Catherine eta Jean-Pierre, XX. mendearen hastapeneko bizi zati bat gutunezko harreman batzuen bidez
Plan
Haut de pageTexte intégral
1. Justizia fondoaren artxiba batean…
1Segur izaten ahal da Jon ez dela erretretan enoatuko, espero dugu eraman duen lan bikaina segituko duela, euskal literatura eta orokorki mundua ikertuz eta ezagutaraziz. Tarte batzu baldin badituzu Jon zure ordutegi berrian, lan baten proposamena luzatzen dizut.
2XIX. mendean hasi ziren ikertzaile batzu bazterrak ikertzen; geroztik, hainbat soziologok eta historialarik gai hau sakondu dute ohartuz jendarte edo gizarte bat ikertzeko denboran, interesgarria zela baztertuen edo bazterren aldetik ikustea. Euskal kultura baztertua izan dela ez da dudarik, eta ez da dudarik ere azpimarratzeko gaur egungo Euskal Herria, baita ere historia ulertzeko bazter horietatik hasten ahal dela.
3Horren haritik, Baigorriko eskualdean gertatu den “bizi zati” bat proposatzen dizuet, Jon-i eskaintzen diot bereziki, altxor xume eta ttipi bat atzematen ahal baita Baionako artxibategian den kartoin batean.
4Justiziaren fondoa aberatsa da Baionako artxibategian, eta atzematen dira partikulazki prozedura txostenak. Artxiba guziak (edo kasik guziak) frantsesez idatziak dira, baina noiztenka gertatzen da lehen eskuko dokumentu batzu agertzea. Artikulu honetan aipatzen dugun “afera” Donapaleuko lehen instantzia auzitegiko artxibetan atzematen da, 3 U 871 sailkatze markakoa. Kartoinak 29 afera biltzen ditu orotara: usaiako gaiak atzematen dira: borrokak (« coups volontaires »), ihizi arazoak (« chasse sans permis »), saltzeetan engainuak (« tromperie sur le poids du pain ») edo arlotekeria.
5Hamaseigarrena aldiz aski berezia da, eta motibo luze batekin aurkezten da: « adultère et complicité, complicité de vol, détournement de mineurs ». Txostena 1913. urtekoa da, pieza ainitzek osatzen dute. Horien artean, jendarmeriaren inkestaren denboran atzemanak izan diren 15 posta karta eta 50 gutun, gehienak euskaraz idatziak. Afera horrek erakusten digu duela mende bateko Euskal Herrian gertatu izan den bizi zati bat, XX. mendearen hastapeneko euskal jendartearen “argazki” bat.
2. Jendeak eta testuingurua
2.1 Protagonistak
6Catherine Ithurriague, Baigorrin sortu da 1893ko martxoaren 19an, bere sort-ageria aparte ez dugu informazio handirik, orokorki artxibak aski ixilak baitira emazteen egoera aztertzeko edo ikasteko denboran.
7Bere familian eta arbasoetan, Baigorriko laborariak atzematen dira. Bere aita Jean Ithurriague Baigorrin berean sortu da 1859ko azaroan. Esposatu da Jeanne Marie Anxolabehere andrearekin, 1870eko irailan Baigorrin sortua ere, « Guéréau » etxean, « Saint-Etienne » auzoan. Iduri luke Guillaume Anxolabehere bere aita kabala sailtzaile bat zela.
8Ezkondu ziren 1892ko urtarrilaren 31an Baigorrin eta aste batzu aintzin, urtarrilaren 5ean, izenpetu zuten ezkontza kontratu bat Baigorriko Arnaud Ernautene notarioaren aintzinean. Sumatzen ahal da ez zirela laborari xumeak, kontratuak ontasun pollitak aipatzen baititu, hala nola Kalifornian agertzen diren 18.000 liberako ontasunak.
9Catherine gaztea 1913ko uztailaren 21ean, arratsaldeko zazpietan, ezkontzen da Guillaume Etchebarnerekin; prozedurako txostenan atzematen da Baigorriko herriko etxean osatua izan zen ezkontza ageria. Garai hartan, herriak 2400 biztanle kondatzen ditu. Guillaume bere senarra (Catherinek « Gilene » deitzen du txostenan agertzen den gutun batean) 1873ko azaroaren 10ean sortu da Baigorriko Urrikarrieta etxean. Bere armadako erregistroak xehetasun batzu ematen dizkigu: 1,59 metroko goratasuna du, begiak gris eta ileak eta bekainetako biloak gaztainkarak. Hainbat eta hainbat gazte bezala, Amerikara joan da; 1898an, Kaliforniako Los Angeles-en kokatzen da. Erregistroak bere egoera aipatzen du 20 urte dituelarik, idatzia da arrandaria dela.
10Burasoak, Jean Etchebarne eta Sérapie Amorena, laborariak dira ; Guillaumeren sortagerian, jornaltiar gisa aipatuak dira. Guillaumek ez du zerbitzu militarra egiten, dispentsatua da zazpi haurriden artean zaharrena baita.
11Txostenak aipatzen dituen gertakarien hirugarren “aktorea” Jean Pierre Costera deitzen da. Armadako erregistroak usaiako elementuak ematen ditu ere: aski handia da (1,76 metro), sudurra aski luzea, larruz belztua eta gaztain kolorezko ileak. Sortu da Baigorrin 1883ko uztailaren 11an, Iparagerre auzoan, Ttipitto etxean.
12Bere aita Jean Costera, Izpurakoa da sortzez, 1844. urtekoa eta mugazaina da. Gertakarien denboran, pentsatzen ahal dugu erretretan dela eta aipatua da artxiba batzuetan, Baigorrin herriko mutila dela (« garde-champêtre »).
13Bere ama Dominika Alduden sortu da 1849an. Artxibek bere deituraren ainitz bertsio ematen dituzte: Copentipi, Capendipy, Copenttipy, frogatzen da administrazioetan nekeziak zituztela euskal deiturak idazteko. Bere senarrarekin, hiru seme ukan dituzte.
14Gehiena, Charles 1878an sortu da eta bigarrena Gracien 1880an ; biak Irisarrin. Garai hartan, pentsatzekoa da aita mugazaina dela herri hortan. Bi mutilak laborariak dira.
2.2 Hiru anaiak Amerikan
15Jean Pierre, gazteena beraz, Baigorrin sortu da. Zerbitzu militarra hasten duelarik 1904ko azaroan, zurgina da; armada bukatzen du 1907ko uztailan. Charles anai zaharrenak zerbitzu militarra hasten du 1899an, Gracien bigarrena, dispentsatua da lehen urrats batean Charles bere anaia « sous les drapeaux » baita, baina azken finean 1901ean integratua da ere.
16Armadako erregistroetan, soldaduen kokapen geografikoak edo bizi lekuak zerrendatzen ziren; segitzen ditugu hiru anaiak. Charles 1905.-1906. urteetan Argentinako Buenos Aires hiriburuan da; zehazki hiriaren iparraldean den “calle paseo de julio”.
17Gracien ere Argentinara badoa, 1906ko martxoan hiriburuan da ere eta maiatzan Buenos Aires-etik 120 kilometrotan den Chascomus hirian. Jean Pierre-k ber bidea segituko du; 1908ko abendoaren 14an, armadak lokalizatzen du Buenos Aires-en, bainan bere anaiari bidaltzen duen gutun batean (“Ané maitea, Harsene diat luma escouan hiri bi lerro eguiteco laboursci”) hilabete horren hastapenean, aipatzen dio itsas-untzi bat hartzen duela abendoaren 18an eta bere iduriko « arribatouco guitouc du 7 au 10 janvier 1909 ».
18Artxiba batek kokatzen du Buenos Aires-eko Bayonne hotelan, Sangalla karrikan 230.
19zenbakian; gaur egun Almagro auzoan behar bada. 1909ko urtarrilaren 30ean Chascomus hirian da bere anaiak egin zuen bezala eta ber urtean, ekainan, Baigorrira sartu da. Behar litaike Argentinan diren artxibak ikertu jakiteko hiru anaiek zer egin duten han, hor ere ideia bat Jonen erretretarentzat…
20Baionako apezpikutegian diren artxibetan, atzematen dugu 1909an diosesan egina izan den inkesta baten bilduma. Parropi guzietan, apezek galdeketa bati erantzun zuten. Galderen artean, emigrazioari buruzkoak baziren.
21Baigorriko eskualdearen egoera ateratzen ahal dugu herri batzuetako erantzunak ikertzen direlarik. Emigratzen dutenak gazteak dira, nagusiki lanaren bila edo bizi hobeago bat ukaiteko, aipatzen da ere zerbitzu militarraren “beldurra”.
22Orokorki, emigranteen helmugak berdinak dira; artxibek gehiengo batentzat Kalifornia aipatzen dute, baita ere Argentina. Alduden, apezak aipatzen du duela 50 urte emigrazio masibo bat abiatu dela, bainan azpimarratzen du XX. mendearen hastapenetik, erritmoa zalutu dela. Inkestan idazten du, « il est entendu qu’aux Aldudes, tout jeune de 18-19 ans part pour la Californie ». Erraiten du ez direla kasik 4-5 gazte gelditzen armada egiteko herrian.
23Urepelen, inkestak dio dozena bat gazte joaten dela Kaliforniara urtero; Baigorrin, 15 bat gazte harat joaten direla ere, Argentina helmuga bat egoten da.
24Ortzaizen, ohar berezi bat egiten du apezak, idazten du leheno gazteak joaten zirela Argentinara “arrazoin batzuekin” eta orain (1909. urtean) “arrazoinarik gabe” Kaliforniara.
25Inkestak aipatzen du (ez da sorpresa bat) euskal herritarrak artzainak direla Kalifornian edo Nevadan eta azpimarratzen du usu jendeak itzultzen direla Euskal Herrira, 30-40 urteetan, 20.000 eta 50.000 libera arteko ontasun batekin.
26Inkestak aipatzen du ere emazte gazteen egoera ; arrazoinetan, aipatua da joaten direla dirua egiteko, baita ere formatzeko. Hirietara abiatzen dira neskak, Baionara eta Miarritzera, baita ere Bordalera edo Parisera. Ortzaizen, urtero 7 edo 8 joaten dira herritik. Alduden, neskak ere hasi dira mutikoak bezala Amerikara abiatzen, bainan apezak argitzen du berak duela mugimendu hau geldiarazi.
27Jean Pierre Costera itzultzen delarik Amerikatik, zurgintzan segitzen du ; jendarmeen inkestari esker agertzen baitira dokumentu frango. Alduden bizi den 32 urteko Baptiste Hillaurekin aritzen da. Bi “kontratu” mota agertzen dira zurgintzan, partalier gisa edo egunez pagatua (5 libera eguna). Baptiste-ren anaia, Jean, zurgina da ere Baigorrin eta berak ere Jean Pierre laneko hartu du bi astez, zor dizkio 30 libera.
28Jean Pierre Costerak lan egin du Errekaldea etxean Baigorrin, 1000 euroko billete bat pagatua izan da xantier horrentzat. Beste xantier handi bat egin dute Alduden Anglesenia etxean (berritzeko edo egiteko?). Aritu dira urte batez, debisa 14030 eurokoa zen zureria egiteko (teilatua, leihoak, zolak,…).
29Txostenan agertzen den galdeketa batean, Baptistek erraten du 1913ko ekainan, eskuz esku 1000 euroko bi billete eman dizkiola Jean-Pierreri.
3. Gertakariak: 1913ko agorrila
30Catherine Ithurriague ezkontzen da 19 urtetan Guillaume Etchebarnerekin, bera baino hogoi urte gehiago dituena. Ez zen gauza arraroa XIX. eta XX. mendearen hastapenean. Ikertzen direlarik egoera zibilaren artxibak, ardura atzematen dira holako adin diferentziak bikote batean. Azpimarratu behar da ez dela beti senarra zaharrena, emaztea ere izaten ahal da bere senarra baino aise zaharrago.
31Beste elementu bat sartzen da aipatzen dugun ixtorian, zurrumurrua edo jendeen arteko zainketa. Ezkontzen delarik, jendeek badakite Catherinek maitasun istorio bat duela Jean Pierre Costerarekin.
32Etapa desberdinek ekarriko dituzte Catherine Ithurriague eta Jean Pierre Costera justiziaren aintzinean. Artxiben araberan, tentsioak bizi dituzte ere.
33Uztailaren 31an Jean Pierre-i idazten duen gutun batean, Catherinek aipatzen ditu: « moi aussi j’ai eu forte affaire pour sortir seule, je ne vous l’ai jamais dit encore mais l’on avait toujours peur que je ferais cela. J’étais allé chez Côté le dimanche où vous étiez en Espagne nous étions rentrés le lundi matin à 5 heures à la maison ma grand-mère trouvant que je tardais m’envoyer Pécoche avec une voiture me chercher, elle dit à Catherine Côté que je tardais et se demandait si j’étais chez vous. Elle supposait même que Côté avait pris le train à Arroza et que j’étais partie avec; Cattine avait dit et moi aussi, après que nous en revenions que le lendemain ; vous cherchez à vous disputer la veille de ma noce tous me gardaient. Voilà Jean Pierre que d’histoires jusqu’à présent, trop malheureusement. »
34Catherinek bukatzen du gutun hau erranmolde pollit bat erabiliz: « Je vous quitte de plume jusqu’à la prochaine lettre. »
35Dena gertatzen da 1913ko agorrilan; ofizialki, Kattina (Catherine) joaten da bere bi ahizpekin treinez Hazparnera. Errealitatean, Baionako bidea hartzen dute eta han elkartzen dira Jean Pierre Costerarekin. Bi ahizpa gazteak Kattinaren lagun baten eskuetan utziak dira eta sartzen dira barnekaldera.
36Catherine eta Jean Pierre Akizera joaten dira treinez eta gero artxiben fondoak, edo jendarmen inkestak itzal gune batzu erakusten ditu; bikotea La Rochelle-n atzematen dugu gutun batzuen araberan, edo Bordalen.
37Iduriz azken hiri hortan dute itsasontzi bat hartzen, « Compagnie de navigation Sudatlantique » enpresak pleitatzen duen Samara itsasontzia. Ikerketa bat egiten delarik Interneten, postalak saltzen dituzten webguneetan, atzematen da errexki itsasontzi horren argazkiak. Alemanian eraikia izan zen 1894an eta 750 emigrante garraiotzen zituen; pentsatzekoa da euskal herritar ainitzek hartu dutela.
38Bordaletik Buenos Airesera joaten zen lau geldialdi eginez heldu diren portuetan: Lisboa, Dakar, Rio, Montevideo.
39Bi amorosen bidaia Senegal herrian gelditzen da ; 1913ko agorrilaren 28an, arratsaldeko oren batean, Dakar hirian, Gaston Ablat, komisario nagusia, Adrien Pialet, polizia komisarioa eta Pierre Matteoti polizia inspektorea igotzen dira itsasuntzira eta bi euskal herritarrak arrestatzen dituzte. Artxibetan agertzen den xehetasun batek erakusten digu holako bidaiak ez zirela beti lasaiak; Samara itsasontzia arribatu behar zen Dakar-era agorrilaren 22. eta 26. artean; beranta du beraz.
40Arrestatzearen unean, beren puskak geldituak dira ere. Costerak 390 libera ditu bere paltoan; Catherinek hainbat gauza eraman ditu: maleta bat eta « chapelière » bat (burukoentzat egina den kutxa berezia). Barnean, zerrenda aski luzea aurkitzen dute: jantziak, garbitzeko linja, metal zirraletatuzko dozena bat mahaikoak, zali bat eta sei kafe koilara. Catherinek hartu ditu ere bost gutun, hiru postala, bost argazki, iduriz urrezko den ordulari bat, bitxi kutxatila batean den kadena bat eta urrezko papo orratz bat, azkenik 101 libera.
41Egun batzu egoten dira preso Dakar hirian eta berriz igorriak dira Bordalera ber konpainiaren “Divona” pakebotea pasatzen delarik. Heltzen dira irailaren 10ean.
42Prokuradorearen dokumentu batek « Chemin de fer du Midi » tren batean erreserbatzen ditu bi konpartimentu irailaren 13ko, lau jendarma eta bi presoentzat ; pentsatzekoa da gaua pasatzen dutela biek Donapaleuko presondegian.
4. Galdezketak
43Guillaume, Catherineren senarrak plenta bat pausatzen du, jendarmer erraten du bere emaztea joan dela etxetik 440 libera hartuz, baita ere 950 libera baloreko joia edo bitxi eta 350 libera jantzi edo linja.
44Bikotea itzuli aintzin, inkesta abiatu da jadanik, jendarmeriak eta justiziak ikerketa sakonak egiten dituzte. XIX. mendean eta gure aferaren garaian, gaur egun ezagutzen ditugun egitura guziak ari ziren jadanik (psikologoak, zientzialariak, medikuak, marrazkilariak,…). Pentsatzekoa da ere galdezketak gogorrak izaten ahal zirela ; gehienak itzultzaile batekin iragaiten dira. Presioak eta hizkuntzaren problematikak gaizki ulertzeak sorrarazten zituzten.
45Afera guzietan bezala, auzapezek funtzio berezi bat atxikitzen dute ; heiek dute adibidez argibide fitxa bat betetzen. Jakiten dugu adibidez Catherine eta Jean-Pierre frantsesez alfabetizatuak direla eta ez direla sekulan kondenatuak izan. Auzapezak gutun bat ere idazten dio inkesta eramaten duen jujeari erraiteko erraten zela Baigorrin Catherinek bazuela bere ezkontza aintzin amodio istorio bat Costerarekin.
46Justiziako txostena segitzen badugu, lehen galdezketak agorrilaren 18an hasten dira, Baigorriko jendarmerian, arratsaldeko bostak eterditan.
47Gracieuse Anxolabehere, Catherineren amatxi, 69 urtekoa, lehena da ; dokumentuaren araberan, ez daki izenpetzen. Azpimarratzen du bazakiela Catherine joan zela agorrilaren 15ean etxetik goizeko seietan Hazparneruntz; ez dakiela beste zerbait bainan jakin zuela gero Baionara joan zirela.
48Gauza berezi bat eginen du, eta nunbait eskertzen ahal dugu historiazale gisa, etxeko armairu batean gordetua zen argazki bat atzematen du, egon da justiziaren txostenan, bikoteak Baiona eginarazi zuena.
49Galdezkatuak dira ondotik Catherineren ahizpa ttipiak. Marie Gabrielle, 9 urtekoak, kondatzen du joan direla Baionara Catherine eta Dominica ahizpekin; han bazkaldu dute eta geltokira joan direla arratsaldeko bietan. Ondotik, joan dira ibiltzera Baionako zentrora eta denbora guzia pasatu dutela Marie Andrieurekin, Catherineren lagun bat. Itzuli direlarik geltokira, Catherine ez zen gehiago ageri; geltoki buruak jakinarazten die Catherinek Akizeko bidea hartu duela gizon batekin. Zortzi urteko ahizpa ttipiak, Dominica, bertsioa berdina ematen du.
50Laugarrena, beste ahizpa bat da, Madeleine izenekoa, 15 urte dituena eta etxeko neska dena Baigorriko Mendiboure medikuaren etxean. Ez du fitxik erraten baina jendarmer ematen die postala bat, Catherinek La Rochelle hiritik igorri diona. Aipatzen du ere Madeleine Errecart bat, Catherineren konfiantzazko laguna (“confidente”) dena. Badaki etorri behar zela Baigorrira, jantzi batzuen xeka eta berak ere ideia zuela joatea Amerikara. Catherine Harran, 26 urteko baigorriar etxeko andere batek (« ménagère » artxiban) baieztatzen du Madeleine Errecart lagun mina dela eta dudarik gabe ihesaldian laguntza eman diola.
51Dominica, Jean-Pierreren ama, galdezkatua da ere, erraten du bere semeak egin zuela maleta bat eta normalki Akizera joan behar zela mainatzeko (ur-onetako artamendu bat?). La Rochelleko La Pallice auzotik igorri dio gutun bat.
52Heldu den lekukoa inportantea izanen da, Madeleine Errecart, Bankan sortua 1892ko urtarrilaren 15ean, agertzen da jendarmerira. Donibane Garazin etxeko neska (« domestique ») da. Eskolara joan da 13 urte arte, bere burasoen etxean egon da 18 urte arte. Galdezkatua izan behar zen agorrilaren 20an ; azken finean, biharamunean ematen du bere lekukotasuna.
53Etxe desberdinetan izan da lanean, ezagutu du Catherine Baigorriko Irachet farmazialariaren etxean 1913ko urtearen hastapenean, bi astez egon dira elgarrekin. Gero, « Madame Morau » bere nagusiarekin joan da Bordalera. Mendekostez, sartu da bere burasoen etxera eri baitzen. Egon da ere Izpuran, Rousset medikuaren zerbitzuko.
54Aipatzen du agorrilaren 2an etorri zela Baigorrira herriko pestak baitziren ; ekarri zituen jantzi batzu kartoinezko kutxa batean, Catherineren etxean utzi zuena. Bi lagunak solasean aritu ziren; Madeleine Errecart-en araberan, Guillaume Etchebarne hotel baten jabea da Amerikan, ezkondu berriak joan behar ziren harat. Catherinek proposatu zion Madeleineri joatea heiekin eta hotelan ganbara zerbitzari izatea.
55Galdezketa hortan agertzen dira Kattina Ithurriaguek dituen kezkak edo beldur handiak ezkontzaren ondotik. Abisatzen du Madeleine bere buruaz beste eginen duela joan behar baldin bada bere senarrarekin: « si elle partait en Amérique avec lui, elle se jeterait à l’eau ». Agorrilaren hastapenean, erraten dio ere Costerarekin joanen dela, « je vais faire une folie et partir en Amérique avec Costera ». Berantago, aitortzen dio beldurrak eragiten diola eta ez duela ideia hau gauzatuko.
56Madeleinek erraten du ere Catherinek aipatzen zuela Jean-Pierrerekin esposatzea bainan bere iduriko ez zuten harreman intimorik sekulan ukan.
57Inkesta osatzeko, jujeak galdegiten ditu ikerketa bereziak ihesaldia ulertzeko edo zehazteko. Ortzaizeko auzapezak bidaltzen dio gutun bat Jeanne Andrieux baten rola argitzeko. Azken horrek agorrilaren 12an etorri da Ortzaizeko herriko etxera Amerikara joateko dokumentuak lortzeko. Erraten du abiatu behar dela Baigorriko Guéréciet alabarekin: « à cause de sa majorité, seul le certificat de bonne vie et mœurs lui a été délivrée ».
58Bordaleko komisario batek ere bere inkestaren bilduma bat igortzen du; Fouroux deitzen den polizia gizon batek ditu eraman ikerketak hirian. Konbentzituak dira bikoteak ez duela gaua pasatu hirian, « après enquête de l’agent Fouroux, le couple n’a pas logé à Bordeaux ». Agorrilaren 16an arribatu dira treinez, goizeko bostak eta hogoitazazpietan xuxen… ibili dira zortziak arte hirian eta Costera Colson agentziara joan da bi txartel hartzeko egun berean abiatzen zen Samara itsasontzian igotzeko.
59Euskal herritar ainitz pasatu dira agentzi hortatik, « cours du chapeau rouge » etorbidean, gaur egun Bordale historikoan kokatzen dena. Guillaume Apheça, baxenafartar emigrazio agente famatua agentzi horrentzat aritu da lanean 1913a arte. Euskal kultur erakundearen webgunean agertzen diren Apheçaren artxibetan ez dira agertzen aldiz gure aferaren jendeak.
601913ko agorrilaren 27an, informazio judizialaren ageri berri bat argitaratua da galdezketak guziekin, inkesta fite eramana izan da.
5. Aferaren bukaera
5.1 Auzia
61Bi protagonistek abokatu bat hartzen dute, presondegiratuak dira irailaren 13an bainan libratuak urriaren 8an berme bat ordaindu ondoan.
62Ferdinand Pontacq agertzen da txostenan, « interprête juré de la langue basque » helburu batekin, « examiner la correspondance échangée (…) et d’en traduire les lettres ou passages ayant trait à des relations intimes ayant pu exister entre eux ».
63Urriaren 3an, auzia aintzin, berak ditu frantsesera itzuliko amorosen artean izan diren gutunak. Jujearen helburua da atzematea proba bat adulterio bat izan dela. Adulterioa delitutzat hartzen zuen zuzenbidearen 337. artikuluak, eta delitu hau egin zuten emazteak bi urteko presoaldi batekin zigortzen ahal zituzten. Zigorra gauzatzeko, ustekizun bidezko froga onargarria da, bainan susmoak segurak izan behar dira.
64Pontacqen itzulpenak atzematen dira artxibategian, jujeak Catherine ikusten du bere abokatuarekin pasarte batzuetaz mintzatzeko: bereziki min batetaz. Catherinek esplikatzen dio egun batez Costerarekin elgar ikusten direlarik Baigorriko geltokiaren aintzinean, erori zela, hori dutela bakarrik aipatzen gutun batean.
65Jujea entseatzen da ere argitzea ihesaldiaren elementu bat ; Bordaleko poliziek diote bikotea arribatu dela hirira agorrilaren 16an, Jean-Pierrek segurtatzen du bezperan etorri direla. Geltokitik, hogoi minutuz oinez ibili direla hotel batera heltzeko. Gaua pasatu dutela hor, bakoitzak bazuen bere ganbara.
66Jean-Pierrek Bordale ezagutzen du, joan delarik Argentinara, hortik abiatu zen eta egon zen Bidart izeneko hotel batean. Catherinek ere hotela ezagutzen du, Guillaumerekin espos bidaia egin dutelarik, hor egon dira.
67Jujeak Bordaleri galdegiten dio beste ikerketa batzu, emaitzarik gabekoak egoten direnak.
68Catherine eta Jean-Pierre auziperatuak dira azaroaren 21ean.
69Costera hobengabetua da, Catherine aldiz 8 egun presondegira kondenatua da, etxean hartu duen sosarengatik. Txostenak dio « les poursuites dont elle est aujourd’hui l’objet a été légalement provoquée par une dénonciation formelle de son mari le sieur Etchebarne ».
5.2 Lehen gerla
70Aferaren ondotik (hor sartzen gira historialariaren mugetan artxibak ixiltzen direlarik), ez dakigu xuxen zer bilakatu diren protagonistak. Salbu erregistro militarrek gizonen ibilbideari buruz xehetasun batzu ematen dizkigute.
71Guillaume Etchebarne deitua da armadara 1914ko agorrilan munduko lehen gerla zapartatzen delarik. Zauri zahar bat atzematen diote (« fracture ancienne de la jambe droite, vicieusement consolidé »), bere etxeratzea ondorioztatzen duena. Gerla aintzinatzen delarik, armadak gizon gehiago behar ditu, erreforma batzorde batek deitzen du berriz 1915eko agorrilan erizain sekzio batera joateko. Azken finean, intsumitua deklaratua da 1916ko otsailan.
72Gracien Costera, 1914ko azaroan intsumitua da; abendoan “intsumisioaren kontroletatik” kendua da bainan gero hiru hilabeteko presondegi zigor bati kondenatua da intsumisio delitu batengatik. Hogoigarren hamarkadan, Baigorrin kokatzen dute artxibek.
73Charles Costera, intsumitua deklaratua da ere 1915eko otsailan ; badoa Amerikara berriz? Azken finean, 1931ean, “xuritua” da preskripzio epea iragan baita.
74Bukatzeko, Jean Pierre Costera intsumitu bezala kontsideratua da 1915eko martxoan.
75Adibide horiekin, begi bixtan dugu intsumisio mugimenduaren garrantzia.
76Orotarat, bizi zati horrek erakusten digu Ipar Euskal Herriaren egoera XX. mendearen hastapenean. Karikaturarik edo irudi ideal batetik kanpo, ohartzen gira herstura edo mugak ezagutzen dituen gizarte bat zela. Emazteek partikulazki egoera horren ondorioak ezagutzen edo pairatzen zituzten.
77Azkenik, ohartzen gira etapa gako bat izan dela afera hunen garaia, mundu “zahar” batetik mundu “berri” batera pasatu baita euskal gizartea. Beste hainbat ezagutu ditu gaur egun arte.
6. Eranskinak: bi protagonisten gutunak
78Prozedura txostenan, 50 gutunen artean, bi aipatzekoak dira. Lehena, Catherineren mezu bat bere senargaiari 1913ko uztailaren 7an, erran nahi du ezkontzen aintzin. Agertzen da duda handiak dituela:
79“Monsieur Etchebarne
80Bi lerro hoc igortzen dauskizut zuri eraiteco nahi situala abizatu tenoré déno nola urrikitu san escontzea abiatzia estut behin éré idaya bero izan niaun baitaic, zolamente bersec beroasten ninduten larderiaka eta ikuzten dut carga handia harzen duala idayan contra escontsen bania seren ikusten dut biziki gasté nizala oraino”
81Gehitzen dio gero erranez neska frango badirela, beste norbait atzemanen duela ; bukatzen du ondoko hitzekin: « adieu beras Guilene Je vous demande mes excuses ».
82Ondoko lerroetan, Jean-Pierre Costerak aferaren bilana egiten du bere familiari:
83“Ene aita ama eta anéa maitea
84Hasten niz letra hunen eguiten ser crima izigarriaren eguitera nuan sueri erraiteco eta serendaco eguiten duan. Bainan barcamendu dauzite galdeguiten hasté hastétic seren etsinuten merechi eneganic holaco pena izigarric seren sinesten hain hunac denac enetaco eta pentzatu dut etsinutela suec eré enetaco aunguraic orai artean maluroski aski gois jin da oren lasgarria hau enetaco eta particularski suendaco ikusten dut orai beretic duen pena nolakua izain den jakiten duzilaic ene lan ikaragarri hau bainan ser nauzi estezaket paza ni baino handian da amodioac eremaiten nu baïgorry guziac badaki nor maitatu duan Cathina guezitenekua elgarri hitzeman guinin egun batesizan guinen Bayonnan le 10 février 13 biac fiantsaturic ezarri nin hitzemaiten salaic enéa sela aitzinian eta ondouan bethi atziki du fidelki batec ala berseac orai artio orai bertse bat jin delaic utzi nu: utzi nu bainan es bereala espozatseko egunétano bethi hitzeman daut esnin dila utzico gaïcho nechkato horec bersiakin yoiyac errozis gueros pazatu tu bi egun eta gau bat Bayonan eta Biarritzen gaindi eraiten sautalaic enia sela eta utziko sila bersia etsila maite eguina guinin Biarritzen ere lekia bi edo hiru hilaiten pazatzeco hor izain da Esthephanic Semenario destemenio nola partitiac guinen nic gaizo tristia bethi zinetzi dut seren hain berzetano maite nin gaïcho Cathina eta horec berdin erraiten zan bainan es bihotzes duaicabé biskitartean berzé batec ere zinetzico sien ni horekin ebili nizan guizan ebili eta escondu batsu bezala guinen erraten san frangotan hil nezan bersé hori americanua bakia emain sakotela ordian nic erran dacot bethi hori nic hiles ? estuala berdin hori gozatsen ahal ordian nahian dut hura bizik utzi estu harec hobenic bainan ba bersé sembaitec eta Ctahinac ere ba seren harec nahi izan balu nic esnauzin pena ikaragari hau emain abizatia nin ser eguingo sin usten banin din bainan enganatu nun azken momentoraino nic zeculaco maitatu duan bihotz horec.
85Hora beras ene ahidé eta adichikidé guziac bihotzes dauzit barcamendu galdeguiten orori eguitera nuan lan trichté huntas eta siec particularski aita ama eta anéa maitéa sueri barcamendu eta othoitz énétako eta sic ene gasté lagun maitéac eazu othoi ni bezala erorzetic amodioaren gainéan holaco sorté trichtian eta contzola sisinié eman detan pena ikagarrias ené aita ama gaicho hoc beren asken egunetan pentzatsen baitut hoc biac oféari zartuco direla lagunt sis othoi eta ahal bauzi contzola edo bersenas lagunt tombaraino beren zémé maité sutenaren faltan eta harec eman den pena hilcarias eta hitzemanas zezi barcatzen datela eguin duan crima ikaragarias nic galdeguiten dut orori barcamendu bizinizalaic ichkirios guero eguiten ahal banu nihian eta particularski yinco maiteari dacot galdeguiten erraiten duten balin bada bota nezan ifernuco solara méréchi duan bezala.
86Eta particularski siustet errecomendatzen es dezazin zofrias yenzézé guizas nic maitatu duan Cathina gaicho hori bizi balin bada berac ucain du yazaiteco penaic aski eguinazi din lanas béré Jean Pierre gaichnari? estut nahi neoc yeus (deus ?) eguin dezan seren hain bersé maité dut eta nic barcatsen dacot eta bersec éré eguin dezatela eni bizia eskondu dan gaicho hori.
87Adio beras beris éré asken aldicotz usten sustet pena irigarri batekin denc haindiagua ezin zofritus hilan niz Cathinain hurbil ikuz nezan zinez ari nintzala dolu ucain du bainan beranteguy adio beras bezarkatsen siusten denac bihotzes asken aldicotz eta berris éré deneri barcamendu Jean Pierre Costera qui a mourut pour sa fiancé Mademoiselle Catherine Ithurriague”.
Iturriak
-
64 departemenduko artxibak, Baionako poloa:
U multzoa, justiziako fondoa, Donapaleuko lehen instantziako auzitegia, 3 U 871 txostena.
Notarioen artxibak, Baigorri, Ernautene fondoa, 3 E 18861, 787-789 orrialdeak, linean kontsultagarria.
Estado zibila: Aldude, Baigorri, Banka, Irisarri, Ortzaizeko. -
Erregistro militarrak, 64 departamenduko fondoa.
Diosesako artxibategia, Baiona, 1909ko inkesta.
Genealogi webguneak: ez ditugu webgune berezi batzuen izenak edo helbideak emanen baina nahi nituzke eskertu egunero “xinaurri lan” bat eramaten duten genealogista guziak. Lan horri esker, ikerketak erresten eta xendra ainitz idekitzen dira.
« Archives nationales du monde du travail » egitura: Compagnie de Navigation SudAtlantique-ri buruzko dokumentu desberdinak atzematen dira.
Artikuluan agertzen diren irudiak (egilearen argazkiak).
Iturria: Baionako artxibategia, 3U871 prozedurako txostena.
Table des illustrations
URL | http://0-journals-openedition-org.catalogue.libraries.london.ac.uk/lapurdum/docannexe/image/4250/img-1.jpg |
---|---|
Fichier | image/jpeg, 20k |
URL | http://0-journals-openedition-org.catalogue.libraries.london.ac.uk/lapurdum/docannexe/image/4250/img-2.jpg |
Fichier | image/jpeg, 66k |
URL | http://0-journals-openedition-org.catalogue.libraries.london.ac.uk/lapurdum/docannexe/image/4250/img-3.jpg |
Fichier | image/jpeg, 50k |
Pour citer cet article
Référence papier
Peio Etcheverry, « Catherine eta Jean-Pierre, XX. mendearen hastapeneko bizi zati bat gutunezko harreman batzuen bidez », Lapurdum, 24 | 2023, 137-149.
Référence électronique
Peio Etcheverry, « Catherine eta Jean-Pierre, XX. mendearen hastapeneko bizi zati bat gutunezko harreman batzuen bidez », Lapurdum [En ligne], 24 | 2023, mis en ligne le 01 juillet 2024, consulté le 10 décembre 2024. URL : http://0-journals-openedition-org.catalogue.libraries.london.ac.uk/lapurdum/4250 ; DOI : https://0-doi-org.catalogue.libraries.london.ac.uk/10.4000/127tc
Haut de pageDroits d’auteur
Le texte seul est utilisable sous licence CC BY-NC-ND 4.0. Les autres éléments (illustrations, fichiers annexes importés) sont « Tous droits réservés », sauf mention contraire.
Haut de page