Navigation – Plan du site

AccueilNuméros241. Tomoa / Tome 1Articles / ArtikuluakHaur eta Gazte Literaturako Euska...

1. Tomoa / Tome 1
Articles / Artikuluak

Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Literatura Sariak eta egungo kanonizatzea

Manu López Gaseni
p. 221-229

Entrées d’index

Thèmes :

littérature
Haut de page

Texte intégral

1. Sarrera

1Euskal haur eta gazte literaturako (HGL) kanonaren afera aspaldidanik interesa piztu didan gai bat da. Jakina datekeenez, Xabier Etxanizekin batera argitaratutako bi liburutan (López Gaseni & Etxaniz Erle, 2005; Etxaniz Erle & López Gaseni, 2011), kapitulu labur bana eskaini genion kontuari, 1990eko eta 2000ko hamarkadetako kanonari emanak, hurrenez hurren. Haietariko azkenetik beste hamar urte baino gehiago iragan direnez, eta 2010eko hamarkadaren azterketa orokorra egiteko aukerarik izan ez dugunez, Jon Casenave lagunari eskainitako monografikoaren plaza hau iruditu zait 1990etik gaur egunera arteko kanonaz mintzatzeko tokirik egokiena.

2Badakit, jakin, kanonaren auzia, aldi berean, kontu zaharra eta zaharren kontua dela. Horrenbestez, itzuri egingo diot gaiaren inguruko eztabaida luzearen kontakizunari eta, trukean, HGLko kanonaren berezitasunak azaltzearekin batera, kanon horretaz dudan ikuspuntua argitzen saiatuko naiz, aurreko idatzietan esandakoak errepikatzeko arriskua harturik ere.

3Ohiko kanon literarioak aurreko belaunaldi eta mendeetako idazle eta idazlanik baliozkoenak geroko irakurleen gogoan atxikitzeko eraiki ziren. Kanonaren atzean, beraz, aukeraketaren eta iraupenaren ideiak daude: argitaratutako milaka obraren artean, onenak eta, esan bezala, gogoangarrienak begiratzekoa. Kontua da, bistan denez, hautaketa hori nork egin behar duen eta, praktikan, nork egiten duen. Biderik sarriena kanona bateko eta besteko akademikoek osatzea da, literatura-kritikatik literatur(ar)en historietara. Hurrengo urratsa, horien ondorioz, kanon hori Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta unibertsitateko literaturacurriculumetan islatzea da, hurrengo belaunaldiei helarazteko.

2. Kanonizatzea HGLn

4XX. mendearen amaieran, Even-Zohar-en (1990) eta polisistemen teoriaren eskutik, kanonaren ikuspegi berri bat zabaldu zen. Egile eta obra kanonikoez bainoago, errepertorio kanonizatuez hitz egiten hasi zen, horrela azpimarratuz, batetik, eredu edo errepertorio literarioen garrantzia, eta, bestetik, kanoniko kontzeptuaren ordez kanonizatu hobetsiz, kanonaren izaera dinamikoa. Horrekin batera, izan ere, kanonizatzaileen taldeari Instituzio izena eman zitzaion, eta han, akademikoez gain, beste mota askotako eragileak sartzen dira orain: idazleak berak eta idazleen elkarteak, argitaletxeak, sariak, aldizkariak, irakurle-klubak, gobernuetako kultura- eta hezkuntza-sailak, mass media direlakoak, eta abar. Beraz, eragile talde horien izaera aldatzen den neurrian, kanonizatutako literatura ere aldatuko da, aurreko ereduarekin baino era dinamikoagoan. Baina, eta hauxe da Even-Zohar-en azterbidearen giltzarri bat, errepertorioak kanonizatzeko arrazoia ez da zehazki kalitate literarioa, baizik eta, egileak dioenez (1990: 15), kultura edo sistema jakin bateko Instituzioak “zilegitzat” jotako obrak eta literatura-arauak (testuak eta errepertorioak) izatea, eta horiek komunitateko herentzia kulturalaren parte direla aitortzea.

5Ikuspegi horixe da HGLko kanonizatzearen azterketa honetan baliatuko dudana, zenbait arrazoirengatik. Alde batetik, obren bitartez bada ere, errepertorioak hobesten dituen neurrian, izaera prospektiboa duelako. Bestela esanda, errepertorio kanonizatuak idazle kanonizatua izan nahi duenak hipotetikoki jarraitu beharko lituzkeen ereduak direlako (nahiz eta jakina denez gauzak ez diren horren automatikoak), eta hori oso garrantzizkoa da kanon guztiek hezkuntzarekin daukaten lotura dudagabea kontuan izanik. Bestetik, Instituzioaren parte diren kanonizatzaileek HGLren inguruan aritzen diren eragileen antz handia dutelako, eta, begi-bistakoa denez, kanonizatzeko arrazoiak literarioak ez ezik estraliterarioak ere badirelako, HGLn bezalaxe.

6Horrekin guztiarekin lotuta dator hautatutako corpusa. Izan ere, HGLko Euskadi Sariak dira hemen aztertuko direnak. HGLko Euskadi Saria da Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuak, urtero aurreko urtean argitaratutako HGLko obren arteko onenari ematen dion saria. Eusko Jaurlaritza 1997an hasi zen Euskadi Literatura Sariak ematen gaur eguneko formatuan, eta zenbait arlo edo generotan. Hala ere, aurretik ere eman zen Euskadi Saririk, eta euskarazko HGLren arloan, lehen aldiz, Alex Mariasun Landaren ipuinari eman zioten 1991n.

7Bada, HGLko Euskadi Literatura Sariek kanonizazio “arruntaren” antzeko mekanismoak dituzte eta, horrenbestez, hiru abantaila dituzte beste azterketa batzuetan kontuan hartutako beste sari eta lehiaketekiko: (1) aldez aurretik argitaratutako eta, beraz, gutxienez argitaletxeen iragazkitik pasatutako HGLko genero guztietako obrak saritzen dituzte; (2) haien epaimahaietarako izendatzen diren kideak askotarikoak dira, Instituzioan bezala, kulturaren eta hezkuntzaren arlokoak baina ez derrigorrez literatura-adituak: Galtzagorri elkarteak izendatutako bat, UPV/EHUk izendatutako beste bat, aurreko urteko idazle irabazlea, bibliotekariren bat, maisu-maistraren bat, eta (3) hiru hamarkadatako espektro zabala hartzen dute (nahiz eta 90eko hamarkadako urte batzuetan sariok ez ziren deitu), hain zuzen ere euskal haur eta gazte literatura sistema gisa eratu zenetik (López Gaseni & Etxaniz Erle, 2005: 39-52) gaur egun arte, eta ikuspegi zabal horrek osotasunaren argazki fidagarria eskaintzen du.

8Beste muturrean, HGLko kanonek eta sariek duten ezaugarri deigarri bat da, haur eta gazteentzako literatura izanik, literatura horren azken hartzaileek, haurrek eta gazteek, oso zeresan mugatua dutela gustukoen dituzten liburuak nabarmentzeko orduan. Deborah Stevenson-ek dioenez, helduen kontrol zorrotza dago hautaketaren lehenengo mailetatik, eta bitartekaritza horren justifikazioa da haur eta gazteek ezin dutela beti erabaki zein literatura den eta zein ez den beren onerako, eta helduek, berriz, irizpide falta haur eta gazteen kalterako gertatzea saihesteko eskubidea eta betekizuna dute (Stevenson, 2009: 109). Hain zuzen ere horregatik, HGLren sistemako Instituzioko kideek “bitartekari” izena hartzen dute.

3. Corpusa eta azterketaren emaitzak

9Gauzak horrela, aztertutako corpusa 27 obraz osatuta dago (ikusi Eranskina). Liburu horietatik 18 (% 66,66) gizonezkoek idatziak izan dira, eta 9 (% 33,33) emakumezkoek idatziak. Hala ere, emakumezkoek idatzitako obrek sariotan (eta, beraz, kanonean) duten presentzia gero eta handiagoa izan da hamarkadatik hamarkadara: 1990ekoan, % 20; 2000koan, % 20; eta 2010eko hamarkadatik aurrera, % 50.

10Nolanahi ere, emakumezko zein gizonezko zenbait izen errepikatu egiten dira. Hala, Patxi Zubizarretak 4 aldiz jaso du saria; Miren Agur Meabek, 3 aldiz; eta Leire Bilbaok eta Xabier Olasok, 2na aldiz. Beraz, 14 gizonezko (% 70) eta 6 emakumezko (% 30) izan dira sarituak.

11Idazlan sarituen artean, 18 (% 66,66) dira haurrentzat idatziak, eta 9 (% 33,33), berriz, irakurle gazteei zuzendutakoak.

12Genero literarioei dagokienez, 12 idazlan dira ipuinak (% 44,44); 7, nobelak (% 25,92); 6, poesia-liburuak (% 22,22); eta 2, komikiak (% 7,40). Kasu honetan, ipuinak eta poesialiburuak haurrei zuzendutakoak izan dira, eta nobela eta komikiak, berriz, irakurle gazteentzat idatziak. Mende berrian indar handiz agertu zen album ilustratua inoiz ez da Euskadi Sarian saritua izan. Komikia bi aldiz saritu izana, berriz, deigarria da; bi sariok, gainera, 2010eko hamarkadan eman dira. Poesiak eta antzerkiak, HGLn minoritarioak izan ohi diren generoak, arrakasta desberdinak izan dituzte: proportzioan, poesia-liburu asko saritu dira (obra bat 2000ko hamarkadan, eta bost 2010etik aurrera), baina antzerki-testu bat ere ez.

13Datozen lerroetan, saritutako obren ezaugarriak aletuko dira, edukiaren aldetik (generoak, narrazioaren eszenatokiak, pertsonaiak, gaiak eta amaierak) zein formaren aldetik (egitura, denboraren tratamendua, narratzaileak eta narrazioaren beraren ezaugarriak).

4. Edukien ezaugarriak

14Mundua literaturaren bidez irudikatzeko bide nagusiei dagokienez, errepertorio errealistak (% 62) gailentzen dira fantastikoen (% 38) gainetik. Obra errealisten barruan, bestalde, errealismo kritikoa da nagusi, % 38,46ko kuotarekin.

15Horrek adierazten du euskal HGLk jarraitzen duela joan den mendeko 80ko hamarkadatik aurrera nagusi ziren joeretan ainguraturik. Gogoratu behar da errealismo kritikoa indar handiz zabaldu zela 1970eko hamarkadan, Europa iparraldean bereziki, eta itzulpenen bidez iritsi zitzaigula geroxeago. Eredu horiek gurean arrakastaz baliatu zutenen artean Mariasun Landa aipatu behar da.

16Errealismoaren eta fantasiaren arteko tirabira sistemikoan, haur eta gazte literaturaren panorama orokorrean, gaur egun fantasia da nagusi, Harry Potter liburu saila (1997-2007) lekuko, baina hemen aztertutako corpusean ez dago eredu horren antzeko obrarik.

17Narrazioaren eszenatokiaren atalean, familia motak aztertu dira lehendabizi. Ohiko familia-egitura da erabiliena (% 38,1); horren atzetik, eta maila berean (% 19,04) familiaegitura berriak, lagunarteak eta familiarik agertzen ez duten idazlanak ditugu. Ohiko familietan, gurasoak eta seme-alaba bat edo bi agertzen dira normalean, eta salbuespen bat da Osaba Bin Floren obran agertzen den familia ugaria, aurreko mendeko 60ko hamarkadan-edo kokatuta baitago. Lagunarteek agerpen esanguratsua dute, eta horien adibidetzat Animalien inauteria, Pantaleon badoa edo Orkestra lurtarra aipa daitezke.

18Bigarrenik, corpuseko lanetan erabilitako tokiei dagokienez, landa-kokapenak dira nagusi (% 38,1), direla herri, mendi edo basoak; hurrena, kokapen urbanoak ditugu (% 28,57). Bestelako eszenatokien artean, itinerantzia nagusitzen da (% 23,80), hau da, alde batetik bestera ibiltzen diren pertsonaiak.

19Denbora-kokapenari dagokionez, azkenik, obren % 71,42 “gaur egun” orokor batean gertatzen dira; % 23,80, iraganean, eta % 4,76, obra bakar bat, Azken garaipena, etorkizunean.

20Pertsonaien atalera iritsita, protagonista gehien-gehienak, % 80,95, gizakiak dira. Halakoak ez direnen artean, berriz, protagonistak animaliak dira (Xola eta basurdeak, Animalien inauteria), edo zuhaitz bat (Haltzaren muinoa), edo elurrezko panpina bat (Pantaleon badoa). Protagonista heldu gehienak gazte literaturan agertzen dira, Orkestra lurtarra obraren salbuespenarekin.

21Gizakien artean, % 62 dira haur edo gazteak, eta % 38, helduak, eta nahiko parekaturik daude generoaren aldetik: gizonezko protagonistak % 52,94, eta emakumezkoak, % 47,06.

22Antagonisten artean, berriz, laurdena baino gutxiago dira hezur-haragizkoak (% 23,8). Horretan, eragin handia du oro har “mundutik” datorren mehatxuak (% 33,33) eta txikiagoa, beste toki batzuetan aipatu dugun joera psikologitzaileak, corpus honetan “beldurrak” (% 9,52). Gerra, ekologia-arazoak edo uholdeak dira izakiak edo naturak eragindako zenbait etsai.

23Horrek zuzenean garamatza gaien atalera. Izan ere, berritasunik ekartzen ez duten gaiak eta gai “berriak” (Etxaniz Erle & López Gaseni 2011: 157) nahiko parekaturik daude: % 51,85 / % 48,15. Nahiz eta jada hain berriak ez izan, zehar-lerroekin zerikusia duten gaiak gai berrien heren bat dira (% 33,33). Bestalde, nabarmendu behar dira era bateko edo besteko testu transgresore eta jostariak (% 20), hala nola Santa Familia edo Joemak eta polasak.

24Azkenik, amaierak. Haur eta gazte literaturan ohikoa denez, gehien-gehienak amaiera itxiak eta zoriontsuak dira (% 71,42). Zorigabeko amaierak gutxi dira, % 9,52. Eta amaiera irekiak, askotan irakurle heldugabeen frustrazioaren eragingarri, % 19,02ra heltzen dira, ez baita gutxi.

5. Ezaugarri formalak

25Formaren aldetik, corpuseko liburuen bi herenek erakusten du atal edo kapitulutako banaketa, eta, horietatik beste bi herenek du fragmentazio narratiboa. Hala gertatzen da, adibidez, Osaba Bin Floren edo Anekdotak obretan. Teresa Colomer-en arabera, puede afirmarse, por tanto, que existe una cierta tendencia a la disgregación del discurso narrativo en los libros infantiles y juveniles actuales, tendencia que concuerda con los hábitos de la narración a través de los medios audiovisuales, las tendencias actuales del posmodernismo y la familiarización social con una gran variedad de formas escritas. (Colomer, 1998: 251)

26Colomer narrazioaz aritzen da gehienbat bere azterketan, baina aipatzen duen “la gran abundancia de obras caracterizadas por la autonomía de sus secuencias” (ibidem: 252) horren barruan, corpuseko poesia-liburuak ere sartzen direla iruditzen zait, hain zuzen ere, eta burua poesian ez duen arren, dioelarik “La fórmula es especialmente evidente en las obras que han sido configuradas como un juego imaginativo que deriva fácilmente hacia la forma de inventarios fantásticos” (ibidem: 252), horixe baita hemengo poema-liburuen kasua.

27Beste alde batetik, eta orain hitz lauari atxikita, narrazio gehienak (% 80,95) linealak dira. Gainerakoetan, nola edo halako analepsiak jartzen dira jokoan.

28Narrazioetako ahotsak, berriz, orekatuxe daude: kanpoko ahotsak % 55 eta barruko ahotsak % 45 dira. Kanpoko ahotsetatik, % 63 dira fokalizatuak. Horrek esan nahi du narratzaileen % 23,80 besterik ez direla orojakileak, eta, horrenbestez, haur eta gazteentzako istorioak kontatzeko era tradizionaletik aldentzen ari garela, eta protagonisten ikuspuntuak nagusitzen, hala irakurleen identifikazioa bultzatuz.

29Esandakoarekin bat dator barruko ahotsen % 77,77 protagonistenak izatea. Gainera, ipuin eta nobelen % 15ek narratario bati zuzentzen zaizkio, hala nola Alex edo Korri, Kuru, Korri!

30Narratzaileen jarrerari buruzko atalari amaiera emateko, narratzaile gehienen ahotsak diferituak dira, hau da, gertakizunen ostekoak (% 76,20), eta bost lanetan baino ez dugu aurkitzen gertaerei atxikitako orainaldiko narrazioa (adibidez, Jonas eta hozkailu beldurtia edo Haltzaren muinoa).

31Interpretazio-konplexutasuna deritzan atalean, modernotasuneranzko urrats txiki batzuk eman direla esan daiteke. Hala, testuartekotasun arrastoak obren % 47,60an topatzen dira, eta generoen arteko hibridazioa idazlanen % 23,80ra heltzen da. Metanarrazioa, espero izatekoa denez, oso txikia da (% 4,76): Azken garaipena.

32Azkenik, gure Haur eta gazte literaturan sumatzen den umore falta zertxobait arindu dela dirudi, eta obren herenak umore motaren bat erakusten du.

6. Ondorioak

33Haur eta gazte literaturaren arloko Euskadi sarien azterketa honetatik atera daitezkeen ondorio batzuk interesgarriak dira. Alde batetik, aurrez egindako azterketa partzialekin alderatuz gero, zenbait antzekotasun eta aldaketa azaltzen dira.

34Edukietan, esaterako, etengabe dira nagusi joera errealistak, nahiz eta 90eko hamarkadako errealismo kritikorako jaidura handia apalduz joan den urteek aurrera egin ahala, % 40ren bueltan kokatu arte.

35Narrazioaren eszenatokiak direla eta, familia tradizionalak dira nagusi, baina azterketa orokorrean “lagunartea” azaldu da ia % 20rekin; istorio gehienak gaur egunean kokatuta daude. Tokietan, ordea, aldaketa bat gertatu da, 90eko hamarkadan urbanoak baitziren gehienak, hurrengo hamarkadan % 30era jaitsi ziren hirietako kokapenak eta, oraingo ikerketa honetako batezbestekoa % 28,57koa da.

36Protagonista gehienak gizakiak dira hiru hamarkadetan, baina XXI. mendean emendatu da protagonista adinez nagusien kopurua. Emakumezko protagonisten kopurua nabarmen igo da, aztertutako lehen hamarkadako % 12tik ia % 50era. Antagonista gehienak, berriz, orokorrak dira hasieratik hona, direla gizarte-arazoak, direla tankera bateko edo besteko arazo psikologikoak. Hala ere, gai “berri” horiek hasierako urteetan erakusten zuten nagusitasuna jaitsiz joan da, batez besteko % 48 garrantzitsuan geratuta. Amaiera gehienak itxiak eta zoriontsuak dira, baina, esan den bezala, garrantzitsua da amaiera irekien kopurua, % 20tik hurbil kokatzen baita.

37Alderdi formalen aldetik ez da aldaketa handirik ikusten hamarkadetan zehar. Batetik, ataletako banaketa eta narrazio lineal tradizional nagusiak ditugu, baina hasierako fragmentazio narratibo ezetik batez besteko % 22ra iritsi gara, eta nola edo halako atzera begirakoak, % 19ra.

38Kanpoko eta barruko narrazioak % 50en bueltan ibili dira hiru hamarkadetan; hala ere, ikuspuntu fokalizatuak oso nabarmen igo dira mende berrian, batez besteko % 60ra iritsita. Narratarioak ere igo dira, neurri handi batean gutun formako narrazioen eraginez.

39Azkenik, interpretazio-konplexutasun nabarmenenak ere mende berriarekin batera agertu dira, eta ohikoenak dira testuartekotasuna, generoen hibridazioa eta adierazpide anbiguo edo absurdoak. Umorea, haur eta gazte literatura orokorrean oso ohikoa, oso tarteka agertuz joan da gurean, batez besteko heren batean kokatu arte.

40Urteetan zehar hainbeste eredu kanonizaturen egonkortasunak adierazten du eredu horiek emankorrak direla eta, beraz, errepertorio kanonizatuek arestian aipatutako izaera prospektiboa izan dutela.

41Datuon interpretazio zuzenerako, aurrekoetan egindako oharrak errepikatu beharrean nago: kasu guztietan aztertutako corpusak kanonizatuak dira, sari jakin batzuetatik eratorriak, zehazki. Horrek esan nahi du urtero haur eta gazteentzat euskaraz argitaratzen diren batez besteko 500 titulutatik oso gutxi sartu direla azterketa hauetan. Eta aintzat hartu ez direnetan, jatorriz euskaraz sortuetan zein itzulitakoetan, desbideraketa nabarmenak agertzen direla alde batera eta bestera.

42Kanonizatutako literaturaren gaineko azterketaz ari garela argi utzirik, eta amaitzeko, azken ondorioa da, hasierako hipotesiarekin loturik, haur eta gazte literaturari eskainitako Euskadi Saria, bere horretan hartua, oso iturri fidagarria dela arloko kanonizatzearen islaren berri izateko.

Haut de page

Bibliographie

Etxaniz Erle, Xabier & Jose Manuel López Gaseni. 2011. XXI. mende hasierako haur eta gazte literatura. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia.

Even-Zohar, Itamar. 1990. Polysystem Theory. Poetics Today 11(1), 9-94.

Colomer, Teresa. 1998. La formación del lector literario. Madril: Fundación Germán Sánchez Ruipérez.

López Gaseni, Manu & Xabier Etxaniz Erle. 2005. 90eko hamarkadako haur eta gazte literatura. Iruñea: Pamiela.

Stevenson, Deborah. 2009. Classics and canons. In M. O. Grenby & Andrea Immel (arg.), The Cambridge Companion to Children’s Literature, 108-123. Cambridge:Cambridge University Press.

Haut de page

Document annexe

  • Eranskina (application/pdf – 80k)

    HAUR ETA GAZTE LITERATURAKO EUSKADI SARIA (Eusko Jaurlaritza)

Haut de page

Pour citer cet article

Référence papier

Manu López Gaseni, « Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Literatura Sariak eta egungo kanonizatzea »Lapurdum, 24 | 2023, 221-229.

Référence électronique

Manu López Gaseni, « Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Literatura Sariak eta egungo kanonizatzea »Lapurdum [En ligne], 24 | 2023, mis en ligne le 01 juillet 2024, consulté le 02 décembre 2024. URL : http://0-journals-openedition-org.catalogue.libraries.london.ac.uk/lapurdum/4283 ; DOI : https://0-doi-org.catalogue.libraries.london.ac.uk/10.4000/127ti

Haut de page

Droits d’auteur

CC-BY-NC-ND-4.0

Le texte seul est utilisable sous licence CC BY-NC-ND 4.0. Les autres éléments (illustrations, fichiers annexes importés) sont « Tous droits réservés », sauf mention contraire.

Haut de page
Rechercher dans OpenEdition Search

Vous allez être redirigé vers OpenEdition Search