1IKEReko lagunek Lapurdum aldizkariko omenaldi-ale honetan parte hartzeko gonbidapen adeitsua luzatu zidatenean, aukera ederra begitandu zitzaidan tesi-zuzendari aparta izandakoarekin nuen zorra berdindu ahal izateko azkenean. Horretara, oroimenera etorri zait gustatu egin zitzaiola behinola nire zirriborro hura orrazten zebilen batean orain dakardan literatura-konparaketako ataltxo hau, oraingo abagune honetarako goitik behera orraztu eta berridatzirik datorrena. Beraz, sarrera-hitz gehiagorik gabe ikerketari ekinik, balia bekigu abiapuntutzat Jon Casenaveren aipua Jean Etxepareren Buruxkak (1910) liburuaren karietara egina:
(1) « A l´examen de la production de cette période de la littérature basque, comment ne pas se demander si, tout en tenant compte de l´extrême importance des événements historiques et des réalités sociologiques, la fixation précoce de certaines représentations identitaires n´a pas aussi une part de responsabilité dans la longue phase d´endormissement qu´a connue la culture basque de la fin des années trente jusqu´aux années soixante (…). Il serait donc profitable d´étendre l´analyse à l´ensemble de la période 1850-1950 » (Casenave, 2002 :520)
2Hipotesi horri eutsiz, urte-bitarte horretako eta hamarkada bereko bi idazlan ondoz ondo jartzera goaz: Beribilez (1931) eta Uztaro (1937). Hurrenez hurren, bata bidaiakontakizuna, Jean Etxepare (1877-1935) mediku sortzez argentinarrak idatzia da, eta bestea, eleberri kostunbrista, Tomas Agirre, Barrensoro (1898-1982) kazetari gipuzkoarrak idatzia.
3XX. mendeko lehen herena euskal errebindikazioen gorakada-une bat da, Hegoaldean areago, Primo de Riveraren diktadura bukatu berritan; ordukoak dira Lizardi eta Lauaxeta olerkari sinbolistak, zeren eta Euzko Pizkundearen garaian gaude… Estetikaren arloan modernismoaren garaia da ordu hartakoa, alegia, literatur abanguardiena beste geografiakoordenatu batzuetan.
4Tomas Agirrek abertzaletasunaren abaroan idazten du, Jean Etxeparek, aldiz, Euskaltzaleen Biltzarraren testuinguruan, xeheki ikertu den bezala (Casenave, 2002; Ortiz de Pinedo, 2018); horrexegatik ekarri dira ugariago Uztaro eleberriaren zantzuak lerro hauetara, Beribilezenak baino.
5Esanguratsua da kontuan hartzea Jean Etxeparek bere kreazioa 54 urterekin ondu zuela, eta Tomas Agirrek, aldiz, 39 urterekin, hau da, lehenak bizitzan dezente aurrera eginda, bigarrenak helduaroan sartu berria. Horiek eragina izango dute, noski, darabiltzaten motiboetan.
6Beste datu bat erantsi beharrez esango dugu Uztaro 1950ean argitaratu zela berriz, hau da, Francoren diktaduraren goren graduan, gutxi baitziren zorte hori zuten euskal literatur lanak; agian, garai hartan euskarazko liburu bat argitaratzearen arrazoia liburuak zuen kutsu integrista izan zen, Espainia konfesional harekin bat zetorrena.
7Hizkuntzaren aldetik esango dugu bi idazleok puristak zirela zein bere modura, garaigiroa horrelakoa baitzen. Neologismo aranatar irentsiezinak erruz mailegatzera iritsi gabe, biak saiatzen dira euskara “burujabe” bat erabiltzen, hizkuntzaren lexiko-sorkuntzako baliabideak ustiatuta, mailegu gordinak ere alde batera utzita, salbuespenak salbuespen.
8Literatur baliabideen aldetik, preziosistagoa da Uztaro, Beribilez baino. Lehenak deskribapen xehe-zabalak ematen ditu, hala naturako fenomenoena, nola baserriko gobernu tradizionalarena; pertsonaien erretratu fisiko eta moral landuak ere baditu. Bigarrena, aldiz, kronika baten modura josia dago, ekintzaz josia tarteka gogoeta batzuk txertatuta, alegia, roadmovie bat.
9Kontalari motari dagokionez, Uztaron kontalari orojakilea da nagusi, pertsonaiak txotxongiloak bezala sartu eta aterarazten dituena. Beribilezeko kontalari autobiografikoa, ostera, bidaiaren lekukoa da eta protagonista aldi berean, ekintzan bertan txertatua dagoelako autoan doan bidaiari taldearen baitan, Euskal Herriaren erdiguneko lurraldeen itzulia eginez egun bakar batean.
10Erreferentzia kulturalak ematekotan, Beribilezen azpian badira irakurketa batzuk Piarres Laffitek aspaldi iradokiak (Nietzsche, Darwin, Reichenbach…), nahiz eta batzuek irakurketon munta erlatiboa kolokan jartzen duten (Gartzia-Trujillo, 2016: 89-90; 156).
11Jean Etxepareren irakurketak aitzakiatzat hartuta, parentesi txikia egingo dugu haren dokumentu-funtsari buruz, adieraziz ez dugula berehalakoan jakingo zer nolako izkribuak erabili zituen Etxeparek bizi zela. Izan ere, Jon Casenavek badu pasadizoa berak kontatua Etxeparek izandako bizitokiren batean, ez dakigu xuxen Lekornez, Aldudez ala Kanboz ari zen, beldurrez-eta Jonek berak ez duen paperean erasota utzi, geuk hona ekarriko duguna. Horretara, joan omen zen ikertzailea behin batean idazlearen etxea izandako hartara, haren bizilekuan zer aurkituko. Topatu omen zuen medikuaren ondorengo bat, Bordeleko profesional liberala, agi denez, zeinak esan baitzion bazirela etxean idazlearen mala batzuk paperez beteak, eta hurrengo batean bueltatzeko. Handik gutxira ikusi omen zuen Jon Casenavek malen azken jabea erreturak egiten baratzean, XX. mende hasierako geure prosalari onenaren paperak erregaitzat hartuta. Ez bide zen sobera estimatua idazlearen jarduna haren comme il faut gisako senitartean, alegia, “behar den modukoa”, Jean Etxeparek berak argitu zuenez, anderearen eta familia politikoaren gainean, Beribilezen gora beheran Piarres Laffiteri egindako gutun batean. (Etxepare, 1932-VII-20)
12Parentesia eta gero, Uztaroren kultur erreferentzien harira itzulita, haren azpian ortodoxia katolikoa dago, eta giza-harremanen ikuspegi kontserbadorea (ezkontza, generoikuspegia…). Txomin Agirre ondarrutarraren Garoa (1912) deblauki aipatu da Uztaroren mundu-ikuskeraren aurrekari argi eta zuzen moduan. Txomin Agirre integrista zen. (GartziaTrujillo, 2016: 11-66).
13Literatura konparatuaren esparruan, aurreko batean bezala paralelismoa erabiliko dugu oraingoan ere metodologia gisa (Ortiz de Pinedo, 2018c) bi kontakizun hauek erkatzeko, Aulo Gelio gramatikariak behinola Gau Atikoak (X, III) delakoan erabilitako prozedurari jarraituko gatzaizkio, erromatarrak collatio contentioque izendatua. Hau da, antzekotasunak inguratzea hasieran (conferre, collatum), eta desberdintasunak agerraraztea segidan (contentio, antitesiak bilatzea) testu biren artean. Testu batak bestea argitzen lagundu lezake, nolabaiteko bermearekin egingarriagoa dena biak garai eta kultura berekoak izanik (Siess, 2001: 226), alegia, gaininterpretazioak sortzeko arriskuak baztertzea errazagoa izanik: testuok zeinek bere izaera propioa izan arren, bion arteko dialektika bat sortzeari ekingo zaio; konparazio horren balio eta interes heuristikoa da paralelismoaren bidez zentzu ezkutuak jalgiaraztea. (Franco, 2020: 405)
14Paraleloaren kontzeptua erabiliko dugu hemen, zeren eta gure forma mentis bat baita, gogoeta egiteko modua, mugimendu bat pentsaerari bidea eginarazten diona. Bestalde, literatur ikerketa mota honek badu abantaila nabaria: zientzia gogorren presentismoari itzuri eginez ikuspegi historiko bat osatzea, eta horrela konturatzea gaurko auziek badituztela barnean aspaldiko auzien oihartzunak, eta horrela izango dela aurrerantzean ere gizakia gizaki deino.
15Nabarmendu behar dugu, bestalde, bi kontakizunok zer jarrera islatzen duten euskaldungoaren higatze-prozesuaren harira; izan ere, arrotzak gizakiari sortzen dion ezinegona eta aldatu beharra ez da gaurkoa bakarrik, ez da bertokoa soilik, akulturazioa aspaldiko fenomenoa baita, eta ez bakarrik gaur egungo globalizazioarena: beti kezka izan da arrotz etorri berria nola hartu, eta harremana nola kudeatu. (Leong & Constantine, 2008: 946-952)
16Bi narrazio hauek udan kokatzen dira, arrazoiarekin. Uda da pausaldia eguneroko errutinan, ezohiko gertakariei lekua ematen dien aisialdia, bidea ematen duena gogoetarako eta esperimentaziorako, irekita egoteko errealitatearen beste alderdi batzuetara. Jaiak dakar gogoa goragoko errealitateetara altxatzeko aukera izatea, egunean eguneko jardun utilitarista eta produktibotik harago. Eten bat bezalakoa da udaldia, ihesaldia, Jean Etxeparek Iparraldetik Hegoalderako Beribilezeko bidaiaren hasieran dioenez, autoa hartuta ohiko bizilekua atzean utzita Loiolako “komentuari” buruz egun-pasa; edo Uztaroko Malentxo protagonistak egiten duena hiritik arbasoen baserrialdera itzulita, Donostia bere neguko ikasketa-hiria atzean utzita.
17Nolabaiteko laburbildumak egiten dira bi kontakizunetan, sintesi modukoak, besarkatzen dutenak herri baten biziera. Izan ere, badu Tomas Agirreren eleberriak azpi izenburu adierazgarri samarra:
(2) Uztaro. Gure erriaren bizierari buruz, edesti jakingarria.
18Beribilez ere antzeko zerbait da “zaku barne-handia” egileak zioenez, bigarren liburu honetan ere “erriaren biziera” baitago jasota, hau da, iruditeria nahiko zabala.
19Norbaitek esan lezake bi narrazio hauek elkarren ondoan jartzeak ez daukala zentzu handirik, alegia, kontrako ariketa egin litekeela era berean bi biak multzo berean lerrokatuta: izan daiteke, baina konparazioarena zentzua abiarazteko beste modu bat baino ez da…
20Uztaro Zarautzen gertatzen da. Beribilezen ere Zarautz aipatua da bidaiaria automobilez bertatik pasatzean.
21Geure xedetarako honela deskribatu genezake orduko Zarautz: kostaldeko herri udatiarra, jende eukitsuen astialdirako prestatua, ez gutitan kanpotarrek gozatua, mendez mende iraun duen bizimodu herrikoia ahaztu gabe.
22Itsas bazterreko hirietan hainbat ekimen sortzen ziren bakantzalari burgesen inguruan garai hartan: kasinoa, jokoa, dantzak, kirol-erakustaldiak, zezenketak… Zarautz opor-leku eta bainu-hiria zen burgesia handiarentzat XIX. mendean, eta handik aurrera ere, antzera. Uztaroko argumentuaren korapiloak euskarria du diru-jokoan dabilen ama batek semearekin osatutako familia aberats baten kasuan, Zarautzera etorri berria.
23Beribilezen, arinkeria burgesaren fenomeno bera salatzen du idazle bidaiariak Belle Époque garaiko Donostia zeharkatzean, Tomas Agirrek Zarautzi buruz egiten duenaren antzekoa. Azpimarratuko dugu Jean Etxeparek egiten duen Zarautzeko hirigintzaren eta etxearkitekturaren balioeste positiboa, paradoxikoki. Honela idazten du turistak, gaur egungo ortografiarekin:
24(3) So batez hartzearekin guzia, karrikak badu zerbait, gogoeta gauzkazkena. Ahaldunak zituzken egileak; iraupenaz grinatsu zitazken; xedeen araberako zituzketen jakitatea, ederrerako jaidura, tokiaren amodioa, beren eta ondokoen ontsa-nahia. (Etxepare, 1931: 78)
25Bi narrazio hauetan aipatua da euskaldunaren jarrera kanpoko eraginaren aurrean:
26biek akulturazio-prozesu baten berri ematen digute. Euskal gizarte tradizionala birmoldaketaprozesuan dago, euskara orobat, eta akulturazio horrek kultura bion arteko arau- eta balionegoziazioa dakar: erdalduna eta euskalduna. Egonezin horren korapiloa nola trenkatu da kinkan dagoena.
27Zentzuzkoagoa izan daiteke inoiz arau zaharren babesean aterpetzea Uztarok egiten duen bezala arau berri andana ikertzen jardutea baino, bigarren hori baita Beribilezen bidea, hein batean behintzat. Kezka horrek zurkaizten ditu bi idazlanak. Behinik behin, puntu hau badute komunean bi idazlanek. Kanpoko pentsamolde berriekin lehiatzeko premia horren barnean kokatzen da baita erlijio tradizionalaren inguruko kezka ere, sekularizazioarena zehatzago esateko, bi testuetan nabaria dena.
28Azken buruan, kezka da ea nork eskuratuko dituen “komertzioaren eta industriaren giderrak” (Beribilez), hala ekonomikoak nola ideologikoak, hankaz goratzen ari den nekazal gizarte tradizionalaren ondotik datorkeen gizarte industrial eta zerbitzuetako berrian. Aipa dezagun, bidenabar, -zertzelada hau literaturan han-hemenka jasoa baita- itsasoko arrantzaleen gizartea eztabaida honetatik kanpo geratu dela ohiko berbaldi ideologikoan, eta baserria dela euskalduntasunaren balioen gordailua. Itsasgizonak denetariko eraginen menpe leudeke, beren lanbidearen izaeragatik. Baina goazen aurrera.
29Bada bi idazleek partekatzen duten beste kezka edo gai bat, alegia, harreman sentimentalek berez nolakoak diren edota nolakoak beharko luketen, geroago ikusiko denez.
30Konturatuko gara bi idazle hauek historiari erabilgarritasun praktikoa bilatzen diotela, helburu herrizaleekin. Jean Etxeparek Orreagako gudua erreibindikatzen du, Donejakue bidea…; Tomas Agirrek ere, bere aldetik, Erromataren kontrako erresistentzia, Zumalakarregi eta Santa Kruz apaiza, besteak beste. Eta historia erabiltze horietan mendiak leku seinalatua du. Uztaroren kasuan epikaren mistika gordetzen da euskal mendietan, Erromatarren garaitik hasita Ernio mendiko balentria legendarioa aipatzen duela. Mendiak euzkotar sentiarazten ditu Uztaroko pertsonaia positiboki markatuak; mendia oroitzapen-gunea da, hura ere.
(4)
|
—Ez al-dabilkizue zerbait biozpean zirika? —galdetu zien lagunai—. Naizen baño ere euzkotarrago naizela zirudidak mendialdean nabillenean.
|
|
—Gaurko egunean, orratio, mendialdetik igesika zijoazkiguk gazteak urietara, — erantzun zion apaizak.
|
|
—Bai, ala dek. Baña orpozulotik erten dan ardazburua bezela, kurrinka latza dariela ibiliko dituk gazte oik bizitza guztian.
|
|
—Etzekiat; baña egin al-gentzakiokek ezer gaurko gizartearen iraduari?
|
|
—Anbat uke, gaurko urirabear zoroak biotzean egundo ikutu ezpa’gindu. Aizea bezain burujabe mendietan ibilzeko jaioa dala zeritzaidak euzkotarra.
|
|
—Ain zuzen ere, amaika egite arrigarri egin zizkien mendi oetantxe gure asabak beren burujabetasuna aldeztuz.
|
|
—Bai. Mendi oetako zokondo bakoitzak millaka oroitzapen zekarzkiguk burura (Agirretar, 1950: 84-5).
|
31Bi narrazioen arteko antzekotasun hau baieztatzeak, ez dakar berarekin inola ere ñabardura batzuk ezin egitea. Uztaro Beribilez baino askoz agonikoa da, hala nola, historiako pertsonaien balentriak aipatzean, herri-kirolekin lotutako marka-ontzeak azpimarratzean, estropada-apustuetan, gizon arteko borroketan, edota mendiko martxen inguruan… Uztaroko pertsonaiak heroien modukoak dira, ezinago bulartsuak, pieza batekoak, etab. Hona adibide bat, askoren artean:
(5) Atera ortik norañokoa dan gure mutilla. Ez da burruka-zale; ondo neurtu, orratio, aren aurrean jaulkitako itza. Ez aikomaikoetan eupada arrorik jaurti; ez titian-potian burugabekeririk ixuri. Berela elduko dio olakoetan zoroki jaulkitako itzari. Bai damutuko ere laster mintzari oargabeari, arinkeriz esandakoa. (Agirretar, 1950: 35-36)
32Zehaztasun horri dagokionez, Uztaro datatuago dago Beribilez baino, izan ere gaur egungo gizakiaren ethosa gehiago da eleberriaren girokoa, ezen ez epikako kontakizunekoa (Innerarity, 2023). Alde horretatik, Beribilezeko narratzailea hurbilagoa egiten zaio gaurko gizakiari bere kezka, zalantza eta noraezekin Uztaroko pertsonaia eredugarriak baino (Balendin baserriko morroi tatxarik gabea, kasu, edota Libe Malentxoren ahizpa esaneko eta aratza). Hona Liberen erretratua, konparazione:
(6) “Libetzaz, berriz, ez dago zer esanik. Txikitandik maite izan zun arek baserrietako biziera. Atsegarri zitzaion baserriko lanetan astia ematea. Sineskaitza ta arrigarria zan, benetan, ango nekazarientzat, Libe zan bezelako andereño ikasiak eta aberatsak baserrialdeari alaingo zaletasuna izatea. Bere etxe apaiñean bezain alaiki bizi zan Lasturretako mendi-baserri zarpillean. Malentxo bera ere, azkenerako, biotz-etsipenera makurtu zan ezkero, geroago ta etsiago ta alaiago zegoan bere aizparen ondoan”. (Agirretar, 1950: 290)
33Edo beste hau, hari beretik:
(7) “Argialdi ta illunaldi orietan itxaropenaren argiontzia egundo itzali ez dakion, laguntzat etxebarrura aingeruxo bat joan ba’zaio, aurkitu lezakean bitxirik aberatsena eskuratu du gizonak, agian. Udaberriaren irriño gozoa, lorearen edertasuna ta eguzkiaren epela egunero inguruan sortzen dakian emakumetxoa. Aldare-ondoan beti zutik eta beti ernai irauten dun argi itzali-eziñaren antzeko irriñoa! Bai al-da ludian araingo zorionik?” (Agirretar, 1950: 3115).
34Bi kontakizunok dituzten gogoeta-gai komunak izatea ez da mirestekoa, sasoi eta inguru berekoak izaki; hala ere, ikuspegi desberdinak dituzte hainbatetan, segidako paragrafoetan azalduko denez.
35Beribilezen, gozamen-iturria da uda, autoz ibilaldi ludikoa egiteko beta turista kultural gisa: herrialdea ezagutzekoa, ardoaz gozatzekoa, monumentuak eta hiriak ikustekoa, hondartzan bainatzekoa, bidaiatzekoa, gizartea kritikatzekoa, dantzaldi-giro erotikoan murgiltzekoa… Aldiz, Uztaron, urtean zehar ereindako uztaren garaia da uda, hau da, izandako jokabide zuzen edo okerren emaitzak (“ordaña”) jasotzeko garaia; edo, adiera alegorikoan, bizitzaren ibilbidean gizaki helduak eskura dezakeen atarramendua serioski kontsideratzeko unea, apur bat Lizardik “Urte-giroak neure begietan” (1930) zikloan irudikatutakoaren antzera, urtaroak bizitzaren aroekin berdinduta.
(8) “Izadia garai ontan emaiez beterik datorkigun bezelaxe, gizonak ere ba-du, bere Uztaroa. Bizitzako egiteen ordaña artzen dun garaia, alegia. Bizitzaren udazkena da…” (Agirretar, 1950: 280-1).
36Uztaro eleberriko moralismoa gizarte-pentsabide jakin baten markoan ulertu behar da, horri esker iraunarazi nahi baita euskal gizartea, eleberriaren amaieran adierazten denez:
(9) “Ara nola betikoratzen diran gurasoengandik semeengana eusko-sendiak eta sendioiturak! AMAIA”. (Agirretar, 1950: 313-6, idazlearen letra larriak).
37Beste era batera baina, Jean Etxeparek ere belaunaldiz belaunaldiko transmisioak sortzen dituen dilemak gainditzeko saioa egin zuen bere obra guztian zehar, hau da, Antzinako Erregimenaren azkentze itzuri ezinari aterabidea bilatzekoa. (Casenave: 2002)
381930eko hamarkadako fededunen paralisia islatzen da Uztaro nobelak duen amaiera ondikozko tragikoan: modernitateak sortutako istiluak konbentuko bakarlekura darama andere tolesgabe protagonista atsedenaren eta kontenplazioaren bila, ohitura berri arriskutsuen ondorioz (mutil-lagun kanpotarraren harremana jokoaren munduarekin); Eliza bera barnebiltze fase batean zegoen, Uztaroko Malentxo protagonistak hartuko zuen konponbidearen ildotik: gizarteko porrot sentimentalaren ondotik, lekaime sartzea. Espainiako II. Errepublikaren giroa aipa daiteke, hainbat neurri jarri baitziren indarrean Elizaren boterea murrizteko; Iparraldean Jean Etxeparek eta bere garaikideek ere bizituak zituzten antzeko egoerak, ez beti gozoak.
39Antzinako Erregimenako kanonek nahiko luketen bezala, Uztaron Malentxo eta haren familia osoa apaiz baten tutoretzapean daude artoski begiratuak. Apaiza, Malentxoren baserriko ageriko burua, erlijioko Aita dugu aita natural hildakoaren ordez jarria, Malentxoren osaba, berez, amaren neba bat, alegia, eta ez edozergatik oso berariaz baino. Beste alde batetik eta konfesionaltasunarekin lotuta, Uztaroko ortodoxia katolikoak nahi du Malentxo protagonistak Ama Birjinaren agerraldi zuzena ikustea konbentuko bidea seinalatzen, mutillaguna hil ondotxoko etsipen-une batean (Agirretar, 1950: 270). Marra iragangaitza dago bi munduen artean, alegia, udatiar berrizaleen munduaren eta baserriko munduaren artean.
(10) Etzitzaion iruditu apaizari mutilla, leendik uste zuan bezin nardagarri. Etzirudin biotzondo txarreko gizona. Baña ikaragarrizko leiza zegon Maitearena [mutil-lagunaren Zaruzko etxea] jauregian bizi zan senditik Dorronsorokora [Malentxoren baserria]. Mutil arek izan zun azkeratik, Libek eta Malentxok izan zuen azkerara ere, bitarte aundia zegon. (Agirretar, 1950: 197, passim)
40Malentxoren Dorronsoro baserria gizarte organiko batean txertatuta dago, klaserik gabea, eta horien arteko gatazkarik gabe, Antzinako Erregimenaren irudira:
(11) Atzealdean zutik dauden baserritar eta arrantzale zarpillen ikutu-bildur bai’lira, aldare ondora urbildu dira udaldiar aberats batzuk. Oneraño, eliz-barruraño, dakartzkie zaldun eta andere aundi-iritzi oek, Jaungoikoaren Semeak bere jarraitzalleengandik uxatu nai izan zitun aundinaia ta arrokeria. (Agirretar, 1950: 25-26)
41Hala ere, bada zer pentsatua ematen lezakeen datu komun bat Uztaroko bi familia kontrajarri hauetan, alegia, biek aita biologikoa falta dute: aita izango litzateke, ausaz, gauzak artez egiten direnaren bermea, baina bego horretan, nahiz eta hari horretatik tiratzeak emango lukeen hizpidea…
42Beribilezen solas luzea dago orduko erlijio-estetika deskribatuta pasarte esanguratsu batzuetan, hain zuzen Kanbotik etorritako bidaiariak Loiolako Santutegia eta Inazioren etxea bisitatzean. Horretara, idazle humanistak agerian utziko du Elizak aberastasunak arrandia nabarmenarekin erakustea herritar xumea limurtzeko helburu pastoralarekin, hori bai, zeharbidez baino ez zentsuraren beldurrez, aldi berean Inazio nolakoa izan zen miretsita; inoiz ez dugu jakingo ziur zer pentsatzen zuen Jean Etxeparek benetan, ez auzi honetan, ez bestelako batzuetan, ez baitzitzaion bidesaririk gabea suertatu aurreko beste batzuetan Grezia klasikoko parresiaren bertutea burutan ematea idazleari, jakina denez, inguruaren zentsurak hegoak moztu baitzizkion Buruxkak (1910) lehen liburua argitaratzean. Maisu ausartak larrutik ordain lezake zintzotasun egiazalea, eta batzuetan ikasleok jangartzu geratu beste aukerarik ez daukagu. XX. mende hasierako bisitariak begi-bistan zeukan luxu hori Loiolako Santutegi barrokoan, Vatikanoko II. Kontzilioaren aurreko kanonaren barruan, Elizak garaian garaiko seinaleei begiratu gabe, erlijioa bizitzeko modu berez aldaberari behar beste erreparatu gabe, alde batera Uztaron aldezten den jarrera existentzialaren ildotik.
43Ausartuko gara esaten Uztaro eleberria apolineoa dela eta Beribilez bidaia-kontakizuna dionisiakoa: balio dezala hurbilpen gisa. Uztaron orainaren eta moral ezarri gotorraren erakustaldi ahaltsua egiten da, indarrean dagoenarena: familia, zentzuzko ezkontza, gizarte hierarkikoa, egonkortasuna, doktrinaren irmotasuna, eginbehar zorrotza, autoritatea, gizarte monolitikoa, armonia, arrazoiaren arrakasta, zentzumen bridatuak, araua...
44Horrenbeste non mementoko akatsak ere kokaleku zehatza du irudi handi orekatuan, guztia zurituta geratzen dela: ilunaldiak, heriotza… Itxaropena da ororen buru nagusi, borobila da gizakiaren bizitza, betiereko jainkozko probidentziak dena dauka aurreikusia eta kontrolpean. Segidako honako bi aipu hauek ikuspegi apolineo horren erakusgarri gisa dakartzagu:
(12) Orratio, illunaldian ez du gizonak iñolaz itxaropenik galdu bear. Argialdiaren ondoren goibelaldia sortu dan bezelaxe, ekaitzaldiaren ondoren, eguzkialdia etorriko zaigu berriro. Arrantzaleak ekaitzaldian iparraldeko izarrari begira ontziaren ibilliak zuzentzen dituenez, berorrelaxe zuzendu bear ditu gizonak argira bere urratsak: itxaropenera. Olakoxea da gizonaren bizitza. (Agirretar, 1950: 312)
45Zito (Leoncito) Malentxoren mutil-lagunaren heriotza odoltsuak ere izan lezake haren maitalearentzat zentzu ezkutu bat, kreazioaren ordenuak aurrez ezarria betidanik:
(13) [Malentxok] Antzuela eskalearen agotik jakin zitun egun batzuez geroago, Zitoren eriotzazko guztiak. Jaungoikoaren beatza argiro agiri zan ustegabeko ezbear artan. Betiko alderatu nai izan zun, nunbait, Jaungoikoak mutil arengandik. Zer lezake gizakume ezerezak, zorigaitzaldian, Jaungoikoaren izena onetsi besterik! (Agirretar, 1950: 288)
46Jean Etxeparek, ordea, Friedrich Nietzsche garaikidea irakurria eta asimilatua dauka XX. mende hasierako intelektual informatu gisa, eta balioen anbiguotasunean instalatuta ikusten dugu, nahiz eta beti egiaren bilaketa etengabean ibili hil arte. Beribilezen iritzi borobilak lausotuta daude, dela bigarren mailako pertsonaia bati emanez iritzien erantzukizuna, dela ebaluazio morala bakan eta urri agertuz: bertan Uztaron ez dagoen polifonia suma dezake irakurleak. Egia absoluturik nekez aurkituko du irakurleak bidaia-kontakizunean.
47Jean Etxepare esteta bat ote da, gogaide bide zuen Friedrich Nietzsche bezala? Beharbada, zentzumenek eskain liezagukete muturrera eramandako aszetika gaizki ulertuaren aurkako txertoa.
48Uztaro eleberriaren erakutsia oso bestelakoa da: sentsualitate eta atseginzaletasunek damutzeko premia dakarte, azken buruan. Malentxo protagonistaren izaera, jokabidea eta soslai morala azpimarra handiz helarazten zaigu, eta haren edertasun-dohainei gainjartzen zaie, zehazkiago, haietaz egiten duen erabilerari. Edertasunak istiluak ekarriko dizkio, komeni ez bezalako mutil-lagun kanpotarra topako baitu, amaierako tragediari bidea irekita horrela. Anderearen edertasunak ez du salbatuko gaizkiaren atzaparretatik, alderantziz, haren erakarmenak, fatidikoki, zorigaitza ekarriko dio behar ez bezalako bikotekidea topatuta.
(14) Baña, Jaungoikoaren Ama! Begi-aurrera datorkigun au al-da gaztetxo xaloaren [Malentxo] lilluratzalle ausardia? Irasagar zimela baño beltzago da mutilla; aul eta belaxka, gañera, tankeraz. Maite-eizean, orratio, eiztari ikasia izan bear du. Gazteñoen belarrira mintzo biguñez itz eztiak ixurtzen oitua. Ero utsa izan-da, eguzkia bera bezain eder dan anderetxo ikasigabeak, zoroki ederresten du mutil zimela. (Agirretar, 1950: 7 passim.)
49Malentxok landa ingurua arbuiatzen du, hango ohitura garbiak. Hiria, ordea, atseginaren kokalekua da: emakume “buruarina” ere errazkeriaren atzaparretan erorita dago, arbasoen jarraibideei izkin egin dien une beretik.
50Bi narrazio hauetan arazo beraren aurrean, irtenbide bederak proposatzen dira. Uztaro lehengo ohituretan gotortzearen aldekoa da, Beribilez inguruko gizarte hurbilean sortzen diren eraldaketei irekia den ber. Irakurri honako bi pasarte kontrajarri hauek; luzeak dira baina esanguratsuak, ikusarazten duten kontrastean.
51Beribilez:
(15) Duela hiruetan hogoi bat urthe artino, Eskualerria goxo-goxoa laborantzatik bizi zen eta hazkuntzatik, nehorateko atherabide handirik gabe mendien artean hetsia, bere mintzai xaharra baizik ez kasik ezpainetan, arbasoen ganikako fede zintzo eta oitura zuhurren gerizan. Jakitaterik ez, dirurik ere ez hanbat, bakartiarra berzalde eta bere tokiko berri baizik ez jakinki, eskualdun gaizoek nola zezaketen iharduk hainbertze atzerritar gose bezain argituen aztaparrari? Gider asko utzi behar ukan zaizkoten. (Etxepare, 1931: 49)
52Uztaro:
(16) Atzeraxeagotik, aitonak zeatzen zitun atxurrez goldeak iraulitako lur-mokor ezkoak; ezpaitira mazo-ukaldiz zeetu-errezak mokor oek, bein eguzkitara legortu ezkero. Iru gizaldi ari ziran lanean Eperzelaitako soroan orpoz-orpo. (…) Orra or, beintzat, gure baserritarrak gizalditik gizaldira, urteoro berriztatuz, gaurdaño dakarzkiguten oiturak. Anbat litzake gaurko urirabear zoroak biotzean egundo ikutu izan ezpa’gindu! Aizea bezain burujabe ibiltzekoa dala deritzait euzkotarra. Ez al-dabil, bestela, orpozulotik erten dan ardazburua bezela, beti negar kurrinka dariola?. (Agirretar, 1950: 265)
53Uztarok Euskal Herriaren ikuspegi museozale eta etnografikoa eskaintzen du, honelakoak xehetasun handiz jasoz: langintza zaharrak (gaztagintza (Agirretar, 1950: 87-8), nekazaritza, askotariko abereak artatzea: oiloak, txahalak (Agirretar, 1950: 31-32)…; herrikirolak ere ekarriak dira, estropadak kasu beren apustuekin. Hiria da, ordea, endekapen moralaren gunea Uztaron, eta baita gizakiak zentzuna galtzeko tokia, ñabardurak ñabardura, egia esan, zeren eta landa inguruan ere badira gorabeherak, adibidez, eguraldiak eta basapiztiek sortutakoak, nahiz eta landa inguruko gizakiari buruz ez den zehatz ezer esaten.
(17) —Arrano pola! Gizona gizonarekiko dan baño pizti gaiztoagorik ba al-dek iñun? Gaurko egunean gizarteak darabiltzkin aginkak eta burrukak ikusirik, amaika bider sortu izan zaidak andik iges egin eta artzaien artera etortzeko gogoa—. (Agirretar, 1950: 87-8)
54Baserria da atsegin garbiaren eta samurtasunaren kokalekua, Uztaroko tesiaren arabera:
55han daude txahal maitagarriak, oiloak eta egunorokotasunaren beste ohiko babesleak, eta abar. Malentxo baserriko bizimoduarekin nekatuta, bere pagua edo “ordaña” jasoko du eleberriaren mendeku-ekonomian, azkenean damu izatera lerratuko dela. Malentxoren eskarmentua eredugarria izan nahi du fikzioaren barnean, beti ere.
(18)
|
—[Libe, Malentxoren ahizpa] Bai, bai. Ain zuzen ere, baserriko zeregiñetan ibiltzen naun atsegiñen.
|
|
—Bestelakoxea den uriko biziera! Nazka zemaidane niri beñepein baserriko lanak —jardetsi du Malenek. (Agirretar, 1950: 31-32)
|
56Etnografiatik harago, Uztaroko modernismoa da errealitate etsigarritik harago joan nahi duen adierazpide artistikoa, eta horretan ere ez da atenporala, berak nahiko lukeen bezala; burgesiaren kritika egiten du, haren bizimodu materialistarena. Naturaren aipamen idealizatuak ditugu, pertsonaien joan-etorri arruntak baino askoz haratago altxatzen dutenak irakurlearen begirada, bestelako errealitate ideal bati aipu eginez.
57Hermetismoaren eta itxituraren ordez, Etxepareren prosak argi azaltzen digu gizartea bere horretan iraunarazteari eta kanpoko ekarriari buruz duen jarrera bestelakoa dela:
(19) Bidasoa bazenetz ere ez niz orhoitu: ez girea bethi Eskualerri-barnean? Hargatik, mugaz hunaindiratu bezain laster, gozatu zaitala eta berritu zainetako bizia, hori ba. Jabalago barnea, hatsa hobeki hartzen dut. Bihotz-bihotzez eskualdun izan gatik, garaitiko nizan guzia frantsesa duketalakotz ez othe? Adimenduz eta buruz uste baino ere maiteago ez othe dugun guziek Frantzia? Menditik bulharretarat heldu zaikun aire sendoari hautemaiten diot, Frantzia guzitik harekin nahastekatzera jina, halako hazkurri arin, haztarik gabeko zer bat, osagarrizkoa hargatik, odoleratzeko gure lehenbiziko arbasoek etzuketena. (Etxepare, 1931: 91)
58Hari beretik, deigarria da eta hein batean ironikoa ere bai azaldu zaigun kontraste bat. Beribilezen autoak dauka protagonismoa, izenburutik hasita. Aldiz, Uztaron, garraiobide nagusi eta sarria astoa da, landa-bideetan atzera eta aurrera ibiltzeko, dela ehizean, dela beste baserri-etxe batera bisitan joateko, oraingo hitzetan esateko desazkundearen bidetik; nolanahi ere, Jean Etxepareren pentsamoldeari ere leporatu zaio mugarik, adibidez, “zientismoa”, eta “muturreko positibismoa”…
59Beribilezeko gertaldietan euskararekiko idazlearen ardura da hiztunak hizkuntza galdu lezakeelakoa; Uztaron diglosiaren kezka ez da aipatu ere egiten. Lehenean, narratzaileari aurrean paratzen zaizkion euskaldun gehienak arruntak eta nabar samarrak dira, ezaugarri laudagarri berezirik gabeak: baserriko amona euskara bazterrera utzi duena bilobekin komunikatzeko, Loiolako sintsak mundutik aparte bizi direnak, Iparraldeko botigesak sineskerien jopu Donostiako petrikiloren atzaparretan eroriak, beti ere konplizitateko keinu batekin… Ez dira, oro har, auto-bidaiako giza enkontruak eredu gisa ekarriak Uztaroko pertsonaia eredugarriak bezala, salbu-eta Lekunberriko ostalertsak, hauek bai, doi bat goraipatuak nafar-odola dutelako, baina salbuespen bat besterik ez dira, talde-elkartasunaren bidetik.
60Errepaso honen guztiaren ondotik, norbaitek galde lezake, horiek guztiek pizgarririk badarkiote gaur egungo irakurleari? Gaur egun ere badaude antzeko egoerak gure artean, eta ez ikusiarena egitea etorri berrien aldera ez da zilegi; bakartzea eta nor bere baitan biltzea badirudi ez dela kontua; hala ere, Uztaroren formulak arrakasta izan du neurri batean, izan ere, ikusmolde horiek dira nagusi gaur eta hemen eboluzio eta egokitzapen derrigorrezko batzuen ostean: kristautasun liberala.
61Beribilezen bidea ez da kontuan hartzekoa, beraz? Ezin uka Beribilezek zabaltzen duen bidea gaurkotasun handiagokoa izan daitekeela, planteamendu postmodernoaz ari garela, non betiko egiak, egiaren izatea bera, eta egia badenez ere kolokan jartzen den (Larrosa, 2000).
62Beribilez da krisi baten ondoko bilaketa (quest); Uztaro da, ostera, balio tradizionalen indarberritze eta beren burua finkatze-saioa, muturrekoa, aterabide errazik ez duen endrokatze baten irudikapena, itxura guztien arabera; gizarte bati egiten zaion azken agur malenkoniatsua, galtzera doan gizartearen etnografia: Orixeren Euskaldunak ([1936]1950) poemaren iduria, baina zapuztutako amodio-harremanez hornitua kasu honetan?
63Esango dugu Uztaro irakurlego hiritarrari begira dagoen narrazioa dugula, non nostalgiak gainbehera doan gizarte-antolaketa baten gogoz kontrako akta jasotzen baita, exotismoz zipriztindua. Balizko irakurle gehienak hirietan produzitzen ari dira, udako kontakizun didaktiko hau irakurri bitartean; Tomas Agirre bera Errezilgo menditik irtenda Bilbora jaitsi zen opilaren egitera, alegia, Jean Etxeparek horrenbeste miretsi zuen Bilbo puxantera, Azkue bisitatu zuen batean (Altonaga, 2006: 160). Barrensoro udan Errezilera bueltatuko zen, deskantsatzera, kutsadura atzean utzita.
64Uztaro logikako mekanismo gupidagabe eta zurruna da, eta horrexegatik beragatik ahula eta oreka zailekoa, ihesa beste irtenbiderik ez duena eskaintzen. Tomas Agirrek Uztaro eleberrian retroutopia bat eraikitzen du, hau da, iraganetik berreskuratutako utopia batean bermatzen da (Montesó, 2019). Hala ere, egia da nostalgia tradizioarekin lotura errazten digula, lotura gizartearekin, baina muntakoa da etorkizunari begiratzea eta Bestearekin solasean aritzea, ni etengabe berritua osatzeko. Bide hori da Beribilez urratzen hasi zena, dudamuda askoren artean, azken aldiko Lore-Jokoak islatzen zuten giro ezkor eta goibel antzekoa gainditzera datorrena. (Casenave, 1998)