1Satira generoa aspaldikoa da, baina Antzinatean eta garai neoklasikoan baizik ez da zehazki definitua izan. Hastapenetik, azkarki aldatuz joan da, bai estetikoki, bai etikoki. Horaziok goi mailako generotzat zeukan; XVIII. mendean, haatik, frantses intelektualek pentsatzen zuten satira “literaturaren mugetan” zegoela, Michel Delon adituaren arabera: « Oeuvre mineure pour les uns, la satire est oeuvre de salut public pour les autres, mais les deux points de vue s’accordent à la situer aux limites de la littérature [...] » (Delon, 1983: 15).
2Artikulu honetan, ikertu nahiko genituzke Salvat Monhoren bertso satirikoak: ez bereziak direlako, hain segur beste anitz, orain galduak edo ez ezagunak direnak, sortu zirelako garai berean, literarioki baliokideak, baina kantitateari begira corpus interesgarria osatzen dutelako, eta erraz eskuragarri direlako, Piarres Lafitteren bildumari esker. Monhoren lana guti aztertua izan da: besteak beste, Lafittek berak iruzkindu zuen, frantsesera itzuli, haren testuinguruan ezarri eta haren hiztegia komentatu (Monho, 1972); Antonio Zavalak batzuk agerrarazi eta azaldu zituen Frantziako Iraultza eta Konbentzioko gerra bertsotan eta Frantzesteko bertsoak bildumetan (Zavala, 1989 eta 1991); Jean-Baptiste Orpustanek jorratu zuen 1789 et les Basques kolokioan (Orpustan, 1991) eta Précis d’histoire littéraire liburuan (Orpustan, 1996); Jean Haritschelhar interesatu zen bertsoen metrikari (Haritschelhar, 2004) eta Xipri Arbelbide Monhoren ideiei, xuri eta gorrien arteko gatazkaren baitan (Arbelbide, 2010). Bestalde, Monhoren bertsoak (besteak beste) kantatu zituzten laurogei-laurogeita hamar hamarkadetako artista ezagunek, Xipri Arbelbidek antolatu bi emanalditan: Iraultzako kantuak (1992ko maiatzaren 5ean, Urruñan), eta Lapurtarren deportazioak (1993ko apirilaren 12an, Saran) (bi kantaldi horiei atxiki liburuxkak badaude, eta haien grabaketak erdiesgarriak dira Euskal Kultur Erakundearen funtsean).
3Hain zuzen ere, jakin nahiko genuke Salvat Monhoren bertsoek zoin balio literario duten: literaturatzat har ote daitezke, eta nolako literariotasunarekin, ala XVIII. mendeko garaikide frantsesen lanak bezala “literaturaren mugetan” kokatu behar ote genituzke, beren ustezko literariotasun eskasarengatik?
4Galdera horri erantzuteko, aztertuko dugu oro har satiraren bilakaera literatura klasikoan eta neoklasikoan, Antzinateko literatura eta kultura literario frantsesa aipatuz bereziki –horien bidez, parte, hezi delako Monho– eta saiatuko gara balio literarioaren kontzeptua barnatzen. Alderatuko ditugu ere bai frantses tradizio satirikoa eta euskarazkoa, bakoitzaren ezaugarriak argira ezarriz. Hausnarketa horiek eginik, erantzun bat proposatuko diogu egin galderari, Monhoren bertsoetan zentratuz.
5Salvat Monhoz dakigun kasik guzia Piarres Lafitteri zor diogu. 1972an argitaratu zituen horren olerki idatziak, Baionako Euskal Museoak kudeatzen zuen Ikas argitaletxean, eranskin aberatsak gehituz idazlearen bizitzaz, testuinguru sozio-historikoaz eta hizkuntza literarioaz. Salvat Monho izturiztarra familia arrunt xumean sortu zen 1749an –aita artile egile zuen– eta zortzi urte gabe umezurtz bihurtu zen (aita 1752an hil zitzaion, 37 urterekin, eta ama 1757an, 37 urterekin ere bai). Lafitteren hipotesia da ondoko urteetan familiako batzuek hezi zutela Donibane Lohizunen, eta Larresoroko apezgaitegian egon zela ikasle, Jean Daguerre sortzailearen garaian. Dena den, apez egin zen, eta herri ezberdinetara igorria izan zen: Azkainen, kalapitan aritu zen tokiko atso elizatiarrekin, “Azkaingo menetei” bertsoek adierazi bezala, ez dakigu xuxen zergatik; izendatua izan zen gero Uztaritzen (zigor ala promozioa izan zen izendapen hori, ez dakigu); ondotik, Bardozen bikario zela, momentu biziki gogorrak bizi izan zituen: Martin Delizalde apez nagusiak bezala ez zion apezeriaren Konstituzio Zibilari zin egin nahi izan, eta bertsoz bortizki iraindu zituen Pierre Mentaberri beste bikarioa, hura zinegilea, herriko semea zen Jean Etxezahar xartrusa, eta iraultza eta errepublikaren aldeko herritar kideak. Erbesteratu zen Hegoaldera, nora xuxen ez dakigu. Direktorio garaian (17961799), edo beharbada berantago, Konkordatua izenpetu eta gero (1801), itzuli zen Iparraldera, eta Ainhoako apez izendatua izan zen. Ondotik Irisarrira joan zen. Han, balentria gaitza egin omen zuen, herritarrak sarraskitu nahi zituzten tropa espainolak geldiarazi baitzituen. 1819an, Bardozen erretiratu zen, eta 1821ean han zendu.
6Monhok ezagutu zituen beraz Luis XVI. garaiko monarkia, Estatu Orokorren biltzarra, frantses iraultza, Elizaren eta apez estatusaren kontrako erasoak, Izualdia, Konbentzio gerla, Kontsulatua, Napoleonen Estatu kolpea eta I. inperioa, Frantzia eta Espainiaren arteko gerla, monarkiaren lehen Errestaurazioa Frantzian, Luis XVIII.arekin, Napoleonen itzultzea ehun egunez, eta bigarren Errestaurazioa. Bizitza osoan, zuzengabekeria politiko-sozialek, gerlek, iraultzek, borrokek eta deportazioek eragin basakeriak, miseria eta erbestea bizi izan zituen, berak edo bere inguruko hurbilekoen bidez. Jendarte xehearen eguneroko ikaragarriaren irudikapena ongi adierazi du Adurrek Lurbinttoko ohoinak komikian (Adur, 2022): obra grafiko horrek balio du Monho bezalako baten egun guzietako gorabeherak zoin izan zitezkeen asmatzeko –nahiz eta apezek, menturaz, besteek baino babes sozial gehiago bazuketen.
7Lafittek plazaratu Monhoren testuak ordu arte argitaragabeak ziren. Bertso idatziak dira, beharbada plazan banatzen ziren paper bertso haietarik, gertakari garrantzitsuen ondotik berehala idatziak, jendartean ideia harrotzaileak hedatzeko. Lafittek, 1930ean aurkitu zituen kaier batean. Eskuizkribu hori ez zitekeen Monho berarena: norbaitek kopiatuko zituen hor haren bertsoak. Lafittek apailatu edizioan, Monhoren lana bi zatitan agertzen da: alde batetik, 16 « Pièces fugitives » edo “Olerki iheskor” daude, bertso profanoz osatuak, eta 35 “kantika” edo kantu liturgiko. “Olerki iheskor” titulua idazle frankok erabili zuen garai neoklasikoan, bereziki Frantzian, testu zirkunstantzialak, arinak, estetikoki ez biziki landuak, beroan bero garaikideentzat eginak izendatzeko.
8Gertakariei lotu poema horiek bi motakoak dira Monhoren lumapean: badira mundanoak dei genitzakeenak, funts gabeak eta azalekoak direlako. Agerrarazten dituzte autorearen jakitate neoklasikoa (« Chanson bachique », “Poeten errenkurak Apolonen kontra”), tokiko nobleekin zeuzkan harremanak (“Madame Beltzuntzeri”), edo arinkeriak, topikoak (neska-mutiko harremanak “San Kasteteneko andregaiak Filipineko oilarrari” bertsoan, arnoaren laudorioa “Nafar goxoa” poeman).
9Bestalde, badaude bertso satirikoak, garaikideen ibilmoldea erasotzen dutenak. Azken testu horiek izanen ditugu aztergai. Orotara, hamaika dira: “Erromako gortetik”, “Mentaberriren posesionetan sartzearen okasionean”, “Bardotzen glub”, “Distrikerat”, “Eskandala”, “Urruñako jaun erretorari”, “Azkaingo menetei”, “Garat gaztenaren eta Ithurbidentzat”, “Ihardestea”, “Garat Erregeri hiltzeko arrasta irakurtu ondoan”, “Orroitzapenak”. Gure ikerketan, kontutan hartuko ditugu ere bai alde batetik “Kantikak” zatiko azken olerkia, “Erregerentzat otoitza”, Errestaurazioaren gertakariari lotua baita, eta ondorioz “olerki iheskortzat” ere har dezakeguna, eta bestaldetik Piarres Charrittonek ASJU aldizkarian agerrarazi zuen “Bonapartek norat dien egin” bertsoa (Charritton, 2002: 118-119). Hamahiru dira beraz artikulu honetako corpusa osatuko duten Monhoren testuak.
10Monhoren bertso horien literariotasuna galdekatzeko, oroitaraz dezagun lehenik satira generoaren bilakaera.
11“Satira” hitza, satira edo satura hitz latinoaren mailegua da. Etimologikoki, satira edo satura barazki mazedonia liteke, osagai ezberdinez apailatua den jakia. Literaturan, satira deitua izan da genero ezberdinak biltzen zituen testu literario komikoa, prosa eta poesiaren arteko mugan zebilena, adibidez, edo porru salda eskaintzen zuena, musika eta dantzarekin ere nahasiz. Oro har, literaturaren historian zehar, bi tradizio satiriko bereiz ditzakegu: lehena, Horazioren ildokoa litzateke, eta bigarrena, paskinaden ildokoa.
12Horaziok (K.a. 65-K.o. 8), Saturae deitu olerkietan, goi mailara iganarazi zuen ordu arteko satira edo satura deitu testu mota. Xedea izan zuen bere garaiko bizioak gaitzestea, haien zuzentzeko, sekula ez haatik aipatu presunak iraintzea. Horazioren lumapean, satira ez zen arma politiko edo polemikoa izan, baina ondoko belaunaldientzat aitzinamendu moral pragmatikoa eskaintzen zuen idazkia, plazer estetikoaren bitartez, gainera. Alabaina, bere arte poetikoan, Horaziok adierazi zuen literaturaren zentzu handiena: baliagarri eta atsegingarri izatea, biak betan: “Omne tulit punctum, qui miscuit utile dulci / Lectorem delectando pariterque monendo [“Boz guziak erdietsiko ditu, baliagarritasuna eta gozotasuna nahasiko dituenak / Irakurlea laketuz eta argituz denbora berean”] (Horace, 2020: 220). Literaturaren helburua da, Horazioren aburuz, irakaspen moral performatiboa zabaltzea, hartzailea manera gozagarriren bidez heziz: « aut prodesse uolunt aut delectare poetae / Aut simul et iucunda et idonea dicere vitae » [“poeten helburua da baliagarri izatea edo plazer egitea / Edo biziaz hitz egitea modu atsegin eta zuzenean1”] (Horace, 2020: 219). Horazioren ikuspuntua segituz, satira generoa literaturaren gailurrean koka genezake, bai irakaspen moral eragilea, bai gozamen estetikoa dituelako oinarri.
13Horazioren bidetik aritu ziren, besteak beste, Persius (K.o. 34-K.o. 62) eta Juvenalis (K.o. I eta II. mendeen artean bizi izan zena) klasikoak, eta Vauquelin de La Fresnaye (15361607), Mathurin Régnier (1573-1613) eta Boileau (1636-1711) neoklasikoak. Du Bellayk ere (1522-1560) goraipatu zuen satira mota hori Défense et illustration de la langue française obran (Du Bellay, 1975: II, 4), nahiz berak ez zuen horrelako testurik idatzi:
«[...] plutôt qu’une arme à utiliser sur le champ, la satire dont avait rêvé Du Bellay devait être à la fois l’instrument d’un progrès moral et un objet de délectation offert à la postérité. (Jarrety, 2019: 157) »
14Horazioren ildoko satirista horiek irriaz eta poesiaz apaintzen zituzten beren idazkiak, eta nahi zutena zen, oieskerietara eta irainetara lerratu gabe, irakurleak bere burua ezagut zezan gaitzetsi bizioetan, eta bere ibilmoldea zuzen zezan gogo onez. Erran daiteke idazle horien obra satirikoek dimentsio literario ukaezina zutela, eta goi mailakoa, gora eta urrun begiratzen zutelako, testu zorrotz bezain apainduak zirelako.
15Bigarren tradizioko satirak ez dio lehenaren eskakizun estetiko eta etikoari jarraiki. Ez du doinu jostakinik, ez da airosa, ez espirituala, ez umoretsua: seriosa eta gaiztoa da, lotsagabea, laidogarria, ad hominem zuzendua. Lot daiteke XVI. mendeko paskinada italiarrei: “paskinada” hitz hori dator Erromako Paskinoren zizelketaren gainean finkatu panfletoetatik. Paskinadak testu laburrak dira, neurtitzez ala hitz lauz idatziak, agresiboak, presuna bat ala talde bat erasotzen dute, izendatuz.
16Satiraren ildo horretan koka genitzake XVIII. mende hondarrean eta XIX. mende hasieran Frantzian agertu ziren satiristak, garai hartako gudu ideologiko eta politikoetan murgilduak. Ezen, 1800. urte irian, hamarnaka satira publikatu ziren frantsesez, gatazka politiko eta eztabaida kultural sutsuak zirenean. Politikoki, erronka zen garai hartako burgesiarentzat erregimen iraultzailearen erakundeetan oinarri egonkorrak finkatzea, bere intereserako. Kulturalki, elite berriak buruz buruka borrokatu ziren erakunde berrietan proiektu berritzaileak inposatzeko, bai eta norberak toki on bat lortzeko ere. Aro nahasi horretan, satira elkarren artean argumentatzeko eta bat bestea laidoztatzeko nasaiki erabilia izan zen. Poesia armatzat enplegatua izan zen auzi ideologiko konplexuak zuritzeko. Poesiaren izenean epaitzen zuten elkar garaiko idazleek, baina anitzek adierazi zuten orduan egiten zen poesia satirikoa ez zela zinezko poesia: 1776an, jadanik, Batteux-k zioen satira zela, bere garaian, « une espèce de poème », erran nahi baitu literariotasunik gabeko poesia (Batteux, 1989). Hori guzia argitzen saiatu da Michel Delon, eta ondorioztatu du hondarrean, garai hartako satira tirriak poesia bera galdekaraztera bultzatu zituela idazleak: poesia, balentria metrikoa eta lexikala baizik ez ote da? balore etikoren berme izan behar ote du, eta zoin balorerena? nola lotu lirika eta materialismoa, lirika eta espiritualismoa? poesiak ainguratua behar ote du Historian? Historia gainditu behar ote du? Historiatik kanpo egon behar ote du? Azken finean, Delonen ustez, idazle hoberenek (André Chénier, Victor Hugo...) honela trenkatu zuten solasa, XIX. mende hasieran: balio literariorik ukanen zuen poesia, hizkuntzaz kontziente izanen zena izanen zen, hots, hitzen plazerari lehentasuna emanen ziona (Delon, 1983).
17Euskal eremura etor gaitezen, orain. Ikusiz « Chanson bachique » edo “Poeten errenkurak Apolonen kontra” olerkien erreferentzia latinoak, eta irudikatuz apezgaitegian kultura klasikoa erdietsiko zuela Salvat Monhok, pentsa daiteke irakurriak izanen zituela Horazio bezalako Antzinateko idazleen obrak, eta goi-mailako satira ezagutuko zuela. Bestalde, jakinez Monhok hurbildik segitzen zituela Frantzia heineko gertakari politikoak, eskuratuko zituen garaiko panfleto frantsesak, literariotasun gutikoak. Iturri erdal horietatik edan zukeen, beraz, bere testuak ontzeko.
18Gainera, ohargarri da erabiltzen dituela bai doinu frantsesak, garaian ezagunak, bai doinu euskaldunak, bere bertsoetan: alde batetik, De tout un peu, Ah! vous dirai-je maman, Dans cette étable, Sur la marche du Régiment de Perche, eta bestaldetik, Beltzuntzeren koplak, Atzar gaiten, Amodiorik baduzula ez ziautazu iduri. Doinu zehazturik gabeko lau bertsok, bestalde, euskal ohidura zaharra segitzen dute: “Urruñako jaun erretorrari”, “Garat gaztenaren eta Ithurbiderentzat”, “Ihardestea”, “Garatek Erregeri hiltzeko arrasta irakurtu ondoan”. Azpimarragarri da, beraz, bere poemek zerikusirik daukatela bai erdal kulturarekin, bai euskal ohidurekin. Bi iturrietatik edan zuen Monhok.
19Funtsean, konpara daiteke bere lan satirikoa bertsolaritza eta toberen usaiekin. Alabaina, bertsolaria edo tobera asmatzailearen rol soziala da herriaren bozeramailea izatea, egia argitan ezartzea, zuzengabekeriak eta bizioak gaitzestea, ordre sozial zuzenagoa eta bertutetsuagoa bultzatzeko, modu eragilean. Herri poesiarekin eta herri antzerkiarekin aldera genezake, beraz, Monhoren lan satirikoa.
20Monhoren bertsoak hibridoak dira, beraz: jalgi dira frantses eta euskal kulturen arteko uztartze batetik, oinarritzat daukate bai literatura kultua, bai literatura herrikoia, idatzizkotasunetik daukate, bai eta ahozkotasunetik ere.
- 2 « Dans cette étable » kantu horren hitzak atzeman ditugu bi kantutegitan (anonimoa, 1805: 4-5 eta P (...)
21Testu horiei ikusten diegun beste hibridotasuna da kultura erlijiosoa eta kultura profanoa biak nahasten dituela. Adibidez, Monhok, « Dans cette étable » Eguberriko kantika baketsu frantsesaren doinua erabiltzen du “Bardotzen glub” eta “Distrikerat” bertso iraintzaileetan2. Erlijio-profano nahasketa horren ondorio bat izan da Lafittek “Erregerentzat otoitza” poema kantikekin sailkaturik, nahiz eta gertakari politikoetan oinarritu “olerki iheskorrekin” sailka zitekeen. Bestalde, Monhok behin baino gehiagotan erabiltzen du « De tout un peu » doinua, adibidez « Oi Betleem » kantika idazteko. « De tout un peu », bizkitartean, ez zen kantu erlijiosoa. XVIII. mendeko kantutegi batean aurkitu dugu kantu hori, kopla bakarrarekin:
- 3 Kantutegi horrek zehazten du « De tout un peu » kantuaren doinua « Du haut en bas » kantuarena dela (...)
« De tout un peu,
Philis, est ma philosophie;
De tout un peu,
En amour, dans le vin, au jeu, C’est le trop qui fait la folie:
Mais il faut goûter, dans la vie,
De tout un peu » (Sautreau de Marsy, 1778: 142)3.
22Monhoren bertsoen hibridotasuna, ondorioz, honetan datza: erdal eta euskal kulturetan oinarrituak dira, kultura klasikoan eta garaikidean, idatzizkotasun eta ahozkotasun tradizioetan, kultura erlijioso eta kultura profanoetan.
23Hona hemen etorria Monhoren satiren balio literarioa epaitzeko momentua. Bistan dena, “balio literario” kontzeptu hori lausua da. Hainbat balio ukan dezake testu batek, oro har, eta testu satiriko batek, bereziki. Patrick Voisinek argitaratu lan kolektiboak gogoeta garaikideen bilduma interesgarria egiten du (Voisin, 2012).
24Erran daiteke lehenik Monhoren lanak balio extra-literarioa baduela: garai nahasi bateko argazki soziologikoa ematen digu, ikuspuntu subjektibo batetik. Balio informatibo eta kognitiboa dauka, horrez gain, kulturalki eta linguistikoki ere bai, erakusten digulako elkarrekin bizi zirela, herrian, frantses eta euskal kulturak, eta nafar-lapurterazko lekukotasuna ematen digulako.
25Bestalde, Monhoren trebezia metrikoa ageri da bere bertsoetan: doinu biziki ezberdinak hautatzeko gai da, eta frantsesezkoetan ezagun den errima maskulino-femenino aldizkatze araua erakartzen du bere lanean, errimak aldizkatuz.
26Bizkitartean, neurtitzetan idatzia izatea ez da aski testu bat literariotzat hartua izateko: beren garaiko satira gaitzesten zuten idazle frantsesek zioten, preseski, errimatzaile soilak idazle txarrak zirela (Briot, 1995: 127). Hortaz, egia da Monhok errima pobreak eta estilo figura arruntak erabiltzen dituela (metafora, antitesia, hiperbola, alegoria, pertsonifikazioa, prosopopeia...), bai eta baliabide erretoriko ezagunak ere, satira generoan (galdera erretoriko, harridurazko erranaldi, agintera, toka, hartzailearekiko gogaidetasun estrategia...).
27Beste gisan, pentsa daiteke Monhoren bertsoak moralgabeak direla, irain eta mespretxuz ehunduak direlako, bai Mentaberriren kontra, bai iraultzaile eta horien sustengatzaileen kontra, batez ere emazteak direlarik, emagaldu gisa aurkezten dituelako, bortizki (ikus “Distrikerat”). Eta politikoki, ohargarri da Monhok ez duela ideologia koherenterik garatzen, bertsoz bertso: Estatu Orokorren biltzearen aldekoa agertzen da lehenik, eta Garat deputatua sustengatzen du; ondotik, Garatek hil kondena agindua irakurri ziolako Luis XVI.ari (nahiz eta berak hil zigorraren kontra bozkatu), Monhok ukatu zion bere sustengua; orduan, Napoleon Bonapartengan ezarri zuen bere esperantza guzia (“Azkeneko haize ezti bat / Sortu da Orientetik”, “Orroitzapenak”) eta gero harenganako arbuioa adierazi (“Bonapartek norat dien egin”); hondarrean, monarkismoaren itzultzea laudatu zuen (“Erregerentzat otoitza”). Aldakortasun horrek erakusten digu Monho ez zela ideologoa, ez zuela ideal berezirik defendatzen, bere lana garaiko gertakari bakoitzaren arabera kokatu zuela, obra literario handiek, alderantziz, orokortasuna bilatzen dutelarik, denboraren mugetatik harat, ondoko belaunaldiei begira, etika bati jarraikiz.
28Bizkitartean, ideologo zorrotza ez izanak ez dio kalitaterik kentzen Monhori. Hain zuzen ere, humanoagoa agertzen zaigu horrela: gertakarien arabera, bakea, zuzentasuna, askatasuna, Eliza eta fede katolikoaren alde borrokatzen ikusten dugu, sinpleki, herritar arrunten bozeramailea balitz bezala. Bertsolaria iduri, poema kantagarriak egin ditu, oroitzeko errazak, memorian gelditzeko gai.
29Eta justuki, uste dugu horretan datzala Monhoren lanaren literariotasuna: hartzailearengan eragiteko lantzen dituen estrategietan, hala nola testuartekotasuna eta testubaitakotasuna. Testuartekotasunarekiko lana, “Eskandala” bertsoan nabari da: “Atzar gaiten” kantika famatua du hipotestutzat, eta horren konnotazioak erakarri nahi izan ditu bererat Monhok, irakurleak uler dezan bihotzez kanbiatu behar duela eta Jainkoaren baitan ezarri itxaropena. Testubaitakotasunari lotu joko literarioa, berriz, ironiaren bidez agertzen zaigu. Ezen, Linda Hutcheonek erakutsi bezala, ironia ez da bakarrik tropo semantikoa edo sintaktikoa, ez datza bakarrik antifrasian: tropo pragmatikoa da, testuaren baitako errepikapenetan eta erreferentzia arteketan oinarritzen dena (Hutcheon: 1981). Ironiaren indartzeko teknikatzat har ditzakegu, konparazione, Monhoren errepikapen gehienak.
30Lan literario hori guzia, literaturaren boterearen baitan sinesten duelako egiten du Monhok. Alabaina, lehengo humanisten ildotik, eta gure bertsolariek bezala, pentsatzen du literaturak gizartea eralda lezakeela, gaiztakeriak hitzen bidez izendatzeak zuzen litzakeela giza-okerkeriak.
31Monhok adierazten digun botere literarioaren baitako fede horrek, bat egiten du egungo igurikiekin. Hain zuzen ere, badu hamarkada zenbait jendarteak literaturari galdegiten diola kutsu etikoa edo politikoa har dezan berriz, egungo erronka sozio, politiko eta ekologikoei aurre egiteko gogoeta, metodo eta norabide eske gabiltzalako. Literaturaren beharrean gaude, beraz, eta horretan ezar genezake esperantza, Monhok erakutsi bezala, aldaketa sozialak gertatzeko.
32Pierre Laffitek eskaini edizioa tronpagarria da: ustearaz liezaguke Monhok obra bat sortu zuela, borobila, koherentea. Baina edizio hori, hipotesia interpretatzailea baizik ez da, eta irakurgai ezartzen dituen testuei, irakurle bakoitzak nahi duen zentzua eman liezaieke.
33Gure aburuz, dudarik ez da: Salvat Monhoren testuek badute balio literarioa, bai euskal literaturan, bai orokorkiago, satira generoaz eta literaturaren botereaz gogoetarazten dutelako.
34Bururatzeko, erran genezake ideologia handien baitan gehiago sinesten ez dugun garai honetan, literatura gelditzen zaigula, arma gisa, Monhori bezala, bizirauteko lagungarri. « Toi aussi, tu as des armes », zioen, gisa horretan, Kafkak (Kafka, 1954: 565). Ea ba, bertsogintzan literatura idatzian bezala, norabide egokiak aurkituko ditugun, kolektiboki, zentzu gehiago emateko gure gizartea eta munduari.