Lan xume hau Jon Casenave irakasleari esker onez eskaintzen diot. Eskerrak eman behar dizkiet nola edo hala artikulua ontzen lagundu didatenei, eurek hemen dauden hutsetan errurik ez daukaten arren: I. Arteatx, G. Bilbao, K. Bilbao, C. Fernández, A. Ensunza, J. Ibarra, J. Ozerinjauregi, eta batez ere Maider Bedaxagar, Maitena Duhalde eta Argia Olçomendyri datuekin laguntzearren. Zorretan nago, baita ere, Sergio Monforte eta Koldo Zuazorekin, aurreko bertsio bati egindako iruzkinengatik.
1Zuazo (2014) lanean, eta lehenagoko beste batzuetan, irakurria dut -(e)netz menderagailua Ipar Euskal Herriko euskararen ezaugarria dela eta berriki argitaratu duen Baigorri eta inguruko euskararen lanean adibideren bat edo beste azaltzen da:
(1)
|
Galdein daut jiten ahal zenez [Zuazo 2021: 101]
|
2Jakina da -(e)netz edo -(e)nez menderagailuak bai/ez erako zehargalderetan edo, nahiago bada, mendeko polaritatezko galderetan ageri den menderagailua dela, baina luzaz uste izan dut -(e)netz formak polaritate horren balio biak (bai ala ez) biltzen zituela bere baitan, (1)-ko perpausa nolabait beste honen baitezpadako parafrasia balitz bezala-edo:
(2)
|
Galdein daut jiten ahal zen ala ez
|
3Uste horrek, egia izatera, menderagailu hau tipologikoki oso interesgarria bilaka lezake, nik dakidala, halako menderagailuak (polaritatearen balio biak beren gain hartzeko gaitasuna dutenak) arrotzak direlako. Horren haritik, irakurlea ohartzen bide da honako galdera biak ez direla, ez egituraz ez testuinguruz, berdinak (cf. Bolinger 1978):
(3)
|
a. Etorriko zara bihar?
|
|
b. Etorriko zara bihar ala ez?
|
- 1 Goenagak (2009: 394) dio (3b) motako galderak zakar puntu bat duela; Biezmak (2009) cornering effec (...)
4Batetik, (3b)-k egitura hautakari bat, perpaus mailakoa ere izan daitekeena (Goenaga 2009), ezkutatzen du (cf. etorriko zara bihar ala ez zara bihar etorriko?); baina, horrez gain, larritasun puntu bat ere badauka: (3b) diogunean iduri du behartzen ari garela solaskidea lehenbailehen erantzun bat ematera; (3a)-k, aldiz, galdera neutroagoa dakar eta erantzun eskeak ez dauka halako berehalakotasun kutsurik.1 Pentsatzekoa da, hartara, -(e)netz menderagailuak, ‘-(e)n ala ez’ interpretazioa edukitzekotan, (3b) horrek duen larritasun puntu hori eduki lezakeela. Hau da, pentsa liteke Galdegin daut jiten ahal zenez eta Galdein daut jiten ahal zen perpausen arteko kontrastea (3a) eta (3b) perpausen artekoaren antzekoa litzatekeela.
5Lafitte (1962) eta Euskaltzaindia (1999) lanak hartu besterik ez dago ikertzaile honen uste okerraz ohartzeko: lehenak besterik gabe argitzen du zehargalderetako -(e)n menderagailuari instrumental mugagabea gehitzen zaiola -(e)nez edo -(e)netz formak sortzeko, eta berriz eta berritz aldaeren arteko lehia dakar gogora. Euskaltzaindiak (1999), bestalde, -(e)netz forman -(e)n soilaren indargarria ikusten du eta, aldaera historikoak eta literatur tradizioaren erabilera errepasatu ondoren, -(e)netz aldaeraren aldeko hautua egiten du, 2001ean berretsia; hortik dator forma hori artikulu honen izenbururako estandartzat hartu izana.2
6Aurreritzi okerrak aurreritzi, delako -(e)netz menderagailua edukiko dut ikergai hemen. Funtsean, lau galderak ardura naute:
71. Benetan bai/ez galderetako menderagailuaren aldaera soila ote da -(e)netz? Ala egitura konplexuagoa ostentzen du? Arestian iradoki bezala, lehenak dirudi zuzena;
2. aurreko bietatik edozein delarik ikuspegi zuzena, nola azaldu aldaera formal guztiak? Hots: -(e)netz, -(e)nez, -(e)nentz, -(e)nz, -(e)nenz;
3. -(e)n eta -(e)netz forma biak erabiltzen dituzten euskaldunentzat, bada ñabardurarik bi menderagailuen artean? Jakina, hau lotuta dago aurreneko galderarekin: egitura konplexuagoa ezkutatzen badu -(e)netz menderagailuak, interesa zaigu jakitea zein den egitura konplexuago horri dagokion ñabardura. Eta bata bestearen aldaera hutsa bada, argitu behar da ezberdintasunik dagoen bien artean, pentsatzekoa den arren halakorik ez dagoela (-(e)la eta -(e)larik menderagailu adberbialen artean ez dagoen era berean);
4. interes dialektologikoa ere badu kontuak: zein da -(e)netz menderagailuaren hedadura?
8Hemen batez ere 1 eta 3 galderak landuko ditut, tarteka 2 eta 4 ere ikutuko ditudan arren. Artikuluaren antolaketa hauxe da: lehen atalean -(e)netz menderagailuaz esandakoak errepasatuko ditut; hor emango ditut gako batzuk -(e)netz menderagailuaren ustezko konplexutasunaren gaia ulertzeko. Ondoren, bigarren atalean, -(e)netz menderagailuaren balizko konplexutasuna baztertzeko arrazoiak emango ditut, batez ere 20 eta 21. mendeko lekukotasun idatzietan oinarrituta. Hirugarrenez, Ipar Euskal Herriko hainbat hiztunek emandako datuez lagunduta, egiaztatuko dut ea funtsean zehargalderetako -(e)netz eta -(e)n berdinak diren eta gaur egun berdin erabiltzen diren eta analisi sintaktiko bat proposatuko dut.
9Hogeigarren mendeko zenbat gramatika lanetan -(e)netz menderagailua -(e)n ala ez egitura hautakari batetik datorrelako hipotesia edo iradokizuna nahiko argi sumatzen da: Azkuek (1925) zehargalderetako -(e)n formaren kari, -(e)nez, -(e)nz, -(e)ntz, -(e)nentz aldaerak aipatu ondoren, gaineratzen du: “Posible es que estas variantes provengan de esta locución: Nork daki itzuliko den ala ez… Omitido ese ala queda denez, denz, dentz, y denentz.” (Azkue 1925: 369). Altubek (1929) ere pare bat bider aipatzen du ustezko baliokidetza hori: “Son, pues, equivalentes las frases siguientes egiya da-nentz = egiya da-n ala ez” (ibidem: 125). Hots, Azkuerengan jatorri formalaren inguruko hipotesia dena Altuberengan parafrasi edo interpretazio kontu bat bihurtzen dela dirudi. Txillardegik (1979: 403) ere kontu berdina ematen du aditzera -(e)nez ‘... ala ez’ itzultzen duenean: ez dakit etorri (ote) denez (=... je ne sais pas s’il est tombé ou pas’) [enfasia jatorrizkoan]. Beste horrenbeste esan liteke Arejitaren (1985) lanaz edo Euskara Batuaren Eskuliburua (Euskaltzaindia 2021: 357) delakoaz ere. Nire konprobazioen arabera, ideia hau berau jada Larramendiren (1729) gramatikan bertan ere egiaztatzen da. Larramendik (1729: 310) aditzera ematen du, zehargalderetan erromantzez etiketa hautakaria (cf. o no?) gehi daitekeen moduan, euskaraz bi aukera direla; bata edo ez hautakaria gehitzea da: badakizu gertatuko dan, edo ez?; bestea, “syncopando la disiuntiva edo ez en una z, que se añade à la terminación del determinado, ... badakizu gertatuko danz?”.
10Iragarri dugunez, beste tradizio bat da besterik gabe -(e)netz menderagailuan -(e)n + z (instrumentala) ikustea. Ideia hori Lafittek (1962) jasotzen du, Villasantek (1979) ere bai Mitxelenaren oniritziarekin, eta Euskaltzaindiak (1999) ere bai. Azken lan bietan, instrumentala menderagailuaren indargarria besterik ez omen da.
11Gero argudiatuko dudanez, -(e)netz menderagailua egitura hautakari batekin lotzeak galdera interesgarriak planteatzen ditu: hipotesi hori egia izatera menderagailu honek konplexutasun estruktural handia ezkutatzen du (perpaus hautakarien antzeko konplexutasuna) eta espero izatekoa da -(e)n menderagailu soila duten perpausek ez bezalako jokabide sintaktikoa islatzea. Menderagailu biak bata bestearen aldaera hutsak badira, orduan ez dugu konplexutasun sintaktikoan alde handirik espero. Badira arrazoi batzuk menderagailu biak aldaera hutsak direla pentsatzeko. Baina aurretik eman diezaiogun behako bat dialektologiak esateko duenari.
12Euskaltzaindiaren EHHA (2016) lanak ere badakar -(e)netz menderagailuaren berri, bi mapatan.
1. irudia. EHHA 6. alea: 549 or.
2. irudia. EHHA 6. alea: 551 or.
- 3 Lafittek (1962: 399) emandako ez nakien haizu zenetz adibidearen itzulpenak ez du ezeztapen baliora (...)
- 4 Teorian EHHAk jasoko luke hiztunak emandako bigarren aukera baina kasu gehienetan ez dago halakorik (...)
- 5 Izan ere, EHHAk Baigorrirako mapa bietan ematen dituen datuek kontraesankorrak dirudite: batean, de (...)
13Atlasaren mapetan bi datu dira deigarriak: bateko, mapa hauek itzulpen batean oinarritu dira, «Je ne sais pas s’il vendra » eta « Demande-lui s’il vient » eta itzulgai biak zehargaldera arruntak dira, « ou non » hautakari gehigarririk gabe.3 Bigarren datu interesgarria da maparen arabera Lapurdiko eta Nafarroa Behereko zenbait eskualdetan ez dela -(e)netz erabiltzen (edo ez dela hiztunei burura datorkien aukera bat behintzat);4 esaterako, Uztaritzen, Arrangoitzen, Alduden eta Bidarrain. Hala ere, Larresoro inguruko hainbat hizkeratan Epeldek (2004) jaso du -(e)ne(t)z menderagailuaren erabilera: Kanbon, Hazparnen, Lekornen eta Larresoron bertan. Maitena Duhaldek ere (2023) jasoak ditu menderagailuaren erabilerak Lapurdiko itsas hegiko hizkeretan. Zuazok berak ere (2021) -(e)nez menderagailuarekiko adibideak dakartza Baigorri eta Ortzaize ibarretako hizkerarako.5 Datu hauetatik ateratzen diren ondorioak bi dira: (1) ez dirudi atlasaren galdeketa erantzun zuten hiztunentzat -(e)netz menderagailuak aparteko ñabardurarik duenik eta, zentzu horretan, bai/ez erako zehargaldera emateko menderagailu arrunta da; eta (2) EHHAk aditzera ematen duen baino hedadura zabalagoa eduki lezake delako menderagailuak.
- 6 Badira beste bost zehargalderei buruz ari direnak baina egitura hautakariekin nahasiak: esaterako C (...)
14Atlasa alde batera utzita, Norantz proiektuaren emaitzak dauzkagu. Norantz proiektua ez da berez dialektologia alorrekoa; besterik gabe gaur egun Ipar Euskal Herrian diren hiztunen gramatika ezaugarrien bilduma orokorra egin nahi du, denetariko hiztunei (dela euskara etxean ikasitakoak, dela eskolan edo euskaltegian ikasitakoak) itzulpen bidezko galderak eginez. Hemen ikergai dugun arazoari dagokionez, hiru galdera interesa zaizkit: bai/ ez erako galdera arruntak biltzen dituzten C156, C172, eta C174 direlakoak hain zuzen:6
(4)
|
Je ne sais pas si je partirai demain
|
(5)
|
Beñat m’a demandé si je partais bien demain
|
(6)
|
J’ignore si c’est arrivé à Beñat
|
15Inkestaturiko 59 lagunen artetik, hogeita zortzik erabili zuten -(e)netz menderagailuaren aldaera bat (-(e)nez ia beti) lehen perpausaren itzulpenean, hogeita hamarrek bigarrenarenean, eta hogeita bostek hirugarrenaren kasuan. Hiztun euskaldun berriak alde batera utzita (lausei-lau galdera bakoitzean), gainerakoan batez ere Zuberoako eta Nafarroa Behereko hiztunek erabili zuten -(e)netz menderagailuaren aldaera:
|
zuberotarrak
|
baxenafartarrak
|
lapurtarrak
|
hiztun berriak
|
denera
|
C156
|
10
|
10
|
4
|
4
|
28
|
C172
|
10
|
12
|
2
|
6
|
30
|
C174
|
10
|
11
|
0
|
4
|
25
|
1. taula: Hiru zehargalderatan -(e)ne(t)z menderagailua erabilitako hiztunen kopurua
16Alderdi kuantitatiboez harantzago, bi alderdi nahiko nituzke azpimarratu: batetik, Norantz proiektuko hiztunek ere iradokitzen dute, nolabait, Lapurdin (Zuberoan eta Baxenafarroan baino) ahulagoa dela -(e)netz menderagailuaren erabilera. Datua, dena dela, bere osotasunean hartu behar da, kontuz hartu ere: emandako itzulpena burura etorri ahala emanikoa da baina horrek ez du esan nahi -(e)netz erabili zutenek ezin dutela -(e)n erabili (eta alderantziz ere bai, noski). Eta, bestetik, datuok erakusten dute, halaber, -(e)netz menderagailua bai/ez erako zehargaldera emateko modu arrunta dela hiztun askorentzat, -(e)n menderagailuarekin lehian egon daitekeen forma bat alegia, egitura hautakaririk gabeko galdera orokor bat itzultzeko balio duena. Egia osoa esateko, hiztunen konfigurazioa behar da hemen aipatu: 59 elkarrizketatuen artean, hamar hiztun zuberotar daude, hogeita bi baxenafartar, eta hamabi lapurtar; gainerako hamabostak edo euskalki nahasikoak dira (herrialderik aipatu gabe) edo hiztun berriak (lau eta hamaika, hurrenez hurren). Bestela esanda, Norantz proiektuko jatorrizko hiztun zuberotar guzti-guztiek erabili zuten -(e)netz menderagailua, baina baxenafartarrek eta lapurtarrek noiz -(e)netz noiz -(e)n hautatu zuten.
- 7 Añibarro arratiarrak -(e)nez aldaera erabiltzen du, baina gaur egun ez ei da erabiltzen: hala dio I (...)
17Azkenik, Bizkai aldeko -(e)nentz aldaera aipatu behar dugu: Altuberen (1929) arabera, -(e)nentz Gernika aldean erabiltzen omen da eta Arejitak (1985) Bermeo-Mundakara ere zabaltzen du erabilera. Barrutiak (1994) -(e)nentz aldaera Bermeoko euskaran erabiltzen dela jasotzen du. Gidor Bilbaok eta Cecilia Fernándezek (k. p.) diostate adin bateko hiztunek bai erabili izan dutela oraintsu arte baina ez ei da gaur egun erabiltzen; izan ere, Gaminde, Romero eta Legarra (2012) liburuan, esaterako, ez da aipatzen. Gernika inguruan ere, ez omen da gaur egun erabiltzen, Ariane Ensunza eta Iñigo Arteatxen (k. p.) arabera.7
18Altuberen (1929) oharra gorabehera, ez dirudi -(e)netz menderagailuak ñabardura berezirik duenik edota ‘ala ez’ gehigarri hautakari baten laburtzea denik; besterik gabe, bai/ ez motako galderetan ageri denez, erantzuna behar delarik erantzun hori ‘bai’ zein ‘ez’ izan daiteke (hots, (1)-eko perpausari baietz erran dakot zein ezetz erran dakot jarraipena eman lekioke). Horretarako arrazoiak hauexek dira:
19i. bai atlasean bai Norantz proiektuko galdetegietan ikusi dugunez, bai/ez motako galdera arruntetan -(e)netz erabil dezakete hiztunek -(e)n menderagailuaren parean, inolako gehigarri hautakari baten beharrik edo estimulurik gabe.
ii. Rebuschik (2013) azaltzen duenez, -(e)netz bera bateragarria da ezezkako galdera batekin eta hori nekez ezkontzen da ‘ala ez’ egitura edo interpretazio batekin. Rebuschik Larzabalen adibide hau dakar:
(7)
|
Jin zitzaukun galdea ean ez ginenetz atez tronpatzen (P. Larzabal, Antzerki Laburrak, 1930-64).
|
20Ez da askorik kostatzen 20. mendetik honako adibide gehiago aurkitzea:
(8)
|
Aditzen dut ene sahetseko apezñoa, han balitz bezala izaitez, ez baitakit ez dutanez ere ene burua itzultzen haren gana (J. Etxepare, Beribilez, 1931)
|
(9)
|
Huna bertsu zahar zonbait. Erradazue ez dutenetz, funtsetik landa, truskil aire bat (P. Lafitte, Euskal Literaturaz, 1990)
|
(10)
|
Horra zeri pentsatzen zuen… Eta bere baitan zion heian zertan zitaken mariñelaren amodioa, ez zenez ote urean itoxea untziarekin batean? (J. Etxepare Landerretxe, Mendekoste Gereziak, 1962)
|
(11)
|
Lege berri bat agertzen denean horrek du erran behar, galdetua izaiten bazaio behin, lege horrek ez duenetz deusetan kolpatzen edo trabatzen lege nagusia (Herria, 2013/01/17)
|
(12)
|
Galde egin zuen … ea ez ote zenetz arto hura transgenikoa (A. Luku, Garazin antzerki 3, 2021)
|
|
21iii. Hirugarrenik, -(e)netz duten perpausak eurak egitura hautakari batekin koordina daitezke, are ‘ala ez’ bezalako batekin. Azken datu hau (‘ala ez’ egiturarekin bateragarri izatea) Rebuschik (2013) aipatzen du oinohar batean eta adibideak gutxi eta bakanak direla dio. Hala ere, gauzak ez dirudi hala direnik. Norantz proiektuko C171 itemaren itzulpenak ikusi besterik ez dago:
(13)
|
« J’ignore si cela vous est, ou non, déjà arrivé »⇒
|
|
a. Iñoatzen dit hoi deja agitü zaizünez ala ez
|
|
b. Eztakit hori deja agitü zaizünez ala ez
|
|
c. Ez dakit hori jadanik gertatu zautzunez ala ez
|
|
d. Eztakit zuri jadanik gertatu zauzun ala ez
|
22Aukera hori baliatu dutenen hiztunen artean zuberotarrak eta baxenafartarrak dira. Eta literaturaren tradizioan ere topatu ditut halako adibideak, batzuk aspaldikoak:
(14)
|
Zer izanen da bada dudan othoitz egiten dutenez dudatzen dutelarik Iainkoak enzunen dituenez bai, ala ez? (J. Leizarraga, Katexismea, 1571)
|
(15)
|
Eztezazula iharduki halako tentazionearekin, ea konsentitu duzunz edo ez… (S. Pouvreau, Gudu Espirituala, 1665)
|
(16)
|
eta egunak diraueino hainitz aldiz examinatu behar gare ikusteagatik ea konplitu ditugunz edo ez, … (S. Pouvreau, Gudu Espirituala, 1665)
|
(17)
|
Hori eginik, etzaitezila iar gogoeta egiten ea Iainkoak barkhatu derautzunz edo ez (S. Pouvreau, Gudu Espirituala, 1665)
|
(18)
|
Eta orai nago zorion hori izanen othe dudanez oraino, ala ez (J. P. Duvoisin, Liburu ederra, 1856)
|
(19)
|
Bainan, nola bethi ohean baitzauden, kexaturik, erran zioten berriz ere nausiak: hean jeiki gogo zutenez, bai ala ez? (J. Barbier, Ixtorio-mixterio, 1929)
|
23Ikuspegia [-(e)netz + ala] egituretara aldatzen badugu, orduan adibide gehiago sumatzen dira:
(20)
|
Gutiziek bortizki zerabiltzate ardura, sutan ezartzen zituztela: beha ordean ontsa, ohoretan ari zirenetz ala gehienik zuhauren onetan (L. Leon, Jesu-Kristoren imitazionea, 1929)
|
(21)
|
Jaun auzapeza dudan dago ordaindu behar duenetz ala hortik alde egin (D. Landart, Nola jin, hala joan, 1985)
|
(22)
|
Ez nakien ostatu batean pasatu behar nuenez gaua ala ospitaleraino joaiten ahal nintzen (J. Etxepare Landerretxe, Mendekoste Gereziak, 1962)
|
24Labur esanda, -(e)netz menderagailuak -(e)n menderagailuaren aldaera dirudi eta, hark bezala, ezezkako galderetan eta egitura hautakarietan agertzea onartzen du. Aldaeren ugaritasuna lotuta egon liteke, Lafittek (1962) aditzera ematen duen bezala, instrumentalak sarritan erakusten duen poliformismoarekin (noiz -z, noiz -tz).
25Aurretik esan dut -(e)n eta -(e)netz menderagailuen arteko aldea hauxe dela: bigarrena
26ez da posible galdetzaileekin, bai/ez motako galderetan soilik da zilegi:
(23)
|
a. Ez dakit nor den eri
|
|
b. *Ez dakit nor denetz eri
|
|
cf. c. Ez dakit Maddi eri denetz
|
27Hortaz, iduri du biak galderazko perpaus guztiek partekatzen duten tasun morfosintaktikoren batekin datozela bat, baina lehenak [NZ], [+galdetzaile] alegia, tasuna duen bitartean, bigarrenak horixe falta duela. Mikrobariazio hori honela formula genezake informalki, zehargalderak ezaugarriztatzeko [Q(uestion)] tasuna nahiko dela baderitzogu (Adger 2003):
(24)
|
a. -(e)n, Konp, [Q], ([*NZ])
|
|
b. -(e)nez, Konp, [Q]
|
28Hots, -(e)n menderagailu edo konplementatzaileak galderei lotutako tasun morfosintaktikoa dauka eta, gainera, aukeran (euskaraz normalean ezkerretara mugitzen diren) galdetzaileek duten tasun morfosintaktikoa erkatu/zilegiztatu dezake; -(e)nez delakoak, aitzitik, zehargalderak sortzen ditu, baina galdetzailerik gabekoak.
29Bestalde, Rizzi (1997) lanetik aurrera ohikoa da gramatika sortzailean onartzea garai bateko KonpS hizkuntza askotan bi burutan bana daitekeela: indar ilokutiboa markatzen duen buru bat, Indar, eta aditzaren morfologiari lotutako Jokatu burua (ingelesez, Finite). Euskaraz, Rizziren ideia hori Ortiz de Urbinak (1999) aplikatu du eta proposatu zehargalderetako ‘ea’ Indar buruaren gauzapena dela euskaraz eta -(e)la, -(e)n bezalako menderagailuak Jokatu buruak direla, buru-azken gisa gauzatuak:
(26)
|
Indar-S > TopS > FokS > Jok > DnbS
|
(27)
|
Galdetu du [IndarS ea [JokS libururik erosi du [Jok -en]]] [O. de Urbinaren 17b]
|
30Ikuspegi horren arabera, Indar eta Jokatu buruen sintagmen artean ager litezke mintzagaiak eta fokuak edo galdegaiak (galdetzaileak barne). Guri interesa zaigun puntuari dagokionez, -(e)n eta -(e)netz menderagailuak Jokatu buruaren gauzapen lirateke. Ez harrigarriro, bata eta bestea bateragarri dira ea buruarekin, noski (eta gaur egungo hiztunek ere hala dela berretsi didate):
(28)
|
a. Lehia zadien eman ere zakon norbeitek sista bat gizon gazte hari berari: ea etzitzaizkonez, bere mintzoaren adiarazteko, inguruan zituen entzule hek aski? (J. Etxepare, Buruxkak, 1936)
|
|
b. Ikusteko heian ba denez etxe huntan, harma, plaztika, bonba edo zerbait gauza hirriskudun. (D. Landart, Bai ala ez, 1969)
|
31Beraz, menderagailuak egiazki Jokatu kategoriako elementuak badira, arestiko karakterizazioa poxi bat aldatu beharko litzateke:
(29)
|
a. -(e)n, Jokatu/Finite, [Q], ([*NZ])
|
|
b. -(e)nez, Jokatu/Finite, [Q]
|
32Gai honetaz berriki jardun duen bakarra, nik dakidala behintzat, Rebuschi (2013) izan da. Rebuschik -(e)netz menderagailua (sinkronikoki) bi morfematan zatitzen du: -(e)n + -etz, baietz/ezetz hitzen antzera eta -etz delako morfema Foku buruarekin lotzen du. Proposamen honekin arazo bat gutxienez ikusten dut: ez zait batere argia iruditzen -etz horren ekarpena foku-markaketa denik (izan ere, badira -(e)netz menderagailua duten perpausak eta itxura batean inolako fokurik ez dutenak). Ezezko zehargalderetan ere, posible da adizki jokatua bere lekuan gelditzea, Ortiz de Urbinaren (1995, 1999) lanetan behintzat adizki jokatuaren aurreratzerik (eta beraz foku esturik ere) ez dagoela salatuko lukeen ezaugarria:
(30)
|
Eta batere ez dakit nigar ere egin ez dutanez (J. Barbier, Piarres II, 1929)
|
33Iruditzen zait -(e)netz menderagailua gaurko ikuspegitik (ez diakronikoki) bitan banatzekotan argiago geratu beharko litzatekeela zein den menderagailuaren ñabardura -(e)n menderagailu soilarekin erkatuta.
34Argi izpi bat Monforteren (2018, 2020) lanetan egon liteke agian. Izan ere, bi datuk bat egiten dute hemen:
35i. -(e)netz menderagailuaren hedadura geografikoa eta bai/ez motako galderetako -a partikularena antzekoak dira gaur egun neurri handi batean (hau da, Zuberoa, Baxenafarroa eta Lapurdiko eremu handi bat);
ii. ez bata ez bestea ez dira nahitaezkoak euren erabileran. Hots, -(e)netz erabiltzen duten hiztun gehienek -(e)n ere erabil lezakete eta -a erabiltzen dutenek bai/ez motako galdera bat -a partikularik gabe ere egin dezakete (Monforte 2018, 2020). Monforteren (2020: 168) arabera, -a partikula performatiboak duen ñabardura semantiko-pragmatikoa da hiztunak solaskidearen arreta erakarri nahi duela, dela bai/ez edo ekintza bidezko erantzun bat jasotzeko, dela proposizioaren berrespena jasotzeko; baina bai/ez motako galdera -a gabe ere egin liteke.
36Monfortek (2020) bere analisi sintaktikoan -a partikula performatiboa DnbS eta JokS proiekzioen gainetik kokatzen du, Kanpo-Partikula Sintagmaren buruan. Beraz, demostratuko balitz -(e)nez menderagailuak (-(e)n orokorraren aldean) duen ñabardura semantikopragmatikoa dela nolabait seinalatzea solaskideari (edo irakurleari) zehargaldera egiazki irekia dela eta bai/ez balio biak dituela zabalik, hots, -a partikula performatiboaren antzeko ñabardura duela, orduan ontzat eman genezake agian -(e)netz bai Jokatu buruarekin bai Kanpo-Partikula buruarekin lotzea (-(e)n + -(e)(t)z zatiketa eginez). Bestela esanda, perpaus nagusietan -a partikula performatiboak okupatzen duen posizio sintaktikoa okupa lezake delako -e(t)z morfemak. Gaurkoz, datu gehiagoren esperoan, (29)-ko proposamen kontserbatzaileagoari eutsiko diot, -(e)netz forma bakarra balitz bezala hartuta.
37Bukatze aldera, zubereraren egoera aipatu behar dut: esana dugu jada Norantz proiektuko informatzaile zuberotar guztiek hautatu zutela -(e)nez bai/ez motako zehargalderetan. Are gehiago: hiztun batzuentzat behintzat, badirudi horrelako zehargalderetan -(e)nez erabiltzea beste aukerarik ez dagoela:
(31)
|
a. * Amak galtatü deit eri nizan [M. Bedaxagar, k. p. ]
|
|
b. Amak galtatü deit eri nizanez
|
- 8 (29)-ko eskematxoa zubererarako honelako zerbait litzateke:
(i) zuberera
-(e)n, Jokatu/Finite, [Q], [ (...)
38Datu horiek bat datoz, esaterako, Etxebarnek (2015: 79) zeharka deskribatzen duen egoerarekin: galtatü deiot jinen denez vs galtatü deit nor jin den. Datuok berresten badira, Zuberoako euskaran bai/ez motako zehargalderetan -(e)netz menderagailua litzateke aukera bakarra eta -(e)n + z konbinazio hau erabat gramatikalizatuta legoke testuinguru sintaktiko horretarako. Datozen ikerketek argituko ahal dute puntu hau.8
39Laburbilduz, artikulu honetan gaur egun Ipar Euskal Herriko hizkeren ezaugarri den -(e)netz menderagailuaren morfosintaxia eztabaidatu dugu eta sumatu dugu, Larramendirengandik (1729) datorkeen ikuspegiaren kontra, menderagailu horrek ez duela ‘ala ez’ egitura hautakaria ezkutatzen eta -(e)n menderagailuaren aldaera dela, bai/ez motako galderetara murriztuta. Delako -(e)netz menderagailu hautakariaren teoria berau ezezkako zehargalderetan posible izateak eta egitura hautakariarekin bateragarri izateak gezurtatzen dute, Ipar Euskal Herriko testu modernoetan eta gaurko hiztunengan sumatzen den bezala. Ikerkizun dago zein den -(e)netz menderagailuaren ñabardura semantiko-pragmatikoa (halakorik badago behintzat); nolanahi ere den, beronek zehargalderetako [Q] tasun morfosintaktikoa izango luke eta, ikuspegi bimorfematikoa onartzekotan (i.e. -(e)n + -e(t)z), hipotesi modura esan dugu -e(t)z morfemak -a partikula performatiboak betetzen duen lekua bete lezakeela. Zubereraz, aitzitik, -(e)netz menderagailua (-(e)nez aldaera hain zuzen) aukera bakarra izan liteke hiztun askorentzat bai/ez zehargalderetan.