Eskaintza: Jon Casenave irakaslearen omenez, eta bion maisu Juan Mari Lekuonaren oroiz.
1Artikulu honetan Juan Mari Lekuonaren azken poesiaren irakurketa berritzeko asmoa dakargu, idazle oiartzuarraren liburutegian senideek aurkituriko dokumentu baten bidez. Lekuonaren obraren sortze prozesuaren zenbait urrats argitzeko aukera eskaini digu haren azken idatzien berrikusketak. Hortaz gain, gure xedea, zeharki, Juan Mari Lekuonaren azken izkribuen edizioak, Jon eta Paul Kortazarren eskutik Ibaiak basamortuan (2008) bataiatu eta argitaratuak, emaniko informazioa osatzea da. Horrela, aurkikunde honen berri ematearekin batera, eskaintzen digun informazioaz oiartzuarraren azken zirriborroei buruzko interpretazioetan sakondu nahi genuke.
2Aipagai dugun aurkikundea honakoa da: Jean Yves Leloup apez ortodoxo eta poeta frantziarraren liburu bat dago Juan Mari Lekuonaren liburutegian, Désert, déserts izenburu duena eta Albin Michel argitaletxeak eman zuena ezagutzera 1996an. Liburuaren ale horren ekarpena zera da, Lekuonak liburuko poemen lehen atal bat itzuli zuela euskarara, guztira 16 orrialdeko atal oso bat. Bereziki aipagarri dugu bestalde, Désert, déserts liburuaren hitzaurrearen izenburua ere euskaratu zuela Lekuonak « Chacun a son désert à traverser » eta hortaz, haren edukia ere, bereganatua zuela ematen digula aditzera. Leloupen hitzaurre hori teologia arloko edukiez osatua denez, eta desertuaren irakurketa mota ezberdinei buruzko 7-75 orrialdeen arteko zabaltasuna duenez, hipotesi gisa aurrera dezakegu, hamarkada hartan prestatzen ari zen desertuari buruzko liburuaren moldakuntzan eragin ziola teologo frantziar berezi honen hausnarketak, eta berak lehendik egiten ziharduenaren moldaketan integratu zuela.
3Harira dator lerrootan aipatzea, bestalde, Leloupen liburuaren originaleko marjinetan Lekuonak eginiko itzulpenok egilearen azken urteetako lanetan ohiko jardueraren parte zela, egilearen sortze-prozesuan ohiko urratsetako bat. Sortze prozesu horretan hizkuntza batetik besterako itzulpenak zeregin garrantzitsua betetzen zuen, eta Aurelia Arkotxak (2018) frogatu zuenez, bestalde, euskarazko bere poemak gaztelaniara itzuliz ebaluatzen zituela haien dohain eta akatsak hobeki sumatzeko, euskarazko azken bertsioa atondu aurretik. Zein helburuz? Ikonoak eta mimodramak liburuaren aurretestuen dossierra aztertu ondoren, ikerle baigorriarrak ondorioztatu zuenez, gaztelaniara eginiko itzulpenek “ispilu” gisako funtzioa zuten beretzat: « la pratique autotraductive permet à Lekuona d’augmenter le champ chromatique de la langue de creation destinée a la publication. » (2018:80).
4Argibide garrantzitsuak eskaintzen ditu Arkotxak bere artikuluan, izan ere, gardentasunez azaltzen du Lekuonarentzat abiapuntu hizkuntza euskara dela eta gisa berean helburu hizkuntza ere bai ; hala hastapeneko nola amaierako sortze-hizkuntza euskara izanik, hortaz, « cette pratique autotraductive concerne la phase rédactionelle de la création (2018:80). » Izan ere, jarduera honen arrazoiak ulertzeko beharrezko da euskal idazle batek euskarak bizi duen elebitasun egoeran aurkitzen dituen bidegurutzeak gogoan izatea, eta gisa berean, oroitzea Lekuonak « a toujours accordé une place important à la traduction dans sa pratique poétique sans toutefois jamais mettre en lumiére sa pratique autotraductive » (2018:67).
- 1 Hainbat euskal idazleren adierazpenen bidez ezagutzen dugu itzulpenaren funtzio garrantzitsua euren (...)
5Lekuonaren euskararako itzulpenen arlora itzuliko gara, hori baita eskuraturiko dokumentuan aztergai duguna: egileak gogoan darabilen egitasmo baterako (“Ibaiak basamortuan” izendaturikoa) beste idazle baten testuen itzulpenetan landuriko “erregistroaren edota adierazmoldeen” lantze prozesua jarri nahi dugu argitan, kasu honetan, Leloup-en liburuaren itzulpenen bidez eginiko tailer-lana1, Eckhart eta Tauler mistikoen itzulpenekin batean burutua kronologiari dagokionez (196-1997).
6Bestalde, esan dezagun parekotasun ugari aurki ditzakegula gure aztergaiaren eta Clara Janes poetaren Enblemak (1991) liburuko poemen itzulpenekin (2010). Jon eta Paulo Kortazar izan ziren itzulpen haren editoreak eta aipatzen dutenez (2010: 73), egilearentzat “itzulpena irakurketa prozesua”, “astiroago irakurtzeko modu bat ” zen ; are gehiago, “itzuli eta idatzi batera ematen zituen poetak”, eta irakurtze-itzultze lan hori “dokumentazio lana” zela baieztatzen zuten (2010:72-73). Halere, gure kasuan ez bezala, Clara Janesen liburua itzuli zuenerako, Lekuonak enblemei buruzko bere lana jadanik idatzia zuen (Mimodramak eta ikonoak 1990), eta nolabait gaiari buruz hausnartzen ziharduela iradokitzen du lan honek.
7Aztergai dugun Leloupen bertsoen itzulpen lanak, erakutsiko dugunez, harreman zuzena du Ibaiak basamortuan (2008) izena daramanarekin, hots, Jon eta Paulo Kortazarren editaturiko Lekuonaren kaieretako zirriborro edo aurre-testu zenbaitekin. EHUk argitaratu zuen Lekuonaren poemen edizio berezi horren hitzaurrean azaltzen denez, liburuaren krokisa eta asmoa 1990etik aurrera datatzen da eta etengabeko lanketan aritu zen prestatzen. Liburu proiektuaren lehen izenburua “Desertuan gora da” izan zen, baina “Ibaiak Basamortuan” izenburua izango zukeenaren egitura finkatu zuen “199ko egutegia ” deritzan kaierean, non, besteak beste, era bateko eta besteko bertso sortak, oharrak etab. bildu zituen, gehienak 2000-2003 artekoak. Han garatu zuen liburu egitasmoko ataletan bosgarrena “Kontsolamentu jainkozkoaren poeta” deiturikoa, Johannes Eckhart mistiko alemaniarraren liburuko 63 eta hurrengo orrialdeetan oinarritua zela iradoki zuen.
8Harira dator noski gogoan hartzea urte hartan burutua zuela Klasikoak bildumarako prestatu zuen Mistika Liburuak (1997) itzulpen-lana, Johannes Eckhart eta haren ikasle Johannes Taulerek bultzatu zuen alemaniar mugimendu mistikoaren emaitza literarioaren ekarpena. Espekulazio mistikoaren ildoan aritu zen Eckhart, bere dizipulua aldiz, maisuaren gaiez elikatu zen, baina haren hogeita hamar bat tesi Aita Santuak kondenatu izanak zirrara sakona eragin ziolarik, bere maisuaren enuntziatuen alderdi etiko eta pastorala azpimarratu zuen, espekulatibo eta filosofikoa baino. Lekuonaren 1997ko egitasmoaren V. atala “Kontsolamentu Jainkozkoaren poema” eta VI “Arima-zola gure baitan” garatzeke geratu ziren kaieretan, baina argi dugu mistiko holandarren testuetan basamortuak hartzen duen esanahia eta garapena guztiz eraginkor izan zitzaizkiola. Hona Lekuonak berak itzuliriko Eckharten testuaren pasarte honetan izenburuetako planteamenduak:
Ondoren kontsideratzen da Jainkoaren bakardadea bere isolamendu baketsuan, non ez baitute ez hitzek ez ekintzek ukitzen jainkozko esentzia. Han ez dago ezer kezkarazten duenik. Dena da sosegu, misterio, dena Jainko. Jainkoa bakarrik da han bizi dena. Arrotz denik ezer ezin daiteke sar haren bizilekuan. Ez sorkaririk, ez irudirik, ez modalitaterik. Bakardade honetaz dihardu Gure Jaunak profetaren ahoz dioenean: “Nik neuk basamortura eraman eta bihotzera mintzatuko natzaio” (Os 2,16). Jainkotasun baketsu eta bakartiaz ari da. Han sartzen ditu Jainkoaren arnasa orain eta betierean hartzeko gai diren guztiak. Jainkotasun bakartiak, hondar-eremu zabalak dituenak, zure arima librearen zola basamortura darama. Aurreratu zaitez, beraz, Jainkoaren basamorturaino zure arimaren zolaz2, nahiz eta arima-zola belar gaiztoek harturik eduki, inolako ontasunik gabe, piztia salbaiaz betea, hala baitira zure zentzumenak, basa eta piztia bizitzara emaniko ahalmenak. Kontenpla itzazu ondoren iluntasun jainkozkoak, hauek, beren esanezinezko distiraz, ilunpe baitira giza eta aingeru adimenentzat. [...] Dei egiozu zeure jainkozko ilunpeen leizezuloari, Hark bakarrik ezagutzen duenez, gauzek ezagutzen ez duten Hark. Ezagutzen ez den, izenik ez duen eta zoriontsugile den leizezulo hark maitasun eta egarri gehiago eragiten eta sortzen du ariman, zoriontasun betierekoan jainkozko izaerari buruz irits ditzakegun ezagupide guztiak baino. (Mistika Liburuak, 1997, 37-38)
9Hainbat dira desertuak mistikoarentzat dituen hausnarketa gaiak eta, ondorioz, erreferentzia literarioaren iturriak hainbat izan daitezke, baina hurbilena mistiko holandarrak ditu Lekuonak. Untzio mistikoari dagokionez, Lekuonaren poemetako egituraketak Eckharten ildoaren urratsak jarraitzen ditu, desertuko hondar, ur-geldi, eta leizeetan ibili ondoren, helduko baita arimarentzat maitasuna: “Egiaz, Jainkoak oparo eratu zuen arima, bide estu eta desertuetan barrena zuzendu zuen, eskutik eraman zuen maitasunaren leizeraino, bere baitaraino. Elkartzearen gozamena sentimendu guztien gainetik dago.” (mistikoak, 1997: 67). Izan ere, Elkartzearen poz hori Kantarik Ederrenaren testuartekotasunez aurreikusi zuen Lekuonak ere bere eskeman eta Eckharten bide mistikoan ere halaxe iradokitzen da: “Kantarik Ederrenan esaten dena: “Bere ardangelara (jangelara) nau eraman, eta ezaugarri hau jarri dit gainera: Maitasuna” (Kt 2,4)” (Mistiko liburuak, 1997: 67).
10Hortaz, zuhurtasunez esanik ere, Lekuonaren proeiktuaren egituraren paradigma Eckhart/Taulerren urrats mistikoetan eta desertuaren sinbologian oinarritu daiteke, nahiz Leloupena bezalako hainbat hausnarketa garaikideren ekarpenez aberasturik. Gure artikulu honetan ez genezake iturrien ildo horretan sakondu, baina aztergai dugun dokumentuak eginiko ekarpenak testu-inguratzea beharrezko iruditu zaigu.
11Gure aztergaiak, diogunez, egileak zirriborroan garatua zuen egitasmo bat osatzera heldu zen eta “1999ko egutegia” izenburua daraman kaiera batean agertzen da islaturik, erredakzio fasean zehar. Berez, egutegi funtziorako inprimaturikoa koaderno gisa erabili zuen Lekuonak, eta bertan aurki genitzakeen anotazio arruntekin batean (telefono zenbakiak, gogoragarriak, etab), besteak beste, Jon eta Paulo Kortazarrek Joan Mari Lekuona. Bertsoak (2019) liburuan bildutako bertsoen zirriborroak. Horietako asko okasioetarako bertsoak ziren: omenaldi, urtebetetze, urteurren, etabarretarako idatziak. Kaiera honen erabilera moduaren taxua ikusita eta Lekuonaren eskaintza ohiturak ezagututa, zalantzazkoa da Jon eta Paulo Kortazarrek iradokitzen duten moduan poema proiektu hau Laboa gotzainari eta osaba Manueli eskainia izatea. Izan ere, eskaintza bertso horiek bere apaiz ibilibidearen amaierako une konmemoratiboan esateko egokiagoak dira, liburu honetako hausnarketarekin lotzeko baino.
- 3 Egutegi-kaieraren abuztuaren 6 eta 11 arteko orrialdeetan daude.
12Kaiera berean daude, bestalde, Gandiagaren Hiru gizon bakarka (1974)ko “Artasoko Salmoak” izeneko atalen gaztelaniazko itzulpenak: Menditik dator erreka, Lurrean etzan zen, Menditik dator erreka,” Elgea mendiako Artaso izenburua dutenak3. Esan daiteke Lekuonak, Arkotxak esan bezala, haren poesiaren gaitasunak gaztelaniaren ispiluan ikusi nahirik itzuli izan zuela, haren poesiaren zertzeladak hobeki nabarmentzeko. Modu berean baliagarri suertatuko zitzaion metodologia hori, esate baterako “Bilintxen Mando baten gainean” itzultzeko saioan ikus daitekeen moduan. 1999ko Egutegia” kaieraren Uztailaren 30eko orrialdean eginiko eskeman aurki genezake Gandiaga nahiz Bilintxen testuez hausnartuz “Hurrengo libururako titulu zenbait” bilatzen ziharduela, eta haren atalen zerrenda ere prestatu zuen. Burutzera iritxi ez zen saiakera baten bizkarrezurra zen, izenburuek iradokitzen dutenez. Azken formulazioan “Euskal kantuak. Zenbait ikaskuntza” deitura hobetsi zuen. Liburu horretan zortzi lan integratzeko asmoa zerabilen buruan: Euskal erromantzeen estiloa, Oiartzungo kantutegia, P.M. Otaño, Iparraldeko metrika, Dekorazio-olerkia, umeen hizkera eta kantuez, Bautismo de Tierra (Gandiaga, Zurgai?). Egitasmo berari dagokiola dirudi, hurrengo orrialdeetan egiten duen Xalbadorren “Esperantzarik gabeko amodioa”ren errimaren azterketa ere, agian “Iparraldeko metrika” atalerako azterketa zena.
- 4 Lekuonaren poemagintzaren ezaugarri konstantea dugu hau ere, ahozko literaturarekiko intertestualit (...)
13“Ibaiak basamortuan” poema-proiektu horren lehen bozetoaren bidez dakigu lehen izenburua “Desertuan gora da” zela eta euskal herri kantu4 baten ahapalditik atera zuela : “San Josefen ermita/ desertuan gora da./ Españalat juaitian / han da ene pausua:/ gibelelat so’gin eta / hasperena ardura”. Kantu honetatik desertua eta “gora” hitzek iradokitzen duten ideia aszetikoa soilik hartzen zuen Lekuonak, zeren, berez maite kantua baita “txoritua norat hua” herri-kantuaren gaia, Aita Donostiak bildua Luzaiden.
- 5 Esan dugunez, egileak egutegia kaiera gisa erabili ohi zuen, eta egutegiaren datazioari ezin zaio e (...)
- 6 Gure lan honen mugetatik haratago dago, lehen zirriborrotik, “Uniextra”ko bozetoetara doan bidea de (...)
- 7 Amores perros izeneko filma 2000 urtekoa da eta Alejandro González Iñárrituk zuzendu zuen.
14Egutegi-kaiera horren irailaren 30ari dagokion orrian ageri da egitasmoaren eskema. Lehen egitasmo hartan, zuzenean bozetoak “Basamortuan” atalaren “Gorputzeko ezinbizia”ren sei poemen sailarekin hasten zen, eta “Basamortuan ura”, nahiz “lehorrean ibaia” sintagmak ageri ziren, eta zenbait lanketa egin ondoren, tartean Eckharten “Kontsolamentu jainkozkoaren poema”, nahiz “Arima-zola gure baita ari” garatu zuen. Egitasmoaren izenburua aldatu zenean, hots “Ibaiak basamortuan” bihurtu zuen: “Hemendik aurrera: IBAIAK BASAMORTUAN”. Orain arte: DESERTUAN GORA DA”. Isaias profetaren liburutik harturiko aipamenaz “Hona zerbait berria egitera noa/ bidea irekiko dut desertuan/ ibaiak sortaraziko landa lehorrean /basamortuan ura emango baitut / eta landa lehorrean ibaiak sortaraziko”. (Is, 43, 19-20) . Itzulpen molde ezberdin bi eskaintzen ditu, bai eta Nueva Biblia españolako gaztelaniazko bertsioa ere. Hor erabaki zuen “desertu” hitz mailegatua “basamortu” hitzaz ordezkatzea, dioelarik: “Desertua, hobe basamortua. Beraz, Ibaiak basamortuan (Ríos en el yermo)” (Egutegi-kaieraren irailaren 29ko orrian)5. Hortaz, argi dago “desertu” hitzaren aldean “basamortua” erabiltzea hobea zela erabaki aurrekoak direla Leloupen poemen itzulpenak, beti “desertu” erabili zuenez. Gero, Kortazartarrek diotenez, Lekuonaren beste koaderno batean (azalean “Uniextra” inprimatua zuen kaieran) aurkitu zituzten poemak garbira pasata (2008:13). “Desertuan gora da” zirriborroan aipaturiko sei testuak ageri dira han garatuta, eta egituran eginiko zenbait aldakuntzarekin (Kortazar, 2008, 71-72)6.Poemaren gaiari dagokionez, Jainkoaren ausentzia/ presentziaz hausnartzen du ikuspuntu kolektibo batetik; horregatik, gizakia kolektibitate baten metonimia da hemen, Ikonoak eta Mimodramak liburuan bezalatsu. Han bezala, gizakiaren izari historikoaz hausnartzen du, maila antropologiko eta erlijiosoan. Egitasmoaren lehen atalak soilik garatu zituen eta Jainkoaren isiltasuna zuen ardatz, eta joera ezberdinak errepresentatu zituen hiru ataletan: “Erlatu bizi-biziak”, “ Bizikideen hautapen serio kezkagarriak [Amores perros]7 eta “Sin noticias de Dios” [Jainkoak ez du erantzuten]. Modernitateko giza jarrera ezberdinak jorratzeko asmoa adierazi zuen beroietan : lagun kateadunak, lagun eszeptikoak, lagun arrazionalak, lagun idealistak, lagun baikorrak, lagun zuzenak eta lagun egiazaleak ditu mintzakide bizitzaren hautu erabakigarriez. Hortaz, pentsa daiteke 2002-V-20an dataturiko poema “Jainkoa lotzaile, askatzale” izenburua duena “Erlatu bizi-biziak” I1. atalaren hasierako garapena zela.
- 8 Atal horretan 1.7. Sugea izeneko atal bat ere aurreikusi zuen, baina ez zuen sortu.
15Edonola ere, badakigu goiko atal hori 2001ekoa dela, eta aldiz, jarraian aipatuko dugun II atala “Bozetoak. Desertuan gora da” izenburua daramana, 1997ko apirilean dataturiko “Desertuan gora da” izeneko liburu-egitasmoaren eskemako lehen atala zela, eta 1997ko urtehasiera hartan biribildu zituela. Atal hori sei poemez osatua da, denak ere izenburu orokor gisa “ Basamortuan” izena duen lehen atal baten zati dira eta I.1. azpiatal orokor baten baitan bilduak daude, “Gorputzeko ezinbizia” deritzana. Honakoak dira atal horiek: Hondarra, Egarria, Gosea, Bakardadea, Noraezean, eta Babesik gabe8. Poema horiek data hauetakoak dira 1997-IV-4, 1997-IV-6, 1997-IV-7, 1997-IV-14 eta 1997-IV-22an.
16Lekuonaren proiektuaren ibilbide datatua ezagutu ondoren, goazen ikustera Jean Yves Leloupen liburuak zein ekarpen egin zion. Kronologiaren aldeari begiratuz, Leloupen liburuaren argitaratze data 1996koa da. Lekuonak liburuan eginiko itzulpenak 1996ko abendua eta 1997ko apirila artekoak direla ikusita, hipotesi gisa hartzen dugu arestian aipatu ditugun mistiko holandarren itzulpen-lanak iradokitako liburu-egitura eta gaiez gain, Leloupen liburuan eginiko elaborazioak asmoa osatzeko ideiak eman zizkiola eta argigarria gerta daitekeela frantsesaren lana aintzat hartzea oiartzuarraren proiektuaren erreferentetzat.
17Gure edizioan Leloupen testuak eta itzulpenak jasoko ditugu jarraian, eta irakurleak poema itzulien oinoharretan erreparatuko du, Leloupen esaldien zitazio, zehar-aipamen edo perifrasi zenbait baliatu zituela Lekuonak “Gorputzeko ezinbizia ” ataleko poemetan, gehienetan, poemen amaieran.
18Ohiturari jarraiki, kaiera eta liburu marjenetako orrietan poema itzuli gehienen amaieran adierazi zuen oiartzuarrak itzulpen-lanaren datazioa. Hortaz, badakigu 1996ko abenduaren 14an hasi zuela itzulpena eta 1997ko apirilaren 15era arteko epea hartzen badu ere, itzulpen gehienak, martxoaren 9an eta apirilaren 6 eta 15 artean burutu zituela. Hortaz, Leloupen liburuaren itzulpen lanaren datazioak oso hurbil daude “ Desertuan gora da ” liburuproiektuko “Basamortuan ” azpiataleko sei poemetatik, gorputzaren ezinbiziaz hausnartzeko idatziriko sei poemetatik. Hortaz, jakingarri zaigu egilearen elaborazioan Désert, déserts liburuak izandako eragina ikertzea, egilearen asmoaren argigarri.
19Ezagutu dezagun hobeto idazle frantziarra, eta ondoren aipatuko ditugu euskal poetaren interesa erne zuten liburuaren ezaugarriak, bereziki teologia eta mistikarekiko ikasketei dagozkienak. Baina bada gehiagorik, ikusiko dugunez.
- 9 AAVV. Dictionnaire biographique des frères prêcheurs. OpenEdition Journals. Online https://journals (...)
20Jean-Yves Leloup 1950ean jaio zen Angersen.9 Teologo, eleberrigile eta saiakeragilea da. Psikologia transpertsonalaren aitzindaria da eta Zibilizazioen Topaketa eta Azterketa Institutuaren eta Terapeuten Nazioarteko Elkargoaren sortzaile da, hilzorian daudenentzako laguntza berezia eskaintzen duena. Bere ibilbide pertsonalaren zati batzuk partekatu zituen L’Absurde et la Grâce autobiografian (1991) heriotzaren inguruko hausnarketen ildoan.
21Esan bezala, 1970ean kristautasun ortodoxoa besarkatu zuen Athos mendiko iniziazio itxialdian; gero, teologian trebatu ondoren, 1978ko ekainean Toulouseko Dominikoen komentuan apaiztu zen. Psikologia ikasi zuen New Yorkeko Siracusako unibertsitatean, eta tarte batez Kalifornian egon ondoren, Alemanian Karlfried Graf Dürckheim-en psikoterapia iniziatikorako zentrora joan zen. 1981etik aurrera, beste erlijioso eta laiko batzuekin batera, Nazioarteko Zentroaren arduraduna izan zen, “hirugarren milurtekoko unibertsitatea”, espiritualari eta kulturartekoari eskainitakoa, ekialdeko tradizio espiritualei ongietorria emateko Sainte-Baumeko dominikar komentuan. Proiektu horrek ordenako ildo nagusiekin bat egiten ez zuenez, Jean-Yves Leloupek dominikar ordena utzi zuen 1986an, salatu egin baitzuten ezkonduta zegoelako eta haur bat zuelako. Ondorioz, Sainte-Baumeko Nazioarteko Zentroan betetzen zituen funtzioei uko egin behar izan zien. Orduan, Mendebaldeko Eliza Ortodoxoen Komunioko Frantziako elizan sartu zen eta “aita Jean Seraphim” izen erlijiosoa hartu zuen, Saint-Michel du Var elizan, Flayosc herrian apez izateko (Provenza-Alpes-Costa Azul).
22Aipatuko dugunaz gain, Leloup aditua da grekoz eta koptoz idatziriko testu kristauen dokumentuen itzultzaile eta iruzkin egile gisa. San Juanen ebangelioaren eta Apokalipsiaren itzulpen berriak proposatu ditu, eta apokrifotzat hartzen diren Felipe, Maria Magdalena eta Tomasen ebanjelioak ere aztertu ditu. Hortaz, idazle, teologo, filosofo eta psikoterapeuta da, eta Europako nahiz Ameriketan hainbat hitzaldi, ikastaro eman ditu testu sakratuei buruz, baina bereziki berritzailea da egunerokotasunaren espiritualitatearengatik eta hausnarketa molde aberatsarengatik.
23Désert, déserts izeneko liburuak lau atal argi ditu: Lehenengoak esaten digu bakoitzak bere basamortua duela zeharkatzeko. Gaixotasuna, zahartzaroa, sufrimendua, bakardadea, bestetasuna eta baita fedearen basamortuak jorratzen ditu. “Chacun a son désert à traverser” dio Leloupek liburua aurkeztean, eta Lekuonak berriz honela itzuli zuen: “bakoitzak dauka bere desertua / norberak zeharkatu beharra”. Hitz horiek esanahi sakona izan dezakete Lekuonaren biografian, izan ere, bere gaixotasunaren lehen zantzuak sumatzen hasia zen eta medikuen diagnostikoaren iragarpenak itzurbiderik gabe beteko zirela jakinik, bere patua onartzeko ahaleginean ziharduen.
24Leloupen hitzaurreko lehen hitzak gurera ekarriz hobeki jaso daiteke zein den egiazko mintzagaia:
Qu’évoque pour nous le mot désert? Silence, vastitude, vent brûlant ? Mais aussi mirages, soif, scorpions… et la rencontre du plus simple de soimême dans le regard étonné de l’homme ou de l’enfant jailli d’on ne sait où entre les dunes ?
Il y a les déserts de pierre et de sables, du Hoggar, de l’Assekrem, du Ténéré, du Sinaï et d’ailleurs – le désert est toujours l’ailleurs, un ailleurs qui nous conduit au plus proche de nous-mêmes.
25Leloupen hitzetan, badaude modan dauden basamortuak, non jende berritsu gisa elkartzen garen aukeratutako espazioetan, non haizearen kiskaldura eta egarri suntsigarriak pairatuko ditugun. Hondartzan egonaldi batetik bezain beltzaran itzultzen gara handik, baina betiko “nomada handiak” bihurtuko gaituen “esperientzia bikaina”ren aldarrikapen gehiagorekin... Ez da axaleko desertu hori teologoak aztertuko diguna, bixtan da, eta Lekuonak iradoki nahi zuena ere ez. Aitzitik, mistikozaleen barne-desertuak dituzte aipagai:
Enfin il y a les déserts intérieurs ; c’est de ceux-là qu’il nous faut parler, sachant reconnaître ce qu’ils ont de douloureux et de torride, mais en essayant aussi d’y découvrir la Source cachée, l’oasis, la Présence inattendue qui nous accueille sous un palmier de sourires, autour d’un feu où la dans des « passants » se joint à celle des étoiles. Car le désert n’est pas un but, il est un lieu de passage, il est une traversée, chacun a sa terre promise, son attente à décevoir, son espérance à éclairer. (Leloup, 1996: 7-8)
26Batzuek basamortuko esperientzia hori gorputzean bizi dute; eta orduan desertua kontzeptu bat da, zahartzea, gaixo egotea, istripu baten ondorioak jasatearen irudi adierazlea. Basamortu hau batzuetan luzea da zeharkatzeko. Beste batzuek basamortua bizi dute euren harremanen muinean, desioaren basamortua edo maitasunaren basamortua, partekatzen ikasi ez ditugun lehorte eta arazoek pairarazten diete: « désert du désir ou désert de l’amour, des sécheresses et des ennuis qu’on n’a pas appris à partager. » (1996: 8)
27Adimen basamortuak ere badaude, non jakintsuenak ere ulergaitzarekin talka egiten duen, kontzienteenak pentsaezina denarekin. Mundua eta bere gaiak ezagutzea, norbere burua eta oroitzapenak ezagutzea ere ez dira gurutzatu beharreko basamorturik gabeak. Azkenik, fedearen basamortuak daude, ezintasuna lasaitzeko eta galdera bizienak zapaltzeko jainko edo Jainko egin ziren ideien eta idoloen distira itzaltzen denean datorrena. Desertu hori ez da aurrekoak baino aiseago iragaten!. Horregatik amaitzen du sarrerako pasartea Leloupek, zera esanez :
Chacun a son désert à traverser, il s’agira à chaque fois d’en démasquer les mirages mais aussi d’envisager ses miracles : l’instant, l’alliance, la docte ignorance et la féconde vacuité. (1996 : 9)
28Desertu mota ezberdin horiek banaka aztertuko ditu teologoak liburuan zehar. Horretan bat egiten du Lekuonaren 1997ko “Ibaiak basamortuan” liburu-egitasmoaren “ Gorputzaren ezinbizia ”ren gai eta atalekin. Leloupek, lehenik, “Desertuaren esperientzia gorputzean” aztertzen du. Zahartzea, gaixotzea eta bakardadea desertuak dira, zeharkatu beharrekoak. Hori ezinbestez gertatuko dela onartzea da hilkor garela onartzea, eta, hori onarturik, gugan sor daiteke oasia Lelopuen hitzetan : une bakoitza intentsitate berriaz bizitzea. Basamortuak giza bizitzaren galkortasuna oroitarazten digu, eta une bakoitzaren berezitasunaz ohartarazten. Horregatik gaixotasuna, oinazea, zahartzea eta heriotzaren inguruko desertuak ditu aipagai poetak, eta gizakiaren nahiz sortu den ororen galkortasunaren azeptazioa da desertuan oasia aurkitzeko aukeraren abiapuntua.
29Bestalde, intelijentziaren mugen esperientzia ere desertua da, giza ezagutzaren mugen estutasuna onartzera garamatzana, ez dakiguna dakiguna baino askoz zabalagoa dela onartzera. Onarpen horretatik dator apaltasun zientifiko egiazkoa: “docta ignorantia” dio Leloupek.
30Fedearen galera ere desertuaren esperientziaren metaforarekin adierazi izan da tradizio erlijiosoan, aipatu dugunez. Berez, Leloupek esan moduan, « La traversée du désert, la épreuve du désert, c’est la epreuve de la maturité. Manque et plenitude, au désert, demeurent indissociablemenet liés » (29). Paradoja handi horren onarpena, « c’est accepter notre manque à être, c’est accepter notre etre comme poussiere ». Bagara eta ez gara, aldi berean.
31Sarreraren bigarren eta hirugarren zatietan, desertuak tradizio erlijiosoan duen ibilbide luzearen azterketari heldu dio Leloupek, abiapuntu gisa esan digularik « On dit souvent que les grandes traditions monothéistes sont nées du désert » (25). Hala, bigarren zatiak Sinaiko basamortuari eta juduen fedean duen lekuari buruz hitz egiten du, Abraham eta Moisesen desertuez luzatzen delarik. Hirugarrenak aldiz, basamortua kristau-tradizioan aurkezten du, eta hiru eratako desertuak bereizten ditu kristautasunaren baitan ere:
- 10 René Berthelotek (1949) dioenez, profetek desertuan irudikatzen zuten Israeleko erlijiorik puruena, (...)
32- Lehena, “aszeten desertua”, norbere barne-etsaiarekin borrokatzera joateko lekua da. Desertu horrek sinbolizatzen du tentazioen aurkako borrokaren lekua eta Jesusek berak eginiko aszesi gisa ere aurkezten da (Lucas 4, 1-13); gero haren molde berean San Antonio edo Simeonek. Aszeten kasuan, desertuan norbere barruko gatazkak proiektatuak ikusten dira indar bereziz. Leloupek “ Les pères du desert ” deritze, gero aszeta emakumeak ere aipatzen dituelarik.
- Bigarren desertu kristaua mistikoen esperientziaren gertalekua da, non gizakiak absolutuarekin bat egin nahi duen. Desertu hori errepresentatzen da San Juan de la Cruz edo Santa Teresa Cepedaren testuetan, eta haietan ageri den Jainkoarekiko elkartze mistikoak desertuan gertatzen dira10. San Juan de la Cruzek bereziki garatu du gaia, eta materiaren hutsaltasuna desertu gisa esperimentatzen du : “noche de los sentidos”, “noche de la fe” eta “soplo del desierto”.
- Hirugarren desertua metafisikoen hausnarketa lekua da : filosofoak han nabaritzen du gauza guztien hutsaltasuna eta ezereza, eta gauza guztien iraunkortasun-eza, dena hauts bihurtuko baita. Desertuaren metafisikoak dira Eckhart, Tauler eta Suzo.
33Puntu honetan, ondo gogoan izatea komeni da Lekuona Eckhart eta Taulerren itzultzen ari zela 1996-97 ikasturtean Klasikoen bildumarako (Mistika liburuak Johannes Eckhart -Johannes Tauler, 1997), eta Leloupen liburuko atal honetako ideiekin biziki interesatzen dela, ondorioz. Hortaz, “Ibaiak basamortuan” liburu proiektuan XIV. mendeko mistikoen eta XX. mende bukaerakoen hausnarketak bildu zituen itzulpenen bidez, bere poema burutzeko erredakzio epean.
34Desertu fisiko, mistiko eta metafisikoen prosazko aurkezpen horrek Jean-Yves Leloupek idatzitako « Poèmes du désert » sarrarazten du, IV atala, 75 orrialde inguruko kapitulua. Aurrekoak ez bezala, poemez osatua da eta orrialde zenbakirik gabe inprimatua. Bestalde, esan daiteke poema horiek aurreko ataletan landuriko hiru atalen egituraketa tematikoa gorde dutela, eta beraz, Lekuonari bereziki lehen zatia interesatu zitzaiola: bakoitzak bere basamortua duela zeharkatzeko. Hortaz, gaixotasuna, zahartzaroa, sufrimendua, bakardadeaz hausnartzen duen atala da, non bestetasuna eta fedearen basamortua nabaritzen dituen; halere, ikuspegi mistikoa ere ez dago urrun, zeren gabezia eta betetasuna ezin bereiz daitezkeen desertu mistikoaz ere hausnartu zuen. Hortik aurrera, Leloupen liburuak Testamentu Zaharreko hebraitarren desertuaz hausnartzen duenean Lekuonak utzi egiten dio itzultzeari.
35Leloupen poemek osatzen duten atalaren izenburu orokorra “ Poémes du désert ”, da, baina ez zien izenbururik ez zenbakirik eman poema-zati laburrei. Bestetik, poemek errima edo silaba kontaketa edo ahapaldi egituraturik ez dute, nahiz eta erritmoa iradokitzen duten bestelako baliabide estilistikoak badarabiltzan, hala nola paralelismoak, anaforak, errepikapen mota ezberdinak… Tropoei dagokienez, desertuaren sinbologiari buruzkoak dira aipagarrienak, ikusiko denez.
36Lekuonak lehen 19 poema zatiak itzuli zituen eta nabarmendu daiteke poema sortaren sarrera eta amaiera interesatu zitzaizkiola gehien-gehienik, lerro horietan aurkitzen baitu oiartzuarrak Leloupen poesiaren ideia nagusia adierazirik : « Le désert/ C’est une des voyelles perdues/ Du nom de Dieu (YHWH)/Un trou naturel dans l’etre du monde. »
37Basamortua “munduaren izaeran dagoen berezko hutsartea da” itzuli zuen Lekuonak, desertua inkognita erlijiosoaren metaforatzat hartuz. Bertso horren azalpen gisa gogoratu behar da hebreerak bokalik gabeko idazkera duela, eta horrek Torá idatziaren hitz bakoitzaren ahoskera memorioan gordetzera behartzen dituela sinestunak. Ahozko Tora hura (Moisesek Yavherengandik jasorikoa), ahoz aho transmititua, Ezra eskribauak jaso zuen idatziz, lehen aldiz, eta bokalerik markatu gabe.
38Hitzek zein ahoskera zuten ez denez oroimenean guztiz ongi transmititu, maila bateko anbiguotasuna irekita geratzen da haien interpretazioa finkatu nahi denean. Halere, erlijio juduan, testu batean anbiguetatea aukera bat da rabbiek hitzek izan ditzaketen esanahi ugariez hausnartzeko. Modu inplizituan, beraz, Leloup aditzera ematen ari zaigu, desertua ere inkognita emankorra dela, interpretazioaz ikertzera behartzen gaituena. Leloupen adierazmolde honetan kultura erlijiosoari buruzko inplikazioak sakonak dira, eta poemen itxura sotila gorabehera, ikusiko dugu Lekuonak bilatzen zuen sufrimenduari buruzko hausnarketa kulturalaren baitan ere sakontasun bera bilatzen zuela.
39Leloupen poemen sarreraz gain, atalaren amaierari ere taxu esanguratsua hartu zion Lekuonak, zeren desertuko poemetan azkena ere itzuli zuen, tarteko atal asko itzuli gabe utzita. Leloupen poemategiaren amaierako ahapaldiak honela diosku: « Au désert/ Chacun rencontre son secret/ Entouré/ D’un secret plus grand » . Lekuonak honela itzuli zuen 1997ko urtarrilaren 26an: “Desertuan/ bakoitzak aurkitzen du bere sekretua, / handiago [den] sekretu batek / inguratua”. Interesgarri da aipatzea, bestalde, azken poema hau ez zela azkena itzulitakoa izan: Desertuko poemetako lehen sei zatiak 1996ko abenduan itzuli zituen, eta gero etenaldi bat etorri zen, 1997ko martxoko 9 eta apirilaren 15 artean jarraipena eman zion arte. Tarte horretan itzuli zuen azken ahapaldi hori 2007ko urtarrilaren 26an, beraz, egileak poemaren atal egiturari ematen zion garrantziaren lekuko gisa sarrera eta amaiera itzuli zituen lehenik, eta gero tartekoa.
40Itzulpen lanaren kronologiarik ematen ez duten poemen kasuetan, erabilitako idazlumaren kolorearen informazioak lagun diezaguke, izan ere, liburuko lehen hiru testuen itzulpenak datarik gabe daude eta beltzez idatziak. Hurrengo urrats batean urdinez zuzendu zituen eta hurrenez hurren osatu zituen gainerakoak, ataleko lehen testu sorta osatu arte. Urdinezko zuzentze eta itzultze saio honen data 1996ko abenduaren 14koa da. Urtarrileko amaierako pasartea ere urdinez idatzia dago, baina trazu lodiagoz idatzia, bolaluma bestelakoa zen seinale. Azkenik, martxoko eta apirileko testuen itzulpen guztiak ere tinta beltzez eginak dira eta guztiak dataturik daude.
41Aipagai dugun dokumentu honen garrantzia ebaluatzeko beharrezko da gogoan hartzea Lekuonaren ibilbide poetikoan zein unetan kokatzen den. Jakina denez, bere poesiahizkera olerkarien ekarpenen moldean hezia izan zen (bereziki Orixeren ereduan) eta haien zenbait ezaugarriren lorratzak luzaroan iraun zuten bere testugintzan. Bereziki erregistro literarioa jasoa eta jatorra eratzeko anbizioan suma dezakegu arrasto hori, hala nola kontzeptu abstraktuak adierazteko ahalegin sortzailean, hitz-elkartuetan, edota lexiko sorkuntzaren bide metaforikoaren erabilera ugarian; morfosintaxiari dagokionez, soberako lokailu, modalizatzaile, atzizki, aditz laguntzaile eta abarren elipsiaren bidez, hizkera kontzeptista eratzeko joera izan zuen, Lizardi eta Orixek bezala, baina diogunez, batez ere bigarrenaren eragina nabariago da, emotibitate urria eta izpiritu zaildu, esperientziadun eta neurtuaren enuntziazioa gailentzen baitira. Hitz batean, belaunaldi kide izan zituenen artean (Mirande, Aresti, Gandiaga, San Martin) bera da olerkarien ildoari luzaroen lotu zitzaiona.
42Lehen aroko poema bildumetan ez bezala, Lekuonaren helduaroko poesiak hausnarketa arrazionalaren nagusitasuna erakusten du, bereziki, azken epean, eta emaitza nagusia Mimodramak eta ikonoak (1990) da, nahiz eta Ilargiaren eskolan (1979) ere hausnarketa teluriko eta estetikoetan planteamendu sendoen garapena dela nabaria den. Oiartzuarrak bere bi poema liburu horiek egituratu eta aurrez planifikatu zituen, eta plana bera aldatu zuen testuak idatzi aurretik, liburu atalek zentzu bateratua eta orekatua behar zutelako. Horren froga garbiak dira, esaterako, Arkotxak azterturiko irudikapenak (2010).
43Asmo didaktikoa du Lekuonak, eta aurkezten dituen gai eta kontzeptuak deskribatu eta argitu behar intelektuala nabaritzen zaio, ez da harritzekoa hala izatea, gogoan izanik apaizaren zeregin pastorala, eta unibertsitateko irakasle izan zela lanbidez. Bestalde, bere hizkera zaindua da, eta pentsamendu abstrakturako joera nabari zaio, zeren pertsonaren izari historiko, antropologiko eta filosofikoaren kezkei buruz hausnartzen du gehienetan, horretarako irudien edo metaforen bidezko adierazbidea bilatuz. Izan ere, bere poesiaren erdigunean, kezka estetikoa lotua baitago kezka filosofiko eta erlijiosoari, ideal platonikoari jarraiki.
44Hizkera poetikoari dagokionez, euskararen jatortasunaren aldeko hautua hartzen du itzulpenetan, hala, desertuaren egitasmoaren izenburua aldatzera erabakitzen duenean, adierazi zuen “desertua, hobe basamortua”. Orixeren itzulpen ildoari jarraituz, euskararen beraren izpirituari lehentasuna ematen dio, jatorrizkoaren egitura linguistikoaren gainetik, eta testuaren jatorrizko lexikoaren eduki semantikoa baztertuz. Testu honetan ere ezagun du, azken batean gerraondoko idazle izan zenez, Orixeren poesia eta itzulpenekiko familiaritatean hezia izan zela, itzulpen espresiboa eginez. Halere, esanaren dotoreziarekiko jaidura lizarditarrari ere amore ematen dio sarri, hiperbatonaz edota zangalatrauez baliatuz, adibidez; edo hitzelkartu eta izen sintagma trinkoetan kontzentratuz kontzeptuak. Gisa berean, jatorrizkoaren figura fono-estilistikoak erreproduzitzen ditu itzulpenean, erritmoa zainduz, errepikapena eta simetria fonikoak erabiliz, testuen biribiltasuna landuz, hasiera eta bukaera lotuz, etab, baina aukera duenean berak sorturikoak ere eransten ditu, “Esaiezu esan...” anafora duen poeman bezala. Laburki esanik, itzulpen espresiboa egiten du, euskara helburu izanik, eta jatorrizko interpretatuz, moldatuz eta ahal duen neurrian edertuz. Honi dagokionez, ikerketa lan xehea garatu zuten Jon eta Paulo Kortazarrek Clara Janés Enblemak. Juan Mari Lekuonak euskaratua izeneko edizioko “Sarreran”n (65-95) eta gurean ere baliagarri diren azalpenak garatu zituzten.
45Artikulu honi atxikirik emango ditugu Lekuonak burutu zituen liburuko poemen itzulpenak transkribaturik. Lekuonaren letra argia da, eta, erantsitako argazkietan nabarmendu daitekeenez, bere itzulpenari eginiko zuzenketak ere ulergarriak dira. Horregatik, Leloup eta Lekuonaren poemak transkribatzean hiru eratako oharrak soilik aurkituko ditu irakurleak oin-oharretan atxikita:
46a) Leloupek bere testuari erantsitako oharrak
b) Lekuonak eginiko autozuzenketak, eta baztertu zituen bertsioak
c) Itzulitako testuen eta “Ibaiak basamortuan ” edizioaren “ Bozetoak” ataleko poemen arteko harremana.
47Modu honetan editatuz, gure helburua da itzulpen lan honek duen berezko interesaz gain, Lekuonaren poesia sortzeko jardunbidearen azalpenean ekarpen xumea egitea, eta lehendik egina den ikerketa lanari jarraipena ematea.