Navigation – Plan du site

AccueilNuméros241. Tomoa / Tome 1Articles / ArtikuluakEuskal Literaturaren egokitzapen ...

1. Tomoa / Tome 1
Articles / Artikuluak

Euskal Literaturaren egokitzapen filmikoetara hurbilketa bat. Aizpea Goenagaren Zeru horiek (2006) eta Mireia Gabilondoren Amaren eskuak (2013)

Mari Jose Olaziregi Alustiza
p. 263-277

Entrées d’index

Thèmes :

littérature
Haut de page

Notes de l’auteur

Artikulu hau Pilar Rodriguezek editatutako Euskal Emakume Zinemagileak (Euskadiko Filmategia, 2022) liburuan argitaratu zen, Elhuyarrek itzulia. MHLI ikertaldea garatzen ari den ikerketa proiektuen baitan idatzi da: IT 1579-22 (Eusko Jaurlaritza), PID2021-155952NB-100 (Mineco) eta US 21/15 (EHU).

Texte intégral

1“Dezagun gutxi, dezagun beti”, dio esaera zahar ezagun batek. Esan genezake jarraitutasunaren garrantziaz ari dela, ekintzen eta aukeren arteko beharrezko orekaz. Nire ustez, epigrafe ona izan liteke euskarazko zinemaren balantzea egiteko, oro har, eta euskal emakumeek zuzendutako filmen balantzea egiteko, bereziki. Gainera, emakumeek sinatutako euskal literatura-lanak zinemara egokitzeaz ari bagara, esaera zaharra desideratum hutsa bihurtzen da, filmen corpusa zinez murritza baita. Hain zuzen ere, bi dira euskal literatura-lan garaikideak egokitu dituzten emakumezko zuzendariak: Aizpea Goenaga (Donostia, 1959) eta Mireia Gabilondo (Bergara, 1965). Harrigarria da hori; ez bakarrik gure literaturak euskal zinemagintzako eragileen artean sortu duen erakarpen urriagatik, baizik eta diziplinarteko ikuspegi batetik bitarteko fenomeno horiei heltzeko egin diren azterketa urriengatik ere bai.

2Datozen lerrootan, lehenik eta behin azterlan honen xede diren bi zuzendariek dituzten ezaugarri komunak gaingiroki aurkeztuko ditut, -hots, euskaraz filmatzearen aldeko apustua egitea eta euskarazko literaturaren egungo panoramako obra ezagunak egokitzea-, eta, ondoren, aipamena egingo diet, laburki, Aizpea Goenagak zuzendutako Zeru horiek (2006) eta Mireia Gabilondok zuzendutako Amaren eskuak (2013) filmei. Film horiek Bernardo Atxagaren Zeru horiek (1995) eta Karmele Jaioren Amaren eskuak (2008) eleberriekin egiten duten elkarrizketan jarriko ditut; ez bakarrik literatura-testuarekiko kidetasunak, analogiak edo leialtasunak azpimarratzeko, alderdi horiek guztiak egokitzapen filmikoen azterlan klasikoetan luze eta zabal jorratu baitira, baizik eta hizkuntza biek (literarioak eta filmikoak) duten indar semiotikoa nabarmentzeko. Izan ere, Juan Marsék filmetarako egokitzapenei buruz esan bezala: “Azkenean, egokitzapen zinematografiko batetik gehien estimatzen dudana jatorrizko argumentua duen edozein filmetan aurki daitekeen gauza bera da: bere indar narratiboa, liluratzeko duen ahalmena” (1994).

1. Euskaraz eta emakumeen eskutik: gutxiengoa eta periferia

3Ikuspegi sistemikotik, emakumeek euskaraz egindako filmek osatzen duten polisistema periferikoa da, gizonek sinatutako eta gaztelaniaz filmatutako euskal filmek duten zentraltasunarekin alderatuta. Beste era batera esanda, euskal zinemaren bilakaera garaikidearen errealitate ez-kanoniko eta ez-hegemoniko baten aurrean gaude. Errealitate hori, gainera, euskal zinemako emakumezko zuzendariek izan duten eta argitalpen batzuek berriki salatu duten agerikotasun ezean islatzen da (Fresneda, 2015: 331). Artikulu horretan Fresnedak aztertzen dituen emakumezko zuzendariak (Taberna, Dîez, Murugarren, Gabilondo eta Goenaga) 1998tik aurrera pantaila handian estreinatu duten zuzendari apurren artean daude. Film horietako gehienak gizarte-gaiei buruzkoak dira (Fresneda, 2015: 337), baina egia da badirela “beren sorkuntzak beste mota batzuetako espazioetan erakusten dituzten zuzendariak. Bide berriak irekitzen dituzte dokumentalaren, sormenaren, esperimentazioaren, artearen eta ikus-entzunezkoen munduan” (Fresneda, 2015: 337). Fresnedak Ione Hernandez, Maru Solores, Izibene Onederra, Jone Karres Azurmendi eta Olatz Gonzalez Abrisketa egileei egiten die erreferentzia aipatutako artikuluan.

4Bestalde, Elizabete Manterolak alderdi interesgarri bat aipatzen du euskarazko filmen inguruan, esaten baitu film horiek, askotan, euskal hizkuntzaren errealitate diglosikoa ezkutatzen duten produktu eleaniztunak baino ez direla (2019: 115). Egokia iruditzen zaigu ohar hori, beharrezko ñabardura bat eransten duelako eta, heterolinguismo horren azterketaren bidez, hizkuntzek euskal filmetan jokatzen duten rola interpretatzeko bideak iradokitzen dituelako. Manterolak beste ikertzaile bat, Miren Manîas Muñoz, aipatu du honako hau ondorioztatzeko:

Bildutako datuek erakusten dute euskarazko ekoizpen zinematografikoa oso murritza izan dela eta eten asko izan dituela, nahiz eta gaur egun gora doan. Manias Muñozek azaltzen duen bezala, gero eta profesional gehiago dago, baina gaur egun ezin da egonkortasunaz hitz egin. Eusko Jaurlaritzak eta euskal telebistak euskarazko zinema babestearren hartutako neurrien eta sinatutako hitzarmenen ondorioz ugaritu da ekoizpena. (Manterola, 2019 :133)

5Ugaritze hori Zigor Etxebestek ere nabarmentzen du (2015 : 327-328), 2005etik aurrera euskaraz egindako filmen zerrenda aipatzean. Hazkunde horretan eragina izan zezaketen zenbait faktore ere azpimarratzen ditu egileak, hala nola Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzen politika berriak, ETBren inplikazioa eta ekarpena, azken belaunaldiko zuzendariek ikus-entzunezkoen arloan jaso duten prestakuntza, eta abar. Euskal zinemaren zuzendarien azken belaunaldiari dagokionez, honako hau adierazi du Etxebestek:

Haietako askok film laburrekin hasi zuten beren ibilbidea, eta estetika berezi bat garatzera iritsi dira ,azpimarra ditzagun, horien artean, Asier Altuna, Telmo Esnal, Jon Garaio eta Jose Mari Goenaga; gainera, esanguratsua da film luzeak egiten aritu ondoren, film laburrak zuzentzera itzuli direla; beste batzuk antzerkitik eta telebistatik etorri dira (Fernando Bernués, Mireia Gabilondo, Aizpea Goenaga, Patxi Barko, Patxo Telleria, Aitor Mazo eta Jabi Elortegi). Badira, halaber, zinema eskoletan ikasi dutenak (Imanol Rayok Escivin eta Saroben, Mikel Ruedak New Yorken, Moriartikoek Saroben...). Esan dezakegu, beraz, euskaraz filmatzen duten zinemagileek askotariko jatorria dutela. Litekeena da Antxon Ezeizak edo Arantxa Urretabizkaiak aldarrikatutako harrobia jada hemen egotea. (Etxebeste, 2015: 328)

6Hain zuzen ere, Etxebestek aipatutako zinemagileetatik bi izango dira datozen lerrootako protagonistak: Aizpea Goenaga eta Mireia Gabilondo.

2. Zeru horiek (Aizpea Goenaga, 2016)

7Esan bezala, Bernardo Atxagaren Zeru horiek (1995) eleberria da Goenagak 2006an filmatutako izenburu bereko filmaren hipotestua. Ez da Atxagaren (Asteasu, 1951) lan batean oinarritutako lehen filma; izan ere, euskal literaturako egile kanoniko, itzuli eta sarituena egokitzapen filmiko gehien dituena ere bada (Olaziregi, 2005; 2012: 162-167; Olaziregi, 2018). Montxo Armendârizek Obabarekin (2005) eta Imanol Rayok Bi anairekin (2011), irakurketa erakargarriak proposatu zituzten Obabako mundu mitiko eta zaharraren gainean, Jorge Luis Borgesek aipatzen zuen bestelako kausalitateak agintzen duen geografia bizi haren gainean. Aldiz, Goenagaren Zeru horiek eta Fernando Bernuésen Soinujolearen semea (2018) filmak beste lurralde batean barneratu ziren, argi eta garbi euskal geografia gisa identifikatzeko moduko batean, ETAren 80ko eta 90eko hamarkadetako indarkeriak markatua, non Don Beldurrek agintzen duen, Gizona bere bakardadean (1993) obrak Gonzalo de Berceori egiten dion erreferentzia aipatzeagatik. Thriller psikologikotik hurbil dauden eleberri errealista eta teknikoak dira, bi biktimariotan zentratuak: Carlos, Gizona bere bakardadean eleberriaren kasuan, eta Irene, Zeru horiek eleberrian. Bi pertsonaia horiek ezagun egin zitzaizkien euskal irakurleei, benetako ETAkideak ekartzen baitzizkieten gogora, hots, Mario Onaindia (Carlos ezizenekoa) eta Dolores Gonzalez Catarain, Yoyes, kasu. Zeru horiek eleberria hamabi hizkuntzatara itzulita dago, eta karga emozional handiko eleberria da, protagonistaren iraganeko memoria gogorretan oinarritua: Irenek, 37 urteko presoak, ETArekin dituen harremanak moztea eta presoak gizarteratzeko programari heltzea erabaki du. Atxaga benetako pintada batzuetan inspiratu zen Ireneren istorioa lantzeko, non “traidoretzat” jotzen baitzuten ETAko kide bat (El Dominical, 199604-21). Eleberriak hautsak harrotu zituen argitaratu zenean (Olaziregi, 2005: 230-244).

2.1. Zuzendaria

8Aizpea Goenaga Magisteritzan eta Eusko Jaurlaritzako Antzerti Arte Dramatikoko Eskolako Arte Dramatikoan diplomaduna da. Gainera, Errioxako Unibertsitateko Antzerki Ikasketa Aurreratuen Masterra ere badu. Interpretazioko, gidoigintzako eta zuzendaritzako ikasketa eta lanekin batera, literatura-sorkuntza, antzerki-piezen itzulpena eta kultura-kudeaketa ere badira bere ibilbidean. Euskal kulturarekiko duen konpromisoak markatutako profil balioaniztuna du. Nabarmentzekoak dira, era berean, kudeaketa kulturalaren arloan bere gain hartu dituen erantzukizunak, izan ere, Etxepare Euskal Institutua zuzendu baitzuen 2010eko ekainetik 2016ko abendura bitartean, hots, Eusko Jaurlaritzak euskal hizkuntza eta kultura nazioartean sustatzeko eta zabaltzeko sortutako erakundea. Gainera, 20l9az geroztik Irungo Oiasso Erromatar Museoaren (Gipuzkoa) koordinatzailea da. Bere ibilbide zinematografikoa berretsi egin zen 20lln Simone de Beauvoir Saria jaso zuenean, Bilboko Emakumeek Egindako Zinemaren XVI. Erakusketan.

9Gaztelaniazko lanak ere argitaratu dituen arren, euskarazko literatura dramatikoan egin dituen lanak nabarmenduko ditugu, zalantzarik gabe, genero erabat minoritario eta periferiko horri gaur egungo euskal literatura-sisteman egin dion ekarpenagatik. Bere argitalpenen artean, honako hauek aipa daitezke: Zu(t)Gabe (1995), zeinak Donostia Hiria Saria jaso baitzuen. Antzezlanak 60 urteko alargun baten bakarrizketa du ardatz, eta Cinco horas con Mario (Miguel Delibes, 1966) lanaren estiloan, bere beldurrak eta bakardadeak ditu kontagai, ekitaldi bakar batean eta eszenografia sinple batekin. Agur betiko (2003) lanak, berriz, ama hil ondoren familia batean pizten den krisian sakontzen du, eta Antzerkiaren Serantes Saria jaso zuen; Santxa (2005) izenekoa, berriz, BBKEuskaltzaindia sariduna, drama historiko bat da, historiografia ofizial euskaldunean aipatu ere egiten ez diren emakumezko pertsonaia historikoei ahotsa ematen diena. Idazlan horiekin batera, gogoan izatekoak dira Euskararen 7 bekatu nagusiak (2005), Ezker-Eskuma (2008), eta Arrainontzia (2009), Atenea Hizkuntzalaritza-Zentroak argitaratua, Anak bere bikote-harremanean sentitzen duen klaustrofobia kontatzen duena. Goenagak idatzitako lan dramatikoen zerrenda osatzeko, aipa ditzadan El club de las mujeres invisibles (2009) proiektu kolektiboa, Omenaldia (2016), Erlea aldizkarian argitaratua; ¿Qué? (2017), Estreno aldizkarian kaleratua, 50 voces contra el maltrato (2018) monografikoan, eta Esquinas (2018), SGAE Fundazioaren Antzerki Idazketarako VI. Laborategian idatzia eta Itziar Pascualek zuzendua. Aipagarria da, halaber, haurrentzako eta gazteentzako literaturan egin duen ibilbidea, honako lan ezagun hauekin: Lauterdi pirataren altxorra (2002), Pentagrama enea (2003), Antzezten ...teketen ten! (2006), Ni ez naiz txotxolo (2006), Kaia (2008), Nafarroako Antzerki Eskolako Haurrentzako Antzerki Testuen Lehiaketako Saria; Ramoni, Ramoni (2010) eta Esketxak ( 2010). Bere azken kolaborazioen artean, haurren integrazioari buruzko Miren (Banoa…!!) (2016) liburua dago, Elkartu eta Ikertzerekin elkarlanean idatzia. Goenagaren azken lana Gora teloia! Antzerki gida (2021) da, hezkuntzaalorrerako antzerki-gida bat, Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratua. Elkarrizketa sinple eta zorrotzak, haurrengandik hurbil dagoen munduaren ikuspegia, umorea eta eguneroko egoera zentzugabeak erabiltzen ditu Goenagak haurrentzako eta gazteentzako literaturan, eta hain zuzen ere horregatik dira irakurgai benetan gomendagarriak txikienentzat.

10Aizpea Goenaga oso ezaguna da euskal telebistan, garaiz hasi baitzen telesail ezagunetan parte hartzen. Horien artean daude Elena Iruretarekin batera zuzendutako A.U. da Hau (1990) telesaila, zeinak Tesauro Saria lortu baitzuen 199ln, ETBko saio onenagatik; Bi eta bat (1991), Beni eta Marini (1992), hori ere Iruretarekin zuzendua; Ertzainak (1999) eta Goenkale (2004-2005 eta 2005-2006 denboraldietan ere zuzendu zuena). Aipatutakoez gain, nabarmentzekoa da El corredor de la muerte (2018), La lînea invisible (2019) eta Alarde (2020) telesailetan aritu zela. Aktore gisa parte hartu duen filmen artean, gogora ditzagun honako hauek: El poliz6n de Ulises (1987), Javier Aguirrek zuzendua; J. M. Tuduriren Santa Cruz. El cura guerrillero (1990), zeinaren protagonista izan zen eta Murtziako Zinemaldian Paco Rabal Emakumezko Aktore Berriaren Saria jaso zuen; Felipe Aljureren La gente de la Universal (1991), Ramón Barearen Pecata Minuta (1999), Helena Tabernaren Yoyes (1999), eta Asier Altunaren eta Telmo Esnalen Agur Etxebeste! (2019). Filmetan ez ezik, Euskal Herri osoan barrenako antzezlanetan parte hartzea ere oso gogoko izan du beti Goenagak. Antzerkia, izan ere, bere genero kuttuna izan da beti. Horren erakusle ditugu, adibide gutxi batzuk gogoratzearren, Pekata Minuta (1999), Dakota (1998), Errudun jaioak (2001), El florido pensil NIÑAS” (2017) eta Sisiforen paperak (2020) obretan egin dituen antzezlanak.

11Azkenik, aipatzekoak dira antzerkiko eta zinematografiako zuzendaritzan egin dituen lanak. Zuzendu dituen antzezlanen artean, gogoratzekoak dira, adibidez, Ama, quiero ser Lehendakari (2007), Handitan (2007) eta Ezker-Eskuma (2008) -zeinen testuen egilea ere baden-; Kalean uso, etxean otso -Donostiako Udalak tratu txarren eta generoindarkeriaren aurka sustatutako ikuskizuna, zeinaren egilea eta zuzendaria den (2008)-, eta Cocidito madrileño 2 (2009). Zinema-zuzendari gisa, Zeru horiek filmaz gain, 2009an Sukalde kontuak film luzearen gidoia idatzi zuen, eta berak zuzendu zuen filma. Sukaldaritza ikasten ari diren sei ikaslek beren azken ikasturtean izandako gorabeherak kontatzen dituen komedia bat da. Nolanahi ere, sukaldaritzako unibertso txiki hori satira sozial bat egiteko agertokia ere bada, immigrazioa eta belaunaldien arteko eztabaidak umore-tonuan azaleratzeko. Duela gutxi, Ya está (2019) film laburra interpretatu eta zuzendu du, zeina Zinebin estreinatu baitzen eta Newcastle International Short Film Festival jaialdian Publikoaren Saria jaso baitzuen. Bere azken lanen artean dago, halaber, Bidea eraikitzen. Donostiako herritar foroa dokumentala, Donostiako Udalak sustatutako Bizikidetzaren Aldeko Herritar Foroko lantaldean bost urtez egindako lanaren ondorio gisa.

2.2. Zeru horiek

12Zeru horiek filma 2006an estreinatu zen, Biarritzeko Festival International de Programmes Audiovisuels (FIPA) jaialdian, eta harrera bikaina izan zuen. Arrakasta hori berretsi egin zen, jaialdiaren hogeigarren urteurrenean berriz proiektatu zutenean. Goenagak berak idatzi zuen gidoia eta euskaraz filmatu zuten, hiru asteko denbora errekorrean, eta 700.000 euroko aurrekontuarekin. TVEk finantzatutako euskarazko lehen filma da. Espainiako erakunde publikoak ez ezik, TV3 eta Compañía Vasca de Audiovisuales SA eta Factotum ekoiztetxeek ere ko-finantzatu zuten filma. Aktoreei dagokienez, Nagore Aranburuk Ireneren paper protagonistan egindako lan bikaina nabarmentzen da, zalantzarik gabe. Beste euskal aktore ezagun batzuk izan zituen ondoan, hala nola, Joseba Apaolaza, Aitor Merino, Loli Astoreka eta Teresa Calo (Margarita, presoaren paperean), baita Nadala Batiste eta Xus Estruch aktore katalanak ere.

  • 1 Ezquiaga, Mitxel (2006, urtarrilak 25). “Me dio seguridad ver que Atxaga veia con tan buenos ojos l (...)
  • 2 Martinez, Isabel C. (2005, abenduak 21). “Un telefilme en euskera representa a TVE en el PIPA de Bi (...)

13Prentsan izandako harrerari dagokionez, nabarmentzekoa da hainbat elkarrizketa egin zizkiotela Goenagari; besteak beste, Mitxel Ezquiaga kazetariak egindakoa, non kritikariak esan baitzuen intimista zela filma, eta gogoeta eginarazten zuela1. Era berean, Goenagak adierazi zuen lasaitua hartu zuela Atxagak esan zionean pozik gelditu zela egindako egokitzapenagatik. Beste artikulu batzuek, Isabel C. Martînezek2 argitaratutakoak adibidez, filmaren inguruko datu teknikoak eman zituzten, eta TVEk finantzatutako euskarazko lehen filma izan zela nabarmendu. Esan genezake Zeru horiek road movieak idazle asteasuarraren eleberriarekiko nahiko fidela den gidoi bat duela abiapuntu, eta, zinez, asmatu egiten duela Irenek, 37 urteko protagonistak, jasaten dituen bakardadea eta jazarpena transmititzen, zeinak, ia lau urtez Bartzelonako kartzela batean preso egon ondoren, gizarteratze-neurriei heltzea eta sorterrira itzultzea erabakitzen baitu. Irenek Bartzelona eta Donostia artean -eleberrian, Bartzelona eta Bilbo artean- autobusez egiten duen bidaia barne-bidaia bat da berez, espetxeratzeagatik eta ondoren baztertzeagatik hautsitako bizipen, afektu eta konplizitate politikoetara egina. Horregatik, bidaiaren narrazioan nagusitzen diren tonu hotzak protagonistak bizi duen giro klaustrofobikoa iradokitzen duten tonuak dira.

14Izan ere, Goenagaren Irene Atxagaren Irene baino “femeninoagoa” da. Atxagaren protagonista ahots zakarrekoa da eta gizonen tankeran janzten da (Atxaga, 1995: 7), ETAko militantzian nagusitu den genero-politikarekin bat (Olaziregi, 2019). Filmean, aldiz, gona batekin, takoi baxuko botinekin eta makillaje pixka batekin agertzen da; bere itxura zaintzen duen emakume bat erakusten zaigu, isila eta begirada atseginekoa, baina, etengabe jasaten dituen erasoen aurrean, ahots irmo eta zorrotzekoa. Esan genezake espetxeratuta egon den bitartean gorputza usurpatuta eta ukatuta izan duen emakume baten aurrean gaudela, geltokiko beirazko ateek bere irudia islatzen dutenean erakusten zaigunez. “Belaun politak ditut oraindik”, esaten du, gorputz osoa bere aurrean islaturik ikustean, kartzelan urte askoan ispilurik gabe egon ondoren. Ekipaje arina darama: liburuz betetako maleta bat -hamar bat guztira, kartzelako liburutegian aukeratuak-, eta Adamen kreazioa obraren kopia bat, Kapera Sixtinoaren ganga apaintzen duen Michelangeloren fresko-margolanetako bat, Margarita kartzelakidearen opari. E. M. Cioran poetak esaten zuen arteak zerura hurbilarazi nahi gaituela, nahiz eta zerua iritsezina izan. Horregatik da hain garrantzitsua Michelangeloren koadroa filmean, Adamen eta Kreatzailearen hatzen artean dagoen espazioa Ireneren eta Larrearen artean egongo den bera baita; klandestinitatearen garaiko aspaldiko maitasun zapuztu bat da Larrea, koadroari esker gogora ekarri ahal izango duena. Goenagaren filmak ederki birsortzen du Irenek eta Larreak Biarritzen egindako bilera klandestinoaren testuingurua, ETAren sortzaile Julen Madariaga ezaguna bezalako pertsonaiak ere sartuz. Aipatutako objektuen garrantzia (koadroa, liburuak) funtsezkoa da; ez bakarrik Ireneren konpainiarik leialena eta iraunkorrena izango direlako urtetan zehar, baizik eta, gorputzek bezala, haiek ere memoria gordetzen dutelako (Casey, 2000: 172), eta Ireneren memoria behin eta berriz berraktibatzea ahalbidetzen dutelako. Margarita kideak garbi azpimarratuko du objektuen garrantzia: objektuek iraun egiten dute denboran; pertsonek ez; edo, beste era batera esanda, gauzek “badakite itxaroten, eta kartzelatik irtetean lagun diezaguketen bakarrak dira”.

15Memoria, beraz, bai filma eta bai Zeru horiek eleberria antolatzen dituen ardatza da. Oroitzea, nortasun-ezaugarriak berresteko; oroitzea, Ireneri okerra iruditzen zaion militantzia politikoko iragana onartzeko eta alde batera uzteko. Zentzu horretan, erabateko garrantzi semiotikoa hartzen du Goenagak filmean sartzen duen eta eleberrian agertzen ez den eszenak. Antonia eta Irene kartzelako liburutegian hitz egiten ari diren bitartean irratiak ematen duen atentatuaren berriaz ari gara. Euskadi Irratiko esatariak jakinarazten du Donostian bonba-autoz egindako atentatu batean Sánchez jenerala hil dela, eta zibil bat ere hil dela atentatuan, Ourenseko emakume bat. Antoniaren gaitzespen-erreakzio amorratuak eta Ourenseko emakumearen nortasunaren inguruko kezkak eramaten dute Irene atentatuak eragiten dion mina onartzera eta “gerra horrekin” ados ez dagoela irmoki adieraztera.

16Filmaren hasiera kameraren mugimenduak markatzen du: zeru ilun bat ikusten da lehenik, eta espetxeko zaintza-garita ondoren. Ireneri jarraitzen dio kamarak gero, aske geratu osteko lehen pausoetan. Baina errealitate berri horrek talka egiten du, literalki, kalea gurutzatzean harrapatu egingo baitute ia. Esango genuke errealitate berria indarkeriaz inposatzen zaiola emakume honi. Indarkeria hori genero-indarkeria da batez ere, eta adibiderik nabarmenena da kartzelatik ateratzen den unetik behin eta berriro deitzen diotela “puta”. Kartzelatik kanpo dagoen lehen gauean gizon batekin duen harreman iheskorra bortizki amaituko da. Era berean, autobusean jazarriko duen polizietako batek ere hala tratatuko du. Autobus horretan, zine pornoaren eta emakumearen sexu-mendekotasunaren irudiek jasangaitz bihurtuko dute bidaia, eta, mojak bezala, oso erasotuak sentituko dira bidaiariak. Indarkeria ere pairatuko du Irenek, baina kutsu politikokoa, “aberriaren traidore” gisa. Kartzelatik atera baino lehen ere, Andoni mutil-lagunarekin izango duen bisean biseko bisitak jazarpen politikoaren etorkizuna iragartzen du. Bere traizioa, gainera, berretsi egiten da aitarekin telefonoz izandako elkarrizketan, “traidoretzat” jotzean bere burua, edo ezker abertzaletik gertu dagoen anaiaren erreakzio amorratuan, “Hori ez da nire arreba. Traidora zikina” esatean. Esan genezake Ireneren traizioa dela eleberriaren benetako leitmotiva, pairatzen duen jazarpen politikoaren aurrean sentitzen duen larritasuna. Traizio hitza, gainera, behin eta berriro agertzen da: maiz aipatzen dute autobusean jazartzen duten poliziek, Margaritarekin espetxean izandako elkarrizketak flashbackean gogoratzean ere agertzen da, autobusean botatzen ari diren filma traizioari buruzkoa da, eta Ireneren historiaren benetako mise en abyme gisa jarduten du. Etxera itzultzen da Irene, nahiz eta inor ez duen zain. Gainera, bizitzaren ironiak, Donostiara iristean ikusten dituen pankartek, “Presoak kalera” diotela, eta entzuten den “Hator, hator, Euskadira” kantuak, birgizarteratzeko erabakia garesti ordaindu beharko duela gogorarazi baino ez diote egingo.

17Nabarmentzekoa da, zalantzarik gabe, liburuek Ireneren bizitzako giro klaustrofobikoa arintzeko betetzen duten funtzioa. Emily Dickinson, Joseba Sarrionandia eta Carl Sandburgen testuek bakardadeaz eta gizartetik baztertutako subjektuez hitz egiten dute, eta haien presentzia eta balio semiotikoa askoz handiagoa da eleberrian filmean baino. Era berean, eleberriko bigarren ametsak hartzen duen esanahi utopikoa nabarmentzen da; amets horretan, ardiz inguratuta ikusten du bere burua Irenek, Margarita ondoan duela, Arkadia idiliko moduko batean. Amets hori ez da filmean agertzen, eta amets horren itxaropen-mezua, neurri batean, autopistako atsedenlekuko geldialdian ikusten den zeru urdinak ordezkatzen du. Zeru hori, utopia bat, Ruper Ordorikaren ahotsak lagunduta agertzen da filmean, “Hi hintzena” kantu ezagunarekin, zeina Atxagaren Etiopia (1978) poema-liburuaren izen bereko poemaren moldaketa musikala baiten. Errealitatea, olerkiak dioen bezala, zalantzazkoa, labirintikoa eta desordenatua da Irenerentzat, eta kartzelako oroitzapenek eta bidaideen (bi moja eta gaixo onkologiko bat) konplizitateak soilik arintzen diote begietatik darion negarra. Emakumezko pertsonaia horiek guztiek osatzen dute, kartzelako kideekin batera, bere benetako laguntza-sarea, bere familia berria, bazterkeriak markatutako familia, kide guztiek baitituzte espetxea, ospitalea edo komentua bizigune, beren bizitzak markatzen dituzten desbideratze eta krisi heterotopiak. Haien babesari esker gurutzatuko du Irenek, filmaren amaieran, zigor eta bakardade iragana atzean uzteko nahia irudikatzen duen zubia. Goenagak, horrela, Atxagaren eleberrian zeruak edo basamortuaren ikuspegiak hartzen duten mezu utopikoari helduko dio. Jakina denez, Utopiaren presentzia etengabea da asteasuarraren unibertsoan, eta, batez ere, berriro hasteko aukerarekin dago lotuta (Olaziregi, 2018); eta hori da, zalantzarik gabe, Ireneren erronka, filmeko azken eszenan zubia zeharkatzen duenean.

3. Amaren eskuak (Mireia Gabilondo, 2013)

3.1. Zuzendaria

18Mireia Gabilondo (Bergara, 1965) Eusko Jaurlaritzako Antzerti Arte Dramatikoko Eskolako diplomaduna da. 1983an, Donostiako Tanttaka antzerki-konpainia sortu zuen, Fernando Bernués aktore eta zuzendariarekin eta Kike Dîaz de Rada aktorearekin batera. Talde horrek ikuskizun ugari taularatu ditu euskaraz, gaztelaniaz eta katalanez, eta hainbat sari jaso ditu; horien artean, Enpresa Pribatu Onenaren Max Saria 20l4an. Gabilondok eskarmentu handia du zuzendaritzan eta interpretazioan, eta Euskal Herriko arte eszenikoetako eta ikus-entzunezkoetako figura nabarmenetako bat da, zalantzarik gabe. Aktore gisa, Jaun ta Jabe (1995-1997), Ertzainak (1999), Martin (2003-2008) telesail enblematikoetan eta Mugaldekoak (2010) film luzean hartu du parte. Oholtza gainean, Errudun jaioak (2001), Soinujolearen semea (2012), Barealdi magikoa (2014), Muxua (2015) eta Giltzadun etxea (2017) lanetan egindako interpretazioak nabarmendu nahiko nituzke. Bestalde, zuzendari gisa egin dituen azken lanen artean, honako hauek aipa litezke: Ûltimo tren a Treblinka (2016), Erlauntza (2018), El sirviente (2019) eta Amerikarako bidaia (2021). Aipatzekoak dira, halaber, idazle edo artista euskaldunekin elkarlanean egindako moldaketa eta proposamen artistikoak, hala nola Otehitzari biraka (2005) eta Hnuy illa (2009), Joseba Sarrionandia idazlearen poemak, Jon Maiak sortutako euskal dantza tradizionaleko pasarteak eta Inaki Salvadorrek sinatutako doinuak uztartu zituen muntaia. 2006an hasi zen zinema-zuzendari gisa, Fernando Bernuésekin batera Kutsidazu bidea, Ixabel filma eta sail laburra idaztean eta zuzentzean. Filma Joxean Sagastizabal euskal idazlearen 1994ko izen bereko liburuan dago oinarrituta. Umore tonuan, Juan Martinen gorabeherak kontatzen ditu, bere euskara-maila hobetzeko asmoz uda baserri batean igarotzea erabaki duen donostiar gaztearenak. Liburuak narratiba kostunbristaren alderdiak eta topikoak euskaraz parodiatzen dituela esan daiteke. Urte batzuk geroago, 2010ean, Mugaldekoak filmean parte hartu zuen Gabilondok, bai zuzendarikide gisa, bai aktore gisa. Bigarren Mundu Gerran gertatzen den drama beliko bat da, non Irene Solagurenek elkarte klandestino batekin kolaboratuko duen, Comète sarearekin, hain justu, zeinaren helburua Alemaniak lurreratutako piloto britainiarrak sendatzea eta Ingalaterrara itzultzea den. Telebistarako film hura telesail gisa egokitu zuten gero, eta ETBk euskaraz eta gaztelaniaz emititu zuen. Josu Martinez, Eneko Olasagasti, Enara Goikoetxea eta Txaber Larreategirekin batera, Barrura begiratzeko leihoak (2012) film luze dokumentalaren zuzendarikidea eta gidoilarikidea ere izan zen. Dokumentalak ETAko presoen bost istorio eskaintzen ditu, haien giza alderdian zentratuta. 2012ko irailean estreinatu zenean, eta halaber 2015ean ETBn emititu zenean, polemika eta tentsio politikoak izan zituen inguruan3. Alberto Moyano kazetariak (El Diario Vasco, 2012-09-11) argitaratutako kritikak alderdi negatiboak azpimarratu zituen (tonua, kritikariaren arabera, propagandistikoa eta horren testuinguru historiko eskasa), baita positiboak ere (gorrotoaren mekanismoen edo espetxean jaiotako haurren azterketa, edo preso gaixoek pairatzen zuten ankerke riaren salaketa). Mireia Gabilondok Gotzone Lôpez de Luzuriagaren istorioa aukeratu zuen, espetxean minbiziari aurre egin behar izan zion emakumearena. Presoaren amak zinta magnetofonikoetan grabatutako testigantza oinarri hartuta kontatutako istorioa da.

19Mireia Gabilondok bakarka zuzendutako azken filma Erlauntza da (2020an filmatu zen Enjambre izeneko gaztelaniazko bertsioarekin batera), Kepa Errastik idatzitako izenburu bereko antzerki-piezaren egokitzapen zinematografikoa. Asteburu bat landetxe batean igarotzea erabakitzen duen lagun talde baten istorioa kontatzen du, non ezkondu aurreko agurra katarsi emozional dramatikoa bihurtzen den.

3.2. Amaren eskuak

2020l3ko irailaren 25ean estreinatu zen, Donostiako Zinemaldian, Gabilondok bakarka zuzendutako eta euskaraz filmatutako fikziozko lehen film luzea: Amaren eskuak, Karmele Jaio (Gasteiz, 1970) idazlearen izen bereko eleberrian oinarritua. Josu Bilbaok idatzi zuen gidoia, Baleukok ekoitzi zuen, eta sei astean filmatu zuten, besteak beste Getarian, Hernanin eta Gasteizen. Orotara 1,5 milioi euroko aurrekontua izan zuen, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren dirulaguntza ere jaso zuen. Honako aktore hauek izan ziren hirukote protagonista antzeztu zutenak: Ainara Gurrutxaga (Nerea alabaren paperean), Loli Astoreka (izeko Doloresen paperean) eta Esther Remiro (Luisa amaren paperean). Zalantzarik gabe, filmak kontatzen duen istorioaren intentsitate emozional eta dramatikoa transmititzen asmatzen du hirukoteak. Mireia Gabilondok elkarrizketa batean adierazi zuen (El Diario Vasco, 2013- 09-25) Jaioren eleberria irakurri zuenean erakarrita sentitu zela eta harekin identifikatuta sentitu zela; horrez gain, goraipatu egin zuen mezu positiboa, “bizitzari aurrez aurre begiratu behar zaiolako sentimendu positiboa” transmititzen duelako testuak.

21Izan ere, Jaioren eleberriak irakurleak eta kritika konbentzitu ditu, genero-rolek gehiegi mugatutako pertsonaien isiltasunetan, inkomunikazioetan eta irriketan sakontzeko gaitasunagatik. Euskal literaturaren egile garaikide interesgarrienetako bat da Jaio; hiru kontakizun-liburu ditu orain arteko bere ibilbide literarioan -Hamabost zauri (2004), Zu bezain ahul (2007) eta Ez naiz ni (2012)-, hiru eleberri- aipatutako Amaren eskuak (2006), Musika airean (2010) eta Aitaren etxea (2019)- eta poesia-liburu bat Orain hilak ditugu (2015). Emakumeak dira protagonista narratiba horietan, non begiradek, oroitzapenek eta keinuek indarra hartzen duten eta hunkitu egiten duen intimitatea nabarmentzen duten. Bestalde, Amaren eskuak liburuak hainbat sari eskuratu zituen, hala nola Igartza Saria, Zilarrezko Euskadi, 111 Akademia eta Zazpi Kale Saria. Eta, gaztelaniara ez ezik (2008), alemanera (2013) eta ingelesera (2018) ere itzuli dute, eta azken itzulpen horrek English Pen Award Saria jaso du.

22Bere “Ekografiak” kontakizuna antzerkira eraman zuen Ramón Barea zuzendariak 2010ean, eta Best European Fiction 2017 antologian sartuta dago. Nire ustez, Karmele Jaioren obraren puntu gorena azken eleberriak eskaini digu, Aitaren etxea izenekoak, irakurle nahiz kritikarien begietara obra zinez erakargarria, Euskadi Literatura 2020 Saria lortu izanak erakusten duen bezala. Eleberriak maskulinitateek eta feminitateek euskal testuinguruan duten eraikuntza sozial eta kulturala aztertzen du. Testuinguru heteronormatibo horrek, gainera, argi eta garbi mugatu ditu genero-rolak euskal gatazka delakoan. Orobat, esandakoaz bat, genero-indarkeriaren idazkerari buruzko hausnarketa metafisiko interesgarria eskaintzen du eleberriak.

23Amaren eskuak obrak Nerearen bizitzan bere ama Luisaren ospitaleratzeak, memoria-galera traumatiko baten ondoren, eragingo dituen gertaerak kontatzen ditu. Nerearen tentsio eta estres espirala areagotu egingo da egunak igaro ahala, eta amaren lesioa espero baino handiagoa dela konturatuko da. Amiltzen ari zaion mundua (familia, lana, lagunak) berreraikitzeko, amaren iragan sekretua berrosatu eta gogoratu beharko du, nahitaez. Izan ere, eleberrian azpimarratzen den bezala, itsasoak eta denborak dena itzultzen dute (Jaio, 2006: 51), eta iraganeko mamuen itzulera hori bai amak eta bai alabak ezkutuan izan dituzten maitasun-harremanak ezagutarazten gorpuztuko da. Bi sekretu handi argituko dizkigu eleberriak: German, amaren ezinezko maitasuna, eta Karlos, ETAko militantziagatik galdutako maitasuna. Biek, amak eta alabak, abandonua eta desengainua pairatu dituzte, eta, gainera, hainbat hamarkadatan ezkutuan gorde dituzte istorio horiek, gertukoenei ere kontatu gabe. Nabarmentzekoa da, zalantzarik gabe, izeko Doloresen pertsonaiak izango duen bitartekari-rola, istorioaren protagonista den emakumezkoen triangeluko kideen arteko konplizitatea areagotzen lagunduko baitu. Amaren gorputz immobilizatuak eskuen bidez ‘hitz egiten du’: dela behin eta berriz aipatzen den hondartzako argazkian, non amak “Altxa burua” esaldia errepikatzen duen, dela ospitaleko maindireek adierazten duten ingelesezko “tale” hitzaren bidez (Jaio, 2006: 5), dela filmaren hasieran telefonoa markatu nahian erakusten zaizkigun esku galduen lehen planoaren bidez.

24Eskuekin batera, amaren ahotsa da ospitalean dagoen begirada galduko pertsona horren ezkutuko iragana adierazten digun bakarra. Itsasargira egingo duen hurrengo bisitaz mintzo da ahotsa; Germanekin izandako historia sekretuaren agertokira, alegia. Amaren gorputza, beraz, gudu-zelai bihurtzen da (Rich, 1986); izan ere, amaren iragan afektibo sekretua azaleratu nahian dabil eta, aldi berean, memoriaren gordeleku da.

25Era berean, nabarmentzekoa da familiaren argazkiek hartzen duten zentraltasuna; hondartzan, jatetxean edo urtebetetze-ospakizunetan ateratako argazkiek familiaren iragan afektiboa erakusten digute. Argazkien bidez jotzen dute Nereak eta bere amak oroitzapenetara. Susan Sontagek arte-adierazpen horrek duen botereari buruz esan bezala, ebidentziaren ilusio bat eskaintzen dute argazkiek, benetan gertatutakoaren ilusio bat, eta ikuspegiaren etika bat ere erakusten dute, ikusi behar dugunaren etika bat (Sontag, 1990: 3). Iraganeko irudi immobilizatu eta hilezkorrei eta flashbackei esker, pertsonaiek berregin egin ditzakete beren historia eta familia-loturak; “lapurtutako istant” bihurtzen dira (Jaio, 2006: 143), ama-alaben artean partekagarri (Kattago, 2019: 49). Esan genezake oroimenaren kapritxoek, iraganera etengabe egiten diren joan-etorriek, amaren ospitaleratzeak eragin duen kaosa ulertzen laguntzen digutela.

  • 4 Gabilondok 202leko urtarrilaren 2lean izan genuen elkarrizketan egindako adierazpenak.

26Gabilondoren proposamen filmikoak bere irakurketa propioa eransten du; bere modura zehazten du Nerearengan ardaztutako istorio zatikatua, zeina elipsiz gainezka dagoen eta a priori oso erakargarria den sorkuntza zinematografiko baterako. Hala adierazi zigun Gabilondok, eleberrian deigarriena zer iruditu zitzaion galdetu genionean. Bere erantzuna argia izan zen: Amaren eskuak liburuaren intentsitate emozionalak erakarri zuen, maite dugun pertsona baten bat-bateko desagertzea baitu ardatz, eta gai hori erraz identifika dezakegu, eta gure bizi-esperientziara eraman4.

27Filmaren hasierak harridura eragiten du, eta ez du eleberriaren hasierarekin zerikusirik; izan ere, Gabilondok itsaso zakarraren irudi batekin hasten eta amaitzen du bere istorioa, olatuak harkaitzen kontra apurtzen direla, etengabeko joan-etorrian. Amaren eskuen planoak datoz jarraian, alabaren telefono-zenbakia markatu nahian, eta Nerea bere eguneroko eta etxeko betebeharrei aurre egiten saiatzen erakusten duten planoak, alaba eskolara eramanez. Ospitaleko dei dramatikoaren ondoren, gelditu egiten da dena, eta kamerak ospitaleko pasilloetan presaka egindako urratsen atzean kokatzen gaitu. Protagonista eta istorioaren fokalizatzailea ari da pauso horiek ematen: Nerea, kazetari gaztea eta ama estresatua. Bost minutu igaro direnean, pelikularen kredituak agertzen dira, eta amaren gaixotasuna eta ospitaleratzea eragin dituzten gertakariak kontatzen zaizkigu. Gabilondoren Nereak, emakume gehienek bezala, lanaldi amaigabea du bizkarrean, eta familia-betebeharrak berak nahi bezala, berak behar duen bezala ez betetzearen sentsazioan sakontzen du. Maialen alabak Alice in Wonderland (Lewis Carroll, 1865) irakurtzeko eskatzen dio behin eta berriz, eta eszena horiek senarrak ikastetxeko tutorearen partetik helarazten dion esaldira eramaten dute: “She is demanding more attention” (Arreta gehiago eskatzen ari da). Nereak gaixo duen amarentzat baino ez du denbora, eta horrek kaosera ematen du bere bizitza: “Our life is a mess” (Gure bizitza desastre hutsa da), esaten du negar-eraso baten ondoren, bere ama Luisaren gaixotasunaz lehenago konturatu ez izanaren errudun sentitzeak areagotua. Emakumea pixkanaka gainbehera egiten ari dela sentitzen dugu; Alice bezala, bera ere amaigabea den zulo batean erortzen ari dela ikusten dugu. Hortik dator Carrollen narrazioak eta Maialenek eskatzen dion irakurketak hartzen duten garrantzi semantikoa: Aliceren amaiera irakurtzea, labirintotik irteten laguntzea, Nereak bere amaren iragan horri aurre egiten dionean bakarrik izango da posible. Azken batean, berearen antzekoa da amaren iragana: maitatuaren desagertze traumatikoak markatutakoa; German, amaren kasuan; Karlos, Nerearenean. Filmak eszena bat eransten du Nerearen desorientazioa eta gainbehera azpimarratzeko: oinezko bat harrapatuko du ia.

28Izeko Doloresek Germanen inguruko misterioa azalduko dio Nereari, amaren maitasun galduaren ingurukoa. Hurrengo flashbackek amaren harreman sekretuaren pasarteak erakusten dizkigute: nola egiten zuen ihes jatetxetik itsasargira joateko Germani arrantzan zorte ona opatzeko itsasora botatzeko loreak hartuta; Germanen bizitza arriskuan jarri zuen ekaitza; German herritik betiko eramaten duen autoaren atzetik Nereak bizikletan joan zenekoa... Gabilondok Luisaren oinazean sakontzen du, betiko abandonatuta sentitzean duen negar kontrolaezinean; Jaioren eleberrian ez dira agertzen negar eta erreakzio horiek (bizikletaz egindako saioa, adibidez); bai, ordea, Germanen erreakzio bortitzak, bere erasoa, Luisaren gaitzespenen aurrean (Jaio, 2006: 204). Itsasargiak, filmak hasieran eta amaieran kredituekin batera erakusten duen piztutako itsasargi horrek, Luisak Germanekin bizi izan zuen ilusioa irudikatzen du.

29Bestalde, Karlosen desagerpenak, aurreratu den bezala, ETAn duen militantzia politikoarekin du zerikusia. Maitek esango dio Nereari Karlos itzuli dela. Albiste horrek nabarmen aztoratuko du Nerea, agurra gogoratuko baitu, eta elkarrekin egon ziren azken gauean esan zizkion hitzak: “Alaitu aurpegi hori, gizona. Ez zoaz gerrara!”. Hamabost urte lehenago pairatu zuen poliziaren jazarpena ere oroituko du. Nereak saminez entzungo ditu Maiterekin izandako elkarrizketek Karlosi buruz ematen dizkioten informazio guztiak: badaki itzuli egin dela, baina Iparraldean emaztea eta seme-alabak dituela, berari buruz galde egin duela... Azken bi hamarkadetako euskal eleberri askotan bezala, ETAk eragindako gatazkak, istorioaren argumentu nagusia ez bada ere, biziki baldintzatzen du pertsonaien oraina; agerpen bat da, haunting espektral bat, besteak beste Twist (Harkaitz Cano, 2011) eleberrian ederki jasoa. Deigarria da Karlosek irudikatzen duen iragan hori Nereak filmean bere senarrarekin partekatzea; senarrak, gainera, harekin harremanetan jartzea ere gomendatzen dio. Eleberriak, aldiz, gehiago azpimarratzen du desagertze horrek Nerearengan utzitako trauma, harreman hori bere senarrari istorioaren amaierara arte ezagutaraziko ez dion sekretu gisa aurkezten baitu. Jaiok, Nerearen ahotsaren bidez, gatazkaren bigarren mailako biktima izatearen mina eta sentimendua azaltzen ditu: “Karlos desagertu zenetik, ezin ditut albiste horiek entzun [ETAren atentatuak]. Zauri ireki bat balira bezala sentitzen ditut. Uhin hedakorra urdaileraino iritsiko balitzait bezala” (Jaio, 2006: 75). Nereak Karlosen kontzientziaz galdetzen du (Jaio, 2006: 76) biktimek saminik eragiten dioten jakin nahi du, eta urteetako gatazkaren pisua sentitzen duela dio: “Nik ez dut zerikusirik, baina, hala ere, zama handia sentitzen dut nire bizkarrean [...]. Lasaitu ederra, Murtzian edo Oxforden jaiotzea” (Jaio, 2006: 77). Horregatik, zalantzarik gabe baieztatzen du: “Gera zaitez hilobian, Lazaro, gera zaitez” (Jaio, 2006: 94). Karlos aipatzean.

30Amak itsasargira joateko duen nahia onartzeak ahalbidetuko dio Nereari Karlosekin izandako iragana ere onartzea eta gainditzea. Eleberrian, Andrew Marvell poetaren bertsoei erreferentzia eginez irudikatuko da bere eraldaketa: “Bizitzan ematen ez diren besarkadak gero ematea ezinezkoa delako” (Jaio, 2006: 106), edo Ruper Ordorikaren Haizea garizumakoa (2009) albumeko “Zuhaitz alferra” (2009) abestiaren akordeei esker filmean. “Bizitzea gogoz hartu behar da... bizitza bakan duzu”, gogorarazten digu Ordorikak, Nerearen sentimenduak hitz gutxitan bikain adieraziz. Nerea alaba Maialenekin elkartzen denekoak bizitzak hartuko duen norabide berria sinbolizatuko du: Alice bezala, Nerea ere lozorrotik esnatu, eta zegoen zulotik irtengo da. Filmaren amaierak itsasoari begira erakusten dizkigu hiru emakume protagonistak, Luisa, Nerea, eta Dolores, sekretuz eta minez beteriko iragana eta etorkizun itxaropentsua ausardiaz onartuz.

4. Ondorio labur gisa

31Aurreko lerroetan, bi film benetan erakargarriren irakurketa bat proposatu dut: Aizpea Goenagaren Zeru horiek eta Mireia Gabilondoren Amaren eskuak. Euskal literatura garaikideko lan aipagarrien moldaketa bikainak dira bata zein bestea. Protagonisten intimitatean barneratzen dira biak. Indarkeriak eta desagerpenak markatu egin dituzte hala Ireneren nola Nerearen iragana, eta etorkizuna baldintzatzen jarraitzeko mehatxua egiten dute. Iragan horren oroitzapena izango da, Irenek dituen objektuetan eta olerki hautatuetan bermatuta, edo Nereak etengabe begiratzen duen amaren gorputzean eta argazkietan oinarrituta, jasandako mina onartzea eta gainditzea ahalbidetuko diena. Bi film intimista eta erakargarri dira, eta biek ala biek, maisuki adierazi dituzten emakumeen arteko konplizitateen bidez, erakusten dute zinemaren eta literaturaren arteko elkarrizketa zirraragarria izan daitekeela, zalantzarik gabe.

Haut de page

Bibliographie

Aipatutako obrak

Atxaga, Bernardo. 1995. Zeru horiek. Donostia: Erein.

Casey, Edward S. 2000. Remembering: a Phenomenological Study. Bloomington eta Indianapolis: Indiana University Press.

Etxebeste, Zigor. 2015. El uso y la presencia del euskera en el cine vasco. In Joxean Fernandez (koord.), Euskal zinema: zinemagileen hiru belaunaldi / Cine vasco: tres generaciones de cineastas, 319-330. Donostia: Euskadiko Filmategia.

Fresneda, Iratxe. 2015. Los ecos del irrintzi. Tras las huellas de la mirada de las cineastas vascas. In Joxean Fernandez (koord.), Euskal zinema: zinemagileen hiru belaunaldi/ Cine vasco: tres generaciones de cineastas, 331-339. San Sebastian: Euskadiko Filmategia.

Jaio, Karmele. 2006. Amaren eskuak. Donostia: Elkar.

Kattago, Siobhan. 2019. Encountering the Past within the Present. Modern Experiences of Time. Londres: Routledge.

Manterola, Elizabete. 2019. Evoluci6n del cine en euskera y su traducci6n. In Maria Pérez L. de Heredia & Irene De Higes Andino (arg.), Multilingüismo y representaci6n de las identidades en textos audiovisuales/Multilingualismand representation of identities in audiovisual texts. Monti Special Issue (4J): 113-144. Valentzia: Universidad de Alicante, Universitat Jaume I, Universitat de València.

Marsé, Juan. 1994. azaroak 13. El paladar exquisito de la cabra. El Paîs. https://elpais.corn/diario/1994/11/13/cultura/784681209_850215.html.

Olaziregi, Mari Jose. 2005. Waking the Hedgehog. The Literary Universe of Bernardo Atxaga. Reno: Center for Basque Studies - University of Nevada.

Olaziregi, Mari Jose (arg.). 2012. Basque Literary History. Reno: Center for Basque Studies- University of Nevada.

Olaziregi, Mari Jose. 2018. Siempre nos quedara Obaba. El hijo del acordeonista, de Bernardo Atxaga. In Iker Gonzalez-Allende & José Angel Ascunce Arrieta (eds). El mundo estâ en todas partes. La creaci6n literaria de Bernardo Atxaga 141-160. Bartzelona: Anthropos.

Rich, Adrienne. 1986. Of Woman Born. Motherhood as Experience and Institution. New York: Norton.

Sontag, Susan. 2006. Sobre la fotografîa. Mexiko: Anagrama.

Haut de page

Notes

1 Ezquiaga, Mitxel (2006, urtarrilak 25). “Me dio seguridad ver que Atxaga veia con tan buenos ojos la pelicula”. El Diario Vasco. https://www.diariovasco.com/pg060125/prensa/noticias/Cultura/20060l/25/DVA-CUL-321.html.

2 Martinez, Isabel C. (2005, abenduak 21). “Un telefilme en euskera representa a TVE en el PIPA de Biarritz”. El Paîs. https://elpais.com/diario/2005/12/21/radiotv/l135119601_850215.html.

3 EITB (2015, urriak 27). “EITBk iritzi askean kokatzen du dokumentalaren emisioa”. https://www.eitb.eus/es/noticias/politica/detalle/3578378/polemica-documenatl-ventanas-alinterior-emitido-etb/Landaluze, Koldo (2012, urriak 26). “Ez <lute onartzen preso politikoak pertsona gisa ikustea”. Gara. https://gara.naiz.eus/paperezkoa/20121026/369298/es/Noadmiten-que-presos-politicos-sean-vistos-personas.

4 Gabilondok 202leko urtarrilaren 2lean izan genuen elkarrizketan egindako adierazpenak.

Haut de page

Pour citer cet article

Référence papier

Mari Jose Olaziregi Alustiza, « Euskal Literaturaren egokitzapen filmikoetara hurbilketa bat. Aizpea Goenagaren Zeru horiek (2006) eta Mireia Gabilondoren Amaren eskuak (2013) »Lapurdum, 24 | 2023, 263-277.

Référence électronique

Mari Jose Olaziregi Alustiza, « Euskal Literaturaren egokitzapen filmikoetara hurbilketa bat. Aizpea Goenagaren Zeru horiek (2006) eta Mireia Gabilondoren Amaren eskuak (2013) »Lapurdum [En ligne], 24 | 2023, mis en ligne le 01 juillet 2024, consulté le 11 décembre 2024. URL : http://0-journals-openedition-org.catalogue.libraries.london.ac.uk/lapurdum/4312 ; DOI : https://0-doi-org.catalogue.libraries.london.ac.uk/10.4000/127tl

Haut de page

Auteur

Mari Jose Olaziregi Alustiza

Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), MHLI Ikertaldea

Haut de page

Droits d’auteur

CC-BY-NC-ND-4.0

Le texte seul est utilisable sous licence CC BY-NC-ND 4.0. Les autres éléments (illustrations, fichiers annexes importés) sont « Tous droits réservés », sauf mention contraire.

Haut de page
Rechercher dans OpenEdition Search

Vous allez être redirigé vers OpenEdition Search