Jon Casenave: literaturaz amoroski
Notes de l’auteur
Jon Casenaveren produkzioaz ikuspegi osoa ukateko gisan, ikus: <https://hal.science/artxibo-01200682>, <https://iker.cnrs.fr/wp-content/uploads/2021/02/casenave.pdf>, <https://www.ehu.eus/fr/web/elebilab/jean-casenave>.
Texte intégral
1Euskararen, eta beste hizkuntza-gutitu batzuen, hainbat jakintza-alorretako adituen izenak aurkituko ditu irakurleak hemen. Hala Literaturan (M. Ayerbe, I. Borda, J. Casenave, K. Dolharé - Çaldumbide, X. Etxaniz, K. Etxeverry, E. Hupel, J. Kortazar, H. Le Bihan, M. Lopez Gaseni, S. Moal, MJ. Olaziregi, A. Ortiz de Pinedo, L. Otaegui). Hala Didaktikan (S. Bedouret, N. Blanchard, L. Diaz de Guereñu eta B. Garaio, P. Escudé, M. Ezeizabarrena eta A. Murciano. I. Garcia Azkoaga, I. Idiazabal, B. Lazcano, I. Manterola, A. Olçomendy, A. Rodriguez-Aguirre, M. Sarasua eta R. Elosegui). Hala Hizkuntzalaritzaren, Soziolinguistikaren eta Eleaniztasunaren alorretan (G. Agresti, X. Artiagoitia, B. Coyos, A. Elordieta, R. Etxepare, M. Jouitteau, J.-B. Orpustan, M. Pourquié, P. Sauzet, N. Sorba, K. Zuazo). Hala Etnografian (M.-A Chateaureynaud, G. Denis, X. Itçaina, E. Mourguy Capelier) ala Historian (C. Choplin, P. Etcheverry, J.-P. Gonzalez-Epherre eta B. Oihartzabal, E. Urrutikoetxea).
2Irakaskuntza-alorrean Jon Casenavek, formatzaile bezala eta kudeatzaile bezala, erakutsi izan duen inplikazioa nabarmena izan da bereziki Frantziako lurralde-hizkuntzetako Agregazio sailaren barnean 2018-2019 ikasturtetik aitzina euskal Agregazioaren kreatzea eta buru izatea beregain hartu zituelarik.
- 1 Ikus adibidez, “Irakasleen formakuntza, frantses ereduan” komunikazioa (2008), “Elebidun: un projet (...)
3Azpimarratzekoa da, bestalde, euskararen didaktika-eremuaren inguruko ikerketetan urtez-urte egin izan duen ekarpena1. Lan hori mugazgaindi eraman izan da, eskus-esku, IKER UMR 5478 (CNRS-UBM-UPPA) eta ELEBILAB/EHU ikerketa-laborategiekin.
4Literatura-ikerketari doakionez, frantses letretako irakasle delarik bigarren hezkuntzan (frantses Letra Modernoetako CAPESduna eta Agregaduna da), jauzi bat egiten du Jon Casenavek De l’article de presse à l’essai littéraire: “Buruchkak” de Jean Etchepare deitu doktoradutza-tesia Jean-Baptiste Orpustanen zuzendaritzapean, euskal ikasketetan prestatuz, 1997an egiten duelarik presentaldia.
5Jon Kortazarren arabera, Jon Casenaveren tesiak, Mari José Olaziregiren Bernardo Atxagaren irakurlea deitu tesiarekin batera, bihurgunea markatzen du euskal literaturari doazkion ikerketetan:
- 2 Kortazar Jon, “Recherches sur la littérature basque (Research in connection with Basque literature) (...)
Les thèses de María José Olaziregi (Bernardo Atxagaren irakurlea “Le lecteur de Bernardo Atxaga”), dont la méthode combine la sociocritique et l’esthétique de la réception, et le travail de Jon Casenave sur Jean Etxepare présentés récemment annoncent des temps nouveaux.2
- 3 “Michel Elissamburu-ren Frantziako hirur Errepubliken ixtorioa laburzki (1890)” (1994).
- 4 “Etxahun-Barkoxe (1786-1862). Du mauvais sujet au mythe littéraire” (2002).
- 5 Tesiaz gain, ikus ere adibidez “Jean Etchepare: idazle ausarta, gizon argitua (2004).
- 6 “Salvat Monho (1749-1821): un poète basque érudit au temps de la Révolution” (2020).
- 7 “Leturiaren egunkari ezkutua (1957): Haustura bat euskal narratiban?” (2007).
- 8 “ La réception de Ramuntcho au Pays basque (1897-1925)”, (2002); Ramuntcho (1897): Pierre Lotiren s (...)
- 9 “ Le Pays basque décrit par Francis Jammes” (2002).
- 10 “D.J. Garat-en Lettre sur Bayonne et sur les Basques -08 02 1783- Mercure de France aldizkarian” (2 (...)
6Ulertu behar da Jon Casenavek, euskaraz idazten duten autoreei buruz ari delarik (Mixel Elizanburu3, Etxahun Barkoxe4, Jean Etxepare5, Juan Mari Lekuona, Monho6, Txillardegi7), edo euskal gaiak frantses hutsez tratatzen dituztenei buruz (Loti8, Jammes9, Francisque Michel, Dominique-Joseph Garat10), edo bi hizkuntzetan izkiriatzen dutenei buruz (Lhande), euskal literaturaren historiografiaz ere ari dela. Haren xedea noizpait euskal literaturaren historiografiaz saiakera baten gauzatzea eta argitaratzea baita.
7Tituluek berek salatzen dute batzuetan egilearen xede hori “Pierre Lhande eta euskal literaturaren historia” (2008) eta “Francisque Michel eta euskal literaturaren historia” (2009) artikuluetan bezala. Helburu horri datxikola, euskal literatura-eragile batzuen oroitzaren berpizteko borondatea ere hor dago present:
- 11 “Pierre Lhande eta euskal literaturaren historia” (2008).
Egungo egunean doi bat ahantzia baldin bada ere, gogoratu behar da Pierre Lhande eragin handiko gizona izan dela, XX.mende hastapenean. Orduko euskal kulturaren anitz sailetan ari izana da lanean eta hiztegi egile bezala egon baldinbada gure oroitzapenetan, gogorarazi behar da eleberri eta saiakera egile gisa bildu zuela bere famarik handiena.11
- 12 Ikus ere “Saiakera, sail bat beti auzitan.” (2002).
- 13 “Juan Mari Lekuona, hitzaurre egile: ‘Irakurle idealaren’ idazkera zehatza” (2009).
8Langai berdinari lotua, genero-literarioez molde sistematikoan aitzina baderaman gogoeta. Jean Etxepareren Buruxkak tesigaitzat hautatzen duelarik, kazetaritzak saiakerarekin ukan dezakeen lotura zaio gogoetagai, tesiaren tituluaren lehen zatiak salatzen duen bezala: De l’article de presse à l’essai littéraire...12. Idem, Txillardegiren Leturia (1993) edo Pierre Lhanderen Yolanda (2007; 2023) etsaminatzean euskal nobela du aztergai. Juan Mari Lekuonak bere bizi poetikoan idatzi izan dituen hitzaurreak analizatzen dituelarik berriz13, euskal letretan hitzaurreek tresna teoriko bezala bete izan duten lekua du jomugan. Eta Frantziako Iraultzagaraietan idazten duen Salvat Monho euskal poetaren lana ikertzean, XVIII.mende bukaeran euskal poeta erudito horren kasua zaio adierazgarri.
9Jon Casenaveren Euskal literaturaren historiaren historia: Gurea nola konda? saiakera (2012; 2021), erran daiteke 1997ko doktoradutza-tesia aitzinetik datorren gogoeta dela eta, berdin, tesiaren ondotik jarraikitzen duela continuum batean. Hots, aspaldiko langai baten ondorioa dela. Hau zioen 2012an:
- 14 “Jon Casenave: Aurkako kontaketari ez diogu ematen behar duen tokia”, Juan Luiz Zabalak egin elkarr (...)
Alde batetik, gogoa nuen euskal literaturaren historiaren historia egiteko. (...) Bestaldetik, azpi-izenburuak dioen bezala —Gurea nola konda?—, gogoeta bat egin dut ikusteko preseski Euskal Herrian nola kontatu dugun orain arte gure literaturaren historia”. (...) Badirudi gaur egun euskal literaturaren historiaz modelo edo patroi bakar bat erabiltzen dela, kontsentsuala bilakatu balitz bezala. (...) Eredu hori Koldo Mitxelenak finkatu zuen 60ko hamarkadan. Euskal kulturaren eta euskal literaturaren ‘baldintzak’ asko aldatu dira harrezkero, baina, hala ere, ‘aukera historiografiko berberak’ erabiltzen jarraitzen da, oro har. (...) Mitxelenak finkatutako ereduak egindako hiru aukera nagusiak honako hauek dira: euskaraz idatzitako baino ez zituen aukeratu Mitxelenak; Euskal Herri osoan agertutako obrak ziren; soilik helburu literario batekin idatzi ziren obrak aukeratu zituen. (...) Badira ordea, ‘zalantzazko puntu batzuk’ Mitxelenaren ereduaren inguruan. (...) Erran daiteke ikuspegi teleologikoa nagusitzen dela, erran nahi baita iruditzen zaigula egiazko literatura aurrean dugula, oraindik idazteko dagoela”. Horren ondorio kaltegarri bat da ez dela behar bezala balioesten ondarea, “jadanik idatzia izan dena”. (...) Gurean, ez diogu behar den tokia ematen aurkako kontaketari, aurkakontaketari, erran nahi baita ez ditugula kontuan hartzen eredu kontsentsualari egiten zaizkion kritikak eta oharrak.14
10Bukaerarako utzi dugu sorkuntza-abotsa. Intimoena. Jakina da Jon Casenavek Ordu alferren segida poema liburuarekin 1984ean Azkue saria lortu zuela. Ondoko urtean Itxaro Bordak liburu sarituaz egin zion elkarrizketatik zati hauk hartu ditugu:
- 15 Argia aldizkariarentzat, Itxaro Borda.
A.15 -Ordu alferren segida hori aipa ezak...
J.C.–Gizon zahar baten autobiogratra da, poemaz prosaz, bertsoz hornitua, gazte zenean dohain guziak bazituen, eta arrakasta handia erregearen kortean... Gero erresuma hura erregez aldatu zenean, errege berriak gaztigatzeko kanpo igorri zuen, bere burua salbatzeko eta nolabait bizitzekotan joan zen, Erromes ibiltzen da, janaren eta ohearen truke bertsoak kantatuz: izena, izana, dena galtzen du... Azkenean Negumendira doa hiltzera preparatzeko eta bere bizitzaren istorioa kondatzeko idazten hasten da... Hori da liburuaren gaia...
(...)
- 16 “Jon Casenave ordu alferren segidan”, Itxaro Bordak egin elkarrizketa, 1985eko azaroaren 03ko Argia (...)
A.-Zer irakurketetan oinarritzen duk hire filosofia?
J.C.–Ez da irakurketa berezi batean oinarritua... Idatzi baino lehen idazlea irakurlea da (eta ez beti irakurle hoberena, idazlea tronpatzen baitu) orduan, niretzat idatzi aintzin idazle batzu miresten ditut. Eman dezagun ez balitz Yourcenar, Tournier, Le Clezio, Lacarriere edo Kenneth White bezalakorik izan ez nuen sekulan idazteko gogorik sendituko... Ongarri bezala gelditzen dira, beste batzuren baitan bultzatzaile edo indar emaile bezala agertzen dira... 16
- 17 “Jon Casenave sinboloaren bidean”, Jon Kortazar in Luma eta Lurra, euskal poesia 80ko hamarkadan, 1 (...)
- 18 Ikus “Jon Casenaveren Zutaz amoroski poesia liburua eman diote Euskaltzaindiari”, 2020ko urriaren 2 (...)
11Zazpi urte lehenago, 1978an, Zutaz amoroski17 (Ustela saila-5, 1978) poema liburua bi irudigileren ilustrazioz apaindurik agertu zuen18, eta handik gutxira Mattin Larzabalekin batera sinatzen zuen Azkenean dilindan (Ustela-saila-8, 1978) nouvelle edo narrazio laburra. Ondotik, 1981ean, Itsu-mandoka: kontu xume, joko krudel (Ustela saila-16, 1981) narrazio bilduma publikatu zuen Sakatrapu-ren marrazkiekin. Josu Landak eta Iñaki Uriak 1982an Jon Casenaveri eta Ladix Arrosagarairi Argia-rako egin zieten elkarrizketa molde honetan hasten zuten:
- 19 “Iparraldean Ez da kasik literaturarik egiten”, Josu Landak eta Iñaki Uriak egin elkarrizketa, 1982 (...)
Hegoaldean gutxiegi dakigu iparraldeko idazleetaz. Dena dela, Jon Casenave eta Ladix Arrosagarai beste inor baino gehiago entzun ditugu ziur aski. Beraiek dira, Mikel Hiribarren-ekin batera, idazle gazteen artean talderik homogeneoena osatzen dutenak, Iparraldean taldeaz hitzegitea ere mirakulua bait da. Ladixek kaskua eta anteojo beltzak ipini zituen, eta Jonen pipa solaskide genuela, magnetofoiaren aurrean ekin genion hizketaldiari. 19
12Prentsa-artikulu horretan Iparraldean diren Ladix Arrosagarai, Jon Casenave eta Mikel Hiribarren 1979tik aitzina hizkuntzaz eta literatura-gaiez mintzatzelo elkarrekin biltzen direla eta garai batean Maiatz aldizkariaren sorrerarekin (1981) egiten dutela topo ageri da. Adierazgarriak dira Ladix Arrosagarairen orduko eleak, demagun:
- 20 op. cit.
Nik uste dut orain arte bakoitza bere aldetik ibili dela. Halere, taldeño batzu sortu dira. Gu, eman dezagun, gu biok eta Mikel Hiribarren, lanean ari izan gara hiru urte elkarrekin. Eta pentsatzen dut beste batzu ere. Orain berritikan sortu da Maiatz aldizkaria, eta aldizkari horren xedea da, piska bat, jendea biltzea. Dena dela, ikusi behar da zer emanen duen. Hor ere erran behar da jendea geografikoki denetan dagoela. Badira Zuberoan, Baxenafarroan, etabar. Baita Parisen ere. 20
13Landak eta Uriak galdegiten dietelarik “ Sakabanatuak zaudete beraz... Lotura handirik gabe.”, bi elkarriztatuek Iparraldeko literatura-egoeraz Status quaestionis-a egiten dute, beren ezagubidea bide batez agerian ezarriz:
- 21 op. cit.
LADIX.- Eta gainera aldizkarian bertan ikusten da ez dagoela homogeneitaterik batere. Ez dago aurretik pentsatutako gauzarik, ez. Bakoitzak egiten du testu, eta aurrera...
JON.- Bai hizkuntza aldetik, bai estilo aldetik. Arrunt diferenteak dira eskribitzeko moduak, narratzeko moduak... Tradiziozko Obrak ez dira publikatuak. 21
14“Eta zuek hiruron talde txiki horretara mugatuz, zein zen zuen xedea?” galderari Jon Casenavek erantzuten duelarik ohargarria da ikustea 1979-1982ko epe horretan mamitzen hasia duela jadanik hogeitamahiru urte geroago Euskal literaturaren historiaren historia: Gurea nola konda? saiakeran konkretatuko duena. Elkarrizketatuen bien erantzunak osagai direnez, zitatzen ditugu:
- 22 Ikus ere in op. cit. Jon Casenavek eta Ladix Arrosagarai-ek aipatzen dituzten Iparraldeko hizkuntza (...)
JON.- Lehenik, doi bat, hauxe zen gure xedea: badugu iparraldean tradizio literario bat baina guk ez dugu kasik deusik leitu. Hor problema bat bait dago. Liburuak eta tradiziozko obra horiek ez dira publikatuak. Ditugun testuekin, publikatuak diren testuekin (Landart, Laffite, Etxepare, Axular, etabar), hasiera batetan, egin genituen hizkuntzari buruz halako pentsaketak edo. Izaten ginen horri buruz eritzeko piska bat. Ikusiz iparraldean zer nolako joskera-moeta erabiltzen den, zer hiztegi, etabar. Nolabaiteko pentsakera abstraktoa...
LADIX.- Ez hain abstraktoa. Nik uste dut gehien batez aritu garela hizkuntzaren inguruan. Batzutan nahiko abstraktoki, baina bestetan gure saioak eginez, ideia horiek praktikara eramaten. Gero ez dugu segitu eta horretan gelditu da. 22
15Jon Casenavek kolaborakuntza sakona ukan izan du Peio Çabalette musikariarekin bai Bidaia kantataren (1993) eta bai Ilargi xendera operaren (1996) testuegile bezala. Operari doakionez berak dio:
- 23 “Opera berriaren bila abiatu arren ez genuke inoren eredu izan nahi”, Maite Artolak egin elkarrizke (...)
Taulan bi pertsonaia nagusi ageri dira: gizon zaharra eta parez pare mutikoa. Antzerkigileak du (Ramon Albistur) zaharraren papera: oihanean bizi den saskigilea da eta mutikoaren maisu bihurtuko dena, naturarekin dituen harreman bereziak erakutsiz. Mutiko gaztearen papera, berriz, Beñat Axiari bakar kantariak darama. Umezurtza izanik, bere sorlekuan ez du lekurik kausitzen eta saskigileak naturari buruz erakutsitakoekin beharko du bidaiatu, kanpoa ezagutu. (...) Dantzariek naturaren agerraldia irudikatzen dute eta Catherine Estorelle sopranoak, ostera, ilargia itxuratzen du. Opera honek dituen une bereziak azaltzeko, aldaketen ezaugarri eta naturaren printzipio dugun ilargiari ahoa jartzea bezalakorik ez zegoen.23
- 24 op. cit. 26 op. cit.
16Testuak behar zuen lirikotasuna azpimarratu du “naturaren ikuspegi barnekorra” nahi zutelakoz Çabalettek eta biek: “Operaren lehen zatirako, mendian udazkenak duen tonu gorrixka musikatu zuen Zabalettek eta nik ere hitzen bidez sasoi horretan mendian aurkitzen den giroa lerroratu behar nuen, zuhaitzak eta lainoak ere bizidun gisa agertaraziz.”24 Elkarrizketa horretan, kazetariak “Euskarak ba al du eskaintzekorik lirikotasun horren harian?” eskatzen diolarik, Jon Casenavek bere sortzeko euskararen berezitasunaz eta fransesezko (auto)itzulpenak eman dion lanaz xehetasun berezi batzuk egiten ditu:
Asko duela [euskarak] ohartu gara “Ilargi xendera”ren frantses testuarekin alderatu ondoren. Txikitan ikasi nuen euskara, Iparraldean egiten dena, lotua dago guztiz naturarekin. Koloreak, usainak, zuhaitz eta xorien izenak oroitzapenetan ditugu eta hori zuzen-zuzenean igarotzen da poesiara, ahaleginik gabe. Frantsesez, berriz, doinu hori aski hila da, apala eta zaila hizkuntza poetikora hurbiltzen. Euskal bertsoek nire frantsesa berritzera bultzatu naute.26
17Hitzaurre honen bukaerara Maite Artolak bere elkarrizketaren ondarrean egiten dion galderarekin batera helduko gara. Preseski, kazetariak operaren testuegileari “Proiektu honetan buru-belarri, non gelditu da Ordu alferren segida poesia liburua idatzi zuen Jon Casenave?” galdetzen diolarik zerbait gertatzen baita. “Poesia” hitzaren entzuteak ote du Jon Casenaveren baitan zerbait mugiarazten? Zerbait abiarazten? Dena den, dudarik ez, molde berezian erantzuten diola orduan kazetariari.
- 25 op. cit.
18Bada, Jon Casenavek orduan egiten duen ateraldian lagunen arteko konfidentziek ukaten duten kutsua. Nola abiatu zen idazten jakiten dugu, “Koldo Izagirrek bultzaturik hasi nintzen idazten eta liburu hari esker lortu nuen 1984an Azkue saria.” Zergatik poesiaren argitaratzetik gelditu zen Ordu alferren segida geroztik, “Horren atzetik beti aritu naiz poesia idazten, baina argitaratzeari utzi nion beti berdina idazten nenbilela iruditzen baitzitzaidan.” Garaian (1996), ikerketan jorratzen duen alorraz molde motzean baldin badio “Iparraldeko idazleak ikertzen jardun dut”, bere sentimendu guztia sorkuntzari doakion azkeneko lerroan du borobiltzen “eta idazteko molde berriak entseiatzen ari naiz. Horien fruituak goiz ala berandu agertuko dira.” 25
19Aurelia Arkotxa
2023 07 20
(Bergerac,Aremorikako lur-mihia eta Hendaiaren artean)
Notes
1 Ikus adibidez, “Irakasleen formakuntza, frantses ereduan” komunikazioa (2008), “Elebidun: un projet de recherche sur l’apprentissage bilingue basque-français à l’école (primaire)” [Itziar Idiazabalekin, Ibon Manterolarekin eta Beñat Lascanorekin batera] (2015) edo “Zein da oraiko ikasleen eskolatzeko moldatzen dugun euskara mota” (hitzaldia eta idatzaldia, in Euskararen munduak: indar-guneak eta erronkak, Euskal Etnopoloa/EKE, 2018ko ekainaren 29a.
2 Kortazar Jon, “Recherches sur la littérature basque (Research in connection with Basque literature), in Oihenart 19, Eusko Ikaskuntza, 2002, 273-278.
3 “Michel Elissamburu-ren Frantziako hirur Errepubliken ixtorioa laburzki (1890)” (1994).
4 “Etxahun-Barkoxe (1786-1862). Du mauvais sujet au mythe littéraire” (2002).
5 Tesiaz gain, ikus ere adibidez “Jean Etchepare: idazle ausarta, gizon argitua (2004).
6 “Salvat Monho (1749-1821): un poète basque érudit au temps de la Révolution” (2020).
7 “Leturiaren egunkari ezkutua (1957): Haustura bat euskal narratiban?” (2007).
8 “ La réception de Ramuntcho au Pays basque (1897-1925)”, (2002); Ramuntcho (1897): Pierre Lotiren sartzea Euskal Herrian (2003).
9 “ Le Pays basque décrit par Francis Jammes” (2002).
10 “D.J. Garat-en Lettre sur Bayonne et sur les Basques -08 02 1783- Mercure de France aldizkarian” (2005) ; Recherches sur le peuple primitif de l’Espagne, (1811), D.J Garat. Edition critique d’un texte inédit, assortie d’une présentation et d’une analyse du document (2007).
11 “Pierre Lhande eta euskal literaturaren historia” (2008).
12 Ikus ere “Saiakera, sail bat beti auzitan.” (2002).
13 “Juan Mari Lekuona, hitzaurre egile: ‘Irakurle idealaren’ idazkera zehatza” (2009).
14 “Jon Casenave: Aurkako kontaketari ez diogu ematen behar duen tokia”, Juan Luiz Zabalak egin elkarrizketa, 2012ko ekainak 01., Berria egunkarian.
15 Argia aldizkariarentzat, Itxaro Borda.
16 “Jon Casenave ordu alferren segidan”, Itxaro Bordak egin elkarrizketa, 1985eko azaroaren 03ko Argia astekarian.
17 “Jon Casenave sinboloaren bidean”, Jon Kortazar in Luma eta Lurra, euskal poesia 80ko hamarkadan, 1996: 295-303.
18 Ikus “Jon Casenaveren Zutaz amoroski poesia liburua eman diote Euskaltzaindiari”, 2020ko urriaren 26an, Diario Vasco-n. Artikuluan zehazten da “ Liburuaren edizio zaindua da [Begoña] Zubietak Azkue Bibliotekari laga diona, Jean Marc Lanusse eta Javi Etxenikeren marrazki eder batzuez hornitua. Gainera, egilearen ohar batzuk ditu, hark eskuz eginak.”
19 “Iparraldean Ez da kasik literaturarik egiten”, Josu Landak eta Iñaki Uriak egin elkarrizketa, 1982ko maiatzaren 30ko Argia astekarian. Oharra: zitatzen ditugun pasarteetan jatorrizko artikuluan diren errata-k zuzendu ditugu.
20 op. cit.
21 op. cit.
22 Ikus ere in op. cit. Jon Casenavek eta Ladix Arrosagarai-ek aipatzen dituzten Iparraldeko hizkuntza eztabaidak (bereziki euskalkien versus euskara batuaren inguruko problematikak).
23 “Opera berriaren bila abiatu arren ez genuke inoren eredu izan nahi”, Maite Artolak egin elkarrizketa, Argia-n 1996ko martxoaren 24ean.
24 op. cit. 26 op. cit.
25 op. cit.
Haut de pagePour citer cet article
Référence papier
Aurélie Arcocha-Scarcia, « Jon Casenave: literaturaz amoroski », Lapurdum, 24 | 2023, 05-11.
Référence électronique
Aurélie Arcocha-Scarcia, « Jon Casenave: literaturaz amoroski », Lapurdum [En ligne], 24 | 2023, mis en ligne le 01 juillet 2024, consulté le 01 décembre 2024. URL : http://0-journals-openedition-org.catalogue.libraries.london.ac.uk/lapurdum/4365 ; DOI : https://0-doi-org.catalogue.libraries.london.ac.uk/10.4000/127t3
Haut de pageDroits d’auteur
Le texte seul est utilisable sous licence CC BY-NC-ND 4.0. Les autres éléments (illustrations, fichiers annexes importés) sont « Tous droits réservés », sauf mention contraire.
Haut de page