1Estatu-nazioen neurrira eraiki den joko zelai dialektikoan Estaturik gabeko nazioei balore kulturala onetsi zaie, aldiberean adiera edo balio politiko oro ukatuz. Nazioaren bi teorien arteko ustezko bereizketa ageri da hor: alemaniatik teorizatu zen nazio etnikokulturalarena, eta Frantziako Iraultzari eratxikitzen zaion nazio demokratiko-zibikoarena.
2Estatu-nazioak zibikoak omen dira, demokratikoak alegia; Estatu izatera heldu ez diren nazioen auzia berriz hertsatzailea eta gibelkoia da, eta iraganaren nostalgiak (erromantikoa) ezaugarritzen du. Lehenak aurrerazaleak eta unibertsalak dira, bigarrenak aldiz partikularismoaren eta komunitarismoaren sustatzaileak. Frantziako Iraultzaren irakurketa jakin batek eragin duen paradigma aldaketaren itzal luzea ageri da hor.
- 1 AZURMENDI, Joxe, Hizkuntza, Nazioa, Estatua, Elkar, Donostia, 2017, 19 or.
3Haatik, Joxe Azurmendiren hitzei jaramon eginez, “ez dago nazio kulturalaren eta politikoaren oposiziorik; ez dago politikoa ez den nazio kulturalik”1. Eta ez dago kulturala ez den nazio politikorik, erantsiko nuke nik. Abiapuntuan eta ibilbidean dago diferentzia, eta nazio egitasmoari ezartzen zaizkion helburuetan.
- 2 ANDERSON, Benedict, L’imaginaire national, La Découverte, Paris, 2002.
4Benedict Anderson historialariari jarraikiz, nazioa ezin daiteke soilik iragan komun batean oinarritu2. Nazioaren iragan komuna ondotik eraikitako kontakizunaren emaitza baino ez litzateke. Elkarrekin bizitzeko hautua omen dago iturburuan, borondatezkoa. Horregatik dio Andersonek nazioa irudimenaren emaitza ere badela, hots, elkarrekin bizitzea erabaki dutenek irudikatua. Lurralde batean bizi diren herritarrek iraganetik jasotzen dituzten ezaugarri kulturalak herri baten partaide egiten dituen hein berean, etorkizunari begira partekatzen dituzten hautuek ere batzen ditu. Hortaz, Andersonen begietara iraganak bezainbeste borondateak du nazioa ezaugarritzen.
5Nazioaren eta hizkuntzaren arteko estekak errealitate egoskor bat irudikatzen du. Nazioaren adiera guztietan, Herodotoren garaitik gaur arte, hizkuntzaren ezaugarritzea (beraz kulturarena) oinarri-oinarrian aurkitzen da. Dela hizkuntza komunitate jakin bat irudikatzen duelako, edo dela hizkuntza komunitate berri bat eraikitzea xede duelako. Erran nezake, funtsezko korapiloa beste nonbait aurkitzen dela. Alegia, herritarren partaidetza sentimendua eragiten duten mekanismoetan. Kontua da, noiz hasten eta noiz bukatzen den herritarren borondatezko partaidetza sentimendua, eta zerk duen eragiten eta baldintzatzen.
6Historiak ibilbide bat irudikatzen du, nazioaren iragan komun bat ekartzen digu gogora. Lurraldea ezaugarritzen du, eta aurrera begira, herritarrek duten partaidetza sentimendu komuna irudikatzeko oinarri sendoa ere ezartzen du. Baina historia, herri baten oroimenaren gordailu den bezainbat oroimen kolektiboaren eragile ere baden heinean, interes kontrajarrien indar harreman esparru bezala irudikatzea ezinbestekoa da.
7Iruditeria sozialean oso barneratua dago Nazioaren izaera komunzki egun indarrean dagoen Estatuaren eta Nazioaren artikulaziotik eratortzen dela. Alta bada, ohargarri da betikotzat dugun hori, historiaren denbora lerro luzean gertatu berri den eraikuntza bat dela.
8Egun ebidentzia bilakatu den ustea, eraikuntza prozesu ideologiko baten emaitza baino ez da, non eta orainaldia, iraganaren interpretazioan oinarritzen den denborazkotasun gisa ezaugarritzen den. Hortaz, nola eraiki da Estatuaren eta Nazioaren arteko lotura bereiziezintzat duen Nazioaren ideia hori ? Nola da ikuskera hori adiera bakarrekoa bilakatu ? Oroz gainetik, Frantziako Iraultzaren herentzia gisa aurkeztua bazaigu ere, errealitate askoz konplexuagoa ezkutatzen du.
9Frantziako Iraultza garaiko idazkien eta hitzaldien berrikuspenak Nazioaren adiera ezberdinen existentzia erakusten du. Goitik behera eraiki batasunaren izenean ezberdintasunak oro desagertarazi behar zireneko ikuspegiak gaina hartu zuen, baina Frantziako Iraultza garaian uniformizazio jarrerak txarresten zituen eta herritarren nahiz herrien eskubideak aldarrikatzen zituen ideia korronte baten existentzia agerikoa da. Are, berdintasunean zedarrituko zen bestelako jendarte baten eraikuntza xedea, hizkuntza, kultura eta nazio aniztasuna aintzat hartzearekin bateragarria zitzaien. Alabaina, historiografiak konplexutasun hori erabat estali du.
10Frantziako Estatu-Nazioaren mitoaren genesiak, egungo errealitatearen iturburuan aurkitzen diren justifikazio ideologikoak argira ekartzen dizkigu. Izan ere, frantziako Iraultzaren kontakizuna proiektu ideologiko jakin baten zerbitzura idatzi da, nahitara baztertu direlarik historiaren bihurgune horretan zabaldu ziren beste bide posibleak.
11Frantziaren kasua paradigmatikoa da. Esan bezala, 1789Ko Iraultzak du Estatuaren eta nazioaren arteko artikulazio modernoa zedarritzen. Iturburuan, aitzin erregimenarekin eta feudalismoarekin hausteko Frantziako monarkiaren “sujetoen” borondate politiko partekatua aurkitzen omen da. Haatik, errealitatea, askoz konplexuagoa dela aitortu beharra dago.
12Ordenu ekonomiko, moral, kultural eta sozialaren aldaketek dute 1789ko Frantziako Iraultza ezaugarritzen. Aitzin erregimenarekin haustura orobat sail politiko eta instituzionalean gertatu zen. Boterearen jitea zen aldatu. Monarkiak irudikatzen eta eskura zuen boterea, 1789ko uztailaren 14etik aintzina, Versaillesen bildu ziren Estatu orokorretarako ordezkariek osatzea erabaki zuten Biltzar Nazionalak hezurmamitu zuen.
13Eta hor dago lehen koska. Beraien mandatuari bizkarra emanez, Parisera hurbildu ziren diputatuek frantses nazio burujabearen ordezkari deklaratu ziren. Alabaina, Nazio politiko burujabea aldarrikatu zuten diputatuek, klase jakin baten interesak ordezkatzen zituzten. Izan ere, Frantziako Iraultzaren iturburuan Monarkiaren gehiegikerien aitzinean herriaren haserrea bezainbat anomalia politiko bat aurkitzen dela esan daiteke. Beste herrialdeetan ez bezala, Frantziako Monarkiak ez zuen jakin erreinuaren bilakaera sozio-ekonomikoak eragiten zituen aldaketak barneratzen, edo horietara moldatzen. Botere politikoa zuen klase sozialak, nobleziak alegia, ez zuen botere ekonomikorik. Eta botere ekonomikoa zuen burgesiak botere politikoaren ateak oro gakoturik zituen. Gauzak horrela, Frantziako Iraultzarekin ezer baino lehen klase sozial jakin bat zen Estatuaz jabetu, bere proiektu sozial eta ekonomikoa mendeetan Frantziako erregeak batzen joan ziren lurralde osoan ezartzeko xedearekin.
141789ko agorrilaren 4an biltzar konstituzioegileak erregimen feudalaren eta pribilegioen desagertzea adierazi zuen, Frantziako herritarren artean berdintasuna ezartzeko helburuarekin. Eta bide batez, azken hamarkadetan Monarkiak desegitea lortu ez zituen herri instituzioak egun bakarrean indargabetu zituzten. Berdintasunaren izenean merkataritzaren garapenerako oztopo ziren lekuan lekuko instituzioen arautegien araberako aduana eta muga zergen desagertzea zen gertatu, klase sozial jakin baten mesedetan.
15Ordurarte erregeak biltzen zituen bere “sujetoak” oro, izan pertsonak ala nazioak. Hortaz, Iraultzak ez zuen soilik erregea kargutik kendu. Lurralde baten batasuna bermatzen zuen erreferentzien translazio bat gertatu zen, monarkiatik nazio politiko burujabera. Baina horretarako, existitzen ez zen nazio politiko batua sortu beharra zegoen.
16Iraultzaren hastapenean, bereizirik ageri ziren Frantziako Nazioa eta Errepublika. Lehenak, Frantziako monarkia garaiko herritar eta nazio guztien batura irudikatzen zuen. Bigarrenak aldiz, Iraultzaren ondorioz ezarriko zen sistema politiko berria izendatzen zuen. Errepublikaren helburua, 1789ko abuztuaren 26an Frantziako Biltzar Nazionalean adosturiko Giza eta herritar eskubideen adierazpen unibertsalaren egikaritzea zen. Eta helburu horrekin, luzegabe Frantziako nazioarentzat hizkuntza bat lehenestearen aldeko jarrera nagusitu zen, biztanleria osoaren eskubide berdintasuna bermatze aldera, eta berdintasunean oinarrituriko jendarte eredu berria eraikitzeko ezinbesteko baldintza bezala.
17Gerora ikusiko zen bezala, ez zuten frantsesa hizkuntza nazionala izendatu soilik gizarte berdintasuna bultzatzeko. Estatu egitura berriak, Frantziako lurraldea homogeneizatzeko eta partikularizatzeko beharra zuen. Hizkuntzak Estatu eredu berriaren juntagailu funtzio sinbolikoa bete du, eta bide batez, frantses nazio nortasuna ezaugarritzeko baliabide nagusia bilakatuko da.
18Gauzak horrela, Frantziako Estatu-Nazioa balio politiko jakin batzuen inguruan herritarren borondatezko partaidetzatik sorturiko proiektu partekatua baino, gutxi batzuen interesen mesedetan goitik behera eraikitako errealitatea da, beti ere, irizpide kultural eta linguistiko partikulirazatzaileen inposaketan oinarritua.
- 3 OZOUF, Mona, Composition française. Retour sur une enfance bretonne, Paris, Gallimard, 2009, 189-22 (...)
19Unibertsala zen iraultzaileen proiektua Estatu-nazioaren mugetara hertsatzearekin batera, errepublikaren eta nazioaren arteko kointzidentzia ematen da, hots, Estatuaren eta nazioaren artekoa. Iraultza politikoaren helburuen eta Frantziako Estatu-nazioaren arteko translazioak, luzera batasunaren eta zatiezintasunaren sakralizazioa eragingo du. Aldarrikapen partikularrak kontra iraultzaileak bilakatuko dira, zerumuga unibertsal zibikodemokratikoaren aurkako krimenak3.
20Bilakaera hori ezin ulertu daiteke hizkuntzaren funtzio eta dimentsio politikoa aztertu gabe. Idazten eta pentsatzen denaren kontrara, Frantziako Iraultzak ekarriko duen haustura ez da oinarritzen hizkuntza gaietan botere politikoaren eskuartzean, baizik eta Estatu boterearen ezaugarrien aldaketan.
21Eleaniztasuna aintzin erregimenaren herentzia gisa hartuko dute iraultzaileek. Monarkiaren hertsatzeak eleaniztasuna desagerraraztea lortu ez bazuen, maltzurki erabili zuela agerikoa da. Eleaniztasuna erregetzaren eredu sozialaren ispilua zen : hizkuntza guztiek ez zuten balio eta funtzio sozial berdina. “Sujeto” bakoitzaren maila soziala identifikatu zitekeen hizkuntza gaitasuna edo ezagutzaren arabera, eta frantsesa gutxiengo letratu baten esklusibitatea zen.
221789an herentzia honek ez du inor indiferentzian uzten. Iraultzari atxikiak ziren ideia berriak hedatzeko eta iraultzak eragin aldaketak egonkortzeko hizkuntza egoeraz jabetzea ezinbestekoa zitzaien. Frantzian eleaniztasuna zen nagusi, eta gutxiengoa ziren frantsesa menperatzen zuten herritarrak.
- 4 URRUTIKOETXEA, Egoitz, La politique linguistique de la Révolution française et la langue basque, co (...)
23Hizkuntza politikari buruzko lehen eztabaidan, 1790ko urtarrilaren 14an, Legebiltzarrak legeak lekuko hizkuntzetara itzultzea erabaki zuen. Biltzar nazionalaren lehen erabakiak eleaniztasuna kontuan hartzeaz harago, lekuko hizkuntzei ordurarte ukatua zitzaien funtzioa hobetsi zien, hots, funtzio administratibo eta politikoa, Monarkiaren hizkuntza politikarekin erabateko haustura eraginez4.
- 5 GREGOIRE, Henri, “Rapport sur la nécessité et les moyens d’anéantir les patois et d’universaliser l (...)
24Haatik, Iraultzaren zirimolaren erdian hizkuntzari buruzko ikuskera ezberdinek talka egin zuten. Eta ondorioz hizkuntza politika ezberdinak garatu zirela baiezta daiteke. Historiografiak hizkuntza politikaren konplexutasuna era nabarmenean gutxiagotu du, Iraultza eleaniztasunaren aurkako hautabidearen bihurgune bezala aurkezteraino. Eta bihurgune horren teorizatzaile gisa Henri Grégoire apaiz iraultzailea agertzen zaigu5.
25Gregoiren ikuskeraren iturburuan mitologia kristaua aurkitzen da, zeinak eleaniztasuna Babel-en garaiko zigor modura ezaugarritzen duen. Babelen nahasmendu edo konfusioa Frantziako nazioaren mugetara hertsatuz, Henri Grégoire apaizak Babelen galdu zoriontasun elebakarra berreskuratzeko bidean “frantsesa, hizkuntza unibertsala” inposatzea proposatu zuen.
26Grégoirek lehenesten zuen hizkuntza politikak predikazio ebangelikoan zuen iturburua, eta konbentziturik zegoen frantsesak latina ordezkatzeko misioa zuela. Baina behiala ebangelioa lekuko hizkuntzetan heda bazitekeen, Grégoirekin nazioaren mezua soilik frantsesez hedatu ahalko da, frantsesak erregetzaren eta eleizaren errautsetan nazioa eraikitzeko misioa izanen baitu. Grégoirentzat frantsesa probidentziaren hizkuntza zen, eta nazioa Eleiza berria. Gurtu beharrekoa nazioak izan behar zuen, eta bere kultua frantsesez eman behar zen.
27Iraultza garaikoa da ere erlijioaren eta Estatuaren arteko harremanak arautzen dituen laizitatearen kontzeptua. Geroztik, Frantziako errepublikaren espazio publikoan legez hiritarrak baizik ez dira existitzen, erlijioak ezaugarrituriko komunitaterik ez dago, ez katolikorik, ez judurik, ez musulmanik, ez protestanterik, … Erlijioa espazio publikotik at kokatzen da beraz, eta hiritar bakoitzak, pribatuki, bere erlijioa pratikatzeko eskubidea du.
28Lerratze maltzur baten bidez, Grégoiren diskurtsoak laizismo linguistikoaren oinarri ideologikoak ezarri zituen. Geroztik, errepublikaren hizkuntza bakarra izan ezik, gainerateko hizkuntzak espazio pribatuan bizirautera kondenatuak izan dira. Legez periferiako hizkuntzak ez dira debekatu, bainan beraien erabilera eremu pribatura murriztuz de facto heriotz geldora zigortu dira. Hortaz, espazio publikotik eta ofizialetik zokoratuz, lekuko hizkuntzei hizkuntza bati datxekion funtzio nagusia, soziala, harremantzeko baliabide gisa, ukatu egin zaie.
29Gregoiren txostena (1794an aurkeztua) intentzio deklarazioan gelditu zen eta ez zuen lege zehatzik eragin. Haatik, Gregoiren diskurtso profetikoak luzera ondorioak izan dituen konfigurazio politiko berri bat eragin zuen. Hizkuntzaren eta nazioaren etorkizunak elkarlotuz, Frantziako nazioaren eraikuntza prozesuan Estatuaren politika interbentzionistaren beharra marrraztu baizuen.
- 6 ALTHUSSER, Louis, « Idéologies et appareils idéologiques d’État », Positions, Paris, Les Éditions s (...)
30Bistan denez, XIX° mendean eta zehazkiago III° Errepublikarekin da Gregoirek teorizatu zuen hizkuntza politika aplikatu. Eleaniztasunaren eta Estatu-nazioaren arteko bateraezitasunari hizkuntzaren ikuskera glotofagikoa gehituren zaio. Frantziako nazioa osatzeko bidean, frantsesaren hedatzea eta “patois” edo lekuko hizkuntzen desagertzea printzipio banaezinak bilakatzen dira orduan. Estatuak “egitura ideologiko” eraginkorragoak erabiliko ditu frantsesaren ezagutza eta erabilera inposatzeko6. 1882an Jules Ferryk eskola publiko doakoa eta derrigorrezkoa ezarri zuen eta jarraian, beharturiko soldadutza inposatu zuten.
31Hala ere, nazio frantsesaren sorrera komunitate politiko gisa ezin ulertu daiteke borondatezko atxikimendu kolektiboaren aldagaia kontutan hartu gabe. Proselitismo jarraitua behar izan da gizabanakoak nazio politiko berriak zuen zentzua barnera zezan. Eskola nazionala izan da borondatezko atxikimendu horren eragileetarik bat, baina ez bakarra.
- 7 JAUREGUIBERRY, Francis, La langue basque en France : du stigmate au désir. 2008. <hal00934837>. 221-241 or.
32Francis Jaureguiberry soziologoak ohartarazten digu, euskaldunen errealitate mentalean abstraktua gertatzen zen nazio frantsesaren ideia, Lehen Mundu gerran (1914-1918) modu zehatz eta iraunkorrean hezur mamitu zela7. Nazio frantsesarekiko kidetza, gerran Frantziako aberriaren alde bizia galdu zutenen sakrafizioarekiko leialtasunaren balio gorenak zigilatu zuen. Izan ere, nazio frantsesaren kide izateari uko egitea, Frantziaren alde bizia eman zuten senide eta lagunei traizio egitea bilakatuko da.
33Lekuko hizkuntzak estigmatizatzen zituen eskola errepublikarraren eraginak sarbide eraginkorra aurkitu zuen hor. Gauzak horrela, periferiako hizkuntzak zama bat bilakatzen hasiko dira eta gutxiagotasun konplexuak errotzen joango dira. Periferiako herritarrek proiektu errepublikarraren postulatua onartu eta, modernitatera jauzi egiteko kultura eta hizkuntza unibertsalaren hautua eginen dute. Are, lekuko hizkuntza eta kulturekiko haustura eta deserrotzea onartuko dute proiektu errepublikarraren zerumuga emanzipatzailea gauzatzeko abiapuntu bezala.
34Historiografia ez da batere lagungarri izan Ipar Euskal Herrian Iraultza denboran gertatu zena argitzeko orduan. Estatu nazioaren historiografiak Iraultzaren aurkakoa eta orobat kontserbadorea zen lurralde baten irudia eraiki du. Eta lekuan berean eleizaren eraginpean idatzi den historiak, Iraultzaren lerratzearen gehiegikeriak baizik ez ditu azpimarratu, iraultzaren baloreen aurkakoa omen zen lurraldearen izaera kontserbadorea azpimarratzeko.
35Haatik, gertakarien azterketak bestelako errealitatea argira ekartzen digu, bere ñabardura guztiekin. Errate baterako, Lapurdiko Biltzarraren Iraultza denborako idatziek iraultzarekiko aldekotasuna agertzen dute. Monarkiaren zentralismoak urratu zituen eskubide historikoak Iraultzarekin berreskuratuko zituztelakoan zeuden. Hizkuntzen eta herrien aniztasunaren errespetua eta iraultza ez zeuden kontrajarrita.
- 8 OYHARÇABAL, Beñat, « Statut et évolution des lettres basques durant les XVIIe et XVIIIe siècles », (...)
- 9 URRUTIKOETXEA, Egoitz, La politique linguistique de la Révolution française et la langue basque, co (...)
36Iraultza aurretik euskara herritarren komunikaziorako hizkuntza nagusia zen, frantsesa berriz administratzioaren eta boterearen hizkuntza zelarik8. Jakintza edo ideia berriak ezagutu nahi zituenak frantsesa menperatu behar zuen, eta botere zentralaren eta lokalaren arteko bitartekaritza eta herritarrekiko lotura zuen lekuko notabilismoak bi hizkuntzak menperatu behar zituen, boterearena eta herriarena. Iraultzak egoera linguistiko hori sistematizatu bazuen ere, kuadro ideologikoa eta juridikoa eskainiz, euskararen estatus aldaketa ere eragin zuen, gertaera soziolinguistiko deigarria eraginez euskararen historia sozialean9. Lehen aldikoz, euskara administrazioan sartuko zen eta praktika politiko iraultzaile berritzaileen bide lagun ere izan zen. Pentsatzen denaren kontrara, iraultzaren ideia berrien zabaltzeak kultura eta nortasun berezituaren kontzientzia hauspotu zuen.
37Egun errepublikaren baloreez –hau da, berdintasuna, askatasuna eta anaikidetasuna– egiten den irakurketaren arabera, eskubideak oro herritarrei dagozkie, hots indibidualak dira. Alta, Iraultza denboran bestelako hipotesiak ere izan ziren. Gizabanakoaren eskubideen hein berekoak ziren herrien eskubideak. Herritar guztien berdintasuna aldarrikatzen zen hein berean, herrien arteko elkarrekilakotasuna teorizatu zen zerumuga askatzailearen oinarri bezala. Hortaz, Iraultza denboran teorizatu eta eztabaidagai izan ziren Nazioaren, Aberriaren eta Estatuaren arteko artikulazio ezberdinek bestelako eskenatokiak ere aurreikusten zituzten. Horien artean, Herrien eta herritarren elkarrekilakotasunaren izenean, herri-nazio libreen federazioa sortzeko proposamena aipatu daiteke. Iraultzaren baloreak ez ziren nazio baten mugetara hertsatuak ; unibertsalak ziren.
- 10 GAUTHIER, Florence, Triomphe et mort de la Révolution des droits de l’homme et du citoyen, 17891795 (...)
38Errate baterako, Maximiliem Robespierre, uniformizazioaren, zentralismoaren eta terrorean sinbolotzat dugunak, Frantzia aurretik bere burua aitzineko erregimenetik askatu zuen herri libretzat zuen Korsika, eta hala, bi herri libreen arteko konfederazioaren ideia lehenesten zuen10. Kontuan izan behar da historia modernoko lehen konstituzio demokratikoa Korsikan hitzartu zela 1755ean Pascal Paoliren eskutik eta adierazpen hura Ameriketako Estatu Batuetako lehen konstituzioaren inspirazio iturri ere izan zela.
39Ohargarri da beraz Iraultzako garaikideen artean frantses Estatuak izan behar zuenaz, edo hizkuntzaren problematikaz iritzi kontrajarriak ageri zirela. Frantses iraultza Estatu-nazioaren neurrira hertsatuz Iraultzaren ustezko xede asmo askatzaileak urratuak eta instrumentalizatuak izan ote diren da galdera nagusia.
40Gurera itzuliz, Dominique-Joseph Garat lapurtarraren ibilbideak Euskal Herriaren bilakaera gorabeheratsua irudikatzen du, frantses Iraultzaren garai gatazkatsutik hasiz lehenengo konsulak berezarri ordenura eta ondorengo Inperioaren aldirarte. Garai korapilatsu horietan Garat lehen mailako aktore eta lekuko zuzena izan zen.
- 11 GARAT, Dominique-Joseph, “Recherches sur le peuple primitif de l’Espagne ; sur les révolutions de c (...)
41Napoleon Iaren eskariz egindako txosten batean, 1811an Garatek mugaz bi aldeetako euskal probintziak barnebilduko lituzkeen eta Frantziako Inperioaren menpe egongo litzatekeen “Fenizia berria” deituriko Estatuaren sorrera proposatu zuen11. Horretarako, hizkuntza eta kultura bakarrak ezaugarritzen dituen euskal nazioan bermatzen zen.
42Garatek euskaldunei eginkizun berezia eratxikitzen die Napoleonek berrantolatu Europan. Euskaldunen jatorri feniziarrean oinarrituz, euskaldunak Espainia zangoperatzeko estrategiaren lehen lerroan ezartzeaz gain, Ingalaterrari aurre egiteko moduko itsasoko potentziaren ernamuinean kokatzen ditu. Garaten proposamenak Frantzia zein Espainiako Estatuak hunkitzen ditu, Napoleonen Inperioaren baitan Euskal Herriko probintzia guztiak biltzea proposatzen baitu.
43Garaten txostena, Euskal Herrian nazioarte mailako pentsakera baten errotzearen lekuko da. Bere proposamena indartzeko erabiltzen dituen argudioak Napolin eta Herbeheretan egin egonaldietan pilatu jakitatearen erakusgarri dira. Ikuspegi filosofikoari dagokionez, Garatek Condillac-ek mundua ulertzeko tenorean hizkuntzak duen garrantziaz egin iradokizunak bere egiten ditu. Hortaz, hizkuntzari loturiko gogoetak Garaten proposamenaren bizkar hezurra dira. Aniztasuna ukatzen duen uniformizazioaren aitzinean, Garatek ezberdintasuna goraipatzen duen pentsakeraren oinarriak finkatzen ditu. Horretan, Garaten eta Wilhelm Humboldten pentsakeren arteko harreman estua eta interakzioa nabarmentzen dira.
44Ideologoen korrontea, zeinean Garatek lehen mailako lekua beteko duen, humanismoari eta unibertsaltasunari atxikia da. Ilustrazioaren oinordekotzat jo ditzakegun jakintsu eta pentsalariak, haraindikotasunean oinarrituriko sinesmen guztiak errefusatzen dituzte, eta gizakia desberdintasunean atxikitzen duen mailakatze hierarkikoen guztiz aurkakoak dira. Haatik, Ideologoen berdintasunaren aldarria hautabide uniformizatzaile eta berdinzaleekin bateraezina da. Iraultzaren aldekotasuna eta lekuko hizkuntza nahiz kulturekiko atxikimendua uztartuz Ideologoek ezaugarritzen duten alteritatearen ikuskera berdintasunaren aldarriarekin (eta ez uniformizazioarena) bateragarria da.
45Hortaz, Garaten proposamena alboko apal batean ahantzirik gelditu bazen ere, Iraultza garaian zabaldu ziren aukera ezberdinen artean bide posible zehatz bat irudikatzen du. Eta batez ere, Frantziako Iraultzaz egiten den interpretazioa gaindituz, Iraultzaren laborategia egungo errealiatea ulertzeko eta indarrean dauden korapiloak askatzeko lagungarria izan daitekeela ohartarazten digu.