratik bereiztea.

40Behe-nafarrera (BNaf.): 52 hitz

41Euskalki horretan sailkapen dialektala aski konplexua da.
Berrogeita hamabi hitzek dute BNaf. laburdura. Baina anitzek, BNaf. laburduraz gain, Lap. laburdura dute: hogeita hemezortzi dira bi laburdura horiek dituztenak. Sartzen dira 1944an Piarres Lafittek sailkatu zuen navarro-labourdin (nafar-lapurtera) delako sail dialektalean. Zerrendan, lehen sei sarreretan adibidez, bostek Lap. eta BNaf. laburdura dute: agiantza, agiantzatu, ahalaz, apelatu eta arrai.
Haien artean, argizagi “ilargi” agertzen da Zub. eta BNaf. laburdurarekin. Hitz gutiagok BNaf eta Zub. laburdurak dituzte, egongia “egoitza” hitzak duen bezala. Bederatzi dira batez ere BNaf. eta Zub. laburdurak dituztenak. Hona lehenak ordena alfabetikoan: bilo “buruko ile”, bilogorri, bilohori, bilorde, bilo-urdin, egongia “egoitza”, ehe “lixiba ura».
Oro har, hiru dira BNaf. laburdurarekin bakarrik agertzen diren sarrerak: muturzuri “pertsonez mintzatuz, mokofina”, ñaka “hozkada; hozka egiteko keinua» eta zeru xahar “luzaroan hodeiz estalirik egon den zeruan ostartea zabaltzen denean erabiltzen den esapidea, maiz bozkarioaren adierazle dena”. Atzar “ardi zahar antzu» sarrerak BNaf. g.er. laburdura du, behe-nafarrera gutxi erabilia.
Baño “bat bakarrik” sarrerak Ipar. eta batez ere BNaf. laburdurak ditu.
Hona sailkapenean dagoen beste sarrera mota bat: batez ere BNaf. eta Naf. laburdurak dituen beltzatu “belztu” hitza.
Azken sail hau ere badago: Lap., BNaf. eta Naf. laburdurak dituzten sarrerak, haizeburrunba bezala.
Sailkapen konplexu horrekin ulertzen da hitz -edo sarrera- kopuruak kontatzea zaila dela, hitz edo sarrera bat bizpahiru aldiz gerta daitekeelakoz 1. taulan eman diren bederatzi sail dialektaletan.

42Bizkaiera (Bizk.): 1.096 hitz

43Mila eta laurogeita hamasei hitz ditu sail honek. Hau da euskalki periferiko indartsuena eta bereiziena, lexikoarengatik bederen. Euskalkien artean bizkaierak hitz kopuru handiena du. Hegoaldeko kopurua (Heg., 1.107 hitz) eta Iparraldekoa (Ipar., 3.118 hitz) handiagoak dira, baina lurralde horietan euskalki bat baino gehiago badaude.
Lexikoaren alorrean, bizkaierak euskalki zabal eta osoki autonomoa osatzen du eta hitz anitz ekarri dizkio Euskaltzaindiaren Hiztegiari.
Bizk. laburdura nagusitzen da. Bigarrena batez ere Bizk. da. Bi horiez gain, laburdura horiek aurkitzen dira: Bizk. Beh. (behe-mailakoa), Bizk. Lgart. (lagunartekoa), Bizk. Zah. (zaharkitua), Bizk. g.er. (gutxi erabilia), Bizk. g.g.er. (gaur gutxi erabilia), Bizk. Zah. g.er., batez ere Bizk. Lgart., Gip. eta Bizk., batez ere Gip. eta Bizk., Gip. eta Bizk. Lgart., Bizk. eta Gip. g.er., Bizk. eta Gip. Herr. (herri-mailakoa), Bizk. eta Naf. (hitz bat), Bizk. eta Naf. g.er. (hitz bat).
Gip. eta Bizk. (eta Bizk.eta Gip.) laburdurak dituzten hitzak anitz dira. Hau da berriz, 1968an, Mitxelenak idazten zuenaren froga (ikus 1.2.). Hizkuntzalarientzat lapurtera eta gipuzkera bizkaiera eta gipuzkera baino hurbilagoak dira; baina estatuetako hizkuntzek, harreman sozio-ekonomiko eta kulturalek, administrazio ezberdinek bizkaiera eta gipuzkera lotzen dituzte eta lapurtera eta gipuzkera deslotzen.

44Gipuzkera (Gip.): 191 hitz

45Ehun eta laurogeita hameka hitz ditu euskalki honek; bizkaierari konparatuz, hitz guti ditu. Ezberdintasun hori esplika daiteke gipuzkera erdiko euskalkia delako, lapurtera bezala, eta, euskara batua sortzeko, oinarri gisa hartua izan zelako.
Gip. laburdura nagusitzen da. Besteak horiek dira: Gip. Beh. (behe-mailakoa), Gip. Herr. (herri-mailakoa), Gip. Lgarte. (lagunartekoa), Gip. Zah. (zaharkitua), Gip. g.er. (gutxi erabilia), Gip. g.g.er. (gaur gutxi erabilia), Gip. Adkor. (adierazkorra), batez ere Gip., batez ere Gip. Zah., batez ere Gip. g.g.er., Gip. eta Bizk., Bizk. eta Gip.(biak berdinak), batez ere Gip. eta Bizk., Gip. eta Bizk. g.er., Bizk. eta Gip. Herr., Gip. eta Naf., batez ere Gip. eta Naf. Herr..

  • 5 Goi-nafarreraren laburdura egokia GNaf. litzateke, baina Hiztegi Batuan erabilia zen Naf. laburdura (...)

46Goi-nafarrera (Naf.)5: 509 hitz

47Bostehun eta bederatzi hitz ditu euskalki honek. Goi-nafarrera euskalkiak bigarren hitz -eta adiera- multzoa eman dio Euskaltzaindiaren Hiztegiari, bizkaierarenaren ondotik.
Naf. eta Ipar. eta Naf. laburdurak dira erabilienak. Horrek Iparraldeko eta Nafarroako euskalkien artean izan ziren harreman estuak erakusten ditu.
Beste laburdurak horiek dira: Naf. g.er., batez ere Naf., batez ere Ipar. eta Naf., Ipar. eta Naf. g.er., batez ere Ipar. eta Naf. g.er., Ipar. eta Naf. g.g.er., Ipar. eta Naf. Adkor., Ipar. eta Naf. edo Adkor., Lap. eta Naf., Gip. eta Naf, batez ere Gip. eta Naf. Herr., batez ere BNaf. eta Naf., Bizk. eta Naf. (hitz bat), Bizk.. eta Naf. g.er. (hitz bat), Naf. eta Zub. (bi hitz: osatu “zikiratu”, xendra “bidezidorra”).

• Hegoaldea (Heg.): 1.107 hitz

48Hau da hitz-kopuru handienen bigarrena, 1.107 hitz. Baina hor euskalki baten hitzak ez ditugu, lurralde zabal batean erabiltzen direnak baizik, deitu den Hegoaldean. Bizkaieran, gipuzkeran eta goi-nafarreran aurkitzen dira 1.107 hitz horiek. Aldiz, Iparraldeko euskalkietan ez dira aurkitzen. Salbuespena da Heg. eta Zub., laburdura duen bekaizkeria hitza (“bekaiztasun, inbidia”). Euskaltzaindiaren Hiztegian baliatu den sailkapenak euskararen dialekto denak bi zatitan bereizten ditu, Hegoaldekoak eta, ondorioz, Iparraldekoak.
Laburdurak horiek dira: Heg., batez ere Heg., Heg. g.er., Heg. g.g.er., Heg. g.er. Beh., Heg. Beh., Heg. Herr., Heg. Lgarte, Heg. Pei. (peioratiboa), Heg. Zah., Heg. Zah. g.er., Heg. eta Zub. (hitz bat: bekaizkeria), Heg. Adkor.
Hiztegian erabiltzen diren ondoko laburdurekin Hegoaldeko hitzak jakintza-alorren arabera sailkatzen dira: Heg. Admin. (administrazioa), Heg. Arkit. (arkitektura), Heg. Ekon., (ekonomia), Heg. Erl. (erlijioa), Heg. Hezk. (hezkuntza), Heg. Hist. (historia), Heg. Inform. (informatika), Heg. Kirol. (kirola), Heg. Med. (medikuntza), Heg. Mil. (militarrak), Heg. Mus. (musika), Heg. Teknol. (teknologia), Heg. Zin. (zinema), Heg. Zuz. (zuzenbidea).

49Iparraldea (Ipar.): 3.118 hitz

50Hau da sailkapenaren hitz-kopuru handiena, 3.118 hitz. Hegoaldeko hitzekin bezala, lurralde zabal batean erabiltzen diren hitzak dira Iparraldekoak. Amikuzeran, behe-nafarreran, lapurteran eta zubereran erabiltzen dira. Salbuespena da Ipar. eta Naf. laburdurak dituzten hitzak (adib. abantzu “ia, kasik”); holakoak anitz dira. Nafarrera, oraingo mugaz gaindiko euskalkia izan zen, mende anitzetan.
Iparraldeko eta Hegoaldeko hitz-kopuruak bi handienak baitira, ondoriozta daiteke muga dela eragile eraginkorrena euskararen dialektoak bereizteko, lexikoaren alorrean bederen.
Beste euskalkiekin loturarik ez duten laburdurak horiek dira: Ipar., batez ere Ipar., Ipar. g.er., Ipar. Beh., Ipar. g.er. Beh. (behe-mailakoa), Ipar. g.g.er., batez ere Ipar. g.g.er., Ipar. Haur. (haur-hizkera, adib. buba “loa”), Ipar. Herr., Ipar. Lgarte., Ipar. Zah., Ipar. Zah. g.er., Ipar. edo Beh., Ipar. edo Jaso. (jasoa), Ipar. edo Zah., batez ere Ipar. edo Jas., Ipar. Pei. (peioratiboa, frantximant “frantsesa, frantsesez mintzatzen dena”), Ipar. Adkor.
Goi-nafarrerarekin (Naf.) laburdura horiek partekatzen dituzte Iparraldeko hitzek: Ipar. eta Naf., batez ere Ipar. eta Naf., Ipar. eta Naf. Adkor, Ipar. eta Naf. g.er., Ipar. eta Naf. g.g.er., Naf. eta Ipar. Zah., Ipar. eta Naf. Adkor. Anitz dira Ipar. eta Naf. laburdurak dituzten hitzak.
Beste bi lotura dialektal aurkitzen dira: Ipar. eta batez ere Zub. (hitz bat: eskail “printza”), Bizk. eta Ipar (bi hitz: uzker “puzkerra”, uzkerti “puzker asko botatzen dituena”).
Jakintza-alorrean laburdura horiek badira: Ipar. Arkit. (arkitektura), Ipar. Hezk. (hezkuntza, adib. brebeta eta baxo), Ipar. Med. (medikuntza), Ipar. Mus. (musika, adib. partizio “partitura”).

51Lapurtera (Lap.): 65 hitz

52Hirurogeita bost hitz ditu sail honek. Laburdurak horiek dira: Lap., batez ere Lap., Lap. eta Naf., Lap. eta BNaf., Lap. eta BNaf. g.g.er., Lap. eta BNaf. Zah., Lap., BNaf. eta Naf.
Anitz dira Lap. eta BNaf. laburdurekin agertzen diren hitzak. Behe-nafarreraren sailean erran bezala, hogeita hemezortzi dira, lapurteraren hitzen erdia baino gehiago. Eta Lap. eta Naf. laburdurekikoak anitz dira ere. Hots, hitz edo adiera gutik dute Lap. laburdura bakarra; sei dira bakarrik. Horrek erran nahi du, lexikoaren alorrean bederen, lapurtera euskalki gisa ez dela hain autonomoa bizkaiera, gipuzkera, goi-nafarrera edo zubererari konparatuz.

53Zuberera (Zub.): 369 hitz

54Hirurehun eta hirurogeita bederatzi hitz ditu euskalki honek. Euskaltzaindiaren Hiztegian, zuberera da Ipar Euskal Herrian hitz gehiena dituen euskalkia. Sailak horiek dira: Zub., batez ere Zub., Zub. g.er., Zub. g.g.er., batez ere Zub. g.er., batez ere Zub. g.g.er., Zub. Lgarte., Zub. Zah., batez ere Zub. Zah., Zub. Zah. Lgarte.
Beste euskalkiekiko loturak horiek dira: Zub. eta Am., Zub. eta Am. Beh. (amikuzera behe-mailakoa), Zub. eta BNaf., BNaf. eta Zub. (berdina da), Ipar. eta batez ere Zub., batez ere BNaf. eta Zub., Naf. eta Zub (bi hitz), Heg. eta Zub. (hitz bat bakarrik),

55Euskalki bateko hitza ala ez? Sailkapenaren muga batzuk

56Batzuetan hitzen sailkapen dialektala ez da oso egokia. Hori da bi hitz hauen kasua: dezente, dexente (Lgart.) eta listo (Lgart.). Ipar Euskal Herrian hitz horiek gero eta gehiago entzuten eta ulertzen baldin badira ere, ez dira lurralde horren hizkeretarik etortzen. Sailkapen zehatzagoa hori litzateke: (Heg. Lgart.). Beraz: dezente, dexente (Heg. Lgart.) eta listo (Heg. Lgart.).
Bestalde, ohartzen da hiztegian eman diren Iparraldeko euskalkietan, amikuzera (Am.), behe-nafarrera (BNaf.), lapurtera (Lap.) eta zuberera (Zub.) euskalkietan, hizkera-erregistroen sailkatzerik ez dela, Hegoaldeko euskalkiekin egin den bezala (Beh., Herr. Jas., Lgart., etab.). Ondoko 3.3. lerroaldean horren arrazoia emanen dugu.
Oro har, horiek dira erabili diren hizkera-erregistroen markak iparraldea (Ipar.) multzo dialektalean: Ipar. Beh. (behe-mailakoa), Ipar. g.er. Beh., Ipar. Haur. (haur-hizkera), Ipar. edo Jas. (jasoa) eta Ipar. Pei. (peioratiboa).
Halaber jakintza-alorren araberako sailkatzerik ez da Ipar Euskal Herriko euskalkietan. Eta iparraldea (Ipar.) multzo dialektalean, lau dira bakarrik: Ipar. Arkit. (arkitektura), Ipar. Hezk. (hezkuntza), Ipar. Med. (medikuntza) eta Ipar. Mus. (musika).

3.3. Gaur egungo Ipar Euskal Herriko euskalki eta hizkeren ekarpenaz Euskaltzaindiaren Hiztegian

57Orotariko Euskal Hiztegiaren bidez, XVI. mendetik hasiz, Iparraldeko tradiziozko literatura osoa kontuan hartua da Euskaltzaindiaren Hiztegian. Horrengatik iparraldea (Ipar.) da sailkapenaren hitz-kopuru handiena, 3.118 hitzekin.

58Aldiz, gorago erran bezala, Ipar Euskal Herrian Euskaltzaindiaren Hiztegiak bereizi dituen lau euskalkien hitzetan (amikuzera (Am.), behe-nafarrera (BNaf.), lapurtera (Lap.) eta zuberera (Zub.)), hizkera-erregistroen sailkatzerik ez da.

59Halaber, Iparralde (Ipar.) sailean lau jakintza-alor bakarrik aipatzen dira. Hegoalde (Heg.) sailean erabili diren ekonomia (Ekon.), erlijioa (Erl.), historia (Hist.), informatika (Inform.), kirola (Kirol.), militarrak (Mil.), teknologia (Teknol.) eta zinema (Zin.) laburdurak ez dira erabiltzen.

60Arrazoia sinplea da: Ipar Euskal Herrian gaur egun argitaratzen diren literatura, prentsa idatzia edo irakaskuntzarako ekoizpena ez dira kontuan hartuak. Euskaltzaindiak hori badaki eta hori zuzentzeko egitasmoak baditu, bere corpusak osatzeko. Herria aldizkaria, Maiatz elkarteak argitaratzen dituen liburuak, Maiatz aldizkaria, Ikas euskal pedagogia zerbitzuak argitaratzen dituen irakaskuntzarako argitalpenak bederen kontuan hartzeko lirateke egoera hori aldatzeko.

Azken hitza

61Artikulu honen helburu nagusia Euskaltzaindiaren Hiztegia, adierak eta adibideak hiztegiak zer neurritan euskararen aniztasun dialektala kontuan hartzen duen aztertzea zen. Bederatzi laburdura dialektalen, hizkera-erregistro laburduren edota jakintza-alorren laburduren konbinazioak baliatuz 6.510 hitz edo adiera ateratzen dira, hiztegiaren hitz eta adieren % 10 nonbait han.

62Euskaltzaindiaren Hiztegiaren ezaugarri nagusia da erabilerak biltzen dituzten corpusetan oinarritua izatea. Halere, erakutsi dugu Ipar Euskal Herrian gaur egun argitaratzen diren literatura, prentsa idatzia edo irakaskuntzarako ekoizpena kontuan hartuak ez direla. Hori laster zuzenduko da.

63Erakutsi dugu ere euskara batua, orain euskara estandarra bilakatu dena, artifiziala dela uste duena okertzen dela. Hau da hemen frogatzen dena, lexikoaren alorrean bederen.

Haut de page

Bibliographie

Azkue, Resurrección María. 1906 (1984, berrargitalpena). Diccionario vasco-español-francés, Bilbo: Euskaltzaindia.

Campión, Arturo & Broussain, Pierre. 1920. Informe de los señores académicos A. Campión y P. Broussain á la Academia de la Lengua Vasca sobre unificación del euskera. Bilbo. Imprenta del Ave María.

Euskal Idazkaritza. 1966. Baiona’ko Biltzarraren Erabakiak. 1964-08-29/30. Baiona.

Euskaltzaindia. 1968. Batasunerako Hiztegia. Euskera, 13, 251-265.

Euskaltzaindia. 1985-2007 (16 liburuki). Orotariko Euskal Hiztegia, Bilbo: Euskaltzaindia.

Bertsio elektroniko eguneratua: Orotariko Euskal Hiztegia,, www.euskaltzaindia.eus/hizkuntzabaliabideak.

Euskaltzaindia. 2010 (3. argitaraldia). Hiztegi Batua, Bilbo: Euskaltzaindia.

Euskaltzaindia. 2016 (2. argitaraldia). Euskaltzaindiaren Hiztegia, adierak eta adibideak, Bilbo: Euskaltzaindia.

Bertsio elektroniko eguneratua: Euskaltzaindiaren Hiztegia, www.euskaltzaindia.eus/hizkuntzabaliabideak.

Lafitte, Pierre. 1944 (1978). Grammaire basque (navarro-labourdin littéraire). Edition revue et corrigée. Donostia: Elkar.

Larrasquet, Jean. 1939. Le basque de la Basse-Soule orientale. Paris: Librairie C. Klincksieck.

Lhande, Pierre. 1919-1920. ArgitaratzaiǏearen Itzauŕea. Euskera, 1, 3-9.

Lhande, Pierre. 1926. Dictionnaire basque-français et français-basque, Paris: Gabriel Beauchesne.

Mitxelena, Koldo. 1968. Ortografia. Euskera, 13, 203-219.

Michelena, Luis. 1987-2005. Orotariko Euskal Hiztegia, 16 liburuki. Bilbo: Euskaltzaindia. Bertsio elektroniko eguneratua: Orotariko Euskal Hiztegia, www.euskaltzaindia.eus/hizkuntza-baliabideak.

Socarros, Allande. 2016. Euskara batua/Züberera Hiztegi ttipia, Sü Aziako sail bereziak 3, Maule-Lextarre: Sü Azia.

Urkia, Miriam. 2021. Euskara batua eta hiztegigintza, in Arantzazutik mundu zabalera: euskararen normatibizazioa: 1968-2018, Andres Urrutia (arg.), Madrid-Frankfurt: Iberoamericana Editorial Vervuert, 213-228.

Urkia, Miriam. 2023. Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak, in Actes du XLIIIe colloque international de linguistique fonctionnelle – Hizkuntzalaritza Funtzionalaren 43. Nazioarteko Jardunaldiko Aktak, Donostia - 2022-10- 4/7, Bilbo: Euskaltzaindia, 199212.

Haut de page

Notes

1 Ez dakit kalkulu hori nola egin den. Oraingo corpus handi eta tresna linguistikoekin erraza litzateke hori ebaluatzea, ahozko eta idatzizko corpus ezberdintan. Allande Socarros euskaltzaleak hori idatzi zuen: “Eüskarazko hamar hitzetarik zortzi, non ez den bederatzü, berberrak dira Eüskal Herri osoan eta ahozkatzetik horra dira desbardingoak. Halerik ere, eüskarazko hitz bakant elibat herrialde bakoitxean edo probintzia zonbaitetan baizik ez dirade erabilirik. Eüskarazko hitz horik batuan sartürik agitzen ahal dira eta horien erran nahia ez da miraküiluz jakiten: ikasi behar da” (2016: 5. or.). Dena den, haren ustea zen eta ez ikerketa baten ondorioa edo emaitza. Halere, hau da hedatua den euskalari jakintsu baten ikusmoldea.

2 “Hiztegiaren egitura formala Text Encoding Initiative (TEI) gidalerroen arabera definitu da eta eduki gehienak automatikoki egituratu dira. Egituratze-lanetan jarraitzen du. Euskaltzaindiak, hiztegiaren barne-egitura etengabe zuzenduz eta hobetuz. Lan horiei esker, hiztegiko azpisarrerak eta hainbat aldaera ere topatzeko gai da orain bilatzailea. Horrez gain, jadanik egituratutako 575.175 adibideak bildu eta sailkatu dira. Adibidetegi horretan bilaketak egiteko aukera ere badago” (www.euskaltzaindia.eus/hizkuntza-baliabideak, bertsio elektronikoa, 2022-11-02an kontsultatua).

3 2012an izan zen Euskaltzaindiaren Hiztegia, adierak eta adibideak hiztegiaren lehen argitaraldia, Euskaltzaindiaren Hiztegia deitu liburuki batean.

4 Ikus eranskinean Euskaltzaindiaren Hiztegiko laburdura dialektalen eta erregistroenen zerrenda.

5 Goi-nafarreraren laburdura egokia GNaf. litzateke, baina Hiztegi Batuan erabilia zen Naf. laburdura atxiki da. Nafarreraren beste mota behe-nafarrera (BNaf.) da Euskaltzaindiaren Hiztegian.

Haut de page

Pour citer cet article

Référence papier

Jean-Baptiste Coyos, « Euskararen aniztasun dialektalaren kontuan hartzea Euskaltzaindiaren Hiztegian »Lapurdum, 24 | 2023, 91-105.

Référence électronique

Jean-Baptiste Coyos, « Euskararen aniztasun dialektalaren kontuan hartzea Euskaltzaindiaren Hiztegian »Lapurdum [En ligne], 24 | 2023, mis en ligne le 01 juillet 2024, consulté le 30 novembre 2024. URL : http://0-journals-openedition-org.catalogue.libraries.london.ac.uk/lapurdum/4410 ; DOI : https://0-doi-org.catalogue.libraries.london.ac.uk/10.4000/127tu

Haut de page

Auteur

Jean-Baptiste Coyos

Euskaltzaindia

Articles du même auteur

Haut de page

Droits d’auteur

CC-BY-NC-ND-4.0

Le texte seul est utilisable sous licence CC BY-NC-ND 4.0. Les autres éléments (illustrations, fichiers annexes importés) sont « Tous droits réservés », sauf mention contraire.

Haut de page
Rechercher dans OpenEdition Search

Vous allez être redirigé vers OpenEdition Search