Navigation – Plan du site

AccueilNuméros14ArticlesGenero indarkeria euskal literaturan

Articles

Genero indarkeria euskal literaturan

Gema Lasarte Leonet
p. 77-87

Texte intégral

1. Sarrera

1Artikulu honek egun indar betean dagoen kezka eta diskurtsoa dakar orrialde hauetara. Kapituluak bi alde nabarmen ezberdin izango ditu. Hasteko, genero indarkeriaren inguruan eraikitako marko kontzeptuala landuko da. Etxeko indarkeria, genero indarkeria, familiako indarkeria, emakumearen kontrako indarkeria. Kontzeptu horietan generoaren erabilpena edo parte hartzea ikusiko da.

2Bigarren partean, alderdi literarioa landuko da, eta horrek bi atal izango ditu. Batetik, biolentzia nolabait modu mikroskopikoan ikusi ahal izateko, edota eszenifikatu ahal izateko, narratologiaz baliatuko gara. Pertsonaia protagonista femeninoak aztertuko dira. Horretarako, ahotsen kudeaketa ikusiko da, eta koadro aktantzialean indarkeria nola kudeatzen den irudikatuko da. Indarkeriaren kudeaketa pertsonaiengan, ez ezik, espazioetan ere nola kokatzen den ikusiko da. Bestetik, indarkeriaren alderdi semantikoa neurtu nahi izan da eta horretarako indarkeria sinbolikoaren sorrera neurtu da, hizkuntza sexista aztertuz.

3Artikulu hau idazteko orduan, emakume idazleen eleberrigintza izan dugu kontuan, eta hiru eleberri aukeratu dira azterketarako : Uxue Alberdiren Aulki-jokoa (2009) ; Aitziber Etxeberriaren Tango urdina (2003) eta 31 baioneta (2007), eta Laura Mintegiren Bai baina ez (1985).

2. Landuko diren nobelak

4Esan behar da euskal literaturan ez dela hau gai bat oso hedatua emakumezkoek idatzitako kontagintza garaikidean ; izan ere, oso eleberri gutxitan ikusi dugu protagonismoa hartzen. Uxue Alberdik, Aulki-jokoa eleberrian (2009), gerra garaiko emakumeen kontrako indarkeria azaldu digu. Aitziber Etxeberriak, Tango urdina eleberrian (2003), tratu txarrak ditu gai nagusitzat. Genero indarkeria hau etxeko indarkeria dugu : senarrak sistematikoki tratu txarrak ematen dizkio emazteari. Eta azkenik, Laura Mintegik beste indarkeria mota erakutsi digu Bai baina ez (1985) eleberrian, aita batek bere alabari sistematikoki eragiten dion sexu-abusua. Horiek hirurak aztertuko ditugu lan honetan. Horietaz gain, tratu txarrak aipatzen dira Dorleta Urretabizkaiaren Jaione eleberrian. Eleberri horretan mutil ohiak, elkarren arteko harremana hautsi ondoren, jazarpena egiten dio protagonistari, telefonoz nahiz kalean. Bestalde, Jaione-n aita-amen arteko elkarrizketa oso bortitzak ikusten dira. Arazoa da aita lanik gabe dagoela eta emaztea dela familiako ekonomia sostengatzen ari dena. Beraz, Jaione eleberrian bi harremanetan ageri da genero indarkeria. Aitziber Etxeberriak, bestalde, gerra garaian emakumeek nozitzen duten indarkeria agertzen du 31 baioneta (2007) testuan. Eleberri horretan, 1813ko uda agertzen zaigu, Donostia Napoleonen tropen mende dagoela. Gerra egoera horretan, baserritik hirira etortzera behartutako ama-alaba batzuen historia kontatzen zaigu. Donostiak tropa anglo-portugaldarrek eragindako setio eta suteak biziko ditu. Guda giro horretan, soldadu anglo-portugaldarrek behin eta berriz bortxatuko dute alaba gaztea, Espainiako Independentzia Gerra azkenetan dagoenean. Guda azkenetan badago ere, alabarentzat bizitza guztirako sufrimendua eta estigmatizazioaren hastapena izango da ; izan ere, emakumearen gorputza Adrianne Richen (1978) hitzetan, patriarkatua gauzatzen den lurraldea da.

3. Marko kontzeptuala

5Kultura analisietan, kontzepturik erabilienak “etxeko indarkeria” eta “genero indarkeria” dira. Osbornek (2009 : 28) dio “etxeko indarkeria” kontzeptuak informazioa ezkutatu eta lausotu egiten duela ; horrela, indarkeriaren objektua eta subjektua zein diren ez duela zehazten, eta, are gehiago, indarkeria horren azken helburua zein den ez duela esplizitatzen. Bestalde, etxe barruan gertatzen den indarkeria guztia aurreikusten duela eta etxetik kanpora bikote artean izan daitekeen genero indarkeriari ezikusia egiten diola. Gauzak horrela, gure lanari begira, kontzeptu hori erabiltzeak zailtasunak dakarzkigu narratologiari jarraikiz egin beharreko koadro aktantziala egiteko.

6Etxeko indarkeriarekin alderatuta, “genero indarkeria” kontzeptuak xehetasun gehiago aurkezten ditu. Generoaren kontzeptuak gizon-emakumeen arteko harremanak ditu gunetzat, eta ez familia. Etxea edo lekua zeinahi dela ere, emakumeen kontrako edozein indarkeria aurreikusten du genero indarkeriak. Baina kontzeptu horrek ere badu akatsik eta legeak hala jaso du. Genero indarkeria bikotekideen artean gertatzen denean, penalki gehiago zigortzen da ; bikotez kanpo, kalean nahiz lanean, gerta daitezkeen indarkeriak, ez dira modu berean tipifikatzen (Osborne, 2009 ; Larrauri, 2007). Elena Larraurik (2007 : 44) genero indarkeriaren hiru aldagai azpimarratzen ditu : bikotearen kontrola lortzeko buruturiko barru-barruko terrorismoa ; barru-barruko terrorismoaren kontra emandako erantzuna ; eta azkenik, kontrolarekin eta boterearekin lotua ez den indarkeria, gatazka baten edota gatazka batzuen ondoren gerta daitekeena.

7Beste kontzeptu bat erabiltzen dena “familia indarkeria” da (Larrauri, 2007). Baina horrek ez du zer ikusirik gizon-emakumeen arteko harreman afektuzko nahiz erotikoekin. Etxeko indarkeriaren antzera, kontzeptu zabalegia da koadro aktantziala zedarritzeko. Terrorismo tipo batzuetan biktimek izandako harrerak (Osborne, 2009 : 28) terrorismo familiar edo terrorismo sexual kontzeptuen erabilpena ekarri du. Baina kontzeptu horrek ere kanpoan uzten ditu indarkeriaren hainbat alde, laneko sexu-jazarpena edota jazarpena soilik. “Feminizidio” terminoa ere erabili izan da, emakumeen kontrako indarkeria sexualari egokituz kriminologian erabiltzen den erailketa sistematikoen kontzeptua. Mexikon, Ciudad Juárezen gertatzen direnak kasu. Sarritan erabiltzen dena beste kontzeptu bat emakumeen kontrako indarkeria da. Kontzeptu horrek interesgarria du objektua zehaztua duela, ez ordea subjektua edo indarkeriaren xedea (sexista, lapurreta edo bestelakoa). Kontzeptu hauek guztiak eremu batean baino gehiagotan erabil ditzakegu. Orokorrena indarkeria sexuala dugu. Indarkeria sexuala dagoela esaten da ekintzak eduki sexuala duenean, eta modu ez adostuan, nahi gabe (Bourke, 2009 ; Larrauri, 2007), indarkeria fisikoaz edo indarkeria fisikorik gabe gertatzen denean. Emakumeak menderatzeko erabiltzen den indarkeria horren baitan leudeke indarkeria mota guztiak, hala nola indarkeria sinbolikoa, publizitate-jazarpena ; bortxaketak ; tratu txarrak ; sexu-jazarpena eta gerrak, genero indarkeria… (Osborne, 2009 ; Bosch eta Ferrer, 2002).

8Kontzeptuekin jarraituz, Esperanza Bosch eta Victoria Ferrerek (2002 : 34-36) terrorismo patriarkala eta domestikoa edo indarkeria patriarkala aipatzen dituzte, baina dena terrorismo misogino kontzeptuaren barruan sartzen dute ; izan ere, emakumeen kontrako mespretxuan oinarritzen dute indarkeria guztia. Kontzeptu hauetan guztietan aipatu ez duguna maiztasuna da. Izan ere, indarkeria bi motatakoa izan daiteke : puntualki modu esporadikoan erabili daitekeena edota ohiturazko indarkeria (Larrauri, 2007, Bosch eta Ferrrer, 2002), hau da, sistematikoki erabiltzen dena, nagusitzeko edota kontrolatzeko. Luis Boninok (1995 : 201-203) tratu txar psikologikoei mikromatxismo izena jarri die eta hiru klasetakoak aipatu ditu : koertzitiboak, ezkutukoak eta krisialdikoak. Boninoren kontzeptu horren eta Pierre Bourdieu-ren (2000) indarkeria sinbolikoaren artean badira analogiak.

9Philip Hallie-k, The Paradox of cruelty (1969) liburuan, benetako krudeltasunaren dekalogoa idatzi zuen. Indarkeria mota ezberdinak neurtzeko modu bat bada ere, guk genero indarkeria neurtzeko beste lanabes bat bezala aurkezten dugu.

10Benetako krudeltasunaren dekalogoa, Philip Hallie, The Paradox of cruelty (1969), (Zulema Moretek jasoa, 2000 : 213)

I

Krudeltasuna bizitza mota bat mutilatzeko modu bat da. (26 or.)

II

Botere, inpotentzia, agresibitate eta pasitibitate harreman bat dago.

III

Boteretsuaren eta inpotentearen arteko hartu-emanean, diferentzia ez dago soilik bere nortasunean, aurkitzen den egoeran baizik. (34 or.)

IV

Mendekotasun egoera bat izaten da. Kaltegilea kaltetuaren mugimendu askatasuna murrizten ahaleginduko da.

V

Kaltegileak kaltetua bahitu eta isolatu behar du, biktimizazioa eragiteko denbora behar duelako. (22 or.)

VI

Kaltegilearentzat, kaltetuaren mina ez ezik, biktimarekiko sortzen den mendekotasuna eta autoritatea ezinbestekoak dira. (26 or.)

VII

Izuarekin bukatzen den prozesua normalean jarrera onberekin hasten da. (24 or.)

VIII

Kaltetuaren aurpegia gune nagusia da. (31 or.)

IX

Krudeltasunak hiru partaide ditu : boteretsu bat, ahul bat eta ezezagun bat. (26 or.)

X

Krudeltasunaren antitesia borondatea da.

11Bukatzeko, esan daiteke, beraz, genero indarkeriaren kontzeptua oso zabala dela, haren barruan indarkeria anitz kontzeptualizatzen delako, baina denak badutela zerbait komun : indarkeria emakumeei eragiten zaiela, emakume izate hutsagatik, eta erotikoa dela. Hainbat kontzeptu azaldu dira honen inguruan, eta beste hainbat sailkapen. Horien artean, batzuk aipatzearren, eremu publiko eta intimoen artean egindako bereizketa ; beste sailkapen bat, maiztasunari begira egina ; beste bat, tratu txar fisikoak edo emozionalak diren erreparatuz, azken horren baitan harturik indarkeria sinbolikoa. Azken horren definizioa eman nahi izan dugu, azterketan zehar sarri azaltzen den kontzeptua delako. Bosh eta Ferrerek diote indarkeria mota honek giza desberdintasunak naturaltzat, zilegitzat hartzen dituela (dela arraza, generoa, klasea) eta horregatik oso zaila dela indarkeria honi aurre egitea (2002 : 30).

12Indarkeria sinbolikoak beste pertsonaren eraikuntza gutxietsia lekarke (Juliano, 2004 : 68). Indarkeria sinbolikoaz haratago doa Juliano, eta ikusezin den indarkeriaz teorizatzen du (Juliano, 2004 : 71-74). Bourdieuk, honen harira, gizonaren menekotasuna modu sumisoan onartzean ikusten du indarkeria sinbolikoaren sorburua (2000 : 52-54).

4. Narratologiatik pertsonaiak aztertzen

4.1. Iruzkinak

  • 1 Hemendik aurrera (AJ) erabiliko da Aulki-jokoa izendatzeko.
  • 2 Hemendik aurrera (TU) erabiliko da Tango urdina izendatzeko
  • 3 Hemendik aurrera (Bb) erabiliko da Bai, baina ez izendatzeko.

13Uxue Alberdik Aulki-jokoa (2009)1, Aitziber Etxeberriak Tango urdina (2003)2 eta Laura Mintegik Bai, baina ez (1985)3 eleberrietan genero indarkeriaren inguruan diskurtsoak ahalbidetzeko ahotsak nola kudeatu diren ikusiko dugu.

14Lehenik eta behin, esan behar da hiru eleberrietan narrazio denbora berdin kudeatuta dagoela, denbora tartekatua erabili ohi da eta. Batetik, gertatuko gauzak kontatzen zaizkigu, iraganeko denboraren hautua eginez. Indarkeria sinbolikoa agerian ikusten den denbora, (Bb) eta (TU) eleberrietan, iraganeko denbora da, eta (AJ) eleberrian, aldiz, iraganeko denboran indarkeria sinbolikoa ez ezik, indarkeria gauzatua ere ikuskatzen da. (Bb) eta (AJ) eleberrietan oraina gogoeta denbora da, indarkeriak sorturiko saminen kontaketa denbora. (TU) eleberrian, ordea, oraina indarkeria gauzatzen ari den tenorea da, indarkeria sinbolikoak iraganean elikatutako gorrotoa kudeatzeko denbora. Beste modu batera esateko, hiru eleberrietan denbora ezberdinak eman zaizkio indarkeria sortzeari, gauzatzeari eta ikusteari edo kontatzeari. Balirudike, hartara, hitzezko ekintza eta indarkeria kudeatu duten aktoreen artean denbora bat jarri nahi izan dela, batez ere, indarkeriaren sorrerari eta gauzatzeari modu zehatzean begiratu ahal izateko. Horrela, (AJ)n gerra da indarkeria sinboliko nahiz fisikoaren sortzailea, (TU) eleberrian protagonista maskulino eta erasotzailearen haurtzaroan, gizontzea tokatzen zaion tenorean, jasandako zauria eta trauma dira indarkeriaren sorburua.

15Azkenean, bere gaitz guztietatik sendatuko zuen edabe magikoa topatu zuen. Semea. Seme hark bere aitak kendu ziona itzuliko zion eta aldi berean, Manolok bere aitak inoiz eman ez zion maitasun hura emango zion. (TU, 21)

16(Bb) nobelan, protagonista maskulinoaren abandonuan, tristuran, alkoholaren eraginean sortuko da intzesturako joera. Idazleek indarkeria sinbolikoa iraganean paratu dute, denbora bat eman diote ernetzeko, eta orainean gauzatu eta kontatu dute. Narratzaileak, beraz, aldi bereko kontaketaz eta lehenagoko kontaketaz baliatu dira denbora ezberdinen garrantzia azaltzeko.

17Narrazio mailan, narratzailea kontatzen zaigun istorioaren barruko pertsonaia dugu (AJ) eta (TU) eleberrietan, ez ordea (Bb) eleberrian, narrazioa maila estradiegetikoan ematen baita. Narratzaileak duen funtzioa edo parte hartzea ikuskatzeko orduan, azken eleberri horretan, narratzaileak ez du inongo erlaziorik istorioarekin, narratzaile heterodiegetikoa dugu. Ez da gauza bera gertatzen beste bi eleberrietan, narrazioa protagonisten ahotsetik baitator : (TU) nobelaren kasuan narratzaile homodiegetikoa dugu eta (AJ) eleberrian autodiegetikoak ditugu, protagonistek hartzen baitute ahotsa. Hala ere, esan behar da ahots polifonia handia dagoela eleberrietan ; izan ere, bistan da ahots ezberdinen bidez irudikatu nahi izan dutela idazleek genero indarkeria. Narratzaileek, pertsonaiek eta pertsonaien artean protagonista ez diren hirugarren eta laugarren mailako pertsonaiek ere hitza hartu dute genero indarkeriaren inguruan gogoeta egiteko. Garrantzizkoa da kontu batez ohartzea : eleberri hauetan biktimari ematen zaio ahotsa, eta narratzaile-protagonista izateak garrantzia du.

18Denbora tartekatua genero indarkeriaren errealitatea islatzeko zoom bezala erabili bada, indarkeriaren denbora ezberdinak zehazteko alegia, ahots polifoniak juxtu kontrako efektua egitera dator, ahalik eta eremurik zabalena erakustea baitu asmo. Baina kontaketan distantziak jarri dituzte. Alberdik narrazioa modu autodiegetikoan kudeatu du, bertatik bertara. Etxeberriak pertsonaiak lotu ditu genero indarkerian, baina protagonista nagusiari, erasoak jasaten dituenari, hain zuzen ere, ahotsa kendu dio. Azkenik, Mintegik genero indarkeria narratzeko orduan hirugarren pertsona gramatikala hautatu du eta genero indarkeria historiaz kanpoko narratzaile batekin eta istorioarekin ezer ikusi nahi ez duen narratzaile batekin burutu du. Idazleek gairekiko hartzen duten distantzia, narrazio mailan eta pertsonaren erabilpenean, agerian geratzen da. Alberdik indarkeria jasandako protagonistari hitza eta protagonismo osoa ematen dio ; Etxeberriak, aldiz, eta hor dago eleberriaren indar zentrifugoa, protagonista nagusiari hitza kendu eta gainerako guztiei ematen die. Balirudike errealitatean gertatzen denaren analogia egin duela Etxeberriak, indarkeria jasaten dutenak isildu egiten baitira kasurik gehienetan (Bourke, 2009 : 24), eta, aldiz, indarkeria hori ikusten dutenek hitz egiten baitute gehien.

19Fokalizazioari dagokionez, (Bb) eleberrian ez dago, eta (TU) eta (AJ) eleberrietan, aldiz, barne fokalizazio aldagarria aurkitzen dugu.

4.2. Koadro aktantziala

20Narrazioaren ekintzan izaki batek betetzen duen funtzioaren arabera definitzen da aktantearen izaera. A.J. Greimas (1983) izan zen, L. Tesnièreren (1965) gramatika estrukturalaren terminoez baliatuz, actant hitza literatur azterketara egokitu zuena.

21Aktanteen eskemak sei eragile proposatzen ditu. Ekintzaren subjektu-objektuak. Subjektuak ekintzari printzipio dinamikoa eskaintzen dio : desirari, nahiari, beldurrari, eta abarri erantzunez. Sentituriko beharra, beldurra edo nahia da objektua, subjektuak lortu nahi duena. Hartara, desira edo nahia da bi aktante horiek uztartzen dituena (ikus Retolaza, 2008 : 25).

22Ekintzaren bidaltzaile-jasotzaileak. Bidaltzaileak subjektuari eragiten dio, zeregin bat jartzen dio edo eginarazten dio (gizartea, patua…). “Bidaltzaileak subjektuari izate kognitiboa duen objektu bat komunikatzen dio” (Reis & Lopes, 2002 :60). Hartzailea ekintzaren onuraduna izan daiteke ; askotan, protagonista bera izan daiteke. Ekintzaren laguntzaile-aurkariak subjektuari bere zereginean lagunduko dio edota estropezuak jarriko dizkio. Eskema honako hau genuke :

Eragilea

Objektua

Hartzailea

Laguntzailea

Subjektua

Aurkaria

23Genero indarkeria honela kudeatuko litzateke, oro har, eta horrela kudeatzen da aztergai ditugun hiru nobeletan : (TU), (Bb) eta (AJ) :

Patriarkatua

Boterea

Emakumeak

Gizartea

Gizonezkoak

Emakumeak (feministak)

24Genero indarkeria horrela kudeatzen da patriarkatuak oraindik modu hegemonikoan bizirik dirauen gizarteetan : gizonezkoek euren hegemoniari eusteko desira erakusten dute. Beraz, eragilea patriarkatua genuke. Eragileak subjektuari behar hori jakinarazten dio (indarkeria sinbolikoaren bidez) eta subjektuak badaki, bere giza hegemoniak bizirik jarrai dezan, emakumeen boterea neutralizatu egin behar duela. Beraz, subjektuak objektutzat boterea du eta hori lortzeko emakumeen kontrako erasoak aktibatuko ditu (indarkeria tipo guztiak). Indarkeria sinboliko nahiz fisiko guztia pairatuko dutenak emakumeak dira. Eta patriarkatuak gizonezkoei ezarritako zeregin honetan laguntzaile, berriz, gizonezkoen hegemonia legitimatzen laguntzen duen oro da, emakume nahiz gizon. Eta aurkariak berriz, bidegabekeria ikusi eta emakumearen berdintasuna aldarrikatzen duten gizon nahiz emakumeak.

25Hiru eleberrietan koadro aktantzial hori ageri da, baina baditu bere berezitasunak. Esaterako, (AJ) nobelan, gerretan emakumeek jasaten duten indarkeriaren paradigma aurkitzen da. Armadek eragiten dute patriarkatuaren defentsa (Rich, 1983 ; Cockburn, 2007).

26(Bb) eta (TU) nobeletan indarkeriak bi bide hartzen ditu. Batak tratu txarren berri ematen digu, eta besteak, berriz, pederastia edota aita batek alabarengan eragiten dituen abusuen berri ematen digu. Baina bietan koadro aktantzialak berdin funtzionatzen du ; pertsonaien izenak aldatu beharko genituzke.

Patriarkatua

Desira (Bb), boterea (TU)

Rosa, Marga

Auzoa, auzokideak

Manolo, Paco

Ez da ikusten

4.3. Espazio kudeaketa

27Espazioaren inguruan, gogoratuko dugu narrazioaren kategoriarik inportantenetakoa dugula hori, espazioak eratzen duelako lehenik ekintzaren garapenaren eszenatokia (Reis & Lopes, 2002 ; Garrido Dominguez, 1993). Garapen horretan espazioak bi eremu gara ditzake : psikologikoa eta soziala.

28Genero indarkeriaren kontzeptua lantzeko orduan, luze eta zabal mintzo gara indarkerien inguruko subjektu, objektu nahiz espazioaz (ikus artikulu honen sarrera). Izan ere, genero indarkeria aztertzeko, hiru alderdi horiek izan dira kontuan. Eta genero indarkeria, besteren artean nagusiki, hiru gunetan kokatzen dela esan daiteke : gerretan, etxean eta kalean (prostituten kasuan). Ikertu berri ditugun eleberrietan bi espazio nabarmendu dira : (AJ) eleberrian, plaza, eta beste bi eleberrietan, etxea.

29Espazioak lantzeko orduan geure egin ditugu R : Wellek-en eta A. Warren-en (1948 : 265) hitzak ; espazioak, alegia, gehienetan pertsonaiaren metonimia edo metafora bezala funtzionatzen duela, eta kasu hauetan esan daiteke, genero indarkeriaren helburu behinena emakumearen suntsipena izanik, espazioak ere hartaratu egiten direla. Hartara, emakumeen ohorea ezabatzea helburutzat du genero indarkeriak gerra kasuetan (Cockburn, 2007 ; Rich, 1983 ; Castells, 2007 ; Bourke, 2009), eta hori da (AJ) nobelaren kasua. Lekurik publikoenaren hautua egiten da kontakizun horretan. Erreketeek Teresari plazan denen aurrean ilea mozten diote, lehenagotik gizonezkoak fusilatu dituzten leku berean. “Oineko atzamar luzea jokatuko nuke herrenak ez zuela damu-izpirik sentitu Berdura Plazakoa gertatu zenean”. (AJ, 12). Beraz, armadak leku publikoak aukeratuko ditu ; aldiz, tratu txarrak eta abusuak etxean gertatzen dira, modu isilean. Horrela da (Bb) eta (TU) nobelan. Fokalizazioak lekua espazio bihurtzen du (Dominguez Garrido, 1993 ; Bal, 1985), eta, beraz, balio semantiko berezia eransten dio. Indarkeria armadatik datorrenean, kasu honetan bederen, mundu guztiak ikustea du helburutzat, ez aldiz, tratu txarrak edo abusuak gertatzen direnean, fokua erabat itxi egiten baita, indarkeria ikusezin edo isiltasun bihurtu nahian. Horretarako, espazioa hertsi egiten da, eta etxea bihurtzen da indarkeria mota horretarako gune apropos.

30Etxea berez izakia bera da (Azpeitia, 2001 : 127). Bachelardek (1957) dio bizitza gozo hasten dela etxearen altzoan, etxea gure lehen unibertsoa dela. Etxeari esker gure oroitzapen askok aterpea dutela. Bachelardek etxearen zatiak deskribatzen ditu, teilaturantz, pentsamendu guztiek argia dutela esanez, eta sotoa, ordea, etxearen lekurik ilunena dela, lurpeko botereen gunea dela. Eta (TU) nobelan sotoa tratu txarren sorburu legez azaltzen da. Manolok hantxe ospatu baitzituen bere lehen txerri bodak. Umea zela artean, odola jaso behar zuen Manolok, baina zorabiatu eta goraka hasi zen ; horrek aitaren haserrealdia piztu zuen, eta gainerako guztien aurrean haren irainak jaso behar izan zituen. Hortxe abiatzen da Manoloren ezina eta gorrotoa, gerora bere emaztearekin kitatuko duena.

31Sotoan hasten da nobela honen espazio kudeaketa, eta 9 solairu dituen eraikuntza batean kokatzen da genero indarkeriaren gauzatzea. Manolo eta Marga bizi diren solairuan kokatzen da eleberriaren egite garrantzitsuena eta espazioa. Espazio horren jira bueltan entzuten diren ahots eta garrasiak dira eleberriaren ardatz nagusia. Eskailerak, patioa, igogailua.

32—¡A mí no me hables así ! —jarraian izugarrizko iskanbila entzun dugu, korrika saio txikiak, arrastaka dabiltzan aulkien hotsak, lapiko edo metalezko mahai tresna baten erorketa eta batez ere oihuak. (TU, 139).

33Bachelarden etxearekiko konnotazio gozoak oso modu diferentean ikuskatu ditu, ordea, perspektiba feministak, etxea nahiz familia kartzelaldi gisa ikusi baitira feminismo klasikotik. Etxea, ikuspegi soziologikotik, batasun familiarra eta espazio ekonomiko ekoizle ez ezik, gizon eta emakumeen artean eraikitzen diren botere harremanen isla ere bada (Alvarez Veinguer, 2007 : 246). “La pertenencia al espacio doméstico se presenta como indisociable en la construcción de género femenino, normativamente encardinado en la vida de las mujeres” (Murillo, 1996 : 15). Kontrol gune, koakzio nahiz frustrazioen lekutzat ere hartzen da ; hitz batean, bizitza iraunarazteko eta gauzatzeko espazioa da etxea (Alvarez Veinguer, 2007 : 247). Ikuspegi hori kontuan, (TU) eta (Bb) eleberrietan, ikusi dugun paradigma aktantzialeko aktante bakoitzak genero indarkeriarekiko duen funtzioari aterpea jarri dion gunea da etxea.

34Rosa eta Margaren kasuan, genero indarkeria gauzatzen den pertsonaien metonimia baldin bada etxea, eta Teresarenean plaza, bada beste espazio bat indarkeria elikatzera datorrena, baina erabat heterotopikoa dena eta (Bb)n azaltzen dena : Margoten etxea edo putetxea da. Espazio hori, edo kontraespazio hori, Franz gizonezko protagonistari lotua azaltzen da, haren desira beharrak hantxe betetzen baitira, beste lekurik ezean. Aurrera daiteke espazio mota hau emakume idazleek apenas landu dutela euskal literaturan. Mintegik beste hiru espazio aipatzen ditu erabat lotuak indarkeria sinbolikoarekin : eskola, kalea eta igeltseroak lanean diharduten obra. Edonola ere, espazio horiek batik bat hizkuntza sexista aztertzeko orduan ikusi dira, hain zuzen ere, beronen sorlekua direlako nobela honetan.

5. Indarkeria sinbolikoaren neurketa semantikoa

5.1. Hizkuntza sexista

35Hizkuntza sexistaren erraietara joateko, nahitaezkoa da indarkeria sinbolikoaren hainbat alderdi ikustea. Indarkeria sinbolikoa hizkuntzaren funtsean dagoela kontuan izanik, xehetasun gehiago emango ditugu jarraian. Carolyn Heilbrunek Escribir la vida de una mujer idatzi zuenean horrela zehaztu zuen (1988 : 21) :

36Boterearen benetako aurkezpena ez da gizon bat bera baino txikiago den gizon bat edota emakume bat jotzen ikutaraztea. Boterea da diskurtsoetan leku bat edukitzeko gaitasuna izatea. Eta hau egia da Pentagonoan, senar-emazte artean, adiskidetasunean eta politikan.

37Dolores Julianok esan ohi du gizonezkoen emakumeekiko boterea eremu sinbolikoan ematen dela, hizkuntza despektiboan, gutxiespenean eta estigmatizazioan (Juliano, 2004 : 140). Adrianne Rich haratago joan zen eta isiltasunaz mintzatu zen (Rich, 1983 :18).

38Robin Lakoff-ek (1981 : 85) hizkuntza sexista ikergai zuela, kortesia, emakumeen gaineko hizkuntza, eta emakumeen hizkuntzaren arteko harremanez jardun zuen. Eta berak zioen hizkuntza irakasteko garaian, fonologiaz, sintaxiaz eta semantikaz gain, hizkuntzaren alderdi soziala irakatsi behar zela. Lakoff-en esanetan, emakumeen hizkuntzak gehiegizko zuzentasun gramatikala eta konnotazio defentsibo ugari erakusten ditu. Horren harira, Adelina Sánchez Espinosak dio hizkuntza berau erabiltzen duen gizartearen isla dela. (Sánchez Espinosa, 2007 : 19).

39Komunikazio ekintza ez da neutroa, ez da informazio bat bakarrik igortzera mugatzen, baizik eta pertsonen arteko hartuemanen berri ematen du, harreman hauek menekotasun, sumisio edota berdintasun harremanak izan daitezke. (Fernández Fraile, 2007 : 26)

40Mespretxua, iraintzeko bidea edota umiliatzeko modua izan daiteke hizkuntza. Hartara, sexismoa edo arrazismoa adieraz dezake hizkuntzak. Gizartearen eta hura osatzen duten kolektiboen arteko harremanen berri eman dezakete hizkuntzaren egiturek nahiz lexikoaren erabilpenek. “Ez gara egitura lingusitikoaz ari, baizik eta diskurtsoetan aurkezten diren egiturez, edota hitzaren erabilpen sozialaz… “ (Fernández Fraile, 2007 : 28).

41Tillie Olsonen hitzak bere eginez, hizkuntza sistema sinbolikoari erabat lotutako giza egitura patriarkala dela dio Annette Kolondyk : “Langauge as a symbolic system closely tied to a patriarchal social structure. Taken together, their work demonstrates. The importance of language in establishing, reflecting, and maintaining an asymmetrical relationship between women and men” Kolondy (1979 : 5). Artikulu berean, Helene Cixous-en esaldi bat bere egiten du Kolodnyk : “Language conceals an invincible adversary”.

5.1.1. Iruzkinak

42Hizkuntzak islatzen dituen gizonezko eta emakumezkoen arteko harreman horiek kontuan izanik abiatu dugu ikergai ditugun hiru eleberrien behaketa. Hizkuntza sexista azaltzen zaigu gizonezkoen ahotan (Bb) eta (TU) eleberrietan, ez horrela (AJ) eleberrian, emakumezkoena baita hitza. Hizkuntza sexista baino gehiago, gizonezko munduei egindako aipamenak azaltzen dira (AJ) eleberrian. Dorleta Urretabizkaiaren Jaione eleberrian genero indarkeria azaltzen den unean azaltzen da hizkuntza sexista.

43Ondoriozta daiteke, beraz, emakume idazleek hizkuntza sexista batik bat gizonezkoen ahotan edota kaleetako txutxu-mutxuetan jartzen dutela. Mintegiren (Bb) eleberrian, igeltseroak obran azaltzen dira, mintzagaia sexua dute. “Alper horiek ! Beti solasean, atso zaharrak ematen duzue ; berbaldi gutxiago eta adreiluak pasa !. (Bb, 24) ; “Ei, ei, astiroago, nork edan zidan atzo gure botila, marikoiori ?” (Bb, 8). Kaleko txutxu-mutxuak : “Pacoren alaba auzoko mutil guztiekin ibiltzen dela, nahiko txoriburu ospea daukala, buruz arina, eta aitak, disgustuaren disgustuaz, edateari eman diola” (Bb, 80) ; “Lasai, Encarna, laster konturatuko dun eta etxetik botako din, hire nagusia ez dun tontoa eta putaska horrek ezin izango din engainatuta eduki luzaro” (Bb, 100).

44(Bb) eleberrian, indarkeria sinbolikoarekin edota emakumeen desbalorizazioarekin lotua azaltzen da hizkuntza sexista ; (TU) eleberrian, berriz, indarkeria fisikoarekiko eta erdararekiko lotura nabariagoa da : “Virginia, baja esa puta música !” (TU, 8) ; “Tu hija es una puta (…) ¡pues que tu hija está preñada y además de un golfo…” (TU, 41) ; “Una puta ! ! Eso es lo que es para mí y no voy a tener bajo mi techo ningún bastardo”, (TU, 138). “¿Dónde cojones están mi mujer y mi hija ?” (TU, 172), “Voyeur puta bat baino ez naizela bilakatu errepikatzen diot nire buruari” (TU ; 14) ; “Josune urdanga zikin bat besterik ez da !” (TU,167).

45(AJ) eleberrian, gizonezkoak ez dira ia mintzo, eta hizkuntza sexistarik ez da azaltzen ia. Emakumeen ahotan azaltzen dena garbiro da gizonezkoen mundu bat dagoela : “Alde hortik zokomirona ! Gizonen kontuaz ari gaitun”. (AJ, 57) ; “Garai hartan ikasi nuen ohoreaz gain, apustuez eta giltzaz itxitako tiraderaz gain, bazela gizonena zen beste gai bat, gerra.” (TU, 79) ; “Bizarra diten kontu horiek, Marti !” (AJ, 84). “Lubakitik idatzitako gutunak gerra dira ; sukaldetik erantzundakoak, ez”. (AJ, 89).

46(AJ) eleberrian topaturiko adiera sexista bakarra soldaduen ahotan jarri du Uxue Alberdik. “Eta bi soldaduak cobarde hijo de puta esaten.” (AJ, 89).

47Bukatzeko, Osbornek laneko jazarpenen inguruan, piropoak edota komentario sexualak aipatzen ditu (2009 : 147). (TU) nobelan topatu dugu horrelakorik eta berriro ere gizonezkoen ahotan eta lan giroan. Idazkariak ohi baino gona laburragoa darama nonbait eta honen inguruan. “–Ostia, hi, ikusi al duk gaur gure Karmele ! –Jexux Mari astapotroaren hitz goxoak izan dira entzun ditudan lehenak–. Zer duk, enpresaren politika berria ? Mutilak, aurrekontuaren murriztasuna dela eta, aurtengo neguan berogailutan gutxiago gastatzea erabaki dugu, beraz, berotu nahi duenak idazkariari begiratu diezaiola.” (TU, 30).

6. Ondorioak

481. Memoriaren, nazioaren eta amatasunaren gaiak euskal emakume idazle gehienek beren eleberregintzan jorratu badituzte ere, genero indarkeria gai nagusitzat hartuta oso gutxi landu da. Beraz, datu soziologikoetan, genero indarkeriaren inguruan hain diskurtso hedatua badago ere (kontzeptuetan, legeetan, datuetan), euskal literaturan emakume idazleek erreparo handiz hartzen dute gaia. Balirudike komunikabideek mediatizatzen duten gai honen eta euskal literaturan emakumeek itxuratzen duten genero indarkeriaren artean oraindik alde handia dagoela.

492. Denbora tartekatua genero indarkeriaren errealitatea islatzeko zoom bezala erabili da, indarkeriaren denbora ezberdinak zehazteko alegia ; ahots polifoniak, ordea, kontrako efektua egiten du, ahalik eta eremurik zabalena erakustea baitu asmo. Beraz, genero indarkeriaren lekukotasuna emateko ahots polifonia eta denbora tartekatua erabili ohi dute aztertu ditugun emakume idazleek, hartara indarkeria ezberdinak angelu ezberdinetatik eta denbora ezberdinetan ikusteko

503. Bestetik, ondoriozta daiteke emakume idazleek hizkuntza sexista batik bat gizonezkoen ahotan edota kaleetako txutxu-mutxuetan jartzen dutela, eta ez hainbeste pertsonaia femenino protagonistak hitz egiteko orduan. Ahotsa, narratzailea edo fokua gizonengan dagoenean gertatzen da hizkuntza sexista, beraz.

514. Genero indarkeria sistematikoki bizi duen emakume protagonistaren ikuskera aurkezteko, ahots polifonia eskaini digu Aitziber Etxeberriak. Horregatik bihurtzen da hain sinesgarria ahotsik ez duen protagonista. Ondoriozta genezake, beraz, isiltasunetik, ukapenetik memoria lantzen hasi direla emakume idazleak, baina ondo ezagutzen dituztela genero indarkeriaren nondik norakoak eta jakin badakitela emakume jipoituak aurkeztu ahal izateko berriro ere ahotsik gabeko emakumeak sortu behar dituztela.

Haut de page

Bibliographie

Alberdi, U., 2009. Aulki- jokoa, Donostia : Elkar.

Alvarez Veinguer, A. 2007. “El universo sexuado : cuerpos invisibles pero imprescindibles. Una aproximación a experiencias de mujeres, de la Europa del Este que realizan trabajos domésticos”. In : Muñoz Munoz, A.M. ; Gregorio Gil, C. ; Sámchez Espinosa, A. (Koord) (2007) . Cuerpo de mujeres : miradas, representaciones e identidades. Granada :Feminae, Granada. 245-263 orr.

Azpeitia, M., 2000. Piel que habla. Viaje a través de los cuerpos femeninos. Bartzelona : Icaria.

Bachelard, G. 1957. La poética del espacio. Mexiko : F.E.C.

Bal, M. 2001. Teoria de la narrativa. Madril : Cátedra.

Bonino, L., 1995. “Desvelando los micromachismos en la vida conyugal”. In : Corsi, J. (1995) Violencia masculina en la pareja. Una aproximación al diagnóstico y a los modelos de intervención. Buenos Aires : Paidós. 192-208 orrialdeak.

Bourdieu, P, 2000. La dominación masculina. Bartzelona : Anagrama.

Bourke, J., 2009. Los violadores. Historia del estrupo de 1860 a nuestros días. Bartzelona : Crítica.

Bosch, E., Ferrer, V. 2002. La voz de las invisibles. Las victimas de un mal amor que mata. Madril : Feminismos, Cátedra,

Castells, M., & Subirats, M., 2007. Mujeres y hombres ¿Un amor imposible ?. Madril : Alianza Editorial.

Cockburn, C., 2007. Mujeres ante la guerra. Desde donde estamos. Bartzelona : Icaria Antrazyt.

Etxeberria, A. 2003. Tango Urdina. Donostia : Erein.

Etxeberria, A. 2007. 31 baioneta. Donostia : Erein

Fernández Fraile, M.G, 2007. “Algunas reflexiones sobre los usos sociales de ciertas expresiones lingüística”. In : Muñoz Munoz, A.M, ; Gregorio Gil, C., ; Sánchez Espinosa, A. (Koord). (2007). Cuerpo de mujeres : miradas, representaciones e identidades. Granada : Feminae. 19-38 orr.

Garrido Dominguez, A. 1993. El texto narrativo. Madril : Síntesis.

Greimas, A.J. 1983 (1973). La semiótica del texto, ejercicios prácticos. Madril : Paidós Ibérica

Heilbrun, C. 1988. Escribir la vida de una mujer. Madril : Megazul.

Juliano, D. 2004. Excluidas y marginales. Madril : Cátedra, Feminismos.

Kolodny, A., 1979. “Dancing through the minefield : some observations on the teory, practice and politicis of a femnist literary criticism”, Feminist Studies 6, 1.zkia.

Lakoff, R. 1981. El lenguaje y el lugar de la mujer. Bartzelona : Hacer Editorial.

Larrauri, E., 2007. Crimonología crítica. Madril : Trotta,

Moret, Z. 2000. “Esos cuerpos escritos con sangre : Del horror y lo abyecto en Gambaro, Álvarez, Eltit, Sivestre y Mendieta”. In : Suárez Briones, B., Martín Lucas, M. B. & Fariña Busto, M. J. (Ed.) (2000). Escribir en femenino. Bartzelona : Icaria.

Muñoz Muñoz, A.M. ; Gregorio Gil, C. ; Sánchez Espinosa, A. ; (ed), 2007, Cuerpos de mujeres, miradas, representaciones e identidades, Feminae, Granada.

Murillo, S., 1996. El mito de la vida privada. De la entrega al tiempo propio. Madril : Siglo Veintiuno.

Osborne, R., 2009. Apuntes sobre violencia de género,. Granada : Bellaterra ediciones.

Reis, C., Lopes, A.C. 2002, Diccionario de Narratología,. Salamanca : Almar.

Retolaza, I., 2008. Literatura Terminoen Hiztegia. Euskaltzaindia.

Rich, A. 1978. Nacida de mujer. Madril : Noguer

Rich, A., 1983, Sobre mentiras, secretos y silencios, Icaria, Bartzelona.

Sánchez Espinosa, A. 2007. “Escribir los cuerpos de las mujeres”. In :  Muñoz Munoz, A.M, ; Gregorio Gil, C., ; Sámchez Espinosa, A (Koord) (2007). Cuerpo de mujeres : miradas, representaciones e identidades. Granada : Feminae, Granada. 18-22 orr.

Tesnière, L. 1965 (1959). Elements de syntaxe structurale. Paris : Klincksieks

Welleck, R., & Warren, A. 1948. Teoría literaria. Madril : Gredos.

Haut de page

Notes

1 Hemendik aurrera (AJ) erabiliko da Aulki-jokoa izendatzeko.

2 Hemendik aurrera (TU) erabiliko da Tango urdina izendatzeko

3 Hemendik aurrera (Bb) erabiliko da Bai, baina ez izendatzeko.

Haut de page

Pour citer cet article

Référence papier

Gema Lasarte Leonet, « Genero indarkeria euskal literaturan »Lapurdum, 14 | 2010, 77-87.

Référence électronique

Gema Lasarte Leonet, « Genero indarkeria euskal literaturan »Lapurdum [En ligne], 14 | 2010, mis en ligne le 15 septembre 2014, consulté le 09 février 2025. URL : http://0-journals-openedition-org.catalogue.libraries.london.ac.uk/lapurdum/2274 ; DOI : https://0-doi-org.catalogue.libraries.london.ac.uk/10.4000/lapurdum.2274

Haut de page

Droits d’auteur

CC-BY-NC-ND-4.0

Le texte seul est utilisable sous licence CC BY-NC-ND 4.0. Les autres éléments (illustrations, fichiers annexes importés) sont « Tous droits réservés », sauf mention contraire.

Haut de page
Rechercher dans OpenEdition Search

Vous allez être redirigé vers OpenEdition Search