Navigation – Plan du site

AccueilNuméros241. Tomoa / Tome 1Articles / ArtikuluakHatzak utzi dituen idazkera: Jon ...

1. Tomoa / Tome 1
Articles / Artikuluak

Hatzak utzi dituen idazkera: Jon Casenaven literaturaz

Itxaro Borda
p. 31-41

Entrées d’index

Thèmes :

littérature
Haut de page

Texte intégral

1Jon Casenave euskal literaturaren ikerlari bezala ezagutzen dugu. Bordele-Montaigne unibertsitateko irakaslea izan denaren azterketa lan batzuk oihartzun handia ukan zuten, hala nola 2002an Jean Etxepare aldudarraren Buruxkak ardatz zituen De l’article de presse à l’essai littéraire izenekoak edo eta 2012ko Euskal Literaturaren historiaren historia mamitsuak. Irakasletzan ere euskarazko literaturaren funtsaz aritu da bere ikasle belaunaldi ezberdinekin, tarteka idazleak berak gonbidatuz beren lanez mintzatzera klase denboran.

2Euskal Literaturaren espezialista izanagatik, Frantzia mailako eskualde hizkuntzen destinoaz ere axolatzen zela erakutsi zuen 2020an, Gwendal Denis eta Erwan Hupelekin batera Les nouveaux chemins de la littérature, Repenser l’analyse des littérature en langues minorisées artikulu bilduma plazaratu zuelarik. Eskualde guzietan arazoa berdina dela frogatzeko eta elkartasun berrien bilatzen saiatzeko balio du liburu horrek.

3Jon Casenave, Lehuntzekoa, 1957an sortu zen Baionan. Letrak ikasi zituen Bordelen, Jean Etxepareren obrak ikertuz tesia egin eta Paueko, Bordeleko eta Baionako unibertsitatetan eman zituen klaseak. Euskaltzaindiko urgazle egin zen 2003an. Azken urteotan mintzaldiak ere eskaini ditu, batetik, literaturak euskaraz Ameriketarako euskal emigrazioaz ekarri dituen lekukotasunak bilduz eta bestetik, urte hastapen honetan bezala, Azkainen, Eskualduna astekariko Zerbitzari izeneko kazetari segituaz. Lapurdum aldizkarian halaber hainbat artikulu argitaratu ditu, hala nola Salvat Munho poetaz 2002an.

4Baina badu Jon Casenavek euskal idazle goiztiar itzal handi bat. 1978 eta 1985 artean, ipuinak, poesiak eta nobela labur bat publikatu zituen, Ustela sailean eta Elkarren. Iparraldeko literatur munduaren berritzaile gisa agertu zen orduan, Ladis Arrosagarai eta Mikel Hiribarrenekin batera. Ez zen garai hartan emazterik aipatzen euskaraz idazteko tenorean.

5Denbora haiek halakoxeak ziren, eskerrak aldatu direla!

6Ene artikuluaren zeregina, justuki, Jon Casenave poeta eta fikzio idazle hori paperera ekartzea izanen da. Erabiliko ditudan testuak oro online kausitzen ahal dira, bereziki Susa argitaletxearen Zubitegian. Elkarrek oraino ere saltzen du 1985eko Ordu alferren segida hura, zazpi euro soilen trukean. Ikusiko dugu Jon Casenaven idazle-ekina Euskal Herriko girorik larrienean kokatzen zela eta bere ahotsaren doinuak sumendiaren burbuila sutsutik at ihes egitera deitzen gintuela!

1. Berunezko hamarkadak

1.1. Giro, bazen giro

71975ean Franco hil eta berehala Espainian Trantsizioaren agenda politiko sozialari hasiera eman zitzaion. Mugaz bestaldera demokrazia ekarriko zuten aldaketa horiek iparralde honetan ere eragina bazuten, 1960tik hara, hemen aterpetzen ziren ETAko eta ETAren inguruko ehunka hegoaldetar errefuxiatu eta iheslariei esker. XX. mendean, bigarren belaunaldia zen, Lapurdiko, Behe Nafarroako eta Zuberoko lurrak hautatzen zituena bere burua salbatzeko eta borroka segitzeko gibel-gune bat finkatzeko. Lehena errotu zen 1939tik aitzina, bere ekarpen kulturala eginez, kantagintzan, antzerkigintzan edo artegintzan. Beskoitzen sustraitu Robles Arangiz sendiaren adibidea aipatzen ahal dugu karia horretara, Ugutz antzerkilaria, Irkus pintorea eta Estitxu kantaria gogoratuz.

8Iheslarien bigarren oldean halaber, figura garrantzitsuak hurbildu ziren iparraldera, Txillardegi bat demagun, Hazparnen irakasle egon zena Piarres Charriton eskola-zuzendari zenean. Erran behar da, 1945etik hona, bazela mugimendu, kultura eta literatura mailan. Musika alorrean Goiztiri etxearen azal gorriko diskoak hedatzen ziren etxeetara, 1968ko iraultza sozialaren ondotik Daniel Landarten lumapean antzerkiari gazte aire bat eman zitzaion eta Eñaut Etxamendiren auhenek gure belarriak bete zituzten, Allande Larraldekin bi bozetan. Kulturaz baizik axolatzen ez ziren euskaltzale asko, ez denak bistan dena, 1963ko Itsasuko agiriaren ildotik politizatu ziren eta abertzale bihurtu, hitzak jada erranahi berdina zuela mugaren bi aldeetan. Pixka bat beranduago etorriko zen biolentzia politikoaren printzipioaren onarpena, erabaki horrek oraino ere beste leize bat irekiko zuelarik iparraldeko euskal jendartean.

9Berritasun nahikundeak nabaritzen ziren Herrian edo Gure Herrian izkiriatzen zuten orduko idazle gazteen partetik: aldizkari eta argitaletxe efimeroak sortzen zituzten eta Aljeriako gerlaz edo ye-ye musikaz interesatzen ziren. Amerikar protest-song egileen gitarra bakarraz -eta harmonikaz- lagundu kantu-ereduak hainbat segitzaile eduki zituen iparraldean bertan. Eztabaidak sortzen ziren neska gazteen lekuaz, baina Zibozeko Jauregiberri andereñoaz eta Bankako Marijan Minaberriz gain, emazte idazle ezagunik ez zegoen. Francoren zentzeak aldaketa haizete horiek areagotu zituen, 1975 eta 1985 arteko hamarkada, iparraldea kolpatu zuten bortizkeria guzien eremu bilakatzeraino. Espainol gobernuak eta Madrilgo zerbitzu sekretuek muntatu GAL erakunde terroristaren eraso eta sarraskiak gogoan ditugu denek.

10Betidanik izan ziren ipar-hego arteko kultur eragile-trukaketak biderkatu ziren: 1978an Beloken antolatu zen idazle-sortzaileen bilera handi bat eta Zeruko Argiako “Baietz astea gaizki bukatu” atalean idazten zuten Ladis Arrosagarai-Astemak edo Mikel Hiribarren-Xinaberrik. Jon Casenave aldiz, 1978an hasi zen Ustela sailean bere testuak plazaratzen. Oroitzen naiz nola juntatu ginen behin Ladix, Mikel, Jon eta lauok Kaietenea ostatu mitikoan, iparraldeko literaturaz mintzatzeko, 1981ean sortu zen Maiatzen oraino linboetan zegoen tartean.

1.2. Belaunaldi aldaketa

11Euskal Herria sumendi bat zen. Trantsizioa deitu epoka, luzea eta arriskuz betea suertatu zen. Politikari dagokionez erran dezakegu ETA PM-ek armak utzi baldin bazituen, ETA M-ek, militarrak, borroka jarraitzea erabaki zuela, haren atzetik euskal jendartearen laurden handi bat tirriatuz, iparraldekoarena barne. Gabriel Aresti batek, adibidez, pertsonifikatu zuen idazle engaiatua figura bermatu zen, borrokaren alde edo aurka izateak, lerro gorria markatzen zuelarik. Zaila zen mundu manikeo horretatik aldentzea. Urte haietako idazleen testuak ikertzerakoan dikotomia hori gogoan atxikitzea komeni da.

12Literatura konprometituaren uhina indartsu baldin bazen, aurkitzen zen halaber saihets bideak ireki eta lantzeko gutizia zuena. 1975ean Bernardo Atxagak eta Koldo Izagirrek Panpina Ustela aldizkaria sortu eta 1976an bi zenbaki atera zituzten. Izen bereko argitaletxeak zazpi urtetan iraun zuen, oraino ere izen sonatuak diren idazleen liburuak publikatuz: Jose Luis Otamendi, Pello Lizarralde, Maripi Solbes, Gabriel Korta, Koldo Izagirre, Ibon Sarasola edo Ramon Saizarbitoria bera, bertan agertu zelako Egunero Hasten delako erraldoia. Jon Casenaven hiru lehen liburuak Ustela Sailean plazaratu ziren, 1978 eta 1981 artean.

13Gabriel Arestiren harrizko herria, hondarrezko lautada bat baino ez zela frogatzeko behar bada, hor dugu Bernardo Atxagaren Etiopia 1978an Bilboko Pott editorearen eskutik. Deflagrazio literario bat izan zen, bildumako euskararen harilka berria zen, surrealismoz eta malenkoniaz bustia, arrakastatsua, bereziki Ruper Ordorikak musikaz lagundurik atera zituenean, Hautsi da anphora (1980) diskoarekin. Ez dok hamairu taldearen belaunaldiko soinularien antzera, olerki publikatu berriak musikatzen ziren, 1980an gainera, ezenetara bateria eta gitarra elektriko zaratatsuak ekarriz.

14Ez dugu ahantzi behar, 1982an agertu zela Maiatz aldizkariaren lehen zenbakia, euskarazko literatura feminizatu zela Laura Mintegi eta Tere Irastortza gehitu zitzaizkielarik Arantxa Urretabizkaia, Asun Landa edo Amaia Lasari. Bidenabar gaztetu ere zen. Fenomeno horiek oro 80 hamarkadan hazi ziren, gutariko askok parte hartzen genuela alor ezberdinetan, idazten, argitaratzen, euskararen besta handietan gure liburuak saltzen. Jon Casenave urte haietako idazlea izan zen, ondoko orrialdeetan ikusiko dugun moduan.

2. Obra buruxkak

15-Zutaz Amoroski (1978ko abuztua):

16Ustela saileko bosgarren zenbakia dakar, Javi Etxenikek eta Jean Marc Lanussek ilustratu poema bildumak. Bi zatitan banatzen dira olerkiak, Desioa eta Kardentasuna deituriko parteetan. Amodiozko poemak dira, laburrak edo luzeagoak, emakumeenganako desioa bihikatzen dutenak. Samurtasuna aurkitzen da hitzetan, bakarretan ironia eta lizuntasunerako joera estilizatua. Maitasun eresien ereduak jarraitzen ditu, baina gehienetan muga horiek nahasten dituela iruditzen zait.

Zure begiek
Ingurumena
Zatitzen dute
Zure irriek
Orduak zilatzen
Mirailak hausten
Artean ilusio apur bat.

17-Azkenean Dilindan (1978ko iraila)

18Ustela saileko zortzigarren liburua da Jon Casenavek, Mattin Lartzabalekin (19502020) lau eskuz idatzi nobela hau. Azalaren egilea Philippe Ducassou izan zen. Aitzinsolasaren ondotik, eleberri labur honek bederatzi kapitulu zenbatzen ditu. Testu bizia da, urbanoa, elkarrizketa askorekin, iparraldeko euskararen musikaltasuna hitzetan gatibatzen duena. Kaiet gaztea aurkitzen dugu Bordeleko Ford lantegian -Blanqueforden... Philippe Poutou politikariak enpresa honen bukaera bizitu du!- langile, euripean kezkaz betea, bere andregaiarekin apartamendu ilun eta txikia partekatzen, bere lurreko espazio eta airea falta dituena, azkenean bere buruaz beste egingo duena.

19-Itsu-mandoka (1981eko Iraila)

20Ustela saileko hamaseigarren lana, Sakatrapu daukana azala eta marrazki egiletzat. Hiru partetan banatu ipuin laburrak irakurtzen dira ziztu bizian, gaurko egunean mikro-ipuinak izendatuko genituzkeenak. Oroimenak, bikote edo jende arteko joko ankerrak, begi-kliska ironikoak, eztiak ere bai, gaurkotasun handikoak dira narrazio guztiak. Jendarte eman baten obserbatzaile xehe gisa agertzen da idazlea, erran behar duena perpaus labur eta trinkoetan diolarik, luzatu gabe, trinkoki baina errateko denbora hartuz, bakarretan gozatuz.

21Hiru lan hauei, gehitzen zaie 1985ean Elkarren atera zuen Ordu alferren segida olerki bilduma, 1984 urtean Bilboko Aurrezki Kutxaren saria izan zena.

3. Poetaren figura: joan ala egon?

3.1. Poeta bizitza bat

22Ordu alferren segida (1985)

23Elkar argitaletxearen literatura ataleko 29. alea da Jon Casenaven bilduma poetikoa. Beaucenseko gazteluaren irudia dakar azalean, obraren atenporaltasuna azpimarratu nahiko balu bezala. Bigarren azalean, idazleak bere burua honela aurkezten du: “Lehunztarra, hogeita zazpi urte, irakasle”, ondotik berehala ikusten dugun “Iadanik argitaratutako liburuak” tituluaren azpian ez dator ezer, Ustela sailean plazaratu hiru obrak ere ez. Laugarren azalean, aldiz, idazlea elekariagoa da, olerki liburuaren mamia zehazkiago aurkezten digulako: otsoaren urtea, poeta ibiltaria, etxea eta herriaren nostalgia aipatzen ditu, besteak beste, irakurlea bidaia poetiko batera gonbidatuz.

24-1984ean, gorago erran dugun bezala, Bilboko Aurrezki Kutxak antolatu X. Azkue Saria eskuratu zuen. Jon Casenavek literatura sorkuntza alorrean, dakigunez bederen, publikatuko zuen azkeneko lana izan zen. Hortik aitzina, literatura sakon ikertzen ariko zen, euskarazko literaturaren historia bereziki, unibertsitateko irakasle eta mintzaldi emaile gisa. Ez dut sekula zuzen jakin zergatik eta nola desagertu zen Jon Casenavena bezalako ahots hori gure literaturaren panoramatik. Liburuko poetaren destino bera onartu zuela bazirudien. Ez zen lehena, ez eta ere menturaz, azkena.

25-Aitzin-solas labur eta argi batetik landa, olerkiak aurkitzen dira, paperean molde ezberdinetan pausatuak: hitz lauzak, egitura klasikoagoko poesiak, haikuak, koplak. Irakurlea ez da aspertzen, sekula errepikatzen ez den erritmoa jarraitzera behartua dela. Euskal klasikotasun zerbait daukate bertsoek, orrazkeraren, edukiaren eta tematikaren aldetik:

Elur lumak bizkarrean
Hutsaren zama bailiran
Ba doa zalu goizean
Izozkia bihotzean...

26-Haikuak ere kausitzen dira, hamazazpi oinetakoak, japoniar poesiaren hegalpean kometituak. Gauzen aldakortasuna eta hauek sortzen dituzten sentsazioak biltzen dira hitz gutxitan, bi lehen lerroek gertakaria edo azaltzen dutela, hondarra egoera argitzeko ezpata kolpea delarik. Oinak 5/7/5 moduan banatzen dira, baina Lehuntzeko poetak haikua euskal tradizioari egokitzen diola ematen du, honetan bezala:

27Jauzi batean
Izotzak
Iguzkia urkatu nahi!

28Haikuaren eredua euskal literaturan sartua da jada, eta dagoeneko poetek erabiltzen dute zortziko txikia bezain ardura.

3.2. Boterea eta sorkuntza

29-Sorkuntza zeharkatzen duen galde batek trebesatzen du Ordu alferren segida bilduma hau: nola bizi artista moduan, boterearen ardatzaren inguruan, hurbil, urrun, mezenekin, mezenik gabe, bakarka, taldean, hainbat manera direlako, bakoitzak barnean dituen talentuen partekatzeko, garatzeko, salbatzeko. Boterea dago liburuaren erdian, eta orrialde hauetan agertzen den poetak bide bat egiten du gaztelu berotutik harpe zakar hotz batera, bere poesiagintzak ere biluzte prozesu bera jasaten duela. Azpimarratzen ahal dugu, eskakizun existentzial berdina egiten zuela, 1982an The Clash taldeak Should I stay or should I go kantuarekin, Combat rock albumean.

30-Jon Casenavek, lehen pertsonan mintzo den narratzailearen bizi-moldea kontatzen digu. Erran behar da, 80ko hamarkadan ez zela aise literatura lehen pertsona erabiltzea, arras gaizki ikusia zen, egotismo zantzu barkaezina bailitzan. Lehen pertsona zarabilten idazleei beren minak karraskatzea leporatzen zitzaien. Ordu alferren segida honetan agertzen den pertsonaiak, hasiera batean bere burua gizaki lodi eta gantzaz hantu baten antzera deskribatzen digu, “lepo handi, tripa zuri” bat alegia. Badirudi libertate indibidualaren galtzeak edo boteretsuago baten menpe uzteak, gorputzak ez ezik, izpirituak ere astuntzen dituela. Euskal gizartean tentazio hori nabarmena zen 80ko hamarkadan.

31-Bideari lotzen zaiolarik, poetak hainbat urtez gazteluan, bere lagunekin eta boteretsuarekiko harremanean, bizituak ahanzten ditu “burutik joan zaizkidalakoan” dio lehen orrialdeetan. Baina oroitzapenak baditu, onak gehienak, artista ezberdinen artean, komunitate eruditu bat osatzen zutelako eta giroa sorkuntzaren sustatzeko eraginkorra zelako. Erregeak hargatik, “margolari, harri zizelkari, filosofo, jakintsu, alkimista, astronomo, koblakari, esploradore... “horiek oro larderia pean, “denak ikaraturik”, atxikitzen ditu, hainbat non nehork ez dakien boterearen ezpatak noiz eta non joko duen! Erregearen “grazietan” sartzeko artista bakoitzak bazukeen bere jukutria, ezen haizeak alderantziz buhatzen duelarik gizon multzoa “zakur goseen gisan bizi bait [zen] han, ahulena urratzeko gai, flakeziaz ohartu bezain laister.”

32-Kasik berrogei urte beranduago, Jon Casenavek bere narratzailearen kontura kontatzen duen larritasuna hedatu da lantegietara, bikoteetara, familia hertsi eta sendi zabaletara. Lehiakortasuna du bere oinarrian justuki 80ko hamarkadan gotortzen hasi zen neoliberalismoak: zirika moralaren teknika ezagunak erabiltzen ditu bake soziala mantentzeko, ardiak ardiekin pataska ari direnean otsoak bake ederraz gozatzen duelako. Zirika moralaren itzalean, gaur egun badakigu zirika sexualak ere baduela bere lekua, biak batera eramanez, egitura kapitalistak, askotarikoa izan daitekeen burn-out delakoaren zurrunbiloetara “flakoenak” akuilatzeko ahalmena bideratuz.

3.3. Ihesaren saria

33-Erregearen gortea abandonatzera behartua sentitu zen, une batez, Jon Casenavek figuratzen digun poeta-narratzailea. Ez da bere nahi soilez, baizik eta astronomo adiskidearen defentsa hartu zuelako, taldeko kide apaletsi batekiko elkartasuna erakutsi zuelako beraz. Ez zuen astronomoaren desagertze-destino berdina pairatzeko gutiziarik eta “haizearena onartu nuen gau hartan berean”. Orduan abiatu zen bidez bide. Entzun ditzagun bere hitzak: “jabetza guziekin hautsi nuen lokarria, soinekoarena izan ala jateko onarena; halaber, izen eta iraganarekin.” Gortea utzi eta urte betean erregea hil zelako berria jasotzean, mendekuz bezala, ironia zerbait darion epitafio haserretua eskaini zion poetak:

Errege bortitz tzar hori
Joan den neguan hor hintzen
Orain zertaratu haizen
Galda lurpeko harrari.

34-Bistan dena, ihesaren lehen egun eta hilabeteak, aitzineko bizieraren dolua eramaten pasatu zituela Ordu alferren segida honetako narratzaileak. Aberastasunak, jateko eta soinekoez gain, denak ahantzi behar ditu, “oin hutsik” ibiltzen hasteko, ezagutzen ez duen munduan, herrialdean, “leku arrotz” batean, aberez eta ezagutzen ez dituen jendez inguraturik. Hastapenean, galdua bezala dabil “hotzarena” dirudien erresuma horretan, guztia du ikasteko, dena du ikusteko. Bere konfort gunetik jalgitzen da eta ezin uka kanpo ezezagunak izutzen duela, gaztelutik ingurune karroituko bidea egiten du, Platonen Errepublika liburuko Harpearen alegoriako pertsonaiek bezala. Harpean, gizakiak geldoan eta kateztatuak daude eta horman ikusten duten gauzen itzala egiazkoa dela sinesten dute. Baten batek kateak hausten dituenean eta harpearen ateko argirantz doanean, argitasunak erreko dizkio begiak, ohitu beharko du, eta ohidura berri hori doloretsua suertatuko zaio. Nahi gabe baina, gure poetak bide bera du egiten, kateak eta asebetetasun sumitua atzean utziz, libertate garratzaren gustu mikatza aho-sabaian.

35-Txoriak, jendeak, lekuak eta eleak amainatzea lortu ondoren, bete-betean eta deus gabe bizitzen jartzen da Jon Casenavek asmatu poeta. Naturaren egiatasuna maitatzen eta eliptikoki idazten ikasi du “Argizagi beteak/ Urre hazia /Larrean erein” diolarik adibidez. Giro argi-ilun bat hedatzen da bildumaren bigarren partean. Olerkaria hor, inguruko gazteek bilatzen duten zuhurra da. Harpera etortzen zaizkio hitzen debaldeaz predikatzen entzuteko “baina hitzek makurtzen dute mundua eta gehiago dena, gaizkitzen”. Jon Casenave poetaren beraren oharra al da hau? Bere poeta antzeko aitortza da? 80ko hamarkadan, hitzei konfiantza gehiegi egiten zion poesia sozio-politikoarekiko bere baztertze- aldentze saioa?

4. Gabetasun egiatiaren ametsa

4.1. Galdua zarenean, Txinara jo ezazu

36-Emilio Arauxo (Lalin, 1946) izeneko galiziar poeta lagun bat banuen denboran, galduak sentitzen ginenean, gure bidea berriz aurkitzeko, Txina aldera begiratzea aski zela errepikatzen zidana. Kaligrafia langintzan trebea zen eta txinatar poesia klasikoaren ezagutzaile eta maitale fina. Ordu alferren segida bilduma ikusten dudanean, adiskide haren errana datorkit gogora. Jon Casenavek preseski, Li Po handiaren zita batekin hasten duelako bere narratzailearen ibilaldia: “Hemen izan du Wu erregeren behialako etxea; aske hazten da egun belarra, hemengo horma arrailduetan.” Horrelako erranaldi batek urrun eta urrunera eramaten zaitu irakurtzen duzunean, gehienetan gainera, itzulbiderik gabeko norabide batean.

37-Nor da Ordu alferren segida honen zeharkatzeko eskua ematen digun olerkaria? Li Bai, 701ean sortu eta 762an zendu zen. Li Po, Li Bo edo Li Taibai izen ezberdinekin ospetsua egin zen Tang dinastiako poetaren fama gutaraino iritsi da. Gaur egun ere, Europar olerkarien xendrak zedarritzen jarraitzen du. Idazle eta kaligrafo ibiltaria zen, Confucius maisuaren eskoletan hezia, poesiak idazten hasia hamalau urte baizik ez zituela. Zhao Rui ermitaren konpainian bizitu zen luzaz, harekin filosofia taoistaz jabetzen zela. Gorteko bizimodua dastatu zuen, baina gehienetan mendian bazebilen, nomada eta bere antzeko ermitekin poetizatzen. Bere kontura mila istorio kontatzen dira, hala nola mozkor gau batez ilargia atzeman nahiz, urera erori eta ito zelakoa!

38-Li Pok mila olerki baino gehiago utzi dizkigu herentzian, mila giro eta moldeetakoak, natura salbaia, edariak, emazteak edo zuhurtzia taoista aipatzen dutenak, irakurtzeko eta kantatzeko aire zahar edo berriekin, zuhaitz eta harrietan, halaber, pausatzen zituen bere kaligrafiak! Olerki ezagunenen artean, hauxe:

Gau lasai bateko pentsuak
Nire ohe aitzinean ilargiaren itzala hedatzen da
Zelaia estaltzen duen izotz zuri baten antzera,
Burua altxatzean ilargi betea igotzen ikusten dut
Burua apaltzean nire sorterria daukat gogoan

39-Hans Bethge itzultzaile alemanak 1907an jarri zituen Europako intelektualen eskura txinatar poetaren idazkiak. Handik gutxira, Malher (1860-1911) musikariak antologia hartako sei pieza musikatu zituen Das Lied von der Erde (Lurraren kantua) deituriko obran. Belaunaldi bakoitzak Li Poren lanak berriz itzultzen ditu eta erabiltzen, zita edo eredu, ene lagun galiziarrak dioen bezala, bide-erakusle direlako galduak sentitzen garenean. Hala baliatzen du Li Poren errana Jon Casevavek ere.

5. Natura, norbera salbatzeko gune

40-Europako poesiagintza, ateka gatazkatsu askotarik pasatu da, hondar bi mendeetan barna, hitzen eta beren funtsak zalantzan emateraino. Munduaren aldaketei egokitu behar izan zien, industrializazioa, bi mundu gerren suntsiketak, errealitatearen definizio harrapa ezinak, norberaren hauspeak edo ukamenak, ideologia morbidoen eraginak, hainbat nekezia, beldur eta giro, poesiak aldi oroz bere izaera dudatan emateko! Dudak kateatu une horietan, sumendiaren burbuilatik urruntzea baino ez zaio geratzen poetari, idazleari, pentsalariari. Hori du egiten lehen pertsona isilean mintzo den Jon Casenaven narratzaileak.

41-Naturak, indarra eta umiltasuna, biak, erakusten ditu. Bizidunak hazten ditu, kolpatzen ditu, sosegatzen ditu. Natura hurbila egiten zaigu, osotasuna den aldetik guhaur garelako natura fisikoaren eta fisiologikoaren parte bezain partaide. Ihes bidea gerta daiteke, inguratzen gaituen mundua artifiziala susmatzen denean, ezin bizia ekarriz, dominazioak edo materialismo hutsa. Ordu alferren segidako poetak “erregearen haserretik ihes egin behar” duenean, gazteluko bere bizi-ohiturak baztertzen ditu “erromes trapu zaharrak jauntzi nituen, bizarra utzi, sor leku bat, haurtzaro eta oro asmatu nituen egiazkoak isilduz” diolarik bigarren zatiko sarrera mamitsuan. Li Poren pare, bidean, ilargia aurkitzen du, andere eder bat gidari, hotz garratzak, herri kasik abandonatuak, emazte bat gaztiguz uretara aurtikia, haurren begietako arrotzarenganako mesfidantza, iparraldeko jaun “urrez betea”, eta abereak ehunka, gizakiaren aldaketa etengabearen eta zuhurtzia sinboloak biltzen duten sugeak adibidez:

Larre honen iratzean
Sugeak bilduak dira
Larrua berritzerakoan
Ezin egonak baitira

42-Liburuko hirugarren zatia, hain zuzen, Ordu alferren segida titulatzen da. Ibili ondoan, badirudi poetak bere situazioa onartu duela eta Negumendi eskualdeko harpean bakarrik, gaztez inguraturik, herioaren aiduru dagoela, sekula behar bada dastatu ez duen barnelasaitasun batean. Uzkinaxoak, amuarrainak, armiarmak, lurpeko itsuak, basurde arrak, apo handiak, guztiak dauzka lagun. Oreka atzeman du azkenean, larderiatik eta botere batekiko sumisio birletatik urrun. Herioa darabil buruan, hitzen debaldea, badaki engoitik, eta soaren ezinbestekoaz jakitun egiten gaitu: “Dena sohakoan da; begi eskasa ez daiteke inon bizi.”

43-Natura, bilduma honetan, hotza eta bakartasunagatik, ez da bakarrik mehatxu, lagungarri ere bada, hiltzeko baizik ez bada ere, bizitza oso baten apoteosia litekeen herioz: “Gorputz hilen ondakin idorrak, haizeak eramaiten ditu itsasoen itzulian. Gero eguna argitzerakoan, lurreratzen dira, urrezko hauts, airean hunkigai.”

6. Geo-poetikaren ildoa Europan

44-Munduan zehar, bazterrak inarrosi zituen 1968ko aldaketa nahiaren ondorioetarik nagusiena izan zen jende gazteen -eta ez hain gazteen- joera hau: hirietako bizimolde urbanoak utzi eta baserri guneetara jotzea egunerokotasun ezberdinen ereduak lantzeko. Hirian, Ordu alferren segidako gazteluan bezala, boterea eta sumisioa zegoen, metro-boulot-dodo modeloa, kontsumo itsuarena, alegiazkoa susmatzen zen ongi-izatearena. Ekialdera jo zuten askok, justuki Asiako zuhurtziak sakontzeko, eta besteak Ardèche departamenduko edo Larzac-eko lautadako herri abandonatuetan errotu ziren, elkartasun eta trukatze egitura berriak lantzeko. Duela gutxi zendu den eta Colibri mugimenduaren Pierre Rahbiren edo Jose Bové ezagunaren kasuak hor ditugu adibide. Helburua zen gutxiagorekin hobekiago bizitzea, lurraren osagarria kontua edukiz. Erran behar da, 1972an, Erromako taldearen abegian, etengabea eta betikoa zirudien garapen ekonomikoak mugak zituela idatzi zutela Meadows senar-emazteek The limits to Growth liburu ospetsuan.

45-Bizkitartean, mende oso batez poesia urbanoa hobetsi eta egin ondoren, idazleak ohartu ziren agian, manera garaikidean naturaz hitz egitea ez zela atzeratu intelektuala izatea. Alderantziz, land art delakoaren bidez demagun, natura eta eskultura uztartzen zituzten sortzaile zenbaitek eta poesiaren alorrean Jon Casenaveren liburua agertzen zen denboretan, jada aipatzen zuen geopoetika Kenneth White (1936-2023) idazle eskoziarrak: 1978an zabaldu zuen kontzeptua, lurra kinka larrian ikusten zuelako eta bere ustez poetikarik zintzoena lurrarekiko kontaktu hurbilenetik zetorrelako. 1989an sortu zen beraz, Institut International de Géopoètique delakoa, “horrela inteligentzia, konpetentzia, desio eta energia sare oso bat sortzen ahal da” azpimarratzen zuela bere aurkezpen hitzen bukatzeko.

46-Euskal Herrian bertan, 70-80 hamarkadak mozkor erraldoi biharamunetako erresakakoak suertatu zirela erran genezake. Hautsi berri zen Anphora kantatu zuen Bernardo Atxagak eta Jon Casenavek Ordu Alferren Segida plazaratu, frankismoaren erortzearekin, Espainiako trantsizioarekin eta ETA militarraren borroka armatua jarraitzearen erabakiarekin, ezagutzen ez genuen zerbait ingurune berritara gindoazela argi zelarik gehiengoarentzat. Poetek “konstata” bat egin zuten, alde baterako urratsak zenbat kostatzen zuen erakutsi ziguten. Baina joera hori ere aspalditik dabil literaturan, mamu sosegagarri baten pare: 1759an publikatu zen Voltaire handiaren Candide nobela satirikoa naturaren bihotzerako baztertze horren imajinarioarekin bukatzen da, “il faut cultiver son jardin” direla idazkiaren azken hitzak! Boterearen atzamarretatik urruntzean, zailtasunak zailtasun, herioaren aiduru, pragmatismo zoriontsu batean diharduen poetaren figura daukagu...

47Poetak bideak irekitzen zituen XIX mendea arte. Ahots anitzeko profeta baten gisa kontsideratzen zen, Victor Hugo edo lehen epokako Gabriel Aresti kasu. Gure mendeetan, badirudi, olerkaria bere prediku aulkitik jaitsi dela eta bere boza apalago heltzen zaigula. Bistan dena, gehien entzuten direnak boterearen zirkuluetan dihardutenak direla beti. Ez da poesia askorik irakurtzen eta poesiaren alorrean dabiltzanak ilunpean bezala irauten dute, plaza zabalera gutxitan jalgiaz. Poesia “gaztaroko bekatu bat” ote zen galdatzen zen 90eko hamarkadan eta “poesia hilda dago” errepikatzen zuen Joseba Sarrionandiak.

48Ordu alferren segida testuinguru horretan etorri zitzaigun 1985 urtean eta ongi oroitzen gara, hunkitu gintuela, bereziki, orduko baldintza politiko-kulturaletan ekoizten zenetik arras aldentzen zelako liburuak zekarren diskurtso poetikoa. Eta hau ere, liburua publikatu eta Jon Casenave poeta isildu bezala zelako, literaturaren aztertze zereginetara plegatzeko.

49Gaurkotasun handiko bilduma da. Bere naiftasunean etengabe irakurtzekoa. Beti daukagulako bihotzaren sakonean, urrats bat bazterrera eta hegalak erretzen dizkiguten errealitateetatik ihes egiteko tentazio hori.

Haut de page

Bibliographie

Anthologie de la poésie chinoise, 2015. La Pleïade. Paris. Gallimard.

Atxaga, Bernardo, Etiopia. 1978. Donostia. Erein.

Casenave, Jon, 1978. Zutaz amoroski. Donostia. Ustela saila.

Casenave, Jon, 1981. Itsu-mandoka. Donostia. Ustela saila.

Casenave, Jon & Mattin Lartzabal, 1978. Azkenean dilindan. Donostia. Ustela saila.

Casenave, Jon, 1985. Ordu alferren segida. Donostia. Elkar.

White, Kenneth, La figure du dehors, 1987. Paris. Grasset.

White, Kenneth, Institut internationnal de géopoétique.org webgunea.

Voltaire, Candide ou l’Optimiste, 1759. Folio Classique saila. Gallimard

Haut de page

Pour citer cet article

Référence papier

Itxaro Borda, « Hatzak utzi dituen idazkera: Jon Casenaven literaturaz »Lapurdum, 24 | 2023, 31-41.

Référence électronique

Itxaro Borda, « Hatzak utzi dituen idazkera: Jon Casenaven literaturaz »Lapurdum [En ligne], 24 | 2023, mis en ligne le 01 juillet 2024, consulté le 12 décembre 2024. URL : http://0-journals-openedition-org.catalogue.libraries.london.ac.uk/lapurdum/4217 ; DOI : https://0-doi-org.catalogue.libraries.london.ac.uk/10.4000/127t7

Haut de page

Droits d’auteur

CC-BY-NC-ND-4.0

Le texte seul est utilisable sous licence CC BY-NC-ND 4.0. Les autres éléments (illustrations, fichiers annexes importés) sont « Tous droits réservés », sauf mention contraire.

Haut de page
Rechercher dans OpenEdition Search

Vous allez être redirigé vers OpenEdition Search