1Literatur sorkuntzaren alorrean, Jon Casenaveren ibilbidea laburra bezain emankorra izan zela esan genezake. 1978an eman zuen argitara estreinako poema liburua: Zutaz amoroski. Urte berean, Mattin Larzabal (1950-2020) kazetariarekin batera lau eskutara idatziriko Azkenean dilindan eleberria kaleratu zuen. Ondotik, 1981ean aztergai dugun Itsu-mandoka ipuin bilduma aurkeztu zuen. Hiru liburuak Ustela Sailean eman ziren argitara. Azkenik, poesiara itzuli zen Casenave, eta 1984an olerkien saileko X. Azkue Sariketa irabazi ostean, 1985an Ordu alferren segida poemategia argitaratu zuen Elkarren eskutik.
2Harrezkero, literatura sortzen baino, literatura ikertzen goresmenez aritu da Casenave, baina hamarkada batera ere iristen ez den gaztetako ibilbide hori zerbaitek definitzen badu, idazlearen bilaketa nahia litzateke. Poesia eta narratiba nahasten diren bere jardueran, generoen arteko mugak lausotu egiten dira. Ez alferrik, Ordu alferren segida poemategiaren hezurdura ere narratiboa da erabat eta prosan emaniko testuak ere tartekatzen dira bestelako poemekin; istorio bat da, finean, poemen bidez emana. Sorlekua utzi eta gortera iritsi ondoren, bakardaderako bidea egiten duen poetaren gainbehera kontatzen dute olerkiek. Era berean, Itsu-mandoka laneko kontakizunen artean, oroitzapen kutsua duten mikroipuin errealistak eite fantastikoagoa dutenekin nahasten dira, maiz, prosa poetikoari muzin egin gabe. Izan prosa edo poesia, Casenaveren literaturgintzan fikzioa, oroitzapenak, bilaketa eta, ezin bestela izan, isiltasuna ere elkarlotuta doaz. Enrique Vila-Matasen (2000) bartleby hitzaren zentzuan esanda, 1984a geroztik uko egingo baitio literatur sorkuntza propio idazteari eta alde horretatik, Ordu alferren segidako isiltasunezko amaiera oso premonitorioa bilakatzen da.
3Argitaraturiko liburuen aurretik, ordea, Casenaveren hastapen lanek aldizkarietan ikusi zuten argia. 1978 eta 1980 urteen artean Pott, Zeruko Argia eta Oh! Euzkadi aldizkarietan lehendabizi; eta 1982an, azkenik, Maiatz aldizkarian. Salbuespena salbuespen, 1979ko Pott bandaren braga alean hiru poema labur kaleratu baitzituen, gainerako testu guztiak kontakizunak izatea deigarria da eta, are deigarriagoa, 1981ean Itsu-mandoka liburua izango denaren lehen testu bariazioak aldizkari horietako argitalpenetan aurkitzen direla. Izan ere, liburuko zenbait kontakizunen aurre-testu kontsidera genitzake aldizkarietan argitaraturiko ipuinak, jarraian xeheki aztertuko denez. Aurrez, ordea, Itsu-mandoka lana azaltzea dagokigu.
- 1 Liburuak Sakatrapu pseudonimoarekin sinatzen duenaren ilustrazioak ere baditu, zuri-beltzean eginak (...)
4Esan bezala, 1981an argitaratu zuen Casenavek Itsu-mandoka ipuin laburren bilduma, eta azpititulu gisa kontu xume, joko krudel gaineratu zion izenburuari. Liburuko egitura orokorra aurreratzen da horrela, kontakizunak hiru atal orokorretan banatzen diren neurrian.1 Lehendabizikoa Haurkeriak deitzen da eta “freskotasun osoz ume denboretan gerta izaniko zenbait une eskaintzen zaizkigu” (Punto y Hora, 1982: 48). Halere, helduarotik egindako atzera begirakoaren traza nagusitzen da, haur izpiritua introspektiboki berreskuratzeko ahaleginean. Hori horrela, heriotzaren presentzia erabatekoa da atal horretan.
5Bigarren atalaren izenburua Joko krudelak da, eta izenburuak iragarri bezala, aurrekoetan “hizkuntza gozoa eta hunkigarria somatu badugu, bigarren atal honetan ironi finak leuntzen duen gupidagabekeria antzeman dugu” (Ibid.). Heriotzak ere badu lekua ipuinotan, baina bestelako ankerkeriak ere nonahi azaleratzen dira: begiak zulatu dizkioten haurra, hanka erauziko dioten neska herrena, etab.
6Azken atalak liburuaren izenburu bera du, Itsu-mandoka, eta aurreko ataletan jorraturiko edukien erremate gisakoa da: maizturiko bikote harremanak, suizidioaren gaia eta, azken batean, heriotzaren itzal luzearen bueltan harilkaturiko ipuinak.
- 2 1982ko Maiatz aldizkariko lehen alean, adibidez, “Haizea eta harria” izeneko testua idatzi zuen. Ha (...)
7Liburua irekitzeko epigrafe bat hautatu zuen Casenavek: “Ezer berririk ote dakar egun berriak? / Ez. Bainan igurikatu egiten dut”. J.S. siglen atzean, noski, Joseba Sarrionandia ezkutatzen da eta aipuaren atzean Izuen gordelekuetan barrenako “Eguberriak” poema. Mallarméren edo T.S. Elioten oihartzunak dituen poemako azken-aurreko bertso-lerroak dira eta, hain justu, Casenaveren liburuan hain garrantzitsua den heriotzaren aipamenak finitzen du Sarrionandiak poema: “Heriotza ezer ez dela frogatzeko ez bada ere” (Sarrionandia 1981: 121). Sarrionandiari eginiko aitortza eta esker ona adierazteko modu horrez gain, Sarrionandiaren bestelako oihartzunik ere aurkituko dugu Casenaveren obran.2
8Itsu-mandokan 15 kontakizun aurkitzen dira eta liburuan simetrikoki daude antolatuta: bosna ipuin atal bakoitzean, eta izenburu bakoitzaren gainean zenbakituta ezartzen da ordena (Haurkeriak: 1-5; Joko krudelak: 1-5; eta Itsu-mandoka: 1-5). Titulu, azpititulu eta egituraketari erreparatuta, beraz, ondorioztatu daiteke obraren antolaketa oso zehatza izan dela eta ipuinok kontzepzio bateragarri batean txertatzeko ahalegina nabari dela; are gehiago, kontuan izaten badugu ipuin asko aurretik independenteki eta lotura gabe hainbat aldizkarietan argitara emanikoak direla.
- 3 Parentesi artean zehazten dena kontakizunak Itsu-mandoka liburuan bereganatzen duen izenburua da.
9Pott aldizkariaren 1978ko azaroko hirugarren alean argitaratu zituen Jon Casenavek aurrenekoz, “Hiru ipuin labur”. Ordudanik, Pott bandako kolaboratzaile aktibo bihurtzen da, Sarasolak gogorarazi bezala: “Casenaverena ez da parte hartze anekdotikoa izango ordea; izan ere, hala hurrengo zenbakian, Pott bandaren bragan, nola azkenekoan, Pott tropikalan ere kolaboratuko baitu idazle lapurtarrak. Sarrionandiak Potten sartu baino lehenagotik ezagutzen zuen Casenave eta aski probablea da haren bidez lotu izana kolaborazio horiek” (2015: 82). Oro har, kontakizunak eman zituen argitara, nahiz eta 1979ko Pott bandaren bragan hiru poema ere argitaratu zituen (horietako bat, “Joko erotiko” izenburuduna, Ordu alferren segida poemarioan sartu zuen 1984an). Hain zuzen, eta, aldaerak aldaera, Itsu-mandoka ipuin liburuko bost ipuinen lehen bariaziok aldizkari horietan ikusi zuten argia: “Aitatxi” (> “Bisitariarena”);3 “Carole” (> ”Auzia”); “Neguko asmatua. Joko hauskor baten muga ilunak” (> “Joko hasukorrak”); “Bikote zaharra” eta “Jauregi hotzean” kontakizunek, hain zuzen.
- 4 Harrez gero, Maiatz aldizkarian ere hartuko du parte Casenavek, lehen eta laugarren alean zehazki, (...)
10Bestalde, Zeruko Argia aldizkarian ere hartu zuen parte Casenavek gonbidatu gisa. 1979ko uztaileko 839. zenbakian “Barruko sekretuen ehorzketak” ipuina eta urte bereko urriko 848. zenbakian “Asko aldatu da” kontakizuna argitaratu zituen, biak ala biak izenburu berarekin Itsu-mandokan ere bilduak. Era berean, Oh!Euzkadi aldizkarian 1980ko iraileko alean kolaboratu zuen “Ontsa leitzeko bidea” ipuinarekin eta berau ere Itsu-mandokan txertatu zuen.4
11Beraz, Casenaveren ipuin liburuan biltzen diren 15 ipuinetatik 8 ipuinek aurrez jada argia ikusia zuten eta Itsu-mandoka libururako, gutxi asko, moldatuak, eraldatuak eta, azken batean, berridatziak izan ziren. Hainbat kontakizun ia-ia bere horretan mantendu dira (“Auzia”, “Bikote zaharra” eta “Ontsa leitzeko bidea”); beste zenbaitetan bariazio txiki baina esanguratsuak nabari dira (“Asko aldatu da” eta “Jauregi hotzean”); aldiz, “Bisitarirena”, “Barruko sekretuen ehorzketak” eta “Joko hauskorrak” ipuinak goitik behera eraldatzen dira ipuin liburuan. Azkenik, argitara emaniko aldizkarietako ipuin bakar bat baztertu da libururako (Pott 3ko hiru ipuin laburretako “Amaia” ipuin laburra, hain zuzen).
12Kritika genetikoa terminoa 1979an ezarri arren, ikerketa eremuaren aurrekari gisa 1972an Bellemin-Nöelek aurre-testu kontzeptu fundatzailea zedarritu zuen Le Texte et l’avanttexte lanean. Aurre-testua kritika genetikoa gauzatzeko ezinbesteko kategoria deskriptiboa bihurtu zen ordudanik. Aurre-testuek ez dute testu izaerarik, testuaren matrizeak dira gehienez ere, “testu definitiboak” bere baitan bildu eta egonkortzen dituen artean behintzat. Beraz, aurre-testua honela definitu daiteke: “L’ensemble constitué par les brouillons, les manuscrits, les épreuves, les ‘variantes’, vu sous l’angle de ce qui précède matériellement un ouvrage quand celui-ci est traité comme un texte, et qui peut faire système avec lui” (BelleminNöel, 1972: 15).
13Era berean, “dès que l’on publie les états d’un texte, ces variations successives passent du statut génétique de brouillons avant-textuels au statut de textes” (Adam, 2020: 88). Maiz, ordea, argitaraturiko lan bat ondoren etorriko den beste lan baten aurrekari, ernamuin, abiapuntu eta oinarri bihur daiteke eta, horrenbestez, aurrez publikaturiko testu hori idazketa prozesu berriaren aurre-testu gisa ulertu beharko litzateke. Eta Aldaeren kritika baino, bariazioaren kontzeptua bereganatzen du Adamek, Herschberg Pierrot-en hitzei jarraiki: “Il s’agit alors bien de variation et non de variante, dans la mesure où la transformation porte sur l’ensemble d’un mouvement discursif” (ibid.: 90). Izan ere, Segrek (1995) ondorioztatu bezala, lekukotasun idatziak kronologikoki antolatu arren, hortik ez litzateke testuaren irakurketa diakronikoa eratorri behar, testuaren ondoz ondoko balizko sinkronia bat baizik. Bestela, irudi luke aurretestuek eta zirriborroek testu definitibo bihurtzeko helburua eta xedea besterik ez dutela. Eta hor datza, hain zuzen, ilusio teleologikoaren paradoxa ere, aurre-testuak ez baitira inolaz egonkor, ezta beti gertagarri ere, eraldaketak izan ditzaketen gertakizun baizik:
Cuando se estudia un proceso escritural, la última etapa de su reconstrucción genética reviste tanto interés como las anteriores porque –justamente– lo que se focaliza es ese proceso y no su producto final. El abandono de la ilusión teleológica que propone la crítica genética permite establecer que la etapa final recopilada es (al igual que las otras) el producto específico de un conjunto de tendencias, pero jamás un ‘resultado inevitable’ (Lois, 2005: 88).
14Ondorioz, testu definitiboa ez dago ezinbestean bere aurrekarietan eta aurrekariengandik predeterminatua, idazketaren garapenean gerta litezkeen aukera guztien arteko bilakaera jakin bat besterik ez baita. Horrela, bata bestearen aldaera baino, bat egiten duten bariazio gisa ulertu beharko lirateke Adamek proposatzen duen kontzeptualizazioren bidez:
la réécriture d’un texte T1 par un texte T2, transforme T2 non pas en simples variante ou version de T1, mais T1 et T2 en autres textes de même statut qui doivent être comparés. Comme le dit Cerquiglini: « L’analyse doit être comparative, et non pas archéologique. Et ceci d’autant plus que l’archéologie réduit à l’unique ce qui prend sens de sa différence » (Adam, 2020: 95).
15Ildo hori geure eginez, beraz, Casenavek aurrez aldizkarietan argitara emandako kontakizunen eta Itsu-mandoka ipuinen arteko bariazioen azterketa konparatua eskainiko da jarraian.
16Esan bezala, ipuin liburuan bilduriko zortzi ipuinen bariazioak aurkitzen ditugu aldizkarietan, nahiz eta bariazio maila aldakorra izan ipuinetik ipuinera. Horrela, eraldaketa mailen arabera, zortzi bariazioak bi multzotan banatuko ditugu. Alde batetik, bariazio zehatz edo puntualak dituzten ipuinak aipatuko dira; bestetik, errotikako bariazio esanguratsuak aurkezten dituztenak, bereziki, ipuinen amaierek eskaintzen dituztelako bariazio nabarmenenak.
17Aurrez aldizkarietan argitaratu eta Itsu-mandoka liburuan bilduriko 3 ipuinek, hain zuzen, bariazio puntual bezain zehatzak jasan dituzte, eta hirurak liburuko “Joko krudelak” bigarren atalean txertatu dira: “Auzia”, “Bikote zaharra” eta “Ontsa leitzeko bidea”.
18“Carole” izenburua zuen 1978ko Pott 3 alean Casenavek argitara emaniko hiru ipuin laburretako bigarrenak: “protagonista zango-motz eta konkordun bat du, haurtzaro aski latza pairaturikoa” (Sarasola, 2015: 82), eta etorkizun are beltzagoa duena, senargaia hiltzeagatik epaitua izango baita. Eta, hain zuzen, ipuin berak “Auzia” izenburua bereganatzen du Itsumandoka liburuan, ipuinaren amaierako epaiaren auzia titulura eramanez. Bestetik, Pott aldizkariko “Carole” ipuina iraganean kontatzen bazen, “Auzia” ipuina orainaldian kokatzen da, epaiketako adierazpenei kutsu errealistagoa erantsiz. Azkenik, testuko beste hainbat elementuk ere bariazio puntualak eskaintzen dituzte: 1978ko “Carole” ipuinean zehazten da protagonista “depuzelatua izan zela hemeretzi urtetan” eta, aldiz, 1981eko “Auzia”-n, “Carolek berak aitorturik, hamabost urterekin izan zela depuzelatua”. Jarraian, aldizkariko bariazioan biltzen ez zen aipamen bat gehitzen da: “Batzuek, orduan, erran zuten bortxatua izan zela”. Gainerako testu-bariazio zehatzak ere ildo horretakoak dira, hots, bigarren argitalpenean gehituriko testu-bariazio urriek protagonistaren alderdi tragikoaren ideia indartzen dute: “Erran behar da, haurtzaro iluna izan zuela”; “Haurrak krudelak izaten baitira hiru urtetan”; “Bizi laburra orainokoan segur, baina ondo betea… gaiztakeriaz erran nezake”.
19“Bikote zaharra” ipuinak eta “Ontsa hiltzeko bidea” kontakizunen bariazioak are apalagoak dira. 1980an Pott Tropikalan eta 1981ean Itsu-mandokan bilduriko “Bikote zaharra” berdintsuak dira, esamolde gutxi batzuen bariazioengatik ez balitz. Ipuinak Ana eta Josebaren arteko gorabehera bat du hizpide, gazte izanik jada bikote zahar bat osatzen duten neurrian. Egun batean, gizona ile motzeko emakume batez liluratuko da bat-batean eta kalean atzetik jarraitu, eta kostata elkar topatu ostean, emakumea Ana dela jabetuko da. Ipuinaren azken esaldian Anak ezustea argituko du, bikotekideari “irri hiltzaile bat ezpainetan” ondorengoa aurpegiratzean: “Maitea, pollita naiza ile motzekin?” (Casenave, 1981: 44). Aldizkariko azken esaldiak bariazio txiki bat zuen gisa berean –“Joseba! Zelan nire ile motzak” –, beste bariazio txiki bat ere aurki daiteke. Aldizkariko ipuinean foku nagusia gizonezkoarengan jartzen zen: “Ametsaren eta errealitatearen artean ez du gehiago diferentzia handirik egiten mutikoak”; Itsu-mandokan, ordea, bi protagonistak, “biak ametsetan bizi” dira (Casenave, 1981: 43).
20“Ontsa hiltzeko bidea” Oh! Euzkadin argitaratu zen aurrenik 1980an eta 1981ean liburuan barneratzean, pare bat bariazio zehatz bezain esanguratsu izan zituen. Sarasolaren aburuz “Potten estiloan ongi sartuko litzatekeen ipuina zen, soslai metaliterioa izateaz gain umore beltzerantz egiten zuena, idazle baten suizidioa irudikatzen zelarik” (2015: 152). Horrenbestez, Tartasen Onsa hilceco bidia (1666) obrarekin testuartekotasun jolasa egiten duen izenburuarekin, idazle baten ongi hiltzeko bidea erakusten da. Aldizkariko bariazioan ez bezala, ordea, Itsu-mandokan eskaintza bat gaineratzen dio Casenavek izenburuari, eta eskaintza ere testuartekotasun jolas horren ondorioa zuzena da: Tartasek hitzaurre gisa “Irakurtzaliari” atala paratu zuen gisan, liburuko eskaintzan “Irakurle tontoenarentzat” eskaintza parodikoa erantsiko du. Bestalde, testu-bariazio zenbait ere gehitzen dira liburuko argitalpenean, bisitariaren eta heriotzaren irudia bat eginda aurkeztuko zaizkigunekoa, esaterako: “Atea idekitzen da eta hesten berehala poetaren aurrean; luma uzten du eta solasean hasten, bisitariari sendoki begiratuz”. Ipuinaren ulermena erraztearekin batera, kontakizunaren azken jokoaren arauak azaleratzen laguntzen duten xehetasunak dira, ipuineko narratarioari zuzentzen zaionean bezala: “Horren ikustera jina zerra ezta?”.
21Horrenbestez, bariazio urriak izan dituzten ipuinen artean, Itsu-mandoka liburuaren argitalpenaren unetik hurbilen aurkitzen direnak lirateke. Pott Tropikala eta Oh! Euzkadi aipatu ipuinak 1980 urte amaierakoak dira ia, eta liburua hurrengo urtean kaleratu zen. Aldiz, lehendabizi 1978an eta berriro 1981ean argitaraturiko “Carole-Auzia” ipuinak bariazio gehiago eta, hein batean, esanguratsuagoak ere izan dituela berretsi daiteke. Ondoren aztertuko diren ipuinetan azken joera hori nagusituko da.
22Jarraian azalduko diren bariazioak esanguratsuagoak direla diogunean, bereziki, kontakizunen amaierari eragiten dioten bariazioak direlako da. Bariazio nagusiak excipit hitzetan aurkitzen dira, ipuinen amaiera moldatzearekin batera ipuin osoa eraldatuz. Itsumandokako “Asko aldatu da” eta “Jauregi hotzean” ipuinetan, adibidez, amaierako bariazio xumeek ipuinen muina antzaldatzen dutela esan daiteke. Aldiz, bariazioak muturrera eramaten dira “Bisitariarena”, “Barruko sekretuen ehorzketa” eta “”Joko hauskorrak” kontakizunetan.
23“Asko aldatu da” ipuina 1979ko Zeruko Argiako 848. zenbakian argitaratu zen aurrenekoz. Maria Rosarekin pozik eta maitemindurik bizi da Mikel, urteak pasa ahala emaztearen bisaia “ez duk kanbiatzen” eta guztiaz arduratzen da, gainera, senarraren osabaren ehorzketan hilotzari ezpainetan lorea ezartzeaz ere bai. Alta, egun batean “xuritzeko ziren arropa zikinak garbitu gabe, haurrei jatekoa preparatu barik, [Maria Rosa] norapeit abiatu da, abisatu gabe”. Beste gizon batekin autoan ihesi, ordea, istripu bat izango du eta protagonistak ezin du sinetsi emaztea larriki zauritu denik. Honakoak dira ipuinaren hastapen amaierako hitzak: “«Asko aldatua duk» esan zidan bisita egitera jin nintzelarik; «asko aldatua duk, ez nian uste hainbeste aldatzen zenik, bai, biziki aldatua duk; eztuk uste?» esan zidan joateko mementoan”. Eta herio aurreko bisita horren ostean, Casenavek metakomentario bidez bestelako amaiera bat gehitzen dio ipuinari: “Segida fakultatibo bat; formalistentzat bakar bakarrik”. Hitz ironiko horien ondotik, ipuinaren bigarren amaieran Mikelek ezarriko dio emazteari heriotzaren lorea ezpainetan.
24Aldiz, Itsu-mandoka liburuko “Asko aldatu da” ipuinean ez dugu aurkituko aipatu bi amaieren jolasik. Lehen bariazioa protagonistaren izenean eskaintzen da; oraingoan Xabier deitzen da, eta ez Mikel. Baina bariazio esanguratsuena, esan bezala, bukaeran dator. Batetik, heriotza aurreko azken bisitaren eszena ez delako jasotzen bariazio berrian edo, nahiago bada, kendu egin delako; eta, ondorioz, esplizituki ipuinaren izenburuarekin burutzen zen jolas antitetikoa ere bai, ezertxo ere ez kanbiatzetik biziki aldatzera igarotzen baitzen aldizkariko ipuineko emakumea. Horrela, hastapen amaiera kentzean, 1981eko “Asko aldatu da” kontakizunak amaiera bakarra du, eta formalistentzat soilik eskainiriko amaiera fakultatiboaren oharra ere kendu egin da. Bariazio berrian, beraz, istripuaren ostean ez da bisitarik eta aurreko bariazioko bigarren amaiera izango da ipuinaren bukaera bakarra: heriotzaren lorea emazteari ezpainetan ezartzen dionekoa, hain zuzen.
25Bestetik, 1980ko Pott Tropikalean eman zen argitara “Jauregi hotzean” eta Itsu-mandoka liburuko azken aurreko ipuina ere bada. Kasu honetan, eguna planoak marrazten eta zaborretara botatzen dituen presoaren kontakizuna biltzen da. Zaindariak ez daki marrazten, baina egun batean presoaren mahaian eseri eta marrazteari ekingo dio eta goizaldean horretan jarraituko du. 1981eko liburuko “Jauregi hotzean” ipuina marraztearen irudi horrekin amaitzen da: “Soinu bakarra: zaintzaileak arnasa kanporatzen eta bereganatzen eztiki”. Alabaina, 1980ko aldizkariko “Jauregi hotzean” ipuinean ondorengo excipit hitzak gehitzen ziren:
Eguzkia altxatzen ari leihoan; itzalak, abokadua, apaiza, soldadoak kartzelan bortizki agertzen zaizkio; kanpoan, sei harma tiroen oihartzunek gorputz bat eskatzen, bilatzen prestuki bilakatzeko edo pareta batean punpatzeko. Itzalak, marrazkian lotuak, koloretan irentsiak; inor ezta salbatuko; eguerdirako, harmak umezurtz geldituko.
26Esan bezala, ordea, azken esaldi esanguratsu hori ez dugu aurkituko Itsu-mandoka liburuko ipuinaren bariazioan. Horrela, Sarrionandiaren “Enperadore eroa” gogora ekartzen duen ipuin honetan, azken esaldi hori ezabatzearekin, are gehiago destenporizatzen da narrazioa eta, paradoxikoki, eguneratu ere bai (fusilamenduaren aipua desagertuz, alegia).
27Alderik aldekako bariazioak dituzten ipuinak direla eta, Itsu-mandokako “Bisitariarena” ipuinari erreparatu behar diogu lehendabizi. 1979ko Pott 3 aleko hiru ipuin laburretako azkena “Aitatxi” deitzen zen eta, haur baten begietatik, aitona hil osteko amonaren bakardadea kontatzen da, “amaierako biraketa ezusteko batekin” (Sarasola, 2015: 82). Izan ere, azkenaldian amatxiri aldartea aldatu eta biloba zelatan hasiko zaio. Hona hemen ipuinaren 78ko excipit hitzak: “Aldi bat halere, intrigatua gelditu nintzen, segur ez nuela ametsarik egin! Irri bat entzun nuen sukaldean, amatxiren irri xorroxtua, dudarik gabe. Ixil ixilik, jautsi nintzen eta beherean, aitatxi eta amatxi afaltzen ari aurkitu nituen. Arrabotsik gabe, berritz igo nintzen ganberara”. Amaiera oniriko-fantastikoa luke ipuinak, horrenbestez.
281981eko Itsu-mandoka liburuan, “Bisitariarena” izenburua bereganatzen du ipuinak, eta narrazioak aurkezten dituen bariazio guztiak “bisita” horren bueltan eratzen dira; bereziki, aurrez aipatu dugun amaieraren bariazioa. Horrela, bariazio berrian amonaren aldarte aldaketa askoz ere xeheago kontatzen da, eta bi paragrafo esanguratsu gehitu dira liburuko kontakizunean:
- 5 Kasu honetan, letra etzanak gureak dira.
Salan ezarri liliak berehala lehortzen eta zimailtzen zitzaizkigun, telebistari usaian baino usuago sua lotzen zitzaion; norbaitek (zerbaitek?) gordagitik ixiltasuna errespetarazten zuen. Amona leihoan egoten zen luzaz, bideari so, bazter hutsetan begiak itzaturik; zuridienez zerbaiten edo norbaiten beha.
Beren azken denboretan, bizi moldeak aldatuz zebilen; egun guziko gauza xumeak arin arina betetzen zituen eta leihoan zegoelarik bazterretik kasu emaiten nion, nenkielako, berdin airean joateko gai zela. Baita ere, ene haur izpirituan, amonaren hegalaldia ikusi nahi nuelako (Casenave 1981: 12)5.
29Denboraren igaroa nabarmendu eta amona norbaiten edo zerbaiten zain ageri zaigu, leihotik begira. Era berean, nabarmentzekoa da “haur izpirituaren” ikuspegia erantsi izana, Haurkeriak ataleko lehen ipuina izanik. Alta, bisitarekin loturiko amaiera da bariazio esanguratsuena, eta ipuinaren titulu berriaren zioa ere azaltzen da bertan. Ondorengoak dira “Bisitariarena” ipuineko excipit hitzak: “Goiz batez, aurkitu genuen mahai aurrean jarririk, burua ezker aldera doi bat makurtuta, hila. Parrean, lehen ohitura zen bezala, beste plater bat, bisitariarena” (Casenave, 1981: 13).
30Aurrez zuen amaiera oniriko-fantastikoa bazterrean utzi –amatxi eta hildako aitatxi elkarrekin afaltzen– eta ipuinak amaiera errealistagoa bereratzen du. Baina paradoxikoki, baita sinbolikoagoa ere: mahaiko beste plater batek ere bisita iradokitzen baitu, baina oraingoan ez da argitzen aitona, heriotza, edo biak diren amonari bisita egiten diotenak; hortik norbaiten edo zerbaiten zain egote hori…
31Bestetik, “Barruko sekretoen ehorzketak” ipuinaren bi argitalpenek ere muturreko bariazioak eskaintzen dituzte. Lehendabizi, 1979ko Zeruko Argiaren 839. alean eman zuen Casenavek argitara ipuina. Orduko “Barruko sekretoen ehorzketak” ipuina bi plano paralelok osatzen dute; eta bi planoak “Aitari so egon natzaio egun bazkari guzian” eta “Aitari so egon natzaio, gaur afaltzeko denbora guzian” perpaus paralelistikoen bidez bereizten dira. Lehenengo planoan, narratzailea haurra zeneko oroitzapena biltzen da, ama eta aitaren arteko liskarra kontatuz. Bigarrengoan, egoera irauli eta narratzailea eta emaztearen artean “errepikatuko” da, nolabait, liskarraren eszena; ispilu jolasa bete eta aitarengan atzeman nahi zituen barruko sekretuak oinordetzan hartu eta narratzaileak bere baitan errepikatuz.
32Itsu-mandoka liburuan, Haurkeriak atalean txertatu zen “Barruko sekretoen ehorzketak” eta aurkezten duen muturreko bariazioa da oraingoan ezabatu egin dela Zeruko Argiako bigarren plano osoa; hots, semeak irudikatzen duen aitarekiko analogiaren eszenarik ez da oraingoan eskaintzen. Horrenbestez, haurtzaroko oroitzapenaren eszena soilik biltzen da, Haurkeriak ataleko haur izpirituarekin bat eginez, eta kasu honetan, haurra gizon egitearen garapenik ez dago, aita-semearen arteko barruko sekretuen oinordetzaren errepikapenari muzin eginez. Eta noski, Zeruko Argiako “Barruko sekretoen ehorzketak” laburra bazen, are laburragoa da Itsu-mandokako “Barruko sekretoen ehorzketak”.
33Azkenik, erabat bestelakoa den bariazio mota azaleratzen dute 1980ko Pott Tropikalean argitaratu zen “Neguko asmatua. Joko hauskor baten muga ilunak” eta Itsu-mandoka liburuko “Joko hauskorrak” narrazioek. “Neguko asmatua” bikote maitalearen elkarrizketa batekin abiatzen da, eta gizonezkoak emakumeari “gaizki maite ukan zaitudala orain artio” aitortu arren, honek bakean uzteko erregutuko dio. Ondotik emakumea deskribatzen den paragrafoa eskaintzen da eta gizonak emakumeari zer duen galdetu arren, honek bakean uzteko errepikatuko dio. Hortik aurrera, ipuinak beste norabide bat hartu eta gizonezkoa tren bidaia batean dakusagu, eta beste emakume batekin ameskerietan ibiltzeak sortzen dion erru sentimenduan sakontzen du kontakizunak, amaiera tragiko eta guzti.
- 6 Emakumezko protagonistaren izenak soilik jasan du bariazio bat elkarrizketan. Aldizkarikoan Carole (...)
34Bada, Itsu-mandokako “Joko hauskorrak” ipuinean aipaturiko elkarrizketa –bere aitortzarekin: “Gaizki maite izan hautala orain arte...” (Casenave, 1981: 64)– eta tarteko deskribapen paragrafoa mantendu diren arren6, gainerako kontakizun guztiak ez du zerikusirik aurrez aipaturiko tren bidaiarekin. Kasu honetan, ipuinaren hasieran gizona poema bat irakurtzen ageri da eta oroitzapen modura txertatzen da, jarraian, bikotearen arteko aipatu elkarrizketa. Ondorengo eszenan, ordea, gizona ohean datza, emakumearen logelan bakarrik euren harremanaren inguruan hausnarrean, makabroki panpina bat apurtzen duen bitartean; eta maitalea etorri aurretik alde egitea erabakiko du. Beraz, bi ipuinen izenburuko lotura xumeaz eta bi bariazioetan mantentzen den elkarrizketa laburraz gain, argumentuaren bariazioek lotura gutxi erakusten dute euren artean.
35Casenaveren aldizkarietako eta Itsu-mandoka liburuko ipuinen bariazioen erkaketa sistematiko xehea egin ostean, argiki nabarmendu daiteke ondokoa: “Un texte littéraire se définit largement par ce paradoxe d’être, à la fois, la même oeuvre et un autre texte” (Adam, 2020: 82). Horrela, aldizkarietako ipuinak libururako berridaztean aurkeztutako bariazioak, batetik, Itsu-mandoka ipuin liburuaren egitura zurrunean txertatzeak eragindako ondorio zuzenak dira. Haurkeriak atalean txertaturiko aldizkarietako ipuinetan haur ikuspegia soilik mantendu da, helduaroko gertakizunak ezabatuz, “Barruko sekretoen ehorzketak” ipuinean bezala. Bestetik, ordea, “Bisitariarena” eta “Ontsa leitzeko bidea” ipuinetan, bisita eta heriotzaren ideiak dira gehitu eta azpimarratzen direnak; liburuko atalen artean batasuna duten elementuak sinbolikoak hainbat ipuinetan errepikatuz. Ikusi bezala, aldizkariko ipuinak liburuan barnebiltzeko eguneratze ariketa horretan, kontakizunen amaieretan kokatzen dira aldaketarik esanguratsuenak, bukaerak aldatzearekin batera ipuinen muina ere eraldatuz.
36Etengabeko berridazketa eta bariazioak Casenave idazlearen estilo bilaketaren eta ekin jarraituaren adierazle dira. Aurrez independenteki hainbat aldizkaritan solte argitara emandako ipuinak liburu bilduma bakarrean biltzean, bestelako bariazioak sortu eta ipuin argitaragabeekin batera, batasuna eta zentzua bereganatzen duen ipuin-sorta berri eta eraberritua eskaintzen du Itsu-mandoka liburuan. Eta, paradoxikoki, ezin esan inondik ere itsumandoka egindako aldaketak direnik, haztamuka eginiko bariazioen azterketa konparatu honek egiaztatu nahi izan duenez.