1Euskal literaturaren azterketetan pasa gara Julien Vinsonek 1925ean euskal literatura ez delarik esatetik (Casenavek aipatua, 2012: 35) nazioarte mailan gure lanek errekonozimendu eta hainbat sari irabaztera. Egia da, Vinsonek XX. mendearen hasieran aipatzen zituen hiru baldintzak: “tokiko hizkuntzan idatzitako liburu anda bat izan behar da, mendez mende eginak, baita ere gai guziez ari den sorkuntza” (Casenave, 2012: 36) ez zirela betetzen garai hartan. Eta, mendez mende eginiko liburugintzak ere ez duela ematen gurean denik, ikus bestela I. Sarasolak 1975ean argitaraturiko datuak euskal liburugintzaz.
2Hala ere, inor gutxik jar dezake zalantzan gaur egun, XXI. mendearen hirugarren hamarkadan, euskal literatura denik. Bere ahuldade eta indarguneekin egon bada euskaraz sorturiko literaturgintza eta hau aztertu duen ikerketa Tx. Lasagabaster irakasleak 1983an adierazi bezala.
32010ean argitaraturiko lan batean genion “Literaturaren historia pertsona edo talde batek une zehatz batean eginiko azterketa diakronikoa dugu(la)” (Etxaniz, 2010: 825), eta azterketa hori egilearen begiradari erantzuten diola. Alde horretatik honako lan honetan saiatuko gara erakusten euskal literaturaren historian garrantzitsua dela periferia, nahiz eta ikerketa edo saiakera gehienak erdigunean soilik zentratu.
4Itamar Even-Zohar ikertzailearen teoriaren arabera (1990), literatura-polisisteman idazlan batzuk erdigunean daude, beste batzuk periferian kokatzen diren bitartean. Hots, badirela idazlan garrantzitsu, eredugarri, kanonikoak; eta, aldiz, beste batzuk ez direla horrelakoak. Hori horrela dela onarturik, binarismo hori, kanoniko-ezkanoniko edo erdikoaperiferikoa, ez da behin betikoa, aldakorra da Hermansek (1999) dioen bezala; gerta daiteke periferiako obra edo korronte batek erdigunea irabaztea, erdigunera pasatzera eta, ondorioz, kanoniko bihurtzea; eta, alderantziz, garai edo une batean literatura sistemaren erdigunean zegoen obrak pisua galtzea eta periferiara jotzea.
5Literatura dinamikoa da, sistema barneko elementu ugarik eragiten dute bere garapenean eta, alde horretatik, gerta daiteke erdigunetik periferian eragitea baina, baita ere, periferiatik erdigunera edo periferia batetik beste periferia batera (Moretti, 2015). Eta horixe da, hain zuzen, euskal literaturan gertatzen dena Aiora Sampedroren hitzetan:
euskal sisteman erdigune eta periferien arteko talka baino, erdigune, periferia eta semiperiferia artean mugitzen diren espazio anitz daudela; alegia, kanonikoak ez diren, baina sistema literarioko heterogeneotasuna bultzatu dezaketen espazio eta eragileak badaudela ondoriozta daitekeela (Sampedro, 2022: 193)
6Dinamismo hori, gainera, osatu beharko litzateke ikuspegi zabal batekin. Historia ezin dela errege eta jeneralekin bakarrik egin zioen Bertolt Brechtek, eta antzeko zerbait dio EvenZoharrek literaturen historiei buruz:
literatura-polisistemen azterketa historikoa ezin dela mugatu “maisu-lanak” deitzen diren horietara, nahiz eta batzuen ustez horiek izan azterketa literarioen lehenbiziko raison d’être. Horrelako elitismoa ezin da literatura-historiografiarekin bateragarria izan, historia orokorra errege eta jeneralen bizitzetara mugatu ezin den era berean. (Even-Zohar, 1990: 13, Lopez Gasenik euskaratua)
7Beraz, eta euskal literatura sistemaren azterketa batean erdigunea garrantzitsua bada, ezin da bazterrean utzi periferia. Are gehiago gurea bezalako sistema txiki eta dinamiko batean erdia eta periferiaren arteko muga hain lausoa denean. Eta hori, euskal literaturaren nortasuna eta eraikitze prozesu baterako erabili beharrean, badirudi bazterrean uzten ari garela nazioarteko merkatuen dinamikan sartu nahian. Beñat Sarasolak (2021) dioen bezala:
ser una literatura pequeña te permite escribir al margen de las leyes del mercado, sin la urgencia de tener que conseguir unas ventas determinadas y sin depender de los avatares a menudo agotadores que te exige un gran sistema literario (…) Esta situación ha llevado a la literatura en euskera a un lugar comprometido: las lógicas del campo literario son cada vez más mercantiles, pero, debido a su tamaño, solo obtiene unas pequeñas ventajas de ellas, y, por el contrario, muchas desventajas. Mientras tanto, han sido desechadas la mayoría de las virtudes que proporciona ser una literatura pequeña (libertad creativa, libertad crítica, mirada al exterior). La literatura en euskera parece luchar más por conservar las instituciones que ha establecido (editoriales, medios de comunicación) a lo largo de los 90 y los 2000 y proyectarlas hacia un futuro cada vez más mercantil, que por desplegar un campo literario realmente despierto que dialogue con la literatura del mundo (Sarasola, 2021).
8Euskal literatura sistema txikia izateak hainbat abantaila ekar ditzake; ez dugu merkatuaren presioa, produkzioa nahiko ondo ezagutu daiteke eta esperimentatzeko edo berrikuntzak egiteko parada izan daiteke erdigunean mantenduz, Pello Lizarralderen obrarekin, esaterako, gertatu ohi den bezala. Baina, hala ere, ematen du nazioarteko argitaletxe handien moduan jokatu behar dugula; milaka ale saltzeko asmoarekin milaka irakurle ez dituen merkatu batean. Badirudi irizpide komertzialaren arabera erabakitzen dela zer den erdigunea, kanona, eta zer periferia.
9Euskal literaturaz hitz egin izan denean, edo bertako idazle batzuen obrari buruz, nahiko argi dago haur eta gazteentzako lanak, esaterako, periferikoak direla. Gauza bera esan genezake idazle batzuei buruz, ia-ia desagertuak ikerketetan edo antologietan. Antzeko zerbait gertatzen da antzerki edo komiki lanekin. Hots, argi dago gure literaturan erdigunea, gaur egun, narratibak okupatzen duela eta ondoan poesia duela (ikus bestela literatura lehiaketen antolakuntza, esaterako).
10Hori horrela izanik, aitortu behar da periferia eta erdigunearen arteko lurraldea oso iragazkorra dugula. Casenavek (2012) aipatzen dituen “idazle nagusien” artean gehienek narratiba idazteaz gain bestelako obrak ere argitaratu dituzte. Eta, gure arlora etorriz, euskal idazle nagusi gehienek haur eta gazteentzako obrak plazaratu dituzte. Hots, erdiguneko obrak idazteaz gain periferikotzat har ditzakegunak ere idazten dituztela. Idazle hauen sorkuntzan erdigunerako edo periferiarako idazte prozesuan antzeko estiloak erabiltzen dituzte; are gehiago, Atxagaren kasuan erakutsi genuen zer nolako eragina izan duen haur eta gazteentzako produkzioak haren helduentzakoan (Etxaniz, 2011a). Leire Bilbaok bere poemetako sinpletasunean, Bernardo Atxagak ironiaren edo barneko ahotsaren erabileran, Kirmen Uriberen narratiban,… nabariak dira haur eta gazteentzat eginiko lanen eragina.
11Periferiako lanek idazle hauengan izan duten eragina, edo lan hauen garrantzia literaturaren historia edo azterketetan, ikusezina izan da gehienetan kritika akademikoan. Manu Lopez Gaseni irakasleak (2010) egoera hori salatzen zuen salbuespen bat aipatuz:
12Horrelako beste kasu bat, XX. mende amaierakoa, Bernardo Atxagaren Behin euskaldun baten memoriak (1991) obrarena da. Gazteentzako eleberri gisa argitaratua izan zen arren, lan kanonikotzat hartu ohi da, Atxagaren obra (ia) guztiarekin batera. Aldekoak, esaterako, arreta kritiko zabala eskaintzen dio obra horri bere Historia…-n (Aldekoa, 2004: 259-260), eta Marijo Olaziregik beste hainbeste egiten du Patri Urkizuk zuzendutako lanean (Urquizu, 2000: 553-554) eta beste lan batzuetan ere bai. Oraingoan, haur eta gazte literatura bezalako genero periferiko batean ere salbuespentxoak egiten dira, dudarik gabe obraren berezko balioagatik, baina baita ere egileari eskaini ohi zaion espazio kritiko bereziagatik (nire ustez, haur eta gazte literaturako beste obra batzuek ere mereziko lukete euskal literaturaren historietan agertzea, baina ez da hala gertatzen). (Lopez Gaseni, 2010: 851)
13Aitortu behar da harrez gero azterketaren bat edo beste egin dela arlo horretan (Leire Bilbaoren poesiagintzaz Etxaniz eta Fernandez de Gamboa-Vazquez, 2021, esaterako) baina, oraindik orain, oso urria da periferiari emaniko pisua kritika akademikoan; ez, aldiz, euskal literaturaren sisteman. Euskal merkatua, euskaraz irakurtzen den literatura, euskarazko irakurleak… periferikoak baitira neurri handi batean.
14Urtero Jakin aldizkarian argitaratu izan diren euskarazko liburugintzako datuei erreparatuta argi eta garbi ikus daiteke (oraindik ere) irakaskuntzak duen pisua gure sisteman. Euskaraz gehien saltzen diren literatura obrak eskolari begira daude, haur eta gazte literaturakoak direlako edo institutu eta lizeoetan gazteek irakurtzeko lanak direlako.
15Baina zer da gure haur eta gazteek irakurtzen dutena? Oso ikerketa gutxi egin izan dira arlo honetan. Idurre Alonsok 2010ean argitaratu zuen ikerketa bat horren inguruan, Etxanizek ere hainbat datu plazaratu zituen 2011bn eta, berriki, Nerea Permachek (2022) doktore tesia egin du gaitasun literarioa eta eskola elkartuz.
16Kasu guztietan emaitzak nahiko kezkagarriak dira, “Hego Euskal Herriko D ereduko eskoletan ez dira adituek literatur gaitasuna eskuratzeko ematen dizuten gomendioak eta proposatzen dituzten jarduerak modu sistematikoan aplikatzen.” diosku Permachek (2022: 274) lanean dauden 553 irakasleren iritziak jasota. Eta azterketa honek baieztatzen du azken urteotan Gasteizko Hezkuntza eta Kirol fakultateko ikasleekin egin ditudan galdeketako emaitzak; hots, 2016-2020 bitartean gure ikasleak ikastegietara joaten zirenean bertan zer eta nola irakurtzen zuten aztertzen zuten. Emaitzak oso kezkagarriak izan dira (klasean azaldu eta komentatzeko erabiltzen ziren) izan ere hainbat eta hainbat ikastegitan ez da jakiten gure haurrek zer irakurtzen duten (“liburutegira joan eta liburu bat hartzen dute eta hamabost egun beranduago aldatu”), beste askotan irakurgaiak zerikusia zuen bisitan zetorren idazle batekin edo eskola liburuko materialarekin, beste batzuetan ikasleek nahi zutena irakurtzen zuten eta gero laburpen txiki bat egin… alegia, heziketa literarioak huts egiten duela gure sisteman eta horrek emaitza argiak ditu egiten diren irakurketa azterketetan (Eusko Jaurlaritzak egiten dituenetan, esaterako, edo nazioartekoetan, PISAn adibidez).
172011n eginiko azterketa batean (Etxaniz, 2011b) zera esaten genuen Euskal HGLk (Haur eta Gazte Literatura) kezkaren bat baldin badu, lehenagotik ere aipatu izan dugun irakurlearengana iristeko modua dugu, irakurlea harrapatzeko ere, irakurlea falta baitzaigu. HGLren betebehar nagusietariko bat irakurleak heztea da, formazio literarioa eman eta literaturaren bidez disfrutatzen ikastea. (94).
18eta, hain zuzen, horixe izan daiteke une honetan euskal literaturaren arazoetako bat, irakurle hezituaren falta. Inoiz baino sortzaile hobeak ditugu, gure sorkuntzak mugak gainditzen ditu eta barneko merkatuaz gain kanpokoan ere presentzia du. Baina literatura batek irakurleak behar ditu eta oraingo eboluzioak jarraituz gero euskarazko literaturak gero eta irakurle gutxiago izango dituela ematen du. Alegia, gure literatura sistemaren ahulgunerik nagusia irakurlea da.
19Arazoak arazo, periferia, izan ohi duen erakarpen edo arreta txikiagotik, lurralde askeagoa izan da sortzaileentzat. Gure idazleen artean Bernardo Atxaga dugu, agian, aztertuena, eta asteasuarrari buruz eginiko hainbat lanetan arestian aipaturikoa ikus dezakegu. Sara izeneko gizona (Pamiela, 1996) liburuarekin, esaterako, esperimentatu zuen itzulpengintza eta euskal-erdal bertsioen osaketaren inguruan (Lopez Gaseni, 2001); edo Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian (Erein, 1984) euskara eta beste hizkuntzen erabilera, Behi euskaldun baten memoriak (Pamiela, 1991) barneko ahotsarena, eta abar (Etxaniz, 2011a).
20Alde horretatik garrantzitsua eta beharrezkoa da gure sistemaren periferian dauden obrak, generoak, korronteak.. kontuan izatea literaturaren azterketa osoa egiterakoan, literaturaren eboluzioa edo historia egiten denean. Itzulpenek sorkuntzan izan duten eragina bezala, pisuzkoa da saiakerak, komikiak, haur eta gazte literaturak edo antzekoek erdigunean duten ekarpena eta eragina. Izana ere, aurretik aipatu dugun bezala euskal literatura sistema oso dinamikoa da eta historia inoiz ez da erregeen kontua bakarrik izan; azken finean periferiarik gabe ez baita erdigunerik.